Ludopatia

Joko mendekotasuna gaixotasuna da

1 urtarrila de 2004
Img psicologia listado 160

Joko mendekotasuna gaixotasuna da

Kalkuluen arabera Espainian 500.000 pertsonak baino gehiagok arazoak dituzte jokoa dela eta, eta ia 800.000k ludopaten sintoma berezietakoren bat erakusten dute. Gai honen abiapuntua da joko patologikoa, bizioaren itxura izan dezakeen arren, gaixotasuna dela. Izan ere jokoa, oro har gauza normala eta atsegina bada ere, mendekotasun bilakatzen denean gaixotasun bihurtzen da. Pertsona askok den-dena galdu dute jokoarekin duten mendekotasuna dela eta, dirua, familia, lana, harremanak… Gaixo horientzat jokoa obsesioa da, bulkaden deskontroltzat har daitekeena, lapurtzeko bulkadarekin (kleptomania) edo gauzak erretzeko bulkadarekin (piromania) gertatzen denaren antzekoa.
Ludopata batzuek jokatze hutsean aurkitzen dute plazera, beste batzuek jokoan dirua irabazteari begiratzen diote, eta beste batzuek azar trukuetan adituak direla diote, eta adibidez, makina” bero” eta sari handiak emateko moduan dagoela atzemateko gauza direla.
Guztiok dakigu azar jokoak esaten bazaie jokoaren emaitzak sistematikoki kontrolatzeko modurik ez dagoelako esaten zaiela, eta, ondorioz, pertsonaren trebetasunak ez duela zerikusirik bingo noiz kantatuko den jakiteko, erruleta halako zenbakitan geldituko dela esateko edo loteriako saria halako herritan egokituko dela asmatzeko.
Horrezaz gainera, ludopata batzuek aitzakia jartzen dute jokoak eguneroko tentsioak arintzen dizkietela, distraitu egiten dituela, edo etorkizunean arazo ekonomikorik ez izateko esperantza ematen diela.

Lehendabizi arazoa aitortu behar da

Kasurik gehienetan denboran luzatu diren egoerak izan ohi dira, jokalari patologikoak ia inoiz ez duelako horrelakorik onartzen. Gezurra esateko joera izan ohi du, baita hurkoei ere, jokoaren zorrak kitatzeko eta berriro ere jokatu ahal izateko zor gehiago egiten ditu, eta dena berehala konponduko dela esan ohi du, “bolada ona” iritsi bezain azkar.
Arazoa minimizatzen dute (beste mendeko batzuek egiten duten bezala, esate baterako, alkoholikoek), “honi nahi dudanean utziko diot” esanez. Sarritan, ludopatia beste mendekotasun batzuei lotuta agertu ohi da: alkohola, tabakoa, medikamentuak, drogak…

Modu patologikoan jokatzen duen pertsonaren ezaugarri klasikoak dira pertsona apetatsua izatea, antsietate arazoak dituena, gizartean egokitzeko arazoak dituena eta frustrazioaren aurrean tolerantzia eskasa. Jokatzeko moduei dagokienez, bingo, loteria eta kasinoekin batera, makina txanponjaleek arreta berezia merezi dute, asko ugaldu direlako eta biztanle guztietatik oso-oso gertu daudelako.

Txanponjaleen erakargarritasuna ez da soilik txanponek erortzean ateratzen duen soinua maiz entzuten dela, nahiz eta kopuru txikian bada ere, izan ere, denbora guztian musika ateratzen dute, hitz goxoak, eta jokalari posiblea kitzikatzen eta erakartzen duten koloreak eta mugimenduak erakusten dituzte. Makinen programak diseinatu dituztenak badakite giza jokabidearen mekanismoak zein diren. Hainbeste indartzen dute jokabide hori, barne ahultasunen bat dutenak oso erraz eta azkar joaten dira eta joko horren edo beste baten mendeko izateko arriskuan daude. Makina txanponjaleek jasotako diruaren ehuneko jakin bat itzultzen diote jokalariari. Baina jakin dezagun etengabe jokatzen baldin badugu, erremediorik gabe, beti-beti galtzen dela. Jokalariaren arreta eta tentsioa mantentzen dute, noizean behin sari txikiak emanez. Palankei edo botoiei eragiten dielako jokalariak nolabait makina kontrolatzen duelako irudipena duenez, lor daitezkeen sarien emaitza kontrolatzeko aukera ere baduela sinestarazten zaio.

Jokoaren mendekotasuna dagoela erakusten duten adierazleak

Zer egin ludopatiaren aurrean

  • Jokalari patologikoen familiek hainbat lekutan sartzea debekatzeko eska dezakete, hala nola bingoetan edo kasinoetan.
  • Joko patologikoa dagoelako aztarna arrazoituak baldin badaude, profesional espezializatuengana edo ludopatentzako autolaguntzako elkarteetara jo daiteke.
  • Eskuarki, ludopata batek ezin dio laguntzarik gabe jokatzeari utzi, ezta borondate handia duenean ere.
  • Ez da normala ludopatiak kausa edo egoera bakar bat izatea. Psikologiako espezialistaren laguntza behar da, desohitzeko prozesua diseinatzeko. Oro har ludopatak nortasun heldugabea izaten du, beldurrak egoten da, eta gutxiago delako sentimendua eta erantzukizun falta izaten du.
  • Ludopataren ezaugarrietako bat bulkaden arabera funtzionatzea denez, prozesua bideratzeko eginbeharra nortasuna berregituratzea izango da, egoera zailei aurre egiteko, frustrazioa jasateko eta bere buruari mugak jartzen ikasteko aukera izan dezan.
  • Gainera, etxeko eta gizarteko giroan ere esku hartu behar da, beste edozein mendekotasunen aurrean bezala.
  • Familiak ulertu egin behar du gaixotasuna dela, eta desohitzeko prozesuan pazienteari lagundu eta bere erantzukizunari heldu behar dio.
  • Eta prebentzioa. Garrantzitsua da gure seme-alabek behin eta berriro ez entzutea loteriak edo edozein jokok gure bizitza konponduko duela. Txikitatik ikasi behar dute azar jokoekin azkenean beti galdu egiten dela.
Amerikako Psikiatriako Elkarteak 1995ean adierazi zuenez, egoera hauetatik gutxienez bost elkartzen direnean jokoa patologikoa da:
  • Kezka jokoarengatik (adibidez, jokatzeko dirua lortzeko moduak asmatzea).
  • Gero eta diru kopuru handiagoak jokatzeko beharra, nahi den kitzikatze maila lortzeko.
  • Jokoa kontrolatzeko, eteteko edo gelditzeko ahaleginek behin eta berriz porrot egitea.
  • Jokoa eten nahi denean ezinegona edo haserrea.
  • Jokoa arazoei ihes egiteko estrategia moduan erabiltzen da.
  • Jokoan dirua galdu eta gero, hori berreskuratzeko berriro jokatzea.
  • Etxeko kideak, terapeutak edo beste pertsona batzuk engainatzea, jokoarekin dagoen inplikazio maila ezkutatzeko.
  • Jokoa finantzatzeko legez kanpoko ekintzak egiten dira, hala nola faltsifikazioak, iruzurrak, lapurretak eta konfiantza gehiegikeriak.
  • Jokoaren ondorioz pertsonen arteko harreman garrantzitsuak, lana edo aukera profesionalak arriskuan jarri edo galdu egin dira.
  • Jokoaren ondorioz sortutako egoera finantzarioa arintzeko gainerakoek dirua emango dutelako konfiantza dago.