Helduarora iritsi aurretik ezinezkoa izan genuena, nahi izan ez genuena edo egiten asmatu ez genuena egiten gozatzea esan nahi du egokiro zahartzeak
Aisialdi aktiboa: baita zaharrentzat ere
Zahartzea gaur egun ez da gaixotasun, zahartzaroko dementzia edo sexu-nahirik ezaren baliokidea. Zahartzeak ez du esan nahi ekoizteko edo sortzeko gaitasunik ez izatea edo bizitza sedentarioa hertsatuko duen amaigabeko neke-egoera amaigabean bizitzea. José Saramago 1998ko Literaturako Nobel sariduna, esaterako, erretiratu ondoren hasi zen idazten. Saramago, baina, ez da adibide bakarra: beste artista askok ere iritsi dute gailurra adinean sartutakoan. Izan ere, behar bezala zahartzea horixe baita, luzaroago bizi eta astiaz gozatzea, helduarora iritsi aurretik ezinezkoa izan genuena, egin nahi izan ez genuena edo egiten jakin ez genuena eginez. Dena den, bizitzako tarte horretako aisialdiak gustura betetzeko proposamenik apenas eskaintzen duen oraindik gizarteak, errealitateari bizkar emanez, hemendik 30 urtera Estatu espainiarreko populazioaren erdia jubilatuta edo erdi-erretiratuta egongo den arren.
Panorama horri, bizitzeko itxaropenaren luzapena (egun, 76,9 urtean finkatua) erantsi behar zaio. Teorian, beraz, erretiroa hartu ondoren urte mordoska izango du zaharrak paseatu, ilobekin txangoak egin edo bestelako jarduerak burutzen gozatzeko. Oraindik nahi beste ez badira ere, alternatibak ugalduz doaz, jende urtetsu horri berariaz eskaintzen zaizkion garaiz kanpoko edo sasoi apaleko oporraldiez gainerakoak. Ikasketa unibertsitarioak, interneteko atari interaktiboak edo boluntario gisa bete ditzaketen jarduerak dira horietako batzuk.
Unibertsitatean, 60 urteko ikasleak
Egun, 55 eta 80 urte bitarte dituzten 35.000 gizon-emakume doaz egunero-egunero Eskarmentuko Unibertsitate edo Adinekoen Ikasgeletara. Euskal Herriko Unibertsitateak, Salamancakoak eta beste hainbatek dituzte adinean aurrera doan jendearentzako berariazko eskaintzak, matrikulen prezioa erdiraino jaitsita eta zaharren interesei egokituriko curriculum-proiektua bereizgarri dutela: bertan, zaharrak lantaldean arituko dira eta, noski, eskuliburuek eta azterketek baino dezente garrantzi handiagoa hitzaldiek eta eztabaidek izango dute. Kasurik gehienetan, ikasketak burututakoan erdiesten den tituluak ez du inongo balio akademiko zein laboralik, horrelako ikastaroen helburua biziki bestelakoa baita: jakinduriaz jabetzeko kezka eta hausnarketa eginaraztea da helmuga, ikasle gazte, heldu eta zaharren belaunaldi arteko harremanak sustatzen diren bitartean.
Eskarmentuko Unibertsitate edo Adinekoen Ikasgeletan matrikula egin nahi dutenen maila akademikoak inolako garrantzirik ez duenez, mota askotako ikasleak dabiltza: etxekoandreak eta etxegintzako langileak maisuaren eta doktorearen aldamenean dihardute ikaskuntzan. Unibertsitateak emaniko datuen arabera, horrelako ikasketak egiten dituzten ikasleen %8k ez du inolako prestakuntzarik eta %5, aldiz, lizentziatura edo doktoratuaren jabe dira.
Horrelako ikasketen abantaila nagusia, dena den, bestelakoa da: bertara doazen pertsonen bizi-eskarmentu, zentzu praktiko eta esku hartzeko joerari esker, kezka, idatzi gabeko ezagutza edo bizitza osoan zehar landuriko trebeziak trukatzeko aukera, alegia.
Boluntario aritzea ere, baleko aukera
Geroz eta zale gehiago bildu ditu formula berri honek: gizarteari laguntza emateko, egunean hainbat ordu doan eskaintzea. Herri askotako erakunde lokal eta kultur elkarteek, turistentzako gidari lanetan jardun nahi duten pertsona urtetsuen premia dute, beren ezagutza bisitariei ager diezaieten. Estatu espainiarren, adibidez, Aranjuezen umeak ikastetxetik irteten direnean, trafikoa zortzi jubilatuk zuzentzen dute eta Valladoliden hiriaren gune historikoaren erakusle dihardute hainbat pentsionistak gazteentzat. Boluntario aritzea, ordea, ez da egun edo ordu jakin batean jardutea bakarrik: ekintza sozialekin loturiko egitarau iraunkorrak ere garatu ohi dira eta, hauetan esku hartzeko, boluntarioak aurretiaz eta berariaz prestatzen dituzte arduradunek. Makina bat zaharrek, esate baterako, egunean hainbat ordu laguntzailearen premia duten pertsonei eskaintzen diete (pertsona gaixo edo ezinduak izan, edota adin txikikoak hartzen dituzten erakundeak izan). Zaharra, maiz, ipuin kontalari trebe edo bere bizipen eta pasadizoen narratzaile eskarmentudun gisa aritzen da eskola eta haurtzaindegietan. Munduan barrenako gobernuz kanpoko erakunde ugariak etengabe deika ari dira, asteko egunen batez laguntzeko, gazteak ez ezik, aiton-amonak ere hurbil dakizkien.
