Kanpin-dendak

Kalitate eskasekoak, hutsune eta akats ugari dituzte eta

Bi-lau lagunentzako sei kanpin-denda aztertu dira oraingoan, merkeenak 9.000 eta garestienak ia 25.000 pezetako prezioa dutenak
1 ekaina de 2001

Kalitate eskasekoak, hutsune eta akats ugari dituzte eta

Bi-lau lagunentzako sei kanpin-denda aztertu dira oraingoan, merkeenak 9.000 eta garestienak ia 25.000 pezetako prezioa dutenak. Produktu honek dituen prestazio eta ezaugarri nagusiak berariazko proben bidez balioztatu ziren, hainbat faktore kontutan izanda: erabiltzeko irizpideak, etiketei dagokien indarreko legeria eta kanpin-denda hobetsiei eskatu beharreko ezaugarriak (nahiz eta betebeharrekoak ez izan; horietako bat, segurantziari dagokiona, esate baterako) finka ditzakeen erreferentziazko arautegia, baita atal horiek neurtu eta egiaztatzeko egin beharko liratekeen probak ere.

Egiari zor, emaitzak benetan etsigarriak izan dira: ez dago dendarik kalitate orokor onekotzat har daitekeenik, ezta onartzeko modukorik ere. Zergatia soil-soila da: funtsezko alderdietan den-denek dituzte akatsak. Emaitza guztien balioztapena egin ondoren, bi kalitate-multzo agertu dira: “erdipurdikoen” multzoan bost denda daude: Tende eta Explorer DT-180 (denetan garestiena eta merkeena, hurrenez hurren), Nevada, Hibou (biak ere, 15.000 pezeta inguru kostatzen direnak) eta Annapurna (22.000 pezetako prezioa, kasik). Beste multzo edo atalean Aran-4 (bigarren merkeena, kasik 10.000 pezeta kostatzen baita) bakarrik agertzen da, kalifikazioa “txarra” edo “gaizki” izanik. Ikus dezakegunez, produktuaren kalitateak eta prezioak ez dute harreman hertsiegirik.

Sei kanpin-denda hauen ahulgune nagusiak: kontsumitzaileari ematen zaion informazio eskasa (bakar batek ere ez du aprobatu CONSUMERek ezarritako azterketa, batetik, eta laginen akatsak ugari dira, bestetik: erakutsi beharreko daturen bat agertu ez, garantiarik izan ez eta erabiltzeko argibideak osatu gaberik agertzea edo batere ez agertzea, nagusiki) eta segurantziarik eza: Explorer DT-180 laginak bakar-bakarrik betetzen ditu produktu honi aplikatzen zaizkion segurtasun-alorreko arau guztiak; egiari zor, arautegi hori zorrotza da eta, gainera, ez da nahitaez bete beharrekoa.

Hona dendek agertzen dituzten beste akats garrantzitsu bezain ohikoak (azterturiko laginen erdiek kalifikazio negatiboa eraman zuten): dendaren barnealdeko bizigarritasun eskasa, kubetak (hau da, lurzoruarekin kontaktuan dagoen dendaren osagai edo zatia) urraduraren aurka agertzen duen erresistentzia ahula, dendaren sabai bikoitzak daukan zulatzearen kontrako erresistentzia pattala, eta tentsio gehien nozitzen duen alderdi baten ahulezia (zorua eta sabaia lotzen dituen tirantearen ondokoa, hain zuzen).

Azterketa konparatibo honetan ez dugu kalitate eta prezioaren arteko erlazio egoki edo hoberenik aukeratu. Explorer DT-180 (denetan merkeena: 9.000 pezeta baino ez) izan litekeen arren, euria pairatzen ez duen eta berme-agiririk ez daukan denda bati ezin zaio horrelako kalifikaziorik eman. Beste aukera Tende litzateke, baina daukan prezio handiegia (garestiena da denetan: 25.000 pezeta, kasik) ez dagokio inondik ere dendari atzeman zaizkion gabezia larriak kontuan izanik: urraketaren aurkako behar bezainbesteko erresistentziarik ez du kubetak (akats kritikoa), hainbat akats segurtasun-alorrean, etiketa akastuna eta denda muntatu eta desmuntatzeko erraztasun eskasa. Lagin hauek biak dira seietan hoberenak baina, halaz ere, bakar batek ez ditu gainditu proba guztiak eta, horrenbestez, “erdipurdi” epela baizik ez dute irabazi batak zein besteak. Zaletasun pertsonalak, denda nola erabili behar duen, denda bakoitzaren ezaugarri bereizgarriak eta hiritar askoren aisialdiarekin biziki loturik dagoen produktu hau erosteko patrikatik zenbat diru ateratzeko prest dagoen kontuan izazanda aukeratuko du erabiltzaileak denen artetik.

