Gehiegizko eta okerreko erabilerak, arrisku-iturri
Egungo edertasun-kanonek zeinahi urte sasoitan hur edo urre koloreko larruazal edo larmintza goretsia dute eta, noski, gorputza kolore horretan urte guztian edukitzeko modu bakarra solarium eta antzeko bide artifizialetara jotzea baizik ez da. Beltzarantzeko zentroek dituzten ordutegi ia mugagabeek ¿horietako batzuk igandean ere zabalik egoten baitira¿ eta prezioaren merkeak ¿12 saiotako txartela mila bat duro baino ez da kostatzen¿ honelako zerbitzuen eskakizuna dezente biderkatu dute; izan ere, gaur egun, bere burua halakotzat duten ile-apaindegi, edertze-areto edo gimnasio guzti-guztiek UVA izpidun lanparak sartu behar izan dituzte, bezeroari beltzarantze azkar eta arriskurik gabea agintzen diotelarik. Aginduak agindu, UVA erradiazioak ez dira ikusi batera irudi lezaketen bezain kalterik gabeak, solariumak behar bezala baliatzen ez badira, behintzat.
Larruazalean orbanak eta begietako lauso edo gandu goiztiarrak eragiteaz gainera, UVA izpiak gehiegikeriaz hartzeak ¿gogoan izan dezagun larmintzak ere baduela “oroimena”¿ askozaz ere eragin larriagoak sor ditzake. Areago, aditu dermatologo zenbaiten arabera, UVA izpiek eta minbiziak badute nolabaiteko lotura. Kontua ez da alferrikako alarmak piztea, noski, baina funtsezkoa da UVA izpien erabilera modu arduratsuaz egitea, gehiegikeriarik gabe eta pertsonal kualifikatua duten zentroetan bakarrik.
Nola diharduten UVA izpiek
Beltzarantzeko ohe horien egintza, teknologia biziki konplexu baten prozesuen emaitza da eta honela azal genezake, gaingiroki: funtsezko kontua da B izpiak iragaztea ¿beroriek baitira larruko hainbat eratako minbizien errudunak¿ horrela larruazalak A erradiazio ultramorea bakarrik hartuko lukeelarik; erradiazio honek, larruazala garaiz baino lehenago zahartzea eragiten du baina ez, teorian behintzat, osasun alorreko arazo larriagorik. “Teorian behintzat” esan dugu, eta horixe baizik ez omen da: espezialistek bere horretan diraute, UVA izpiek praktikan zuzeneko lotura dutela zelulen ADN-aren aldaketekin, erreakzio fotoalergiko eta fototoxikoekin, lesio aktinikoekin (hau da, tumore-lesioen aitzindariekin), larmintzaren garaiz aurreko zahartzearekin eta begien ganduak agertzearekin.
Valentziako Dermatologiako Akademiaren presidente Carlos Guillem doktoreak ez du zalantzarik agertu CONSUMER aldizkariari erantzutean: UVA izpiak benetan arriskutsuak dira larruazalarentzat. Valentziako Onkologi Institutuan (VOI) lanean dabilen espezialista dermatologo horren iritziz, beltzaran egotea eragozpen handiagoa da abantaila baino: “Izpi ultramoreek larruazala kaltetzen digute zeharkatu egiten dutelako, bertako zelula bizietan eragina izanez, azala bera hanpatuz eta ondotxo ezagutzen ditugun eguzkiagatiko erredurak sortuz. Etorkizuneko kalteei saihets egiteko ahaleginen emaitza gisa, larmintzak pigmentu zenbait (melanina, tartean) ekoizten ditu; horrexek emango dio gure gorputzari kolore beltzaran erakargarria. Kaltea, ordea, urterik urte, metatuz doa. Eraginik latzenak epe luzera agertu ohi dira, joeraz, eta horregatik pertsona askok ez du argi eta garbi ikusten UVA izpiak-minbizia binomioko osagaien arteko zuzeneko loturarik”.
