Santiago bideari buruzko Gida Praktikoaren web gunea, berriturik

Guzti-guztia aterpetxeei buruz, Interneten eta eguneratuta

CONSUMEReko bi teknikarik Bide Frantziarra egin zuten 201eko urtarrilean eta bertako 101 aterpetxeak bisitatu zituzten, 1999ko uztailean argitaratu zen "Orreagatik Santiagora" CONSUMER Gida Praktikoko datuak eguneratzeko
1 ekaina de 2001

Guzti-guztia aterpetxeei buruz, Interneten eta eguneratuta

Interneten (www.consumer-revista.com/caminodesantiago) bakarrik aurki daitekeen edizio berri horretan berrikusita eta eguneratuta aurkituko ditu datuak irakurleak, aterpetxe bakoitzaren eta Bidean zehar dauden herrietako argazkiekin batera. Beste berrikuntza batzuk ere sartu dira. Diseinu eta nabigazio aldetik hobekuntza batzuk egiteaz gain, informazio guztia aurkituko du internautak, etapaka sailkatuta, PDF formatoan eta, beraz, inprimatu eta Santiago bidera eraman ahal izango du, bertan kontsultatu ahal izateko. Eta aukera berri bat ere sartu da: aterpetxe bakoitzari buruzko informazioaren ondoan esteka dago, ibiltariak aterpetxeari edo etapari buruz iritzia eman ahal izan dezan, horrela CONSUMEReko informazioa osatu ahal izateko. Aldi berean, web gunearen beste erabiltzaile batzuen iritzia kontsultatu ahal izango du.

Aterpetxeak gaur egun nola dauden

Bigarren analisi honetan inpresio hobea egin dute aterpetxeek aurrekoan, 1999ko uztailean, baino (orduan ere ona izan zen), hobekuntzak izan baitira zainketan eta garbitasunean. Aterpetxe bat desagertu egin da: Calzadilla de la Cueza herriko udal-aterpetxea. Eta Boadilla del Caminoko udal aterpetxea (Palentzia) eta Santiagoko Seminario Menor de Belvis delakoa, itxita daude berrikuntza lanak tarteko, 2002ko udara arte. Bestalde, Itero de la Vega, Boadilla del Camino -pribatua- eta Frómista (Palentzia) herrietakoen, eta Ponferrada eta Cacabelos (Leon) herrietakoen ordez berriak ireki dira. Aterpetxe berriak ere sortu dira: Gareseko Santiago Apostol (Nafarroa), Villalvilla eta Castrojeriz (biak Burgosen) eta Riego de Ambrós eta Laguna de Castilla, Leonen.

Merkeak eta erosoak

Bide guztian zehar guztira 101 aterpetxe daude. Gehienetan abadetxe zaharrak edo udal jauregiak izaten dira, gau baterako ohea eta zerbitzuak eskaintzeko egokituak. Galiziara iritsi arte Udalen jabetzakoak dira gehienak eta beste zenbait parrokiek eta kongregazio erlijiosoek; Galizian berriz Turismo Sailak kudeatzen ditu. Probintzia bakoitzeko Santiago Bidearen Lagunen Elkartearen ardurapean egoten dira batzuk (adibidez Logroñokoa edo O Cebreiro herrikoa), eta partikularren esku ere bai beste zenbait, adibidez Uterga (Navarra) edo Jato familiarena Villafranca del Bierzo herrian.

Bide Frantziar osoko plaza kopurua 6.000tik gorakoa da, baina etxe bakoitzak 30 eta 50 plaza inguru izaten ditu, Campo Do Gozokoan salbu, 500 erromes ere sartzen baitira bertan (800 Done Jakueren urtea denean). El Ganso, Leborerio, Villalvilla eta Manjarín-en izan ezik, guztietan dago ur beroa dutxetan eta plaza kopuruaren araberako komun kopurua. Etxe bakoitzak bere berezitasunak ditu. Adibidez Los Arcos herriko Isaac Santiago Aterpetxeak (Nafarroan) masajista zerbitzua eskaintzen du arratsaldean edo San Esteban etxeak, Castrojeriz-en (Burgos), eguzkitiko energia erabiltzen du.