Xehetasunetan murgilduz

Explorer DT, Nevada eta Annapurna laginek bakar-bakarrik eskaintzen dute derrigorrez eman beharreko informazioa bere etiketan; hobeki Explorer DT markako laginak, balizko sutearen aurrean nolako neurriak hartu behar diren adierazten duelako dendaren barnealdean. Bestetik, Nevada eta Tende laginek bakarrik daukate garantia-agiria zuzen. Seietako hiru laginek ez dute bermerik ematen eta bakar batek (Hibou) eskaintzen badu ere, ez dago zuzen. Erabiltzeko eta mantentzeko argibideei dagokienez, Nevada, Annapurna eta Tende asetzeko modukotzat har daitezke. Gainerakoen hutsune edo akatsa, informazio baliagarririk ez izatea da.

Segurtasunean, Explorer DT-180 laginak soilik betetzen du indarreko arautegia; gogoan izan dezagun arautegi horren izaera oraingoz behintzat orientatzailea dela, ez betebeharrekoa. Nevada, Tende, Aran-4 eta Annapurna laginetan ez dira agertzen sute kasuan kontuan hartu beharreko ohartarazpenak. Bestetik, ekaitza gertatzekotan ainguraketen funtsezko erresistentzian (Nevada, Tende, Hibou laginetan) eta kremaileren bereizgarrietan (Annapurna) ere gabeziak atzeman ziren. Segurtasun-proba guztiak amaitutakoan hauxe ondorioztatu zen: kanpin-denda seguruena Explorer DT-180 da, ondotik Aran-4 datorkiola. Segurtasun urrikoenak, aldiz, Nevada eta Tende.

Beste alde batetik, Tende laginak lokarri gehien (5) edukitzeak, haizeak jotzen duenean sabai bikoitza hobeki finkatzeko (eta babesteko) laguntzen du. Gainontzekoek hiruzpalauna lokarri zeuzkaten. Hibou eta Annapurna markako laginek kubeta lurzoruan finkatzeko aingura metalikoak (sendoagoak) dituzte eta gainerako lauretan, berriz, plastikozkoak dira.

Erosotasuna, funtsezkoa

Bukaeren kalitateagatik Nevada nabarmentzen da eta, gainera, bera da arinena (3 kilo) eta muntatzen eta desmuntatzen errazena. Beste muturrean, astunena Tende da (4,5 kilo); lagin horixe da, era berean, erabili ondoren biltzeko errazena. Bizigarritasuna, azkenik, ez zen asebetetzeko modukoa gertatu Nevada (altuera libre nahikoa ez zelako), Annapurna eta Aran-4 (adierazitako edukiera baino txikiagoa baitzuen dendak, errealitatean) laginetan.

Erabiltzeko egokitasun eta ergonomia (poltsiko-kopurua, linterna finkatzeko euskailua, dendarako sarrera-kopurua, egurasteko alderdiak, ordezko piezak, erosotasun orokorra, argitasuna, etab.) nabarmenki urriagoa zuen Aran-4 laginak gainerakoek baino. Erabiltzeko egokitasun eta ergonomiaren ikuspegitik hoberenak (baina osoko kalifikazioa “onartzeko modukoa” bakarrik) Tende, Explorer DT-180 eta Annapurna izan ziren. Beste biek “erdipurdi” nota aski izan zuten erabiltzaileari kanpin-dendek eskaintzen dioten erosotasunarekin hertsiki loturiko funtsezko alor honetan.

Hezetasunaren eta euriaren aurreko erantzuna

Produktu honen eginkizun behinena, erabiltzailea atari zabaleko meteoroetatik babestea delarik ere, iragazgaiztasunari dagokionez, Aran-4 lagineko kubetaren estankotasuna gainontzeko dendena baino askoz ere ahulagoa izan zen. Proba hau egiteko, kubeta eta dendaren gainerakoa lotzen duten josturen gainean, ainguretan hain zuzen, ur-bolumen jakin bat ezarri zen. Azpimarratzeko jokamoldea izan zuten Tende (denetan hoberena), Nevada, Explorer DT-180 eta Hibou laginek; hala eta guztiz, Annapurna markakoak ere kubetaren estankotasuna onartzeko modukoa duela erakutsi zuen.

Irazgaiztasuneko azterketaren bigarren proban euriaren aurreko erresistentzia neurtu zen, denda bakoitzaren sabai bikoitzeko josketak bi orduz euri-uztaipean eduki ondoren. Proba bukatutakoan urak dendako sabai bikoitza zeharkatu baldin badu, lagin horrek porrot egin duela ulertzen da. Akats larri hori Explorer DT-180 laginak bakarrik erakutsi zuen. Gainontzeko bost kanpin-dendek erreakzio egokia izan zuten euri zaparrada haren pean. Iragazgaitzenak, oro har, Tende eta Nevada badira ere, Hibou eta Annapurna laginek ere asetzeko moduko kalitatea erakutsi zuten.

