Ebakuntza ez da beti konponbiderik onena
Bizkarrezurra 24 orno artikulatuk osatzen dute; disko ez-bertebralek bereizten dituzte elkarren artetik eta disko horiek funtsezko egiturak dira raquis edo bizkarrezurraren mugikortasunerako. Disko ez-bertebralek bizkarrezurraren gainean egiten diren presioak jasaten dituzte, motelgailu gisa jardun eta zamak banatu egiten dituzte; horregatik, diskoaren edozein gaitzek ikaragarri erasaten dio hura sufritzen duen pertsonari. Mingarrienetan, ezgaitasuna eragiten dutenetan eta lanean baja gehien eragiten dituztenetan, diskoko hernia nabarmentzen da.
Zamak arindu eta banatu egiten ditu
Disko ez-bertebralak badu inguruko atal bat, zuntzezko eraztuna, tipula baten antzera zenbait geruza zentrokidek osatua eta bere barnean erdiko atala edo gune mamitsua, puxtarri bat bezain borobila, lingirdatsua eta %88 ur duena.
Disko hauek bizkarrezurraren gainean egindako presioak jasaten dituzte, motelgailu gisa jarduten eta zamak banatzen. Guneak egindako presioaren %75 jasaten du eta zuntzezko eraztunak %25. Egunez, zutik egonda, etengabeko presioa dago gorputzaren pisua dela medio, eta esfortzuek, jarrerazko gainkargek eta zamak erabiltzeak emendatu egiten dute. Presio horren pean diskoak altuera, lodiera galtzen du, eta bizkarrezurraren altuera osoan pilatutako lodieraren galera 2 zentimetrorainokoa izan daiteke. Gauez, presiorik jasan gabe, lodiera normala berreskuratzen du, zabaldu egiten da eta zabaltze mugimendu hori alboko egituren ur-zurgapenarekin batera -belaki baten antzera- gertatzen da. Horregatik goizean altuagoak gara eta eguna bukatzean txikiagoak. Hidratazio prozesu hori funtsezkoa da diskoaren egiturari eusteko. Deshidratazioa, hain zuzen, funtsezko kausa da disko-endekapenean. Diskoaren gaineko presioa azken orno lunbarraren eta lehenengo errain-ornoaren artean (L5-S1) da handien, eta maila horretan dira ohikoen diskoko herniak.
Zer da diskoko hernia?
Disko ez-bertebralaren endekapenak eta zuntzezko eraztunean zehar gune mamitsua guztiz edo zati bat irteteak eragindako lesio garrantzitsua da. Endekapen prozesua luzea da. Nerabezaroan hasi eta 40 eta 50 urteak bitartean jotzen du goia, diskoko herniak maizenik agertzen diren adinean, hain zuzen. Kausa endekatzaileak edo traumatikoak direla medio eta jarrerazko gainkargak edo zamak erabiltzeagatik, zuntzezko eraztunak urratuak izaten ditu, ahulduz doa eta gune mamitsuak, presio handiagoaren pean, ahuldutako alderantz ihes egiten du eta hasieran disko-protusioa gertatzen da: guneak eraztunari bultza egiten dio, baina bertatik irten gabe.
Hurrengo estadioa disko hernia da: eraztuna hautsi egiten da eta fisuratik gune mamitsua ateratzen da; ateratzen den norabidearen arabera, bizkarrezur-muina, hartatik ateratzen diren nerbio-sustraiak edo oso egitura minberak -atzeko orno-lotailu arrunta, kasu- konprima dezake.
Protusiorik eta diskoko herniarik gehienak bizkarrezur lunbarrean gertatzen dira, gutxiago zerbikalean eta dortsalean salbuespenezkoak dira.
Sintomak
Mina da garrantzitsuena, eta egitura minberen konprimaketagatik ez ezik gune mamitsuan dauden substantzia aktibatzaileen eraginagatik ere gertatzen da. Substantzia horiek min bizia eragiten dute, erasandakoak bizkarrezurretik gertu kokatzen duena. Hernia handia izan eta nerbio-sustrai bat konprimatzen badu, zerbikalen kasuan sorbaldan eta besoan zehar zabaldutako mina gertatuko da, eta lunbarren kasuan beheko gorputz-adarretan zehar (ziatika). Mina lekutzeak eta hura zabaltzeko moduak medikuari seinalatzen diote herniazioa zein mailatan dagoen. Eztularekin, doministikuekin eta sabel-presioa emendatzean minak okerrera egiten du.
Protusio edo hernia guztiek ez dute minik ematen: %30 eta %50 bitarteko portzentazian pertsona osasuntsuek, sintomarik gabekoek, badute protusio edo hernia bat edo gehiago, baina ez diete eragozpenik bat ere eragiten. Baldin hernia txikia bada, zuntz-biltzea gertatzen den tokia nerbio-zuntzetan pobrea bada edo ez bada inongo nerbio-sustrairik konprimatzen, baliteke inoiz minik eman ez eta oharkabe igarotzea. Maiz ezustean idorotzen dira. Minaz gain, gorputz-adarraren indar galera eta inurridura- eta erremin-sentsazioak ager daitezke. Horiek nerbio-sustrai konprometituek inerbatutako inguruei erasaten diete. Eskuarki, hernia zerbikaletan lepo-aldean kontraktura muskularra ere sortzen da, edo gerrialdekoa hernia lunbarretan.
