Zergapekoaren baliabidea, murrizketei eta kenkariei ahalik eta zuku gehien ateratzea

Formula magikorik ez badago ere, hainbat atal lagungarri gertatzen direnez, aitorpena gertutik ezagutzea merezi du
1 iraila de 2001

Zergapekoaren baliabidea, murrizketei eta kenkariei ahalik eta zuku gehien ateratzea

Haziendari gutxiago ordaintzea edo berak guri diru gehiago itzultzea bihurtzen da zergapeko guztien kezka eta helburu, Administrazioarekin kontuak egiteko unea hurreratu ahala. Paper horiek betetzea kontu zaila iruditzen bazaigu ere, badugu bide egoki bat: faktura eta agiriak ordenatu eta txukuntzeari eskaini ohi diogun denbora-tarte urria hobeki aprobetxatzea, urtero-urtero Haziendarekin dugun topaketak kalte gutxiago edo hobari gehiago ekar diezazkigun. Horretarako, ezinbestekoa da errenta aitorpena nola egiten den jakitea, bertan ager daitezkeen elementu batzuek itzulpena handitu eta ordainketa murrizteko aukera emango digute eta: zamak murrizten eta kentzen dituztenak dira horiek eta, funtsezko kontzeptuak ahalik eta etekin gehienak ateratzea baldin bada kontua, zergapekoaren balizko aurrezkia horien agerpenetik ondorioztatuko da.

Nolanahi ere, aurrera egin baino lehenago, argi dezagun indarrean dagoen legeria hitzez hitz bete nahi duenarentzat, bederen, finantzetan miraririk egitea ahalbideratuko lukeen formularik ez dagoela: badira murrizketak eta kenkariak eragiten dituzten abantaila fiskalak, hurrengo lerroetan luze-zabal azalduko den bezala, baina horiek ere badituzte muga jakinak.

PFEZ Estatu osoan modu berean aplikatzen den arren, Kanarietan, Ceutan eta Melillan berariazko alderdi batzuk mantentzen dira indarrean. Era berean, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako Lurralde Historikoetan Hitzarmen eta Kontzertu Ekonomikoen zerga-erregimenen alderdi zenbaitek ere bizirik irauten dute. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aplikazioa adierazteko adibideak egiteko unean, Bizkaiko eredua hartu dugu ¿Araba eta Gipuzkoakoen hagitz berdintsua¿, batetik, eta autonomi erkidego gehienetan aplikatzen dena, bestetik.

Nola egiten da errenta aitorpena?

Gehien aplikatzen den eskema dugun aldetik, berariazko zerga erregimenik ez duten Espainiako autonomi erkidegoetako eredua lehenetsi du aldizkari honek.

1. Zergapekoaren datuak:

Aitorpen indibiduala. Etekin garbiak: 4 milioi pezeta. Pentsio-planerako ekarpena: 120.000 pezeta urtean.

2. Etekin garbiak – Laguneko Gutxienekoa = zerga-oinarria

Zergapekoaren etekin garbi edo guztirako irabaziei Laguneko Gutxienekoa kentzen zaio (kontzeptu honek zer esan nahi duen argitzeko, ikus Glosarioko azalpena).

4.000.000 pezeta (Etekin garbiak edo aitorpena egin beharreko guztirako kopurua)
– 550.000 pezeta Laguneko gutxienekoa aitorpen indibidualean
3.450.000 pezeta Zerga-oinarria

3. Zerga-oinarri – Murrizketak = Likidazio-oinarria

Zerga-oinarriari, dagozkion Murrizketak kendu behar zaizkio; kasu honetan, Pentsio-Planerako ekarpena.

3.450.000 pezeta Zerga-oinarria
– 120.000 pezeta Pentsio-planerako ekarpenagatiko murrizketa
3.330.000 pezeta Likidazio-oinarria

4. Likidazio-oinarria. Karga-portzentaje jakin bat aplikatzen zaio

Likidazio-oinarriari karga edo portzentaje jakin bat aplikatzen zaio. Haziendak eratu duen taula batean adierazten da kasu bakoitzean aplikatu beharreko karga. Likidazio-oinarria zenbat eta handiagoa izan orduan eta handiagoa izango da portzentaje hori ere. Eragiketa hori eginik erdiesten den kopuruari Osoko Kuota deitzen zaio; kuota horri, ondoren, bidezkoak diren kenketak aplikatu eta gure nominan egin dizkiguten atxikipenen ondoriozko murrizketak ere egin beharko zaizkio, azken emaitza ateratzeko.