PROBAK NOLA EGIN ZIREN

Atsedenaldi- eta kirol-giroko produktua da kanpin-denda eta, bete behar duen eginkizuna erabiltzaileari, denbora-tarte batez, bertan bizitzeko aukera eskaini eta aire zabaleko meteoroetatik babesa ematea denez, segurtasun, erresistentzia, erosotasun, informazio eta beste alor zenbaitetako baldintzak bete behar ditu.

CONSUMERek eginiko azterketan era askotako probak egin ziren, produktu honen ezaugarri eta prestazio nabarmenak balioztatzeko, etiketei dagokien (eta derrigorrez betetzekoa den) legeria orokorra, batetik eta, fabrikatzaileek nahitaez bete behar ez duten arren, kanpin-dendek izan beharko lituzketen bereizgarri eta prestazioak zehazten dituen erreferentziazko arautegia kontuan izanik, proba horiek neurtuko dituzten parametroak baztertzeke.

Etiketak

Etiketak nahitaez agertu beharreko informazioa eskaini behar du (osakera, erabileraren funtsezko ezaugarriak, instalazioa, mantentzeko neurriak, arriskuak, fabrikatzaile edo inportatzailearen datuak), espainolez eta era ikusgarrian. Derrigor bete beharrekoa ez den arren, badirudi komeni dela dendak barrualdean sutea saihesteko neurriak etiketa batean jaso eta agertzea, sukalde eta kalefakzio-aparatuen arriskuen, suteak prebenitzeko arauen, haurrekin hartu beharreko neurrien eta antzekoen berri emanez. Beste ikuspegi batetik, aisialdi eta kirolerako produktuak iraunkortzat hartzen ditu legeriak: beraz, kanpin-dendek ere legeriak eskatzen duen araberako garantia eduki beharko lukete. Bukatzeko, ongi legoke denda hauek erabiltzeko eta mantentzea egiteko argibideak ere eranstea eta, horrekin batera, denda antolatzeko tokien egokitasuna nola aukeratu, denda nola muntatu, nola bildu eta gorde, nola konpondu, etab, etab.

Erabiltzeko erraztasuna

Hasteko, dendaren pisua (zenbat eta arinago, orduan eta egokiago) eta garraiatzeko poltsen tamaina baloratu dira (txikiegia baldin bada, denda biltzea eginkizun zail eta konplexua bihurtu eta beste norbaiten laguntza ere ezinbestekoa izan liteke) . Era berean, denda bakoitza muntatu eta desmuntatzeko zailtasunak neurtu zituzten jarduera horretako bost adituk. Bukatzeko, bizigarritasuna neurtu zuten: altuera librea (arautegiak gutxieneko bat ezartzen du) eta, azkenik. adierazitako edukiera (hau da, barrualdean eroso sartzen diren lagunen kopurua) eta egiazkoa bera ote zen egiaztatu zuten.

Erabiltzeko egokitasuna eta ergonomia

Denda bakoitzak zituen poltsikoen kopurua, linterna finkatzeko euskailua ote zeukan, dendarako sarrera-kopurua (bakarra ala bi), denda benetan egurasteko alderdiak, elurretatik babesteko hegalak ote zeuzkan, ordezko piezak eta antzekoak egiaztatu ziren. Horiekin batera, erabiltzaileei dendak eskaintzen dien erosotasun orokorra, argitasuna, etab. baloratu ziren.

Iragazgaiztasuna

Bi alderdi hartu ziren kontuan alor honetan: kubetaren (hau da, lurra noiznahi ukitzen duen alderdia) estankotasuna eta euriaren aurkako erresistentzia.

Proba hau egiteko, kubeta eta dendaren gainerakoa lotzen duten josturen gainean, ainguraketetan hain zuzen, ur-bolumen jakin bat ezarri zen. Denbora-tarte baten ondoren, galdutako ur-bolumena neurtu eta horrela kalkulatu zen iragazketa-abiadura. Azpimarratzeko moduko jokamoldea izan zuen Tende laginak (denetan hoberena: 0,04 litro orduko), eta onak izan ziren Nevada (0,3 litro orduko), Explorer DT-180 (0,34 litro orduko) eta Hibou (0,36 litro orduko) laginenak: Annapurna markakoak ere kubetaren estankotasuna onartzeko modukoa (0,76 litro orduko) zela erakutsi zuen. Aran-4 (2,17 litro orduko) laginarenak, aldiz, kaskarrak izan ziren.

