Ibiltzea eragotzita dutenak ez dira itsuak bakarrik: ezindu motoreek eta, erabat itsu izan gabe, ikusmen-arazoak nozitzen dituztenek ere eragozpenak topatzen dituzte gizakiak sorturiko ezagutza-ozeano itzel hori zeharkatzeko unean.
Ezinduek ere badute Sarean nabigatzerik, web orri egokituetan barrena, laguntza teknikoa eskaintzen bazaie
Gauzek, nolanahi ere, ez lukete horrela izan behar. Teknologiari esker, pertsona gehien-gehienek Interneteko edukiak eskura dituzte. Sare eta mundu errealaren arteko berdintasunak begien bistakoak dira: adibidez, arrapala egitea ez da eskailerak jartzea baino garestiago edo zailago baina, hala eta guztiz ere, beti ez da horrela egiten. Aurrean duzun CONSUMER aldizkariaren edizio digitalak (www.revista.consumer.es, Eroski Taldea Fundazioak eta www.amigos.fundaciongrupoeroski.es delakoaren Internetera begirako egitasmo diren beste bi web-ekin batera, ezinduentzako bertsio eskuragarria plazaratu du dagoeneko: bertan edukiak berdin-berdinak direlarik, aldatzen den gauza bakarra horiek aurkezteko era da. Funtsez, testuak inolako irudirik edo kolorerik gabe eskaintzen zaizkio irakurleari.
Edizio eskuragarria, kolektibo jakin bati zuzendua egon ordez, beren berariazko premietara egokituko duten era askotxotako gizataldeentzako lanabes baliagarri gisa sortu da. Galdera, beraz, bat-batean sortzen da: ezindu talde horiek nola erabil dezakete aldizkari-edizio eskuragarri hori?
Ikusmeneko ezinduak
Bai adinean aurrera doan jende askok, baita miopia edo astigmatismoa arazo bilakatzeraino nozitzen duten pertsona ugarik ere, pantailan irakurtzea zailtasunez josiriko eginkizuna dute. Monitoreetako letra txikiegia ohi da eta diseinuaren helburua ez da beti ahalik eta kontraste handiena lortzea. Zorionez, nabigatzaile moderno ugarik testuaren kolorea eta tamaina aldatzeko aukera ematen dute, irakurgarriago gerta dadin. Dena den, aldaketa horiek web tradizionalei aplikatzen bazaizkie, deskalabru hutsa izan daiteke emaitza, goitik behera aldarazitako orri berrian deus irakurtzerik ez baitugu izango. Edizio eskuragarriak, egituraketa soilari esker, nahi edo behar bezainbeste kolore aldatzeko eta tamaina handitzeko aukera ematen du. Beste aldetik, laguntza horiekin erabiltzaileak aski ez badu, pantailako alderdi bat handituko diote hainbat programak. Word Bide Web orriaren parametro estandarrak finkatzen dituen erakundeak (W3 Consortium izenekoak, hain zuzen) helbidean eskaintzen du ¿lupa erraldoi bat erabiliko bagenu bezala¿ monitoreko alderdi jakinak handitzen dituzten programen zerrenda luzea.
Itsuak
Kolektibo honek berariazko edizioaren premia du, ziberespaziotik kanpo geratuko ez bada. Hasiera-hasieratik, ikusmen bidez atzitzen den bidea izan da web orria eta, halakotzat, gainerako zentzumenak bigarren mailan bazterturik utzi ditu. Informazioa ¿ia dena¿ testu eta irudien bitartez eskaintzen zaigu eta, aurkezten diren era horretan, ikusmenean arazoak dituen pertsonak ezin izango ditu atzeman. Berariazko sistemak baliatuz, ordea, ezintasun horiek gainditu ahal izango dira.
- Ahots-sintetizatzailea: bost urte baino gutxiago dituen ordenagailua gauza da pantailako testuak ahotsez “irakurtzeko”. Metodo hori, zeharo itsuak diren pertsonentzat biziki baliagarria gertatzeaz gainera, pantailaren zati bat handituz batera ere erabil daiteke, ikusmenean arazo larriak dituztenek dokumentua irakurri ahal izan dezaten.
- Braille lerroa:> aurrekoa baino dezente garestiagoa da honoko hau, pantailako testua braillerako egokituko duen aparatua jarri behar delako. “Lerro” horretatik hatzak eraman baizik ez du itsuak, eta horiek pasa ahala testua aldatuz joango da.