5. Osoko Kuota – Kenketak = Kuota Garbia

6. Kuota Garbia – Atxikipenak = Kuota diferentziala edo aitorpenaren emaitza

Bizkaiko PFEZ

Berariazko zerga-erregimenetatik Bizkaikoa hautatuko dugu. Gipuzkoa eta Arabakoaren berdintsua izaki, EAEko zergapeko gehientsuenei aplikatzen zaio eredu hori.

1. Aitortzailearen datuak

Famili burua. Ezkondua. Emaztea ez dabil soldatapeko lanean. 2 seme-alaba, adin txikikoak. Etekin garbiak: 4 milioi pezeta. Pentsio-Planerako urteko ekarpena, 150.000 pezeta. Hilean, 120.000 pezetako hipoteka.

2. Zerga-oinarria – Murrizketak = Likidazio-oinarria

Etekin garbiei -“Zerga-oinarria” derizte-, zergapekoari dagozkion Murrizketak kendu behar zaizkie.

4.000.000 pezeta Zerga-oinarria
– 550.000 pezeta Aitorpena batera egiteagatiko murrizketa
– 150.000 pezeta Pentsio-planerako ekarpenagatiko murrizketa
3.300.000 pezeta Likidazio-oinarria

3. Likidazio-oinarria. Karga edo portzentaje jakin bat aplikatzen zaio

Likidazio-oinarriari karga edo portzentaje jakin bat aplikatzen zaio. Bizkaiko Foru Diputazioak agindutako taulan adierazten da kasu bakoitzean aplikatu beharreko karga. Likidazio-oinarria zenbat eta handiagoa izan, orduan eta altuagoa izango da portzentaje hori ere.

Eragiketa hori eginik erdiesten den kopuruari Osoko Kuota deitzen zaio; kuota horri, ondoren, bidezkoak diren kenketak aplikatu eta gure nominan egin dizkiguten atxikipenen ondoriozko murrizketak ere egin beharko zaizkio, azken emaitza ateratzeko. 4. Osoko Kuota -Kenketak = Kuota Garbia

5. Kuota Garbia – Atxikipenak = Kuota diferentziala edo aitorpenaren emaitza

Glosategia

  • Etekin garbiak: lanetik eta jarduera ekonomikoetatik datozen irabazi guztiak.
  • Zerga-oinarria: etekin garbi edo guztirako irabaziei Laguneko edo Familiako -kasu bakoitzean bidezkoa dena, alegia- Gutxienekoa kendu ondoren geratzen den kopurua.
  • Laguneko Gutxienekoa: aitorpen indibidualetan aplikatzen da. Zergapeko guztientzat berdina den kopuru hori Espainiako Gobernuak 550.000 pezeta izango dela agindu du eta zergapekoaren oinarri-oinarrizko bizi-premia guztiak jasotzen dira bertan. Hein batez bederen, desagertu den “desgrabazio” kontzeptu haren ordezko da. Laguneko Gutxienekoa aplikatu baino lehenago, farmaziako gastuek, betaurrekoenek eta antzeko beste zenbaitek ere desgrabatu egiten zuten. Joan den urtean kopuru finko bat mugatu da -550.000 pezeta¿, gastu horiek guztiak jasoko dituena. Laguneko gutxienekoa areagotu egin daiteke baldin eta zergapekoa ezindua bada edo 65 urte baino gehiago baditu.
  • Familiako Gutxienekoa: Laguneko Gutxienekoaren paretsuko kontzeptua, batera eginiko aitorpenetan. Orain, 1.150.000 pezetan finkatu da. Errenta txikiak dituzten 65 urtez gorako arbasoak eta 25 urtez beherako ondorengoak zaintzeagatik Familiako Gutxieneko munta areagotu egiten da. Arbasoak zein ondorengoak ezinduak izatearren ere, Familiako Gutxienekoari erantsi beharreko kopuruak sortzen dira.
  • Murrizketak: Zerga-oinarriari kentzen zaizkio eta hiru sailetan banatzen dira:

    • Pentsio-Plan eta Aurreikuspenerako Mutualitateetarako Ekarpenak.
    • Ezinduen alde, Pentsio-Plan eta Gizarte Aurreikuspenerako Mutualitateetara eginiko Ekarpenak.
    • Pentsio Berdintzaileak eta Elikagaiengatiko Urtekoen ordainketa.

