Petrolio erreserbak

Zenbat petrolio geratzen da munduan?

Munduan egungo kontsumoari eutsiz gero, erreserbak 2043. urtean agortuko lirateke
1 urtarrila de 2004
Img medioambiente listado 241

Zenbat petrolio geratzen da munduan?

Galdera horrek aldizka hiritarren arreta bereganatzen du, are gehiago Irakekoa bezalako krisi bat komunikabideetan nabarmentzen denean. Hainbat ikerketaren arabera, 2002an munduan 990.000 milioi eta 1,1 bilioi bitarte upel petrolio gordin geratzen zen ateratzeko moduan. Horrek esan nahi du munduan gaur egun kontsumitzen den erritmoari eutsiz gero, 2043. urtean erreserba horiek agortu egingo liratekeela, eta data hori aurreratu egingo litzateke energi kontsumoa handituko balitz, izan ere, garapen bidean dauden herrialdeetan hori gertatuko dela aurreikusten da. Dena dela ere, aurreikuspen horiek ez dute putzu berriak aurkitzeko edo orain natur erreserbatzat, hau da, zulatu ezintzat hartzen diren guneetatik petrolioa ateratzeko aukerak kontuan hartzen. Gure gizartea petrolioaren mende dago, eta hori datu honekin nabarmentzen da: 1880an munduko produkzioa, ia erabat Amerikako Estatu Batuetan lokalizatuta, milioi bat tona baino gutxiago zen. Gaur egun produkzioa 3.500 milioi tona baino gehiago da.

Zein herrialde dira petrolio ekoizleak?

Munduko ekoizpena kontzentratzen duten hiru eskualdeak Erdialdeko Ekialdea, Sobiet Batasuna zena eta Estatu Batuak dira; munduko petrolio gordinaren %70 inguru horietan ateratzen da. Zalantzarik gabe, eskualderik garrantzitsuena Erdialdeko Ekialdea da, bertan biltzen baitira hidrokarburo hau ustiatzeko baldintzarik onenak: petrolio poltsa handiak sortzen dituzten gatz domoak ugari dira, kokapen geografiko bikaina du -kostaldea- eta orografia egokia da petrolioa errazago porturatzeko kanalak egiteko eta bertatik banaketa egiteko. Saudi Arabia da munduko ekoizlerik handiena, produkzio osoaren %12rekin.
Ameriketako Estatu Batuen egoera berezia da. Oso produkzio handia duen arren, hori ez da bere barne kontsumoa asetzeko lain, eta petrolioa inportatu beharrean da. Aipatutako hirugarren eskualdean, SESB zena osatzen zuten herrialdeetan, bertako beharrak asetzeko behar beste petrolio ateratzen da, are gehiago, baita esportatzeko ere. Hala ere, ez da ahaztu behar beste hainbat herrialde ere badirela urre beltzaren mapa osatzen: Venezuela, Mexiko eta Txina. Horietako bakoitzak munduko ekoizpenaren ia %5 ematen du.

Petrolio konpainien sailkapena Mila upel/eguneko (2000. urtea)
1. Gazprom (Errusia) 9.606
2. Saudi Aramco (Saudi Arabia) 8.613
3. NIOC (Iran) 4.509
4. Exxon Mobil (AEB)* 4.406
5. Pemex (Mexiko) 4.169
6. Royal Dutch/Shell (Holanda)* 3.685
7. PDV (Venezuela) 3.640
8. BP (Erresuma Batua)* 3.107
9. Sonatrach (Aljeria) 2.788
10. NOC (Iraq) 2.583
………….
30. Repsol YPF * (Espainia) 675

*Pribatuak

Munduko petrolio erreserbak (2001) *Petrolio konpainien sailkapena
Saudi Arabia 265, 3
Irak 115
Kuwait 98
Irán 96,4
Arabiar Emirerri Batuak 62,8
Errusia 54,3
Venezuela 47,6
Txina 46,6
Libia 30
Mexiko 26,9
Nigeria 24,1
Ameriketako Estatu Batuak 22
Aljeria 12,7
Norvegia 10,1

Zergatik igotzen da petrolioaren prezioa?