Kolorea iluntzearen prezioa
Dezente aldatu da panorama, beltzaran jartzeko lanparen estreinako modeloak duela hiru dozena urte atera ziren hartatik. Artean, beltzarantzeko ohe zahar haiek alderdi “eraginkorra” goialdea bakarrik zeukatenez, gorputz osoa beltzaran ipintzeko, atinik eta ahuspez egon beharra zuen izpi-kontsumitzaileak. Eguzki artifizialaren munduak sekulako bilakaera ezagutu duenez, egun 15 minutuko hiru hartualditan erraz, azkar eta uniformeki beltzaran dezakegu gorputz osoa edo, bestela, zutik har ditzakegu izpiak, 6 minutu baino gutxiago irauten duten saioetan. Saioaren prezioa aldatu egiten da solarium batetik bestera, 600 eta 2.450 pezeta bitartean, beltzaran bihurtzeko sistema “arrunta” den ala “ultra-azkarra” den.
Dena den, ohikoen eta merkeena 6, 10 edo 12 saiotarako txartelak hartzea izaten da. Aparatu horiek alokatu ere egiten dituzte jarduera horretan dabiltzan enpresa espezializatuek eta bezeroaren etxebizitzan makina astebeterako edo epe jakin baterako instalatzen dute. Etxean larruazala beltzaran jartzeko kostua ere aldatu egiten da, astebeteko 9.500 pezetatik hilabete osoko 25.000 pezetaraino. Etxean bertan nahiko toki edukita, urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan UVA izpiko aparatuaz gozatu nahi duenak beltzarantzeko ohea erosi ahal izan dezake: modeloak gorabehera, 90.000 pezetatatik milioi erdiraino doaz prezioak.
Larruazal motak
Lau larmintz edo azal mota bereizten dituzte adituek, eguzkiaren aurreko erresistentziaren arabera; gaitasun edo ahalmen hori, bere aldetik, eguzki-kapitalak, larruazalak daukan melanina kantitateak eta kode genetikoak baldintzatzen dute.
- I. motakoak. Azal zuri-zuri eta biziki sentibera duten pertsonak, orinak, ile gorri edo horia eta begi argiak dauzkatenak. Aise erretzen dira eta, noski, beltzarandu ez dira ia inoiz egiten. Beraz, 25-30 inguruko babesa hartu behar dute. Eguzkitara jarri eta handik 5 edo 10 minutura errerik gerta daitezke.
- II. motakoak. Azal argitsu, fin eta sentibera duten pertsonak. Hasieran erre egiten diren arren, geroago beltzaranska bilakatzen dira. Hauek, 20-25 inguruko babesa hartu behar dute eta eguzkitara jarri eta handik 10 edo 20 minutura has daitezke erretzen.
- III. motakoak. Azal argi edo marroi argia dute. Ongi beltzarantzen dira, eguzkiaren aurreko erresistentzia handiagoa dutelako. Hauei komeni zaien babesa 5 eta 15 bitartekoa da, eguzkitan zenbat denbora emango duten; eta eguzkitan emaniko tarte hori 20 eta 30 minutu bitartekoa izaten da.
- IV. motakoak. Hauxe da larruazal lodien eta eguzki-erradiazioaren aurrean erresistentzia handienekoa. Azal honen kolorea marroi argitik ilunskagora doa. Erraz beltzarantzen da larmintz hau eta nekez erreko da. Honelako azalak 4 eta 10 bitarteko babesa aski du. Eguzki-erreduraren muga, azkenik, 30 eta 45 minutu bitartekoa da.
Arrisku ezaguna baina, oraindik, legez arautu gabea
UVA izpien aparatuek eragiten dituzten arriskuek eraginik, Estatu espainiarreko Kontsumoaren Institutuak lurralde osoan kanpaina bat jarri du martxan, edertze-areto, gimnasio, ile-apaindegi eta solariumetan dauden 168.000 aparatuak behar den bezala erabiliko direla kontrolatzeko. Horrelako aparatuak darabiltzaten zentroetako arduradunei Kontsumo Institutuak gogoratu die “inolako arriskurik gabeko zerbitzua bermatu behar dietela erabiltzaileei”.
Hala eta guztiz, Estatuko eta Erkidegoetako Administrazioek agerturiko interesa gorabehera, dermatologoek salatu duten moduan, horrelako aparatuen erabileraz sekulako lege-hutsunea dago Estatu espainiarrean. Espezialistek bere aldetik diotenez, ematen diren dosiak eta UVA izpiak har daitezkeen egunen kopurua zorrozki kontrolatu eta, horrekin batera, mota horretako aparatuak maiztasun jakin batez doitu beharko lirateke: denboraren poderioz matxurak izaten dituzte eta kontaminazio-prozesua nozitzen dute: horren ondorioz, UVA izpien igorpena txikiagotuz doa eta larruazalaren minbiziaren errudun diren B izpi ultramoreen (UVB) irradiazioa hasten da: baldintza horietan, izan ere, minbizia sor dezakete izpi horiek. Beste aldetik, matxura izan edo okerreko erabilera gertatuz gero, oso litekeena da aparatu horietako batzuek C pleguko izpi ultramoreen erradiazioak igortzea, larmintzean erredurak eraginez.