Bitik baten ostatuaren prezioa erromesaren borondatea izaten da, baina aterpetxeko itsulapikoan txanpon batzuk uzteko obligazio morala dago. Oso gutxik gainditzen dute gau bakoitzeko 1.000 pezetako prezioa (A Coruñako Santa Irene aterpetxeak izarak, toailak eta mantak eskaintzen ditu, 1.500 pezetaren truke). Torres del Río (Nafarroa), Lédigoseko Santa Klara Monasterioa, Carrión de los Condes eta Terradillos de los Templarios (biak Palentzian) 1.000 pezeta kostatzen da, baina gehienetan erromesak gaueko 300 pezeta ordaintzen du (Errioxa osoan) edo 500 pezeta bestela; azken hori da 2001eko prezio ohikoena.

Gehienak, urte guztian zabalik

Erromesik gehien ekaina eta iraila bitartean izaten da eta 101 aterpetxeak zabalik izaten dira orduan. Baina milaka pertsonak udazkenean edo neguan egiten du Bidea. Iruñean izan ezik, hiriburu guztietan urte osoan izaten dira aterpetxeak zabalik. Nafarroan (14 aterpetxe daude Bidearen 155 kilometroetan zehar), udan bakarrik irekitzen dute Iruñekoak, Zizur Txikiko bietatik batek, Gareseko Santiago Apostol aterpetxeak eta Los Arcosekoak. Errioxako 57 kilometroetan zehar dauden 6 aterpetxeek urteko egun guztietan onartzen dituzte erromesak. Beste hainbeste gertatzen da Burgosko 16 aterpetxeetan (109 kilometro ditu), Arroyo de San Bol-ekoan izan ezik, udan bakarrik irekitzen baita. Hala gertatzen da Palentziako 11 aterpetxeetan ere eta Frómista herrikoa da han salbuespena.

Leonek eskaintzen du aterpetxerik gehien (31), eta probintzia horretan zehar egiten da kilometro gehien ere (220). Neguan itxi egiten dira Sahagún (etxe bat irekitzen duten arren), Rabanal, Riego de Ambrós, Cacabelos, Villafranca del Bierzo (udalarena) eta Pereje. Eta Galiziako lurretan zehar egiten diren 150 kilometroetan zehar urteko 365 egunetan zabalik aurkituko ditu bidaiariak aterpetxe guztiak, 15 Lugon eta 10 A Coruñan. Ordutegiak ibiltarien ordutegietara egokitzen dira, gehienetan arratsaldeko 4ak aldera hasten baitira iristen eta goizeko 9ak aurretik abiatzen berriro. Ez da zaila izaten edozein ordutan aterpetxeetako ateak zabalik aurkitzea, edo gutxienez ostalaria nola aurkitu adierazita izatea. Etapa amaierako herri batzuetan kiroldegiak jartzen dira udan, eta baita zelaiak ere, hurrenez hurren koltxoi eta kanpin dendekin. Hala egiten dute Los Arcos, Iruñea, Villafranca Montes de Oca, Boadilla del Camino, Leon, Astorga, Molinaseca eta Villafranca del Bierzon.

Oinarrizkoenetik hasi eta garbigailu eta lehorgailua dutenetara

Salbuespenak salbuespen, erromesak aterpetxe guztietan aurkituko ditu ur beroa eta dutxak, baina zerbitzuak hobetuz joan dira eta harrera atsegin eta eraginkorraz gain, desberdintasun aipagarriak aurkituko ditu batetik bestera. Horrela, botak eta arropa garbitzeko harraska etxe guztietan izaten da eta baita telefono publikoa ere. Eta kasu gutxitan gertatzen da sakelako telefonoarentzat seinalerik ez edo bateria kargatzeko entxuferik ez izatea; sukaldea, otorduetarako mahaia eta egongela ere ohikoak izaten dira eta baita botikina ere. Ez dira hain maiz aurkitzen arropa garbigailua eta hozkailua edo edari freskagarri eta kafe makinak. Aterpetxe batzuetan arropa lehortzeko makina izaten da (Azofra, Leon eta Astorgan), edo mikrouhina, A Coruñako Alto do Pino etxean adibidez. Oso arraroa da toailak eta xaboia aurkitzea, baina batzuetan eskaintzen dute hori, 200 pezetaren truke.

