Editoriala. CONSUMER 47, 2001eko iraila
Eroski Taldea Fundazioak argitara eman duen Deporte: un gran aliado para la salud izeneko CONSUMEReko seigarren Gida Praktikoa bi helburu betetzeko sortu da: batetik, ariketa fisikoaz eta honek osasunarekin duen loturaz gaur egun aurkitu daitekeen informaziorik osatuena eskaintzea; bestetik, herritar guztiok ariketa egin dezagun animatzea, gure gorpuzkera eta gainerako ezaugarri pertsonalei egokituriko kirola praktikatzeak ongizate fisikoa eta psikologikoa sustatzen laguntzen duelako. Gida horren asmoa, horrenbestez: horixe da, gure adina, egoera fisiko eta psikologikoa eta gure bizi-azturak edozein direla ere, egokien zaigun kirola topatu eta praktikatzea.
- Deporte: un gran aliado para la salud gida, inoiz ariketarik egin gabea zegoenari, zein ohiko kirolariari ere hagitz baliagarria gertatuko zaio eta, gainera, osasun egoera bikainean dagoenari zein gaitzen bat nozitzen duenari informazio praktikoa eskuratzeko itxaropenak aseko dizkio. Medikuntza alorretik oso idazlan zorrotza da, edukiz, ikusmoldez eta sakontasunez, berdin gabekoa. Ulergarriago gerta dakigun, testuak galde-erantzun gisa moldatu dira eta, argigarri moduan, hainbat irudi, ariketa-taula eta grafiko erantsi zaizkio.
- “Kirolaren eta Gazteriaren Nafarroako Institutuko Kirol-Ikerkuntza eta Medikuntzaren Zentroa” erakundean osasunaren eta sedentarismoaren eta ariketa fisikoaren arteko lotura urte askotan ikertu duten hainbat adituri Eroski Taldea Fundazioak gida egin zezan proposatu zien. Sendagile horiek egunero egiten duten lana, kirol medikuntzan egin dituzten ikerketak, Europa eta EEBBetako unibertsitateen dokumentazioaz egiten duten jarraipena eta gai honi buruz berariazko argitalpen dibulgatiboen egile izatea dute bermerik egokiena, gida honen egile bikain izateko.
- Osasunaren eta kirolaren arteko loturaz, behintzat, honen azterketa zabal eta zorrotza egundo argitaratu gabe zegoen espainolez: obesitatearen prebentzioa, osteoporosia, drogen kontsumoa, ariketa fisikoaren ondoriozko hipertentsio arteriala, haurdunaldian eta erditze ostean emakumearen bizimoduaren hobekuntzan kirolak duen eragina, gure indar eta erresistentzia muskularra hobetzeko zein kirol komeni zaigun eta antzeko gaiak jorratuko ditu, zehazki jorratu ere.
- Deporte: un gran aliado para la salud gidak ere CONSUMER Gida Praktikoen helburua bete-betean gorpuzten du, hots, teknikoki zorrotz eta funtsez baliagarria izango den informazioa eskaintzea kontsumitzaileari, honek eguneroko bizitzako alor jakin batean erabakiak hartzeko unean egokienak aukera ditzan. Irakurleari praktiko eta atsegin gertatuko zaiola espero dugu, geure aldetik. Eta, bide batez, denok anima gaitzan geure gorabeherei errazkien egokitzen zaien kirola egin dezagun.