Ezintasun motoreak
Sagua maneiatzea dela eta, batzuetan edonori aitortzen zaio aurretiaz nolabaiteko trebezia. Erabiltzaileari, ordea, nabigatzeko unean hamaika eratako eragozpen eta ezintasunek oztopatzen dio sagua eta teklatua erabiltzea. Horrela ezindurik daudenentzat ahotsa ezagutzen duten edo bestelako mekanismo bereziak dituzten aparatuak sortu dira, ahotsezko aginduen bidez edo teklatu egokituen bitartez nolabaiteko erraztasunaz nabigatu ahal izan dezaten. Nolanahi ere, sistema horiek funtzionatuko badute, soila eta, gainera, ordena logikoaren araberakoa izan behar du orrialdearen egituraketak. Aldizkariena gogoratzen duen diseinua ¿web orrietan ohikoa denaren antzekoa¿ sekulako eragozpena da, informaziora iristeko orduan.
Bertsio eskuragarriak, era berean, beste eginkizun bat ere betetzen du: web orriak egin dituen hamar urte honetan, nabigatzaileen aurrerakada ikusgarria izan da. Espezifikazio berriek bazterrean utzi dituzte aplikazio modernoagoetara joaterik ezin duten (edo joan nahi ez duten) erabiltzaile askotxo. Erabiltzaile gehien-gehienek nabigatzeko programa estandarrak baliatu arren, internautaren batzuek oraindik testua bakarrik agertzen duten Lynx eta tankerako programa arkaikoekin jarduten dute lanean. Bertsio eskuragarriak Sareko teknologiarik aspaldikoenekin eta, garatzen ari badira ere, arestiko estandarretara ezin egokitu direnekin eginiko lokarriak dira.
Orrialde eskuragarria
Erabiltzaile gehienei sarrera erraztuko dieten gutxieneko elementuez web orri bat hornitzea, horrelako orrien diseinatzaile arruntenaren esku dago gaur. Hona hemen Iniciativa para la Accesibilidad en la Web (www.w3.org/WAI) izenekoak emaniko aholkuetako batzuk:
- Irudiak: erabili beti testu alternatiboren bat grafikoak, argazkiak eta irudiak deskribatzeko. Azalpena zenbat eta zehatzagoa, zenbat eta zabalagoa izan, orduan eta eroso eta errazagoa izango da, elementu grafikoen laguntzarik gabe, orrialdearen esanahia ulertzea. Multimedia: transkriba itzazu audioko elementuak eta deskribatu bideoen edukia.
- Loturak: beste orriekiko lotura edo lokarri gisa diharduten testuek (links) berezko zentzua izan behar dute. Saia zaitez ez erabiltzen “egin klik hemen” bezalako esaldi nahasgarriak; horien ordez, jarri zehatzagoak, hala nola “albistea zabaltzeko” edo “azalera joan nahi baduzu”.
- Taulak: erabili bakarrik lerroz lerro irakurtzean ulergarri gertatzen direnak.
- Markoak (frames): markoei esker hainbat web orri bakar batean bil ditzakegu, efektu ikusgarriak lortzeko. Nolanahi ere, nabigatzaile bereziek ezin bereiz dezakete zein orrialdetan dagoen informazio interesgarriena. Markoez baliatzea erabaki baduzu, horrelakorik ez erabiltzea ahalbideratzen duen alternatibazko bertsioa ere eskaini beharko duzu.
- Baliozta ezazu zeure orria: berariazko programa batzuek adieraziko dizute zure web orria zein mailataraino den iriskor edo eskuragarri. Programa horiek www.w3.org/TR/WCAG helbidean jaso ahal izango dituzu. Arau orokor gisa, saia zaitez testua bakarrik erakusten duen nabigatzaile batekin ¿Lynx edo antzekoren bat, adibidez¿ orri osoa ikusten; horrelako nabigatzaileak doakoak dira eta www.tucows.com eta tankerako orrietan eskura daitezke. Orrialdea horren laguntzarekin zeharkatzerik baduzu, oso litekeena da zure web orria iriskorra izatea.
- Bobby Bobby poliziak Interneten duen zeregina ezaguna da: web orriak ahalik eta erabiltzaile gehienentzat zabalik mantentzea. Haren orritik zorroztasun osoz azter dezakegu gure web gunea eta, ondorioz, ahuleziak non dautzan ezagutu ahal izango dugu.
- SIDAR Ezintasunak pairatzen dituzten pertsonez arduratzeko Errege-Patronatuak, Internet denentzat baliagarri izatea helburu duen ekimen hau abiatu du. Espainolezko hamaikatxo baliabide eskaintzen ditu Internet gune biztangarriago bihurtzeko.
- W3 Consortium WWW-aren estandarrak finkatzen dituen erakundeak (nahiz nabigatzaile nagusiek beti betetzen ez dituzten), iriskorrak izango badira orriak nola diseinatu behar diren adierazten digu atal zabal batean.
- ONCE Itsu Espainolen Erakunde Nazionala da ezinduei zuzenduriko bertsio bat eskaintzen duen espainiar orrialde urrietako bat. Teknologia itsuei nola laguntzen dien ikertzen duen unitate tifloteknikoaren (Cidat) lanean, ezinbestekoa (cidat.once.es).