Arrazoi nagusia eskaintzaren eta eskaeraren joko tradizionalean bilatu behar da. Energia agorgarria denez, zeinaren kontsumoa handitu egiten den boom ekonomikoa den garaietan, eskaerak eskaintzaren gainean presionatzen du, eta prezioak igo egiten dira. Merkatuaren legeari OPEPeko kide diren herrialdeen presioa gehitu behar zaio, beren interesen arabera petrolio gordinaren ekoizpena murrizten edo handitzen baitute. Eta erregai horren merkatua ulertzeko zailtasunei beste bat gehitu behar zaie, hau da, dolarraren gorabeherak gertutik zaindu behar dira: petrolio gordina diru horretan kotizatzen da, eta upelaren balioa horren bidez adierazten da.

Petrolioa nola sortzen eta erauzten da?

Petrolioa substantzia erregaia da, beltza eta likatsua, tenperatura eta presio normaletan likidoa. Bere jatorrian substantzia organikoen deskonposizioa dago, bizitzeko airerik behar ez duten mikrobioen eraginez gertatzen dena (anaerobioak). Petrolioa duela hainbat milioi urte sortu zen, fosil bihurtu ziren animalia eta landareetatik abiatuta. Fosiltzeko, animaliak lokatzetan edo hareatan lurperatuta geratu behar du, hezurrak desegin baino lehenago. Milaka urtetan zehar, hezur hondar horien gainean sedimentu geruzak pilatu ziren, eta mineralak sartu ziren, gaur egun petrolio esaten diogun hori bihurtu arte.
1859an, Drake iparramerikar enpresariak Pennsylvaniako Oil Creek-en putzu bat zulatzeko agindu zuen, eta petrolioa atera zuen, metro kubikotan. Horrela hasi zen “urre beltzaren sukarra” esan zitzaiona. Oro har, petrolioa hareharrizko arrokak osatzen dituzten hondar aleen arteko tarteetan gordeta egon ohi da, eta horien jatorria itsasokoa, ibaikoa, glaziarretakoa edo aintziretakoa izan daiteke. Pisu espezifikoak desberdinak direnez, petrolioa ur geziaren gainean pilatuta aurkitzen dugu, ur gezia ezinbesteko laguna baita, eta gas naturalaren azpian, eremuaren goialdean gasa egoten baita. Petrolio erreserbak lurpean daude, ehunka metrora, edo milaka metrora, eta horien kokapen zehatza jakiteko metodo bakarra esplorazio zundaketak dira. Gaur egun, putzuetatik petrolioa erauzteko teknikarik erabiliena zundaketa birakaria da. Oliobideetan zehar gaia biltegietako tankeetaraino eramaten da, eta handik bere helmugara bidaltzen.

Petrolioaren alternatibak

Aspaldi da petrolioa ez den beste alternatiba batzuk badaudela, bai industrian erabiltzeko, bai gure ibilgailuetan erabiltzen dugun erregai gisa erabiltzeko. Izan ere, urte batzuk dira olio begetalak ikertzen ari direla (ekologikoagoak eta, kontsumoa hedatuz gero, merkeagoak izan litezkeenak), baita ia agortezina den Hidrogenoa ere. Automobilen fabrikatzaileek dagoeneko prototipo aurreratu zenbait diseinatu dituzte, motorrak gas horretan oinarrituta. Gainera, petrolio konpainiek urteak daramatzate beste sektore batzuetara dibertsifikatu nahian eta, unea iristen denean, arduratu egingo dira erregai alternatiboen manufaktura eta banaketa monopolizatzeaz.

Erreserbak Espainian: 90 egun

Espainiak, Nazioarteko Energiaren Agentziako kide den heinean, 90 eguneko kontsumorako petrolio eta karburante erreserbak ditu. Lehenengo 30 egunak Petrolio Produktuen Erreserba Estrategikoen Korporazioaren kontrolpeko erreserba estrategikotzat jotzen dira (Cores), eta hori Ekonomiako Ministerioaren mendekoa da. Gainerako 60 egunak petrolio konpainiek derrigor izan behar dituzten erreserba komertzialak dira. Erreserben gaineko arautegiak agintzen duenaren arabera, “energi iturrien hornikuntzan eskasia dagoen egoeretan, segurtasunerako gutxieneko existentziak Coresen kontrolpe zuzenean jartzeko agin daiteke, erreserba estrategikoak barne, erabilgarri dauden baliabide energetikoak ahalik eta egokien erabiltzeko helburuarekin”.