Interneten murgiltzea
Ordenagailuak gazteenentzako lanabes edo tresna hutsa izateaz gain, teknologiaren aurreko beldurra gainditurik, aisialdirako jolaskide bihurtuko da Internet. Berrogeita hamar urtez gorako internautak urri-urriak dira Sarean baina, beste aldetik, ordu asko sartzen dituzte bertan. Red Internauta delakoak argitara emaniko inkesta baten arabera, gehien erabiltzen diren zerbitzuak chat (Interneten bidezko solasaldiak) eta posta elektronikoa dira, web orrien barrenako nabigazioaren gainetik. Posta elektronikoari dagokionez, betiko postaren aldean dituen abantailak begien bistakoak dira: entregatzeko epea eta bidal daitezkeen artxibo-mota ugariak (irudiak, soinuak, testua…), gutxienez. Lehiaketak etengabe egiten ari dira Interneten, hala nola urteko aitona edo amonarik hoberena izendatzea, lanbide eta zaletasuna ardatz hartutako topalekuak edota xake txapelketak, beste hamaikaren artean. Izan ere, adineko jendearen jarduera birtualak (zaharrak erosteko ahalmen handi samarra dauka eta erabakiak azkar hartzen ditu) utz dezakeen dirutzaren eskerga konturatzen edo hautematen hasiak dira alor horretako konpainia handiak: adin horretarako jendeari zuzendurik, Sarean ugalduz doazen berariazko orrietan tartekatzen hasiak dira eta dagoeneko duten edadeko bezeroa urria den arren, leial jokatzen du. Horietako bat Jubilatas da: 65 urtez gorako pertsonek egin eta beraiek bezalako jendeari zuzendutako honek, elikaduraz eta osasunaz aritu eta aholkuak emateaz gainera, beste hainbat gauza ere eskaintzen ditu. Mayores, jubilados y tercera edad izeneko ataria ere azpimarratzekoa da Estatu espainiarreko panoraman: aisialdi eta osasun alorretako edukiak, medikuntza alternatiboa, on-line ikastaroak doan, lan-eskaintza eta eskakizunak, bidaiak, sukaldaritza, kirolak, sexua, lagunak, zinema, antzerkia eta horoskopoak eskaintzen dituzte. Oraingoz agertu den azkenekoa Hacia una nueva juventud izenekoa da: zaharra bezero duen gune honek eduki interesgarriak eskaintzen dizkie partikularrei, sektoreko profesionalei eta erakunde publiko zein pribatuei.
Edadetuen prestakuntzaren abantailak
- Intelektualki (baita adimen-alorrean ere) aktibo jarraitu ahal izaten du adinekoak.
- Nork bere buruarekin daukan konfiantza areagotzea eta asebetetze pertsonal orokorra ekartzen du ikasteak.
- Adin, kezka, arazo eta zaletasun berdintsuak dituzten pertsonen arteko harremana errazten du.
- Depresioa gainditzen eta aktibo irauten laguntzen du: etxetik irten, ikastetxera joan, eskolan esku hartu eta beste hainbat eginkizun ezartzen dizkiolako ikasleari.
- Gazteengana gerturatzea ahalbideratzen du, informatikaz, literaturaz eta beste hamaika gaiez hitz-aspertuak eginez. Horrela, bi alderdientzat erakargarri izango den jakindurien jorraketa egin daiteke.
- Egoera fisikoa hobetzen du, ikastegi askotan berariazko hezkuntza fisikoa eskaintzen baita, sendagilearen ikuskaritzapean.
Gizarte-etxeetako ikastaroak
Ikaslea egunero fakultatera joateko bezain indartsu ez badago, udalek eta era askotako erakundeek prestakuntza eta solasaldia antolatzeko hainbat egitarau eskaintzen dituzte, beren buruari astirik eskaini nahi dioten gizon eta emakumeei zuzenduak. Egitarau horiek diruz lagunduak izan ohi dira eta, aspaldiko aurrekontuak garaiko jubilatuen etxe izenekoekin loturiko pertsonen kopuruaren arabera eratzen baziren ere, horrelako zentroei (“gizarte-etxe” birbataiatu dituzte arestian) nolako laguntza ekonomikoa eman behar zaien zehazteko parametroa, bertan eskaintzen diren ikastaroen nolakotasun eta kopurua dira. Ohikoa denez, doan edo oso-oso moduan burutzen dira altzarien zaharberritzeko teknikak, informatika, pintura, literatur sormena, maketagintza edota jarduera dinamikoagoak (igeriketa, gimnasia eta dantza, besteak beste).
