Merkeena bi onenen artean dago
Gogortasun ertaina eta antzeko prezioa duten zazpi hortz eskuila aztertu dira (horietatik seik 2,50 euro eta 3,21 euro artean balio dute). Reach kalitate orokorrean “oso ongi” lortu duten bietako bat da -bestea Licor del Polo da- eta, gainerakoak baino merkeagoa denez (1,90 euro), berak du kalitate-prezio erlaziorik onena.
Txinan jada XV. mendean hortz eskuilak erabiltzen zirela dakigu. Garai hartan basurdearen lepoko zurdak erabilita egiten ziren. 1937an nylona deskubritu zen, eta material sintetiko horrekin fabrikatzen dira harrezkero eskuila modernoak: hortz oiei eta esmalteari kalte gutxiago egiten die, eta berari esker zabaldu zen erabilera mendebaldean.
Hortzak eskuilatzea hortzetako plakari itsatsita dagoen zikinkeria igurtzi bidez mekanikoki kentzea da, eta hortzetako pasta batez lagunduta egin ohi da. Helburua ahoa janari hondarrez garbitzea eta hortzetako plakako bakterioak deuseztatzea da, horiek lertzoa, kariea eta oietako arazoak sortzen baitituzte. Eskuila ona izateko, zikinkeria ondo kendu baina hortzak errespetatu behar ditu.
Gogortasuna, funtsezkoa
Aho mota bakoitzari eskuila mota bat dagokio. “Leunak” dira oiak eta hortzetako esmaltea gutxien zigortzen dituztenak, baina erabilgarritasun laburragoa dute. “Gogorrek” ahalmen erosionatzaile handiagoa dute eta, ondorioz, zikinkeria hobeto kendu eta gehiago irauten dute, baina hortzei desgaste handiagoa egiten diete. Azterketa honetako zazpi eskuilak erdi gogor moduan aurkezten dira, eta mota horietakoak dira gehien erabiltzen direnak. Hala ere, analisiaren ondorioz Lacer “leuntzat” katalogatu behar zela ikusi da, eta ez “erdi gogortzat”; hau da, etiketa okerra da. Gainerakoei dagokienez, Reach eta Oral-B gogor samarrak ziren, eta Licor del Polo eta Parogencyl, berriz, leun samarrak.
Lau eskuilak burua babesteko zorroa eskaintzen dute (Reach, Oral-B eta Licor del Polo-k ez zuten), bostek kirtenean ez irristatzeko sistema ere bazuten, eskuak bustita edukiz gero oso baliagarria (Parogencyl-ek eta Lacer-ek ez zuten), eta laurek kirten malgua zuten (Reach, Oral-B eta Lacer-en ez zegoen horrelakorik). Oral-B da desgastea adierazteko sistema duen bakarra, hau da, zurda urdin batzuk, eskuilak jada balio ez duenean kolorea galtzen dutenak.
Eskuilen buruek bi forma dituzte: Foramen eta Oral-B obalak dira, eta gainerakoak triangeluarrak, baina guztien dute akabera borobildua, ahoan narritadurarik ez sortzeko. Bururik estuenak Oral-B (11,9 mm) eta Lacer dira (12,3 mm) (eta, ondorioz, aho barruan errazen erabiltzekoak, atzeko haginetara ere ondo iristen delako), eta zabalenak Licor del Polo (14,1 mm) eta Reach (14 mm).
Zurden kalitatea
Hortzetako eskuilen efikazia neurtzeko irizpide nagusietakoa zurden kopurua eta kalitatea da. Burualdean zenbat eta filamentu gehiago egon, hainbat eta handiagoa izango da azalera garbitzailea, eta eskuilatzea eragingarriagoa. Binaca eta Lacer dira zurda sorta gehien duten eskuilak (43na sorta), baina sorta bakoitzean zurda gutxi dute; guztira zurda gehien duena Licor del Polo da, 1.878 zuntz, eta atzetik daude Reach (1.764 zuntz) eta Parogencyl (1.640 zuntz). Foramen-ek (1.280 zuntz) eta Binaca (1.290 zuntz) dira zurda gutxien duten eskuilak eta, ondorioz, proba honetan baloraziorik txikiena izan dutenak. Aztertu diren eskuila guztietako bi zurda sortak (kolore desberdinetakoak) ez daude kalitatearekin eta efikaziarekin lotuta: sorta bateko zurdak eta bestekoak berdinak dira, alde bakarra kolore batean eta bestean dagoen kopurua da (Binaca eta Reach izan ezik, horretan ere berdinak baitira).