Diagnostikoa eta tratamendua
Diagnostikoa ez da zaila: sintomatologia susmagarria dagoenean, probarik egokiena erresonantzia magnetiko nuklearra da, protusio edo hernia ikustea ahalbidetzen baitu eta, gainera, nerbio-sustraien konpromiso-mailaren zantzu bat ematen baitu. Haren eragin maila argi ez dagoenean elektromioneurografiara jo daiteke, nerbio-eroapena zuzena den, motelduta edo ezabatuta dagoen esaten baitu. Diskoko herniaren tratamendua funtsean kontserbatzailea da. Kasuen %80 kirurgiarik gabe konpontzen dira.
Analgesikoak, antiinflamatorioak, muskulu-lasaigarriak eta errehabilitazioa dituen tratamendu bat nahikoa izan ohi da zenbait astetan koadro klinikoak atzera egin dezan. Herniatutako gunea idortuz doa, ura galtzeagatik, eta gero eta txikiago eginez doa; beraz, alboko egiturak konprimatzeari utziko dio.
Noiz egin behar da ebakuntza?
Disko hernien %5ek baino ez dute tratamendu kirurgikoa behar. Hura, bizkarrezurreko mina, edo beste ingurutara zabaldutakoa, oso zorrotza denean gomendatzen da, baita gaitz motorea dagoenean (indar galtzea eta are maila handiago edo txikiagoko paralisia), baina sintoma horiek tratamendua aplikatuta hobera egin gabe hilabete batez jarraitzen dutenean edo, medikazioa gorabehera, okerrera egiten dutenean bakarrik. Ebakuntza gomendatzen da, halaber, premiazko kasu honetan: esfinterren kontrola galtzen denean edo perineoaren inguruko sentikortasunaren murrizketa, zelako anestesia delakoa, gertatzen bada; sintoma horiek bizkarrezur-muinaren konpromiso larria seinalatzen baitute.
Kirurgiak oso emaitza onak eskaintzen ditu, baina ebakuntza egiteko agindua zuzena ez bada, emaitza ez da espero izatekoa zena; horrek azaltzen du gaitz nerbioso argia ez zuten operatuen %50rengan huts egin izana.
Ebakuntzak baditu zenbait arrisku
Hernia baliabide fisiko edo kimikoz erauzi edo deuseztatzen da, hartara nerbio-konprimaketak ere ezabatuko dira. Ebakuntzaren arriskuak, ezohikoak, honakoak izan daitezke:
- lesioa edo nerbio-sustrai baten gaitza, dagokion sentimen- edo motore-arazoa dakarrela.
- operatutako bizkarrezurreko segmentuaren ezegonkortasuna
- Bizkarrezurraren mugikortasunaren murrizpena
- zauri kirurgikoaren infekzioa
- hemorragia
- operatutako eskualdeko fibrosia, koadro mingarri iraunkorra eragin dezakeena
- aldaketa alergikoak, prozedura kimikoak erabiliz gero; esate baterako, kimionukleosia kimopapainarekin, gaur egun, aurretik jakin ezin daitezkeen emaitzak eta ohiko bigarren efektuak direla eta, erabiltzen ez dena
Saihets liteke disko-endekapena eta herniak agertzea?
Egia da osagai genetiko nabarmen bat dagoela eta diskoko herniako historia familiarra badago, hura sufritzeko arrisku handiagoa dago, baina honetara har dakioke aurrea:
- ariketa fisikoa bizkarrezurreko muskulatura indartzeko eta haren malgutasuna mantentzeko.
- hidratazio egokia
- jarrerazko higienea, traumatismoak eta gainkargak saihestuta
- bizitza osasungarria, tabakorik gabe; izan ere, tabakoak eragiten duen basokonstrikzioak diskoetarako odol emaria, berez urria, murrizten du, eta horretara errazagoa da haien deshidratazioa
- gau-atseden hobezina
DISKO-ENDEKAPENAREN ESTADIOAK
ESTADIOA | ADINA | DISKOA | SINTOMATOLOGIA ZERBIKAL-LUNBARRA | |
---|---|---|---|---|
1.a | 10-20 urte | Gunearen migrazioa | Tortikolia | Bizkarrezur lunbarraren zurruntasuna |
2.a | 30 urte | Protusioa | Sindrome zerbikal lokala | Lunbago zorrotza |
3.a | 40 urte | Prolapsoa, Hernia | Sindrome erradikular zorrotza | Ziatika |
4.a | 50 urte | Diskoaren lodieraren gutxiagotzea | Sindrome zerbikal kronikoa | Sindrome lunbar kronikoa |
5.a | 60 – 70 urte | Hezur-erreakzioak ornoetan | Sindrome erradikular kronikoa | Bizkarrezurreko kanalaren estenosi-sindromea |
80 urte | Zuntz-ankilosia |