Parametro kritikoa da euriaren aurkako erresistentzia. Iragazgaiztasuneko bigarren proban neurtu zen, denda bakoitzaren sabai bikoitzeko josketak bi orduz eta presio jakin batez euri-uztaipean eduki ondoren, hau da, oso klimatologia kaskarraren pareko baldintzetan. Proba bukatutakoan urak dendako sabai bikoitza zeharkatu baldin badu, lagin horrek porrot egin duela ulertzen da. Akats larri hori Explorer DT-180 laginak bakarrik erakutsi zuen. Gainontzeko bost kanpin-dendek erreakzio egokia izan zuten euri zaparrada haren pean.

Urraketaren aurreko erresistentzia

Kubetan, oihalak urraketaren aurka duen erresistentzia erabateko baldintza da: lurra noiznahi ukitzen duenez, horrela puskatzeko aukera gehien dituena da. Erresistentzia hori, baldintza jakinetan urraketa egiteko beharrezkoa den indarra (newtonetan neurtzen da) zehaztuz kalkulatu dute delako erresistentzia hori.

Sendoenean (Hibou), urraketa egiteko 87 newtonen indarra eragin behar izan zen eta, zerrendaren beste muturrean, Nevada, Annapurna eta Tende laginetan urradura 10-11 newtonekin gertatu zen.

Zulaketaren aurreko erresistentzia

Kanpin-dendak berezkoa duen funtsezko beste ezaugarri bat, osagaiek zulaketaren aurrean agertu behar duten erresistentzia da. Sabai bikoitza eta kubetako ehuna zulatzeko behar den indarra (newtonetan) zehazteko, 1,5 milimetroko diametroa duen orratzaz hornituriko dinamometroa baliatu da zulaketa-proban. Sabai bikoitzeko emaitza hoberena Annapurna (39 N) laginak agertu zuen; okerrena Explorer DT-180, Hibou eta Aran-4 (23 – 30 N) erakutsi zuten. Kubeta zulatzekoan, Explorer DT-180 izan zen erresistentziarik hobereneko denda (49 N) eta txarrenak, aldiz, (onartzeko modukoak badira ere) Nevada, Annapurna eta Tende (34 eta 35 N).

Alderdi tentsionatuen erresistentzia

Kanpin-dendaren josketa, lokarri eta lotuneak dira tentsio gehien nozitu behar izaten duten alderdiak; beraz, osagai horien erabateko desitxuratzea edo haustura gerta dadin eragin beharreko indarra (Newtonetan neurtua) ezagutzea funtsezkoa izaten da, beti ere indar horren aplikazio-abiaduraren baldintzak kontrolatuz. Osagai guztiek ez zuten erantzun bera eman, noski. Emaitzarik hoberenak Explorer DT-180 laginak erakutsi zituen: ebaluatutako lau osagaiek asetzeko moduko edo, gutxienez, erdi pareko erresistentzia denda bakar horretan agertu zuten. Jokaerarik kaskarrena Aran-4 laginak izan zuen: bai sabai bikoitzeko josketak, bai lokarri zein kubetaren kanpoaldeko tiranteak ere, oso emaitza txarrak agertu zituzten erresistentzia proban.

Zehar-trakzioaren aurrean kremailerek ezarritako erresistentzia

Barrualdeko kremaileraren eta kanpokoaren erresistentzia ebaluatzeko, kanpin-dendei aukeraz aplika dakiokeen arautegiak xedatua du nolako proba egin behar den, eta, era berean, emaitza asebetetzekotzat jo ahal izateko zein den gutxieneko balioa ere. Saiakera, dendako eta sabai bikoitzeko kremaileren 100 milimetroko luzeradun laginetan gauzatu zen. Era berean, abiadura-baldintza kontrolatuetan (50 mm. minutuko) kremailera irekitzea lortzeko, 25 milimetroko zabaleran zeharka nolako indarra (newtonetan neurturik) aplikatu beharra dagoen zehaztu da. Barnealdeko kremaileretan arautegiak (ez da nahitaez bete beharrekoa) xedatua duen gutxieneko erresistentzia 250 newtonekoa da eta kanpokoetan, berriz, 350 newtonekoa. CONSUMERek egin zituen probetan, kremailera guztiak asetzeko modukoak zirela egiaztatu zen, gutxieneko erresistentziak gainditurik. Erresistentzia sendoenekoak Explorer DT-180 izan ziren, ondotik Annapurna laginarenak zetozela.