Erromesarentzako zerbitzuak

Herria zenbat eta handiagoa izan, orduan eta zerbitzu gehiago eskaintzen dizkio ibiltariari, baina bada Bideko herri guztiek duten zerbait: jendearentzako taberna eta janari denda, ogia eta kontserbak erosi ahal izateko. 1.000 bizilagunetik gorako herrietan harategia eta kutxazain automatikoa ere izaten dira eta baita botika eta mediku zerbitzua ere (herri txikiagoetan astean behin izaten da medikua). Internet ere hasi da sartzen Bidean, eta ez hiriburuetan bakarrik: Reliegos, Sarria, Melide, Sahagún, Boadilla del Camino eta Puente eta Hospital de Órbigotik bidal daitezke mezuak posta elektronikoz.

Erromesen iritziak

Santiago Bidearen inguruan harridurarik gehien sortzen duena, XXI. Mendean ere alderdi espirituala eta oporrak bat egiteko sortu den moda izango da agian. Gaur egun boom izugarria bizi du Santiago Bideak, eta arrakasta hori areagotu egiten da Done Jakueren urtea denean (Santio eguna, uztailaren 25a, igandea denean; hurrengoa 2004an izango da) eta administrazio publikoek ez dute aukerarik galtzen herrialde bakoitzaren turismorako xarmak ezagutzera emateko. Adibidez, Gaztela eta Leongo Juntak 18.000 milioi pezetako inbertsioak egingo ditu autonomia erkidego horretan zehar pasatzen den bide zatia hobetzeko.

Noiz joan?

Benetako erromesek eguneroko bizitzako beste edozein elementuren aurretik jartzen dute Bideko esperientzia: lana, ikasketak, familia etab. utzi eta Leongo basamortuan zehar abiatzen dira norbere buruaren bila edo agian bizitzaren zentzuaren beraren bila. Hala ere, gehienok opor egun batzuk izaten ditugu eta oso egun jakinetan egin behar izaten dugu esperientzia. Udan jendez gainezka agertzen da Bidea; gehienak turistak izaten dira, Bidea eginez opor desberdinak, merkeak eta espiritualtasun dosi justua ematen dutenak gozatzera datozenak, udazkenean berriro garraio publiko, posta elektroniko, haurren ikastetxe, futbol, telebistako albistegi eta aerobic klaseen ohiko dosiari aurre egin ahal izateko. Bidearen aitzakiarekin gurasoen baimenarekin etxetik lehen aldiz ihes egiteko aukera aprobetxatzen duten gazteak ere ugari izaten dira udan. Udako jende pilaketa horrek haserretu egiten ditu benetako erromesak eta nekatu ostalariak, ez baitira iristen eta harriturik ikusten dute etapaka egiten den karrera bihurtu dela Bidea, estoikoki turistak bata bestearen atzetik jasango dituen koltxoi altruista bat bilatzeko karrera hain zuzen. Horrenbestez, Bidea udan egiteko asmoa duenak jakin egin behar du zer aurkituko duen. Santiago Bidea egiteko garairik onenak apiril bukaera eta maiatza hasiera dira, edo iraileko hirugarren astean hasi eta urria osoan zehar bestela. Garai horietan bidean zehar edo aterpetxeetan parte hartzen duten pertsonek Bidearen benetako zentzuan parte hartzen dute; gainera, eguraldia ere egokia izaten da soroetan eta Galiziako gatainadietan zehar ibilaldi luzeak egiteko.

Ostalariak

Abegi ona Bidearen ezaugarrietako bat da, antzina-antzinatik datorren ohitura eta hori zinez eskertzen du erromesak. Santiago Bidean zehar dauden aterpetxeetako ostalari gehienak boluntarioak izaten dira, denboraldi batez eguneroko lanak utzi eta Bideko guneetara joaten direnak, gorputz nekatuak eta oin urratuak zaintzera. Horietako asko atzerritarrak izaten dira (frantziarrak, belgikarrak, holandarrak, ingelesak, brasildarrak etab.) Santiago Bidearen Adiskideen Elkarteetako eta Anaiedietako kideak eta ez dute zalantzarik izaten euren denbora librea lan horretan emateko; Rabanal del Caminoko Gaucelmo aterpetxea dugu horien ordezkari. Beste zenbait bertako herritarrak dira, Santiago Bidea berpizteko borroka egin dutenak eta aterpetxea bizibide bihurtu dutenak; besteak beste Jato Villafranca del Bierzon edo Resti Castrojeriz-en erromesaren eta ostalariaren arteko harremanaren adibide argiak dira. Karitate kristauagatik lan hau egiten duten ordena erlijiosoek ere merezi dute erromesen eskerrona eta aitormena: Gareseko Erreparazioko Apaizak ordenakoek edo Leongo lekaime Beneditarrek ongi ordezkatzen dituzte lan horretan diharduten gainerako ordenak (luze joko bailuke guztiak aipatzeak).