Dermatologoek salatu duten beste kontu bat hauxe da, horrelako ohe, kabina eta lanparak maneiatzen dituzten pertsonek fotobiologia eta dermokosmetikari buruzko gutxieneko oinarria izaten ez dutela. Guillem doktorearen iritziz, “lehen aipatu dugun hutsune horri erantsi behar zaio UVA izpien zentroek argitara emaniko publizitatezko orritxo zenbaitetan agertzen den publizitatea zeharo iruzurrezkoa dela”.
Aipatu dugun Kontsumo Institutu horrek argitaratzen duen Buletineko 20. alean (1988 urtekoa) bertan aipatzen zen beltzarantze zentroak arautzeko dekretu baten proiektua lantzen edo taxutzen ari zela. 1998 eta 1999 urteetan albiste horren berri hainbat hedabidek zabaldu zuten, hau da, Osasun Ministerioak aterako zukeen lege-proiektu batek, UVA izpien aparatuak zuzen erabil zitezen beharrezkoak diren argibide eta ohartarazpenak, batetik, eta botika batzuek kontsumituz gero hartu behar diren neurriak, bestetik, toki ikusgarrian jartzera behartuko zituzkeela zentro horiek. Dirudienez, proiektua proiektu geratu zen, aurrera gabe.
Melanoma
Eguzkia hartzeko unean geroz eta ardura gutxiagoz eta, batez ere, babespen urriagoarekin gabiltza: joera honek melanomaren (hau da, larruazaleko minbizirik zitalena, gure larruazala kolorez janzten duen melanina izeneko substantzia ekoizten duten zeluletan sortzen dena) eragina hiru aldiz biderkatu du mundu osoan oro har eta Estatu espainiarrean bereziki. Gogoan izan dezagun larruazaleko minbizia bigarren ohikoena dela; lehen tokia biriketako minbiziak gizonezkoetan eta bularrekoak emakumezkoetan betetzen dute.
Melanoma gaiztoa etengabe doa gora, abiadura biziz joan ere, mundu osoko biztanlerian ohikoenak diren prozesu onkologikoen eskalan (urtearen buruan mundu osoan beste 100.000 kasu diagnostikatzen dira eta, nahiz melanomaren maiztasuna larruazaleko minbizietan %1,5 eta %7 bitartean dabilen, larruazaleko minbiziengatiko heriotzen %65aren errudun da: horrexek erakusten digu minbizi-plegu horren agresibitatea) eta aurrera begirako perspektiba ez da oso pozgarria. Horren eragina esponentzialki areagotzen ari da, urteko hazkuntza %7koa izaki eta 10 edo 20ren buruan bikoiztu egiten delarik.
Espainiari dagokionez, azken urte hauetan melanoma kasuak hirukoiztu egin dira, eguzkitan tarte luzeak ardura gutxi eta babes eskasagoarekin emateko ohitura berriaren ondorioz. Horrez gainera, tumore hori ez da erraz diagnostikatzeko modukoa, baten ere pazientea sendagilearengana joaten denean berantegi izaten delako, eguzkiagatiko erredurak aintzat hartu ez izanaren erruz.
Neurritasuna, osasun eta ongizatearen berme
Esandakoak esanik ere, ez dezagun ahaztu eguzkia osasun-iturri dugula baina, gainerako beste guztietan gertatzen den modura, tamainaz erabili behar dugu haren etekin mesedegarriak ateratzeko. Izan ere, arrisku eta kalte guztiak, gehiegizko egonaldien eta arduragabekeriaren ondorio izaten dira.