Zergapekoari dagozkion murrizketa guztiak aplikatzen ahalegindu beharra dago, horrela ordaindu beharreko kopurua jaitsi egin baitaiteke

  • Likidazio-oinarria: Zerga-oinarriari Murrizketak kendu ondoren geratzen den kopurua. Likidazio-oinarria zenbatekoa den, kopuru horri dagokion portzentajea aplikatu beharko da, Haziendak eginiko tauletan adierazi bezala. Likidazio-oinarria ahalik eta txikiena izatea komeni da: zenbat eta handiago izan, karga edo portzentajea ere altuagoa izango baita: horrexegatik komeni izaten da Murrizketei ahalik eta etekin handiena ateratzea.
  • Kuota: Likidazio-oinarria kalkulaturik, kopuru hori dagokion portzentajeaz biderkatu behar da. Eragiketa horren emaitza, ordaindu beharreko azken munta edo Kuota da, zergapekoak Murrizketaren bat kenkari ez duenean.
  • Kenketak: Kuotari aplikatzen zaizkio. Etxebizitza erosteak, etxebizitza-aurrezki kontua irekitzeak, ohiko etxebizitzan konponketak egiteak, etxebizitza alokatzeak, emaitza jakin batzuk egiteak… ondorioztatzen dute kenketarik. Autonomi erkidego jakin batzuetan ere badira kenketak.

Murrizketek eta Kenketek aldaketa txikiren bat izaten dute EAEko PFEZn:

  • Murrizketak:

    • Pentsio-planetarako ekarpenengatik
    • Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundeetarako ekarpenengatik
    • Pentsio Berdintzaileak ordaintzeagatik
    • Elikagaiengatiko Urtekoak ordaintzeagatik
    • Baterako Aitorpena egiteagatik
  • Kenketak:

    • Famili Kenketak
    • Ezintasunagatik
    • Ohiko etxebizitzagatik
    • Jarduera ekonomikoak sustatzeagatik
    • Emakidak egiteagatik
    • Ezarpen bikoitzagatik
    • Bestelako kenketak

Murrizketak

Espainiako autonomi erkidego gehienetako PFEZn aplikatzen diren Murrizketak hiru sailetan banatzen dira:

1. Mutualitate eta Pentsio-Planak: mutualitate- eta pentsio-planetarako ekarpenak egitearren murritz daitezkeen kopuruek ere badute mugarik, hurrengo bi ataletan adierazi bezala (bietan apalena, beti ere):

* Lanetik eta jarduera ekonomikoetatik datozen etekin garbien batuketaren %25a.

Adibidez: pertsona batek bere lanagatik edo jarduera ekonomikoagatik 1.000.000 pezeta irabazten badu, murritz lezakeen gehieneko kopurua 250.000 pezeta litzateke.

* Bigarren muga, aldiz, urtean 1.200.000 pezeta gehi -zergapekoaren adina 52 urte baino handiagoa bada- beste 100.000 pezeta 52 urte-muga hori gainditzen duen urte bakoitzeko, gehienekoa 2.500.000 pezeta izaki, baldin eta goian esandako etekinen %40a gainditzen ez badu.

ADINA MUGA
52 1.200.000
53 1.300.000
54 1.400.000
55 1.500.000
56 1.600.000
57 1.700.000
58 1.800.000
59 1.900.000
60 2.000.000
61 2.100.000
62 2.200.000
63 2.300.000
64 2.400.000
65 urtetik aurrera 2.500.000

Nola atera probetxurik handiena murrizketa horri?

