Etxebizitza isolatu

Etxe bakoitzerako konponbiderik onena hautatu behar da

Etxean berrikuntzak egiteko asmoa baduzu, baliatu hormak eta sabaiak isolatzeko aukera
1 urtarrila de 2004
Img eco domestica listado

Etxe bakoitzerako konponbiderik onena hautatu behar da

Energia aurreztea eta aire korronteei, hormetako hezetasunari edo metaletako lizunari aurrea hartzea etxearen isolamendu egoki batez lortzen da neurri handi batean. Hormetan, sabaian eta zoruan zehar airea eta beroa sakabanatzen dira; beraz, adituen arabera, aipatutako puntu estrategiko horiek sendotzea da neguan beroa etxe barruan atxikitzeko eta udan hotza kanpoan mantentzeko modurik onena. Hartarako, merkatuan badira material isolatzaile ugari, eta haien eskaintza asko eboluzionatu da azken hogei urte honetan, amiantotik beste batzuetara igarota; beste horiek askoz ekologikoagoak dira, propietate hobeak dituzte eta etxebizitza suteetatik babestu eta poluzio akustikotik isolatzen dute. Azken urteotan isolatzaileek izan duten iraultzari esker edozeinek bere etxean, kontratista batengana jo behar izan gabe, nahi dituen tokiak blokea ditzake, kontratistaren aholkuak jasotzea betiere onuragarria bada ere.

Hormak

Material isolatzaileak hautatu baino lehen kontuan izan behar dira etxea dagoen inguruko tenperatura nagusia, haren tamaina eta hozketa, berotzeko eta hezatzeko erabiltzen diren egokitze-ekipoak, isolatzaile desegokia hautatuz gero, kalteturik gerta litezke eta.

Moduak eta materialak:

  • Iztuku sintetikoa. Horma bat da, zenbait geruza dituena; geruzen artean ohol isolatzaile bat du beira-zuntzezko ehun metaliko batek eta ura jasaten duen substantzia akriliko batek sendotua. Sistemarik berrienetako eta erabilienetakoa da, etxe barruan erabilitako isolatzailearekin moldarazten erraza eta aire sartzea murrizten eraginkorra delako.
  • Adreilu hutsak. Profesional askoren ustez, etxea isolatzeko sistemarik onena dira. Aire beroak nahiz hotzak horma sendo eta astunak zeharkatzeko denbora gehiago beharko duela bermatzen du material honek. Haren zuloak direla medio isolamendua lortzen da eta etxebizitza udan berotik babestu eta neguan hura barruan atxikitzeko gainazal gomendagarria da.
  • Hormigoia. Haren propietate nagusiak beroaren kontzentrazioa eta haren absortzioa dira, ondoren etxe barruan askatzeko. Hartara, material horrekin egindako etxebizitzek perlita, polietileno hedatua eta antzeko isolatzaileak behar dituzte.
  • Olana plastikoa. Hormak hezetasunetik babesteko gomendagarria. Profesional batek instalatu behar du, barruan horma eraikitzeko erabili zen materiala sartu behar da eta.
  • Isurpen-isolamendua.. Horma bukatuetarako aukerarik onenetakoa da, haren erabilera erraza dela-eta. Likido hori ekipo pneumatiko batez putz eginez edo sabaiko habeen arteko tarteetan isuriz instala daiteke. Komenigarria da isolamendua beroa sortzen duten aireztapenetara (argi halogenoetara, kasu) iristea saihestea; beraz, isurkia haietara ez ailegatzeko babestu egin behar dira.

Sabaiak

Etxeko energia galtzeari buruzko ikerketek seinalatzen dutenez, sabaiaren isolamenduak beroketako gastuen %35 murritz litzake. Etxearen atal horretatik beroak ihes egiten ez duelako ziurtasuna izateko, xede horretarako egokia den materialen batez isolatu behar da; material horren lodierak bitik gora hazbete izan behar du. Modu ezberdinetara egin daiteke:

  • Xafla edo erroilutan. Zuntz mineralez osatutakoak izan daitezke, esate baterako harrizko artilez edo beira-zuntzez. Biek isolamendu termikoa, akustikoa eta suaren kontrako babesa lortzea bermatzen dute produktu bakar batez. Artile horiek oso egitura arina osatzen dute eta EBean gehien erabiltzen den isolatzailea dira, eskaintzen duten babes-maila handia dela eta, hala nola ekoizpen prozesuaren bidez eraldatutako produktu naturalak direlako.
  • Pintura bereziak. Eguzkiaren argia errefraktatzen duten pinturak aukeratu behar dira. Pintura horien osagaiek beroa beste puntu baterantz desbideratzen dute. Batez ere inguru beroetarako dira gomendagarriak.
  • Soropilezko sabaiak. Ez da oso konponbide ohikoa sabai lauen gainean sabaia fresko mantentzen duten soropila edo plantxak instalatzea. Hartarako lehenik hezetasunaren kontrako isolatzaile on bat behar da. Toki beroetarako gomendagarria.

Zoruak

Etxeko parte honetatik, sabaitik bezala, ihes egiten dute errazkien beroak eta hotzak, etxebizitza gehienek zoru azpian isolamendurik ez badute ere. Sistema bat hautatu baino lehen, balora ezazu egokiena zeure etxearen diseinuaren arabera. Hona zenbait aukera:

  • Isolamendu islatzailea. Isolamendu modu honen instalazioa isolamendua laminatan edo erroilutan jartzearen antzekoa da. Haietako zenbait geruza lautan saltzen dira eta akordeoi itxuran irekitzen dira, gainazalen artean behar diren aire-guneak osatzeko. Aluminiozko paperez eginda badago, kable elektrikoekiko kontaktua saihestu egin behar da, aluminio islatzailea elektrizitate-eroalea baita.
  • Beira-zuntzezko orri malguak. Garajeen gainean edo zimendu garaietan dauden gainazaletarako gomendagarriak. Erabilerraza da inguru irregularretan eta akaberarik gabeko zoruetan.
Zeure eskura

Inongo teknikoren laguntzarik gabe eta erabili beharreko materialari eta honen erabilerarik egokienari buruzko zenbait aholkurekin, aire- eta bero-ihes aukera gehien dituzten etxeko atalak isola ditzakezu:

  • Begira itzazu leihoetako zerrenda itsasgarriak, iraungitze-data dute eta. Aldatzeko nahikoa da zaharrak ur beroarekin altxatu eta ingurua garbitzea berriak jarri baino lehen.
  • Beira bikoitzak jartzea hotzaren kontrako isolatzailerik onena eta kanpoko beroaren kontra ere babesten gaitu.
  • Material isolatzailezko zintak, oso ekonomikoak ez ezik gomendagarriak ere badira ateak eta leihoak doitzeko. Iraunkorrenak binilozkoak eta silikonazkoak dira.
  • Ateen itxiera hobetzeko, junturak erabiltzea komeni da.
  • Alfonbrek zorutiko beroa galtzea gutxitzen dute, berokuntzaren instalazioa bertatik badoa ere.
  • Erabil itzazu isolatzaileak zokaloen atzean, horma eta zorua elkartzen diren tokian, hala nola ateetako markoen eta hormen junturetan.