Azkenik, soldata baten truke izan arren lan horri profesionaltasun ukitua ematen diotenak daude, hori ere ez baita txarra izaten. Hor sartuko lirateke Galiziako Xuntaren Aterpetxe guztietan lan egiten duten ostalariak.

Erromesak

Erromesak dira Bidearen esentzia. Jatorri eta leku guztietakoak dira. Beren bizitzako labirintoan galdutako jendea, erdi kirolezkoa den erronka baten aurrean dauden pertsonak, esperientzia berrien bila dabiltzan gazteak, M-30 eta Picasso dorreen bertigoa eten nahi duten yupiak, erromaniko eta gotikoaren ikerlariak, Jainkoaren argia jaso duten aszetak, Santiago apostoluaren jarraitzaileak, ohea dohainik aurkitu nahi duten pikaroak, Paolo Coelhoren liburu bat besapean dakarten brasildarrak… eta bizitzeko era bat bihurtzen dute guztiek egun batzuez Bidea. Horiekin guztiekin batera, bidaiari turistak, sakelako telefonoa nekez deskonektatzen dutenak eta aterpetxean behin eta berriz Carranza futbol txapelketa ikusteko lekuren bat eskatzen dutenak.

Paisaiak

Auñamenditik, Orreagatik abiatu ohi da erromesa eta pagadi eta hariztiak zeharkatu ondoren, latxa ardiak bazkatzen diren zelai berdeetan zehar iristen da Iruñeraino. Nafarroako hiriburuaren inguruetan ikusten dira lehen zekale-sailak, berdetik hasi eta galtzuaren horirainokoak, Galiziara iritsi arte etengabeak. Errioxan mahastiak, jotaren soinuz bideari kolorea eta zaporea emanez. Burgos eta Palentzian, Tierra de Campos aldean, zerealaren itsasoan nabigatuko du erromesak, erreka ertzetako makal bakanen artean, ostertzean eguzkia sartzen den bitartean. Leonen basamortuaren ondoren baratzak eta mahastiak agertuko dira Bierzon eta atzean Galizia eta Asturias aldeko mendiak. Galizian hasten da azken txirrista: azken ahalegina Cebreiro aldean, gaztainondoz inguraturik eta bidexkatan zehar; emakumeak beltzez jantzita eta bizkarrean zintzilik aterkia dutela; behi irainduak hausnarrean ari dira, erromes eroei begira.

Historiaz beteriko harriak

Mendeetan zehar herri eta hirietan pasa eta gelditzen zen jendearekin egin da Santiago Bidea. Ibilbide guztia arkitektura eta antropologia museo bat da, azken milurtekoan zehar izan diren bizieren berri ematen diguna. Orreagako Kolegiatak eta bere eliza gotikoak irekitzen dute Bidea. Aurrerago, Arreko Hirutasunaren eliza erromanikoa aurkituko du erromesak, Gareseko zubia, Lizarrago San Pedro de la Ruako klaustroa, Santo Sepulcro eliza Torres del Río herrian, Redonda konkatedrala Logroñon, Santa María la Real Najeran, Santo Domingo de la Calzadaren ohorezko katedrala (Bidearen benetako bultzatzailea izan baitzen), Virgen Peregrina Leivan, Argiaren miraria San Juan de Ortegan, Burgosko katedral ikusgarria, Colegiata de la Virgen del Manzano Castrojeriz-en, San Martin eliza Frómistan (erromaniko espainiarraren adibiderik onenetakoa), Santa María de la Blanca eliza-gotorleku izugarria Villasirgan, Pantocrator-aren irudia Carrión de los Condes herrian, Lédigos-eko usategiak, San Tirso eliza mudejar erromanikoa Sahagún herrian, Leongo katedral ikusgarria (eguzkiak jotzen duenean kolorezko mosaiko bihurtzen dira beirateak), 19 begiko zubia Puente eta Hospital de Órbigo artean, Gaudiren Apezpiku-jauregia Astorgan, Castrillo de los Polvazares herria Maragato eskualdean, El Aceboko Errege Kalea, Molinasecako arbelezko etxeak, Templarioen Gaztelua Ponferradan, Santa María la Real tenplu prerromanikoa O Cebreiron, Samoseko monastegiko arkitektura-multzo aberatsa (Galiziako kulturaren sinboloa) eta bere fatxada neoklasikoa, Miñoko urtegia Portomarínen, Palas de Reiko Pazoak, Melideko cruceiroa (Galiziako zaharrena) eta azkenik Santiago Compostelako Obradoiro Plaza amestu bezain ikaragarria, bere katedral historiko ederrarekin; eta han, Botafumeiroa eta Apostolua gure zain.