Zurden luzerak eskuilaren desgastean eta garbiketaren efikazian du eragina. Eskuilak altuera desberdineko zurda sortak baldin baditu, hobeto egokitzen zaio hortzaren formari, eta hobeto iristen da alde kurbatuetara eta hortzen arteko tarteetara. Binaca-n eta Foramen-en bakarrik dira zuntzak luzera berdinekoak (11 mm), eta horrek eskuilatzeko azalera laua dela esan nahi du, hau da, ez da besteak bezain eragingarria. Gainerako marketan zuntzak luzera desberdinekoak dira. Oral-B da atal honetan onena, bere zuntzak neurri desberdinekoak direlako: motzenak 8,2 milimetro eta luzeenak 12,6 milimetro.
Muturretan ertzik gabe
Eskuilen fabrikazioan zehar zurdak borobildu eta leundu egin behar dira, muturretan ertz zorrotzik gera ez dadin, horrek zauriak egin baititzake. Eskuila guztiek gainditu dute proba hau, baina alde handiak daude batetik bestera: Licor del Polo, Reach eta Parogencyl markek lortu dute hemen baloraziorik altuenak.
Zaharkitzeari buruzko proban, hiru ordutan eskuila batek normal erabiliz gero hiru hilabetetan jasango lukeena simulatzen da. Reach, Lacer eta Oral-B markek desgastearekiko erresistentzia handia dutela frogatu zuten, eta Parogencyl izan zen azkarren zahartu zena. Zurda sortek zikinkeria ateratzeko izan behar duten indarrari dagokionez, berriz, Licor del Polo eta Lacer izan ziren indartsuenak; Binaca, Oral-B eta Reach-ek “ongi” atera zuten; Parogencyl-ek “nahikoa” baino ez zuen lortu, eta Foramen-ek ez zuen proba gainditu, arauak eskatzen duen minimoa ere betetzen ez zuelako.
Parametro horiek guztiak kontuan hartuta, eskuilak hiru multzotan sailka daitezke. Licor del Polo eta Reach dira onenak (“oso ongi” atera dute), Oral-B, Binaca eta Parogencyl “ongi” notarekin konformatu behar dute, eta Foramen eta Lacer markek “nahikoa” baino ez dute atera.
Dentistek hortzak janari bakoitzaren ondotik eskuilatzea gomendatzen dute, janaria amaitu denetik eskuilatzen den arte hamabost minutu baino gehiago igarotzen utzi gabe. Hori egiteko, komeni da pauso hauek egitea:
- Piezak biko edo hiruko taldetan eskuilatu, poliki, eta ordena jakin bati jarraituta: hasi kanpokoetatik, gero barrukoetatik, eta azkenean mastekatzekoetatik.
- Garbitu hortzak leunki, goitik behera, mugimendu bertikalak eginez. Eskuila indar handiegiz erabiltzeak hortzetako esmalteari eta oiei min eman eta hipersentsibilitatea sor dezake.
- Hamabi urtetik aurrera, ahoa hobeto garbitzeko hortzetako zeta erabil daiteke.
- Garbiketarik garrantzitsuena gauekoa da: lo gaudela listu gutxiago ekoizten dugu eta mihia gutxiago mugitzen, eta horrek bakterio plaka sortzen laguntzen du.
- Erabili fluorra duten pastak. Esmaltearen egitura sendotzen dute eta karieak sortzeko aukerak %20 eta %40 artean murrizten dira.
- Gutxienez hiru hilean behin aldatu eskuila.
Laburbiluz eta konparaketako taula
Laburbiluz
- Hortzetako zazpi eskuila erdi gogor aztertu dira, eta horien prezioak Reach-en 1,90 eurotik Parogencyl-en 3,21 eurora doaz. Lacer da egiazki erdi gogorra ez den bakarra, leuna baita.
- Gaixotasunak prebenitzeko ezinbestekoa da ahoko higiene egokia izatea. Eskuilaren bidez janari hondarrak kentzen dira eta, horrela, lertzoa, karieak eta oietan eta hortzetako plakan arazoak ematen dituzten bakterioak sortzea ekidingo dugu.
- Zurden koloreak ez du efikaziarekin zerikusirik: eskuila bakoitzeko bi koloreetako zurdak berdinak dira, Oral-B-en izan ezik, horien zuntz urdinek desgastea adierazteko balio baitute.
- Reach, Lacer eta Oral-B dira eskuila iraunkor eta sendoenak. Foramen-en zuntz sortek ez dute zikinkeria ateratzeko azterketa gainditu, ez dutelako exijitzen den minimoa betetzen. Lacer ez da erdi gogorra, leuna baizik eta, beraz, etiketa ez da zuzena.