Zirien erresistentzia

Arautegi horrek berak xedatua du dendaren egitura osatzen duten ziriei aplika dakiekeen proba, baldin eta altzairuzkoak badira, 20 mm-ko diametrodunak eta gaiaren lodiera 1 mm baino handiagoa izaki. CONSUMERek azterturiko kanpin-denden ziriak bestelako gaiez eginak dira eta lodiera txikiagokoak, baina laborategiko teknikariek arautegiaren irizpideak aldatu egin dituzte, kanpin-denda hauetara egokitzeko. Emaitzek erakusten duten modura, zirien erresistentzia nahikoa da, asebetetzekoa, lagin guztietan. Ikus dezagun, haatik, proba nola egin zen: ziri bakoitzaren bi tarte mihiztatu hartu, muturrak lotu eta mihiztatze-gunean, kilo bateko pisua minutu batez aplikatu zen, hasteko. Ondoren, gune horretan bertan 10 kiloko zama lau minutuz aplikatu zen. Karga hori kendutakoan, kilokoa aplikatu zen ostera eta orduan neurtu zen zirian geratu den desitxuratzea iraunkorra edo, bestela, hasierako gunearekin orain duen aldea. Zirien portaera asetzeko modukotzat jo zen baldin eta desitxuratze iraunkorra 3 mm-koa edo txikiagoa baldin bazen.

Nola egiaztatzen duen CONSUMERek kanpin-denda batek eskaintzen duen segurtasuna

Kanpin-dendei aplika dakiekeen arautegiak (ez da nahitaez bete beharrekoa) hainbat alderdiri dagozkion segurtasun-baldintzak ere xedatuak ditu: dendaren armazoi edo egiturari dagozkionak (goian aipaturiko zirien erresistentziaren kontzeptua bera), ekaitz-ainguraketen gutxieneko erresistentziari (350 newton) dagozkionak (goian aipatu bezala, sabai bikoitza eta lurra lotzen dituen tirantetik gertuko alderdian eragiten den erresistentziaren kontzeptu bera), kremailerei dagozkienak (oihalaren edo hortzen koloreaz bestelako korredizoak edo, horrelakorik ezean, tiragailu ikusgarria; denda barru zein kanpo aldetik irekitzea erraztuko duen tiragailu bikoitza, horietako batek gutxienez denda behetik gora ireki dezakeena) eta sutearen kontrako neurriez ohartaraztea.

Explorer DT-180 da segurtasun-arautegi osoa betetzen duen lagin bakarra. Nevada eta Tende laginek ekaitz-ainguraketen gutxieneko erresistentzian huts egin zuten eta, gainera, suaren kontrako neurririk ez zekarten. Hibou markakoak ekaitz-ainguraketetan huts egin zuen eta Aran-4 laginak, berriz, sutearen kontrako neurriei buruzko informaziorik ez zeukalako bakarrik egin zuen huts. Amaitzeko, Annapurna laginaren akatsa kremailerak dira (oihal eta hortzen koloreaz bestelako tiragailurik edo, bestela, tiragailu deigarri bat ez baitauka) eta suaren kontrako neurrien adierazpenik ez izatea.

Erresistentzia, ordea, ez da garrantzi txikienekoa

Erresistentzia (hainbat probaren bitartez egiaztatu zena) eta dendak behar bezala erabiliz izan dezakeen iraupena zuzenean daude lotuak: horregatik dauka alderdi horrek berebiziko garrantzia. Kubetak (hau da, lurra ukitzen duen zati edo osagaia) urraduraren aurrean agertzen zuen erresistentzia egiaztatzeko probetan Hibou eta Aran-4 nabarmendu ziren. Denetan okerrenak, aldiz, Annapurna, Tende eta Nevada izan ziren. Hiru lagin hauen erresistentzia (Newtonetan neurtzen da parametro hau) Hibou markakoa baino zortzi aldiz handiagoak dira. Explorer DT-180 laginak urratzearen aurka agertu zuen erresistentzia erdi mailakoa izan zen.

Zulaketaren aurkako erresistentzia, berriz, sabai bikoitzean eta kubetan neurtu zelarik, emaitzak asetzeko modukoak izan ziren, oro har. Denda erresistenteenak Annapurna, Nevada eta Tende dira. Bestetik, Aran-4 dugu sabai bikoitzean objektu ziztatzaileen egintza okerren nozitzen duen lagina; alderdi horretan bertan, Hibou eta Explorer DT-180 laginek ere huts egin zuten. Kubeta zulatzearen aurkako erresistentzia neurtzeko proban, zorionez, lagin guztiek aprobatu zuten.