Adibide praktikoa:

Zergapeko batek urtean 3 milioi pezeta irabazten ditu eta bere pentsio-planean urtean 120.000 pezeta sartzen ditu (10.000 pezeta hilean). Kopuru hori oso-osorik ken dezake, bere irabazi garbien %25 delako muga hori gainditzen ez duelako (gure kasuan, 750.000 pezeta izango litzateke).

Murrizketa horren aukerei ahalik eta etekin handiena atera nahi bazaio, hurrengo zatiketa egin beharra dago: 750.000 pezeta/12 hileko = 62.500 pezeta. Horixe da hilero bere pentsio-planean sartu ahal izango duen kopurua, ahal den murrizketarik handiena erdiesteko.

2. Pentsio-Plan eta Gizarte Aurreikuspenerako Mutualitate-Planetarako ekarpena, ezinduen alde (baldin eta %65etik gorako ezintasuna badute edo txikiagoa, judizialki izendatuak izan badira). Ekarpen horiek ezinduak berak zein berarekin ahaidetasunezko zuzeneko loturarik duten pertsonek egin ditzakete, non eta ezindua bera bada onuradun.

Mugak:

  • 2.200.000 pezeta urtean, parte hartzen duten pertsona ezinduek eginiko ekarpenak direnean.
  • 1.200.000 pezeta urtean, ezintasuna nozitzen duten (eta interesatuarekin ahaidetasunezko lotura duten) pertsonen alde eginiko urteko gehieneko ekarpenak direnean.
  • Urteko 2.200.000 pezetako muga ezartzen da, azkenik, pertsona ezinduak eta ahaideek eginiko ekarpenak kontuan hartzen direnean.

Era berean, bada Pentsio-Plan eta Gizarte Aurreikuspenerako Mutualitate-Planetarako ekarpenei egin beharreko murrizketa bat, ezkontidearen alde egiten direnean, baldin eta honek lanetik eta jarduera ekonomikoetatik lortzen dituen etekin garbiak 1.200.000 pezeta baino txikiagoak direnean. Horrelako Pentsio-Planetarako ekarpenen gehienezko muga 300.000 pezetakoa da.

Nola atera probetxurik handiena murrizketa horri?

Oraingoan mugak portzentaje jakin baten arabera aldatzen ez direnez, murrizketa honi ahal denik eta probetxu handiena, esandako mugak apartatuz bakarrik aterako zaio. 3. Pentsio berdintzaileak eta elikagaiengatiko urtekoak. Dibortzioa gertatzen denean, ezkontide batek besteari -egoera berriak ekar dezakeen okerragotze ekonomikoa arintzeko edota seme-alabengatik- ordaindu behar dizkion pentsioak dira hauek. Batean zein bestean, ordaindutako kopuruak oso-osorik kentzen dira.