Eguzkia osasun- eta energia-iturri da, ederki frogatua dagoen bezala. Eguzki-argiak hezur eta muskuluak indartzen laguntzen du, aldartea hobetzen digu, kanpoko erasoei aurre egiteko unean sistema inmunologikoaren ahalmena gehitzen du eta, gainera, kaltzioaren metabolismoan premiazkoa den D bitamina organismoan ekoizteko ezinbestekoa dugu eguzki-argia. Era berean, haurretan errakitismoa prebenitzen du eta, azkenik, psoriasis edo aknea bezalako patologia dermatologikoen tratamenduan lagungarri gertatzen da (espezialistek aplikaturik, PUVA terapiak lesioen egoera hobetu, zikatrizazioa azkartu eta gaixotasunaren intentsitatea apaldu egiten du).
Eguzkiaz gozatzeko klabea, berriro ere, neurritasuna da. Osasun-alorreko agintaritzak urterik urte errepikatzen dituen mezuek, orain artekoan, hutsaren pareko oihartzuna erdietsi dute gizartean. Izan ere, hamar pertsonatik bederatzik badaki eguzkiak kalteak eragiten dituela eta horri aurre egiteko modua behar bezalako babes-neurriak hartzea dela. Baina, halaz ere, hamarretik seik bakarrik hartzen dute prebentziozko neurririk, gehien-gehienetan behar bezainbestekoak ez gainera.
Gehiegizko UVA izpiek larruazalean dituzten eraginak
-
Berehalakoak
- Eragintza kalorikoa
- Larruazalaren pigmentazio azkarra
-
Kronikoak
- Larruazala behar baino lehenago zahartzea
- ADNaren molekula-egituraren aldaketa
- Inmunosupresioa (larruazalaren defentsen jaitsiera)
- Larruazaleko minbizia
-
Kolateral edo albokoak
- Larruazalean eta ezpainetan orbanak
- Fotosentiberatasuna
- Larruazaleko gaixotasunen bat suspertu edo estreinakoz sortzea
- Begietan arazoak (gandu edo lauso goiztiarra)
- Beltzarantzeko zentroa aukera egitean, izan kontuan aparatuaren aire-berriztatzea, higienea eta gainerako ezaugarriak.
- Eska ezazu zentroko pertsonal espezializatuak zure larruazalaren ezaugarriak azter ditzan, UVA izpien eraginpean zenbat minutu egon behar duzun inork zehaztu edo erabaki aurretik.
- Ez haurrek, ez larruazal zuri-zuriko pertsonek zein emakume haurdunek ez dute solariuma baliatu behar.
- Ez erabili UVA izpien aparatua, nebus edo larruazaleko minbizirik baldin baduzu zuk edo zure familiarteko norbaitek.
- Larruazalean orinak edo bestelako orbantxo eta pigmentoak baldin badituzu, joka ezazu zuhurtziaz, horiek melanoma bihur litezke eta.
- Botikak hartzen ari baldin bazara, ziurta ezazu erradiazio ultramoreak hartzearen kontrakoak ez direla. Galde egiozu sendagileari.
- Ez egin urtearen buruan 10 saio baino gehiago horrelako aparatuetan. Gogoan izan oso litekeena dela akatsak larrutik ordaintzea.
- Gogoratu, zentro espezializatuetan beltzaran jartzeko programak progresiboa izan behar duela.
- Saioen maiztasunak larruazalen pleguaren araberakoa izan behar du. Esan dezagun, oro har, saio batetik bestera, gutxienez, 48 ordu igaro behar dutela.
- Bete ezazu zorrotz maiztasuna eta saio bakoitzaren iraupena. Ez egon aparatuan segundo bat gehiago ere, zure larruazalari dagokion denbora-tartea betetakoan.
- Egun berean ez egon eguzkitan eta UVA izpien aparatuan.
- Edozein motatakoa dela ere, beltzaran jartzeko kabinan sartu baino gutxienez ordu erdia lehenago, babes-faktore altuko eguzki-krema aplikatzea komeni izaten da.
- Kabinan sartu aurretik ez ahaztu: kendu erabat makilajea eta lurrin-hondarrak larruazaletik, orban eta erreakzio alergikorik gerta ez dakizun. Saioa amaitutakoan komeni izaten da larruazala sakon hidratatzea, ostera.
- Saioari hasiera eman baino lehenago, kendu itzazu metalezko objektu guztiak: kateak, eraztunak, eskumuturrekoak, etab.
- Erabili betaurreko babesleak eta, segurtasun neurri gisa, egon zaitez begiak itxita aparatuan zaren bitartean.
- Babes ezazu ilea txano isolatzaile batekin.