Tentsio gehien nozitzen duten zati edo alderdien (sabai bikoitzeko josketa, lokarri inguruko alderdiak, kubetaren kanpoko tirantearen eta sabai bikoitzaren tirantearen gertuko oihalak) erresistentziari dagokionez, hoberena eta denean jokaera akats gabea agertu zuen bakarra Explorer DT-180 izan zen. Erresistentzian bigarrena Tende izan zen eta denetan okerrena, aldiz, Aran-4: lagin horrek lau probetatik hirutan huts egin zuen; ondotik Nevada zetorkion, bi probatan behar baino prestazio ahulagoak erakutsi zituelako. Amaitzeko, kremailera eta zirien erresistentzia asetzeko modukoa izan zuten lagin guztiek.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Bi-lau lagunentzako sei kanpin-denda aztertu ziren; hauen prezioak 9.000 eta 25.000 pezeta bitartean zebiltzan.
  • Segurtasuna, iragazgaiztasuna, erosotasuna, erabiltzeko erraztasuna, bizigarritasuna, erresistentzia, etiketa, garantia eta gainerakoak neurtzeko gainditu behar izan zituzten probetako emaitzak ikusirik, lagin bakar bat ere ez da ontzat jo behar; ezta onartzeko moduko kalitatekotzat ere. Seietatik bostek eraman zuten osoko kalifikazioa “erdipurdikoa” izan zen; seigarrenak, Aran-4 laginak, “txarra”.
  • Akatsik ugarienak hauek izan ziren: okerreko etiketatua, garantia-agiririk ez izatea, erabiltzeko erosotasun eta ergonomia eskasak, segurtasun-arautegia ez betetzea (aukerazkoa da, ez betebeharrekoa), (bakar batek betetzen du, izan ere: Explorer DT-180 laginak), eta dendako kubetak (hau da, lurra etengabe ukitzen duen alderdiak) urraduraren aurrean agertzen duen erresistentzia pattala.
  • Prezioak kalitatearekin ez du zerikusi handirik (ezta txikirik ere): denetan bi hoberenak Explorer DT-180 eta Tende izaki, bata merkeena da eta bestea, aldiz, garestiena. Nolanahi ere, dendarik txarrena (Aran-4) merkea da eta Annapurna (22.000 pezeta kasik kostatzen dena) ez da Hibou eta Nevada (hauek ez dira 15.000 pezetara iristen) baino hobea.
  • Azterketa honetan ez dago prezioaren eta kalitatearen arteko erlaziorik egokiena agertzen duen laginik, sari horren atzetik lihoazkeen bietako bat (Explorer DT-180) barnetik bustitzen da euria ari duenean eta besteak (Tende) gabezia gehiegi agertzen ditu, bere prezio biziaren aldean.
Marka eta modeloa TENDE EXPLORER DT-180 NEVADA
Fabrikatzailea Ferrino Fikam Sport Coleman
Prezioa (pezeta) 24.900 8.995 14.900
Informazioaren kontrola
Etiketa Akastuna1 Egokia Erdipurdikoa2
Bermea Egokia Ez dauka Egokia
Erabiltzeko eta mantentzeko argibideak Egokia Incompletes Egokia
Neurri eta ezaugarri fisikoak
Lokarri-kopurua 5 4 3
Lurrarekiko Ainguraketa Plastikoa Plastikoa Plastikoa
Bukaerak Ongi Ongi Oso ongi
Erabiltzeko erraztasuna
Pisua (kilo) 4,5 3,7 3,0
Biltzeko erraztasuna Oso handia Ertaina Handia
Muntatu eta desmuntatzeko erraztasuna Ertaina-Eskasa Handia Oso handia
Bizigarritasuna Egokia Egokia Desegokia
Erabiltzeko egokitasun eta ergonomia Onartzeko Onartzeko Erdipurdikoa
Iragazgaiztasuna
Kubetaren estankotasuna (L/h) Oso handia Handia Handia
Euriaren aurkako erresistentzia Egokia Eskasa Egokia
Zulaketaren aurkako erresistentzia
Sabai bikoitzarena Ertaina Eskasa Ertaina
Kubeta Ertaina Oso handia Ertaina
Alderdi tenkatuen erresistentzia
Sabai bikoitzaren josketa Ertaina Ertaina Handia
Lokarriak Oso handia Oso handia Handia
Kubetaren kanpoko tirantea Oso handia Oso handia Eskasa
Sabaitik lurrerako tirantea Eskasa Oso handia Oso eskasa
Kremaileraren erresistentzia Egokia Egokia Egokia
Zirien erresistentzia Egokia Egokia Egokia
Segurtasuna Desegokia Egokia Desegokia
Osoko balorazioa Erdipurdikoa Erdipurdikoa Erdipurdikoa
Marka eta modeloa HIBOU ANNAPURNA ARAN-4
Fabrikatzailea Campigaz Fikam Tek Hosa
Prezioa (pezeta) 14.995 21.900 9.995
Informazioaren kontrola
Etiketa Akastuna Erdipurdikoa Akastuna
Bermea Ikastuna Ez dauka Ez dauka
Erabiltzeko eta mantentzeko argibideak Incompletes Egokia Incompletes
Neurri eta ezaugarri fisikoak
Lokarri-kopurua 3 4 4
Lurrarekiko Ainguraketa Metalikoa Metalikoa Plastikoa
Bukaerak Ongi Ongi Ongi
Erabiltzeko erraztasuna
Pisua (kilo) 3,5 3,5 3,6
Biltzeko erraztasuna Eskasa Handia Handia
Muntatu eta desmuntatzeko erraztasuna Handia Ertaina-Eskasa Handia
Bizigarritasuna Egokia Desegokia Desegokia
Erabiltzeko egokitasun eta ergonomia Erdipurdikoa Onartzeko Gaizki
Iragazgaiztasuna
Kubetaren estankotasuna (L/h) Handia Ertaina Oso eskasa
Euriaren aurkako erresistentzia Egokia Egokia Egokia
Zulaketaren aurkako erresistentzia
Sabai bikoitzarena Eskasa Handia Oso eskasa
Kubeta Handia Ertaina Ertaina
Alderdi tenkatuen erresistentzia
Sabai bikoitzaren josketa Ertaina Ertaina Eskasa
Lokarriak Ertaina Handia Eskasa
Kubetaren kanpoko tirantea Oso handia Eskasa Oso eskasa
Sabaitik lurrerako tirantea Oso eskasa Ertaina Handia
Kremaileraren erresistentzia Egokia Egokia Egokia
Zirien erresistentzia Egokia Egokia Egokia
Segurtasuna Desegokia Erdipurdikoa Erdipurdikoa
Osoko balorazioa Erdipurdikoa Erdipurdikoa Gaizki