- Reach-ek (merkeena eta kalitate-prezio erlaziorik onena) eta Licor del Polo-k (hirugarren merkeena) erakutsi dute kalitaterik onena “oso ongi”). Oral-B, Binaca eta Parogencyl markek “ongi” atera dute, eta Foramen-ek eta Lacer-ek “nahiko” baino ez dute lortu, bi atal esanguratsuetan eskas ibili direlako.
Marka Modeloa |
REACH “Interdental” |
LICOR DEL POLO “Microtech professional” |
BINACA “Dynamic” |
ORAL-B “Advantage” |
|
---|---|---|---|---|---|
Prezioa (euro/unitatea) | 1,90 | 2,84 | 2,86 | 3,05 | |
Eskuilaren ezaugarri orokorrak | |||||
Pisua (gramoak) | 13,2 | 17,1 | 13.1 | 15 | |
Luzera guztira (milimetroak) | 188,6 | 190,4 | 189,2 | 194 | |
Buruaren zabalera (milimetroak) | 14 | 14,1 | 13 | 11,9 | |
Zuntzen ezaugarriak | |||||
Sorta kopurua guztira 1 | 42 | 40 | 43 | 41 | |
Sorta motak | 2 | 2 | 2 | 2 | |
Zuntzen kolorea | 1. mota | Zuria | Zuria | Bioleta | Urdina |
2. mota | Urdina | Berdea | Zuria | Zuria | |
Sorta kopurua | 1. mota | 19 | 21 | 7 | 8 |
2. mota | 23 | 19 | 36 | 33 | |
Zuntz kopurua sortako | 1. mota | 42 | 46 | 30 | 44 |
2. mota | 42 | 48 | 30 | 32 | |
Zuntz kopurua guztira | 1.764 | 1.878 | 1.290 | 1.408 | |
Zuntzen diametroa (µm.) | 1. mota | 234 | 206 | 240 | 204 |
2. mota | 234 | 199 | 231 | 238 | |
Zuntzen luzera (mm.) | 1. mota | Mín 9,1; máx 11 | Mín 10; máx 11,6 | 11 | Mín 8,2; máx 12,6 |
2. mota | Mín 9,1; máx 11 | Mín 10; máx 11,6 | 11 | Mín 8,2; máx 12,6 | |
Eskuilaren kalitatea | |||||
Ebaketaren profila 2 | 1. mota | Ongi | Oso Ongi | Ongi | Ongi |
2. mota | Oso Ongi | Oso Ongi | Ongi | Ongi | |
Gogortasun maila | 8,1 | 7 | 7,5 | 8,2 | |
Eskuilaren gogortasuna | Ertaina/gogorra | Leuna/Ertaina | Ertaina | Ertaina/gogorra | |
