Egoera onean dauden produktuak aukeratu eta behar bezala maneiatzea, funtsezkoak
Urtaro honetan ugari dira egoki-egokiak dauden sasoiko produktuak: aldez edo moldez kontserbatzen baditugu, urte osoan ere izango dugu horiek dastatzeko aukera. Nolanahi ere, lanean hasi aurretik hartu beharreko hainbat neurri gogoratuko ditugu, azken emaitza gozagarri bezain osasuntsua izan dadin.
Elikagaiak, egoera onean
- Aukeratu elikagai freskoak, egoera ezin hobean daudenak.
- Ez kolperik, ez urradurarik duten barazki, fruta eta gainerakoak hautatu behar dituzu; sailkatu tamainaren arabera.
- Elikagaiek ez dute oso berde egon behar -kontserbatzean, zaporea galtzen dutenez, gezak geratzen baitira-, ezta helduegi ere -prestatzean, hautsi egingo lirateke eta-.
- Ozpinetakoak, lehendabizi gatzunetan (gatzetan) sartu behar dira, lehen hartzialdia egin dezaten. Produktu txikiek handiek baino lehenago hartzitzen dutenez, altzairu herdoilgaitzezko orratzez zulatu behar dira, mamia belztu ez dadin.
Higiene neurriak
- Garbitu ondo-ondo uretan barazki eta frutak. Ez erabili mikroorganismo-flora desager dezaketen detergente edo desinfektagarririk.
- Elikagaiak maneiatzeko unean, izan artatsu: eskuak, arropa, ilea, tresnak…. denak garbi-garbi egon behar du.
- Ontziratu baino lehen, galdarraztatu edo egosi landarezkoak bost bat minutuz ur irakinetan, germen gehientsuak suntsituko direla bermatzeko.
- Esterilizatu oinarrizko tresna eta ontziak (iragazkiak, inbutuak, pintzak, potoak…): irakin uretan 15 minutuz. Atera uretatik txarroak lepoaldetik helduta.
Ontziak eta bestelako tresnak
- Erabili altzairu herdoilgaitz, kristal edo portzelanazko eltze eta gainerako ontziak. Saiatu ez baliatzen aluminioa eta antzeko metal erreaktiboak.
- Fruta azidoa maneiatzeko ez erabili metalezko burruntzaliak, kontserbaren kolore eta zaporean eragina izan dezakete eta.
- Fruta iragazi edo lehortu behar baduzu, ez erabili material artifizialik: horretan ere, hobe duzu naturalak baliatzea, hala nola zuritu gabeko muselina edo kirrua, kontserbaren zaporea eta kalitatea aldatzen ez dutelako.
- Aukera ezazu tenperatura altuak (100-114º C) arazorik gabe pairatuko dituen ertz lodi eta aho zabaleko txarroa. Egokiena, horretarako, gomazko eraztun bat tarteko, metal edo kristalezko estalkia eta txarroa malguki edo klip batekin lotuak dituen ontzia da. Egiazta ezazu kristala zartaturik ez dagoela.
- Erabilitako txarroak berriro baliatu behar badituzu, egiazta ezazu loturak eta gomak egoera onean daudela. Aldatu metalezko estalkia, baldin eta barrualdeko lakazko geruza urratu edo higituta badago: laka horrek estalkia babestu egiten du frutaren azidoetatik.
Aukeran, urtea bete aurretik kontsumitzea
- Banatu janaria txarroen edukieraren arabera. Utzi zentimetro bat hutsik goialdean. Betetzean sortu diren burbuilak gorantz atera beharko dituzu, txarroari kolpetxoak emanez. Garbitu ertza, ur berotan bustiriko zapi batez eta itxi estalkia hutsean.
- Txarroa bete eta itxitakoan, esteriliza ezazu, mikroorganismoek elikagaia honda ez dezaten. Ipini eltzearen hondoan zapi bat, sartu bertan txarroak zapitan bildurik eta estali urez goiko ertzeraino (estalkiraino) iritsi gabe. Eltze irekian, 30 minutu behar ditu barazkiak eta 60 minutu arrainak. Presio-eltzean, aldiz, erdiarekin aski da.
- Marmelada egiten baduzu eta pisuaren erdia baino gutxiago baldin badu azukrea, esterilizatu egin beharra dago. Erdia baino gehiago daukanean ez da zertan esterilizaturik, sakarosa bera baita kontserbatzailea.
- Erantsi etiketa txarroari, bertan dagoena zer den eta noiz egin den adierazita. Gorde txarroak toki lehor, fresko, ilunean, elkar gainka metatu gabe.
- Gogoan izan, hutsean eginiko kontserbek urtetan irauten duten arren, hobe dela egin direnetik 12 hilabete baino lehenago kontsumitzea.