1 Etiketa akastuna: produktu industrialen etiketari buruz legerian xedatutakoa ez du betetzen (nahiz, legez, betebeharrekoa den).

2 Etiketa desegokia: legeriak xedatutakoa betetzen duen aldetik, etiketa zuzen dago. Baina denda-barneko suaren aurkako ohartarazpen-etiketarik ez dauka (aukerazkoa da hau).

Bannan-bannan

Sei kanpin-dendak banan-banan

Tende (Ferrino)

  • 24.900 pezeta, denetan garestiena.
  • Hoberena:garantia-agiria arauaren araberakoa. Lokarri gehien (5) dauzkana. Biltzeko errazena. Iragazgaitzena, bere kubetaren aparteko irazgaiztasunari esker.
  • Okerrena:kalitatea kontuan hartuta, garestiegia du prezioa. Etiketa, oker: parte bat (muntatzeko argibideak) bakarrik dago espainolez.
  • Sutearen aurka hartu beharreko neurririk ez du adierazten, berarekin batera datorren orritxoan aipatzen badira ere. Astunena da, denetan: 4,5 kilo. Bi lagun bakarrik sartzen dira. Muntatzea eta desmuntatzea ez dira ariketa errazak
  • Urraduraren aurka kubetak erresistentzia ahula du. Segurtasuneko arauak ez ditu betetzen: ekaitza gertatzekotan, bere ainguraketen erresistentzia ez da behar bezainbestekoa. Sabai bikoitza eta lurrekoa lotzen dituen tirantearen gertuko alderdian erresistentzia ahulegia du.
  • Osoko kalifikazioa:erdipurdikoa.

Explorer DT-180 (Fikam Sport)

  • 8.995 pezeta, merkeena.
  • Hoberena:prezioa. Denetan seguruena da eta, era berean, kanpin-dendei aplika dakiekeen segurtasun-arautegia (derrigorrez bete beharrekoak ez badira ere) oso-osorik betetzen duen bakarra.
  • Etiketa, zuzen. Muntatzea eta desmuntatzea, errazak. Bizigarritasuna, asetzeko modukoa. Kubetaren estankotasuna, handia. Kubeta zulatzearen aurkako erresistentzia, handia.
  • Tentsioaren aurkako erresistentzia handia, bai lokarria eta kubetaren kanpoko tirantearena, baita sabai bikoitza eta lurra lotzen dituen tirantearena ere.
  • Okerrena:Euriaren aurkako erresistentzia, eskasa. Garantia-agiririk ez du. Erabiltzeko eta mantentzeko argibideak, osagabeak (denda muntatzeko argibiderik ez dakar, erraz asko muntatzen bada ere). Sabaia objektu ziztatzaile batez zulatzearen aurkako erresistentzia, eskasa.
  • Osoko kalifikazioa:Onartzeko modukoa.

Nevada (Coleman)

  • 14.900 pezeta
  • Hoberena:Etiketa, zuzen. Garantia, arautegiaren araberakoa. Erabiltzeko eta mantentzeko argibide ugari. Bukaerak, ederki. Muntatzeko eta desmuntatzeko erraza. Denetan arinena (3 kilo). Iragazgaiztasuna, asetzeko modukoa.
  • Okerrena:hiru lokarri baino ez (besteek lau edo bost dauzkate). Sutea gertatuz gero hartu beharreko neurririk ez dakar (hori ez da nahitaezkoa). Bizigarritasuna ez da asetzeko modukoa: oso altuera libre eskasekoa (98 cm).
  • Kubeta urratzearen aurkako erresistentzia ahulena. Tentsioa eragiten duten bi alderdietan, erresistentzia ahula: kubetaren kanpoko tirantetik gertukoak eta sabai bikoitza eta lurra lotzen dituen tirantetik gertukoak.
  • Kanpin-dendei aplika dakiekeen segurtasun-arautegia ez du betetzen (derrigorrez bete beharrekoak ez badira ere), sabai bikoitzeko tiranteen erresistentzia (ekaitza gertatuz gero, denda lurrari finkatzeko funtsezkoa) eskasa delako.
  • Osoko kalifikazioa:Erdipurdikoa.