Desgastearekiko erresistentzia 3 | Ongi 27 |
Nahikoa 42 |
Nahikoa 53 |
Ongi 36 |
|
Sortak ateratzearekiko erresistentzia | Ongi | Oso Ongi | Ongi | Ongi | |
Balio minimoa (daN) | 2,41 | 3,86 | 1,87 | 1,76 | |
Kalitatea oro har | Oso Ongi | Oso Ongi | Ongi | Ongi |
Marka Modeloa |
PAROGENCYL “Optima” |
LACER | FORAMEN “92 clinic” |
|
---|---|---|---|---|
Prezioa (euro/unitatea) | 3,21 | 2,50 | 2,94 | |
Eskuilaren ezaugarri orokorrak | ||||
Pisua (gramoak) | 15,4 | 11,9 | 12,1 | |
Luzera guztira (milimetroak) | 192,8 | 191,6 | 185,8 | |
Buruaren zabalera (milimetroak) | 12,9 | 12,3 | 13 | |
Zuntzen ezaugarriak | ||||
Sorta kopurua guztira 1 | 36 | 43 | 38 | |
Sorta motak | 2 | 2 | 2 | |
Zuntzen kolorea | 1. mota | Urdina | Horia | Urdina |
2. mota | Zeharrargia | Zeharrargia | Zuria | |
Sorta kopurua | 1. mota | 14 | 11 | 16 |
2. mota | 22 | 32 | 22 | |
Zuntz kopurua sortako | 1. mota | 48 | 38 | 36 |
2. mota | 44 | 34 | 32 | |
Zuntz kopurua guztira | 1.640 | 1.506 | 1.280 | |
Zuntzen diametroa (µm.) | 1. mota | 251 | 202 | 231 |
2. mota | 181 | 204 | 230 | |
Zuntzen luzera (mm.) | 1. mota | Mín 9,4; máx 11 | Mín 9,5; máx 11 | 11 |
2. mota | Mín 9,4; máx 11 | Mín 9,5; máx 11 | 11 | |
Eskuilaren kalitatea | ||||
Ebaketaren profila 2 | 1. mota | Ongi | Ongi | Ongi |
2. mota | Oso Ongi | Ongi | Ongi | |
Gogortasun maila | 6,2 | 5,8 | 7,1 | |
Eskuilaren gogortasuna | Leuna/Ertaina | Leuna | Ertaina | |
Desgastearekiko erresistentzia 3 | Nahikoa 67 |
Ongi 38 |
Nahikoa 41 |
|
Sortak ateratzearekiko erresistentzia | Nahikoa | Oso Ongi | Eskas | |
Balio minimoa (daN) | 1,67 | 3,11 | 1,34 | |
Kalitatea oro har | Ongi | Nahikoa | Nahikoa |
1 Sortak: zuntz kopurua.
2 Ebaketaren profila: hortzekin kontaktuan dagoen zuntz muturraren borobiltasunaren maila neurtzen da.
3 Desgastearekiko erresistentzia: emaitza hauek eskuila hiru hilabetez erabiltzeari dagozkio.
Banan-banan
Banan-banan hortzetako zazpi eskuila
Reach Interdental
- 1,90 euro/unitatea
- Kalitate orokorra: Oso ongi
- Kalitate-prezio erlaziorik onena. Merkeena da. Bere burua zabalenetakoa da (txarra), baina zuntz gehien dutenetakoa da (ona). Zuntzak ongi borobilduta daude, zurdak gogor samarrak dira, desgasteari erresistentziarik handiena egiten dion eskuila da eta zuntz sortek erresistentzia ona dute ateratzeari dagokionez. Ez dauka burua babesteko zorrorik.
Licor del Polo Microtech professional
- 2,84 euro/unitatea
- Kalitate orokorra: Oso ongi
- Aukera ona da. Burua zabalagoa (txarra). Berak du sorta bakoitzean zuntzik gehien. Zuntzak ondoen borobilduta dauzka. Zurdak leun samarrak dira. Sorten ateratzeko erresistentzia onena da. Ez dauka burua babesteko zorrorik.
Binaca Dynamic
- 2,86 euro/unitatea
- Kalitate globala: Ongi
- Sortarik gehien daukana, baina zuntzik gutxien sorta bakoitzean. Bere zuntz guztiek luzera berdina dute eta, ondorioz, eskuilatzea ez da hain efikaza. Zurdak erdi gogorrak dira. Zuntzek ebaketa egokia dute, eta ateratzeari buruzko erresistentzia ona da. Burua babesteko zorroa dauka.
Oral-B Advantage
- 3,05 euro/unitatea
- Kalitate orokorra: Ongi
- Bigarren garestiena da. Luzeena da (194 mm) eta buru estuena du (ona). Desgastea adierazten duen bakarra da (erabiltzearen poderioz zuntz urdinek kolorea galtzen dute). Zuntzen ebaketa, desgastearen maila eta sortak ateratzeko gaitasuna ongi daude. Zurdak leun samarrak dira. Ez dauka burua babesteko zorrorik.
Parogencyl Optima
- 3,21 euro/unitatea
- Kalitate orokorra: Ongi
- Garestiena da. Sorta gutxien duena, baina bakoitzean zuntz gehien. Zuntzek ongi borobilduta daude, leun samarrak dira eta erresistentzia gutxien aurkezten diote desgasteari. Sortak ateratzeko gaitasunean “nahikoa” baino ez du lortu. Burua babesteko zorroa dauka.
Lacer
- 2,50 euro/unitatea
- Kalitate orokorra: Nahikoa
- Bigarren merkeena. Berak du sortarik gehien (43). Zuntzen ebaketa eta desgaste maila onak dira. Sortek oso erresistentzia ona egiten diote ateratzeari. Zurden gogortasuna ez da erdi mailakoa, etiketan jartzen duen bezala, leuna baizik. Burua babesteko zorroa dauka.
Foramen 92 Clinic
- 2,94 euro/unitatea
- Kalitate orokorra: Nahikoa
- Berak bakarrik ez du gainditu sortak ateratzeko erresistentzi proba. Zuntz guztiek luzera berdina dute, eta horregatik emaitza ez da hain efikaza. Zuntzen ebaketa “ongi” dago, desgaste maila “nahikoa”, eta gogortasuna erdi mailakoa. Burua babesteko zorroa dauka.