Adinekoen aldeko Nazio Batuen Printzipioak (1991)
NBE-aren Batzar Nagusiak, pertsona zaharrek beren gizarteei egiten dieten aportazioa eta, herrialde batetik bestera ez ezik, herrialde berean adineko pertsonek bizi duten egoeren arteko desberdintasun eskerga halakotzat harturik, herrialde guztietan orain artekoan baino osasun-egoera hobean bizi diren pertsona urtetsuak geroz eta ugariagoak direla eta geroz eta urte gehiago betetzen dituztela aitorturik, herrialde guztiei hurrengo printzipioak gogoan izatea aholkatzen duen karta hau onestea erabaki zuen:
- Adineko pertsonak behar bezalako elikagaiak, ura, etxebizitza, arropa eta osasun-arreta izateko eskubidea du, diru-sarrera, familien eta gizartearen laguntza eta zaharraren beraren autosufizientziak bideratuta.
- Adineko pertsonak, diru-sarrerak erdiesteko, lanean aritzeko edo bestelako aukerez gozatzeko aukera izan behar du.
- Adineko pertsonak, lan egiteari noiz eta nola utziko dion erabakitzean esku hartzeko aukera izan behar du.
- Adineko pertsonak, behar bezalako hezkuntza- eta trebakuntza-egitarauetan esku hartzeko aukera izan behar du.
- Adineko pertsonak, ingurune seguruetan eta beren zaletasunetara eta uneoro aldatzen ari zaizkion gaitasunetara egokitzeko modukoetan bizi ahal izateko aukera izan behar du.
- Adineko pertsonak, ahal den bitartean, bere bizitokian izateko aukera izan behar du. 7. Adineko pertsonak gizartean txertaturik bizi, bere ongizatean eragin zuzena duten politiken taiuera eta aplikazioan aktiboki esku hartu eta belaunaldi gazteagoetako jendearekin bere ezagutza eta trebeziak jorratzeko aukera izan behar du.
- Adineko pertsonak, gizarteari zerbitzua emateko eta, boluntario gisa, bere interes eta gaitasunen araberako postuetan lanean jarduteko aukerak bilatu eta aurkitzeko eskubidea du.
- Adineko pertsonak, zaharragoekin mugimendu edo elkarteak sortu eta osatu ahal izateko aukera eduki behar du.
- Adineko pertsonak, kasuan kasuko gizartearen balio kulturalen arabera, familiaren eta komunitatearen babes eta magalak zaindua izateko eskubidea du.
- Adineko pertsonari, ongizate fisiko, mental eta emozionalik hoberenaz gozatu ahal izateko eta, era berean, gaixotasunaren agerpena aurreikusi edo geroratzeko, osasun-arretarako zerbitzuak baliatzeko aukera eman behar zaio.
- Adineko pertsonari, autonomia, babes eta zaintza hobeak bermatuko dizkion zerbitzu juridiko eta sozialak baliatzeko aukera eman behar zaio.
- Adineko pertsonak, babesa, errehabilitazioa eta gizarte- zein adimen-alorretako pizgarriak emango dizkioten arreta instituzionala gozatzeko baliabideak eskura izan beharko ditu.
- Adineko pertsonari, zaintza bereziak edo berariazko tratamendua jasotzen ari den bizitoki edo erakundeetan bizi denean, giza eskubideak eta funtsezko askatasunak gozatzeko aukera eman behar zaio, bere duintasuna, sinesmenak, premiak eta intimitatea erabat errespetatuz; era berean, bere bizitzaren kalitateaz eta bere buruaren zaintzaz erabakiak hartzeko eskubidea du.
- Adineko pertsonari bere potentzial osoa garatzeko aukerak eman behar zaizkio.
- Adineko pertsonari gizartearen hezkuntza, kultura, izpiritualtasun eta aisialdi alorretako baliabideak erabiltzeko aukerak eman behar zaizkio.
- Adineko pertsonak duintasun eta segurtasunez bizitzeko eskubidea du, esplotaziotik eta tratu txar fisiko zein mentalik nozitzeke.
- Adineko pertsona duintasunez tratatu beharko da, bere adin, sexu, arraza, jatorri etniko, ezintasun eta gainerako ezaugarriak edozein direla ere; era berean, pertsona zaharra, egiten duen ekarpen ekonomikoa kontuan hartzeke balioetsi behar da.