Hibou (Campingaz)

  • 14.995 pezeta.
  • Hoberena:Kubeta eta lurra lotzen dituzten ainguraketa metalikoak. Muntatzeko eta desmuntatzeko erraza. Iragazgaiztasuna, asetzeko modukoa. Bizigarritasunik hoberena eskaintzen duten hiruretako bat. Kubeta urratzearen aurkako erresistentziarik hoberena.
  • Okerrena:Etiketa eta garantia akastunak, legeriak xedatuak dituen gutxieneko datuak ez dituztelako agertzen. Erabiltzeko argibideak, osagabe: mantentzeko eta konpontzeko jarraibideak ez dira agertzen, ezta denda antolatzeko toki egokiena aukeratzeko aholkurik ere.
  • Hiru lokarri baino ez dauka, gainerakoek lau edo bost dituztela. Zaila biltzeko. Tentsioa eragiten duten bi alderdietan, erresistentzia ahula: kubetaren kanpoko tirantetik gertukoak eta sabai bikoitza eta lurra lotzen dituen tirantetik gertukoak.
  • Kanpin-dendei aplika dakiekeen (derrigorrez bete beharrekoak ez badira ere) segurtasun-arautegia ez du betetzen, sabai bikoitzeko tiranteen erresistentzia eskasa delako (ekaitza gertatuz gero, denda lurrari finkatzeko funtsezkoa) .
  • Osoko kalifikazioa:Erdipurdikoa.

Annapurna, de Fikam Tek

  • 21.900 pezeta, bigarren garestiena.
  • Hoberena:erabiltzeko eta mantentzeko argibideak. Kubeta eta lurra lotzeko aingura metalikoak. Biltzeko erraza. Zulaketaren aurrean erresistentzia onenekoa.
  • Okerrena:Etiketa ez da asetzeko modukoa (arauaren arabera, zuzena den arren), sutea gertatuz gero hartu beharreko neurriak jasoko lituzkeen etiketarik ez duelako barruan, ondoko orritxoan agertzen badira ere.
  • Ez du garantia-agiririk. Muntatzeko eta desmuntatzeko bi zailenetako bat da. Bizigarritasuna ez da asetzeko modukoa: etiketan hiru lagunentzakoa dela badio ere, errealitatean bi lagun baizik ez dira sartzen.
  • Urraduraren aurrean kubetak oso erresistentzia ahula agertzen du. Tentsioa eragiten duen alderdi batean (kubetaren kanpoko tirantetik gertukoan) erresistentzia ahula.
  • Kanpin-dendei aplika dakiekeen segurtasun-arautegia ez du betetzen (derrigorrez bete beharrekoak ez badira ere), sutea gertatuz gero hartu beharreko neurriak jasoko lituzkeen etiketarik ez duelako eta kremaileren heldulekua ez da erraz atzematen.
  • Osoko kalifikazioa:Erdipurdikoa.

Aran-4 (Hosa)

  • 9.995 pezeta, bigarren merkeena eta kalitate txarrenekoa.
  • Hoberena:prezioa. Biltzeko, muntatzeko eta desmuntatzeko erraza. Urraketaren aurka, kubetak erresistentzia ona agertzen du.
  • Okerrena:Etiketa akastuna: derrigorrez agertu beharreko datuak ez ditu agertzen. Sutea gertatuz gero hartu beharreko neurriak ere ez ditu denda barruan agertzen. Garantia-agiririk ez du.
  • Erabiltzeko eta mantentzeko argibideak, osagabeak. Bizigarritasuna ez da asetzeko modukoa: etiketan lau lagunentzakoa dela badio ere, errealitatean hiru lagun baizik ez dira sartzen. Kubetaren estankotasuna, denetan apalena (iragazgaiztasun eskasa, alderdi horretan).
  • Sabai bikoitzean, zulaketaren aurkako erresistentzia ahul-ahula. Alderdi tentsionatuen erresistentziarik txarrena, denetan (sabai bikoitzeko tiranteen gertuko alderdian izan ezik). Ez ditu segurtasunari dagozkion arauak betetzen, baina akats bakarra dauka: sutearen aurrean hartu beharreko neurririk ez agertzea barrualdean.
  • Osoko kalifikazioa:gaizki.