Kenkariak

  1. Etxebizitzari dagozkionak:

    • Lehendabiziko eta ohiko etxebizitza erostea:
      bera erosi ahal izateko eskatu den maileguaren interesak, kapitala amortizatzeko kuotak, etxebizitza hartzeko sarrera, notarioaren eta erregistroko gastuak eta Ondareen Transmisioaren gaineko Zerga kendu egiten dira.
    • Etxebizitza-kontua irekitzea: urte horretan sartu den guztirako muntaren %15 murritz daitekeen arren, ohiko bizitoki den etxebizitza erostean ezarritako kopuruak hurrengo lau urteetan inbertitu behar direla xedatua du Legeak. Bestela, arau-betetze hori gertatzen ez den urtean, eginiko kenketak itzuli egin behar dira, atzerapenagatiko interes eta guzti.
    • Ohiko etxebizitza erosi edo zaharberritzeagatiko kenketa, berriz, eginiko inbertsioaren %15ekoa da, oinarria kalkulatzeko muga 1.500.000 pezeta izaki; gehieneko aurrezkia 225.000 pezeta izan daiteke.
    • Etxebizitza erosi edo zaharberritzeko helburuz hipoteka-mailegua eskatzen bada, aurreneko bi urteetan, %25 ken daiteke lehen 750.000 pezetekiko eta %15a hortik aurreko kopuruarekiko, 1.500.000 pezetaraino. Hurrengo urteetako kenketak %20a eta %15a izango dira. Euskal Autonomi Erkidegoan, aldiz, 4.500.000 muga dagoenez, amortizazio osoaren %15a kentzen da, gehi interesen %20a; portzentaje horiek Araba eta Gipuzkoan %10ean areagotzen dira, zergapekoak 35 urte baino gutxiago baldin baditu, hori guztia zerga-oinarriaren %60a muga izanik, Pentsio-planetarako aportazioak murriztu ondoren.
    • Etxebizitzan eginiko obrak, baina ohiko etxebizitzaren zaharberritze-lantzat hartutakoak bakarrik (1186/1998 Errege Dekretuaren arabera, lan-jarduera babestutzat jotakoak); horiez gainera, egitura, fatxada edota teilatuetako beste lan batzuk ere, guztirako kostua erosketako prezioaren %25etik gora doanean eta lanak etxebizitza erosi denetik hurrengo bi urteetan egin badira.
    • 1998ko maiatzaren 4a baino lehenago etxebizitza erosi dute zergapekoak, PFE zergari aurreko Legearen arabera zegokion erregimena eta oraingoa alderaturik, berarentzat egokien gertatzen dena aukera dezake.
    • Lehendabiziko etxebizitza erostean, garaje-plaza ere erosten duenak etxebizitzaren eskrituran bertan sartu ahal izango du. Era horretan, gehienez ere bi aparkaleku-plazaren kenketa egin daiteke. Ez da beste horrenbeste gertatzen, adibidez, garajea eta etxebizitza bereiz erosten direnean.
    • Etxebizitza alkilatzea: ohiko etxebizitzaz bakar-bakarrik ari garela, 1998ko apirilaren 24a baino lehenago eginiko errentamendu-kontratuei soilik dagokie kenketa: urtean ordaindutako kopuruen %10ekoa izango da, urteko muga 100.000 pezeta izaki. Bete beharrekoak: laguneko eta familiako gutxienekoa konputatu aurretik, zerga-oinarria 3.500.000 pezeta (aitorpen indibidualean) edo 5.000.000 pezeta (baterakoan) baino handiagoa ez izatea eta, gainera, urte horretan ordaindutako kopurua zergapekoaren etekin garbien %10 baino handiagoa izatea.
    • Euskal Autonomi Erkidegoan kenketa hori %15ekoa da, muga 150.000 pezeta edo %20 baita, eta 200.000 pezetaraino igotzen da, zergapekoak 35 urte beteak ez baditu, kontratua noiznahi egin delarik ere.
    • Etxebizitza ezinduentzat egokitzeko lanak egiteko maileguei ere kenketa egitea dagokie: aurreneko 2 urteetan, lehen milioiaren %25ekoa eta, hortik aurrera 2 milioi pezetara arte, %15ekoa. Bigarren urtetik aurrera, lehen milioiaren %20a eta, hortik aurrera 2 milioi pezetara arte, %15ekoa.
  2. Beste kenketa txikiago batzuk

    • Kultura alorreko ondasunetan eginiko inbertsio eta gastuak: inbertsio edo gastuaren %15ekoa da kenketa; erosketa gertatzen baldin bada, ondasun horiek Interes Kulturaleko Ondasunen Erregimen Orokorrean alta emanik egon behar dute.
    • Emakidak

      • * Dirutan: jasotzaile den erakunde edo elkartearen izaeraren arabera, emakidaren %20tik %25era ken daiteke.
      • * Ondasunetan: Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasunen emakida hutsen eta artelanen emakiden %20a kentzen da.
  3. Natura babesteko helburua duten diru-kopuruengatiko kenketa: inbertsioaren %10a.
  4. Lanbide-kolegioetako kuotei urtean 50.000 pezetarainoko kenketa dagokie.
  5. Autonomietako kenketak

    • Gaur egun, Ceuta eta Melilla, Kanariak, EAE eta Nafarroako erregimen bereziez kanpo, beste hainbat erkidegok ere kenketa bereziak aplikatzeko eskuduntza dute. Hona: Balearrak, Gaztela eta Leon, Katalunia, Galizia, Madril, Murtzia, Errioxa eta Valentziako A.E. tokian tokiko Hazienda-Delegazioan informazioa eskatzea komeni izaten da, nolako kenketak diren bidezkoak jakin eta aplikatzeko.