Jateko

Erromesak jaki arruntak jan ohi ditu (ogia, esnea, hestebeteak, entsaladak, pasta, ura, etab.), baina tokian tokiko jaki gozoak dastatzeko aukera paregabea ere izan liteke Bidea, solasaldi interesgarriz lagunduta. Nafarroako txistorra eta ajoarrieroa, Errioxako ardoa eta txorixo-patatak, Burgosko ogia eta arkume errea, Gaztelako zopa eta Palentziako usakumeak, maragatoen eltzekoa, Astorgako mantekadak, Molinasecako hestebeteak, Bierzoko piperrak, Galiziako “lacón con grelos” ospetsua, Melideko “pulpo a feira”, Santiagoko albariño eta txangurroak… horra hor Bideko alderdi gastronomikoaren aurpegirik adierazgarrienaren hainbat adibide.

Janaria ongi planifikaturik

Goizez abiatzea pentsatuz gero, funtsezkoa da gosari on bat egiten behar adina denbora ematea, gutxienez 20 minutu: esnekiak, zerealak (zereal malutak, ogia, ogi xigortua, moldeko ogia¿), fruta edo zukua eta osagarriak (gurina edo margarina, gazta, hestebeteak, marmelada, eztia, azukrea¿).

Ibilaldia arratsaldez egin behar baldin bada, bazkari arina egitea komeni da, koipe askorik gabea, oinez hasi baino bi ordu lehenago. Adibidez: pasta, arroz edo barazki-patata platerkada bat, haragia edo arraina (era soil batean prestatuak, koipe askorik gabe) barazki edo entsaladaz lagundurik. Bazkaritan ogia jan behar da eta fruta apur bat edo esneki suaberen bat postrean. Ogitartekoa jatea pentsatuz gero, patata-tortilla izaten da onena eta gainean fruta edo zukua eta irabiaki edo infusio azukreduna, horrela karbono-hidratoak hartzen baitira, ahulaldiaren aurkako antidoto gisa.

Etapa bakoitzak hainbat ordu irauten duenez, 60 edo 90 minututik behin atsedenaldia egitea komeni da, zerbait edan eta karbono-hidratoak dituen zerbait jateko; erritmo hobea izaten lagunduko digu horrek, batez ere bi arrazoigatik: ahulaldia eta deshidratazioa saihesten dituelako.

Hidratatu aurrez, ibilaldian zehar eta ondoren

Ariketa egiten den bitartean karbono hidratoak hartzea bezain garrantzitsua da ura edatea, batez ere bero eta hezetasun handiko egunetan. Jende askoren akatsa izaten da ibilaldiaren aurretik eta ibilaldian zehar urik ez edatea, edo edateko eta jateko egarritu edo gosetu arte itxoitea.

Gorputza deshidratatzen hasi ondoren agertzen da egarria. Horregatik, sarri-sarri edan behar du ura, beroaren eta hezetasunaren arabera beti ere, baina egarria sentitu baino lehen. Behar adina likido hartzen ari garen jakiteko aski da gernuaren koloreari erreparatzea. Kolore hori argiak behar adinako hidratazioa adierazten du eta sarri baina kopuru txikitan eta kolore hori bizia eta usain handikoa egiten denean, berriz, behar adina likido hartzen ez den seinale. Deshidratazioak zorabioa, goragalea eta botagura eta beherakoa ere eragin ditzake.

Ordu luzez ibili behar izanez gero, hasi baino ordu 1 edo 2 aurretik hiru basokada ur hartzea gomendatzen da, bi basokada 15 minutu aurretik; eta etapan zehar, baso bati dagokion ur kopurua edatea 40 minuturo. Edaria fresko edukitzea gomendatzen da eta horretarako beti kantinplora egoki bat eraman behar du aldean erromesak. Halaber, funtsezkoa da eguneko ibilaldia amaitzean berriro gorputza hidratatzea, ura eta karbono hidratoak hartuz. Eta asko izerditu bada, hidratatzeaz gain galdutako elektrolitoak berreskuratu beharko dira.