Irabazteko moduko eta irabazi beharreko eguneroko borroka
Stress hitza fisikan erabili zen lehen aldiz eta hogeita hamarreko hamarkadan hartu zuen Hans Seyle-k, pertsonarengan eragina izaki, erreakzioak sortzen dituzten gorabehera eta gertaerak aipatzeko. Estresa fenomeno fisiologiko normala da, mehatxuzko hautematen dituen estimuluen aurrean organismoak ematen duen erantzuna. Horregatik, estres ona positiboa da: egoera zailak jasaten eta ingurunearen eskaeren aurrean erreakzionatzen laguntzen du. Estres negatiboa edo distresa agertzen da, berriz, organismoa egoera batera egokitzeko gauza ez denean, ingurunearen eskaerei erantzun egokirik emateko gai ez denean. Neurriz gaineko aktibazio eta antsietatea sortzen da, gauzetan eraginkortasunez zentratzeko gaitasunik ezarekin batera. Malabaristak ere hiru pilotarekin egiten ditu bere maniobrak, gero laurekin, ondoren bostekin; baina seigarrena sartzean, pilota guztiak erortzen zaizkio, ez seigarrena bakarrik.
Pertsonek gaitasun mugatua dute lanerako eta egoeren aurrean erantzuteko. Une horretan erantzun dezakeguna baino gehiago eskatzen badigute, erabat blokeatzeko arriskua dago eta ia zailtasunik ez duten lan errazak ere egin ezinda geratzekoa. Eguneroko beharrei eta ezohiko egoerei erantzuteko nolabaiteko aktibazio maila behar dugu, tentsio puntua. Behar adinakoa ez baldin bada, ez dugu ongi erantzungo, baina tentsioa larregikoa bada, erantzuteko ahalmenik gabe gera gaitezke.
Estresaren faseak
Estresa ez da bat-batean agertzen; hiru fase daudela esan ohi da.
- Alarma fasea: egoera zail edo berri bati aurre egiteko unean, gure burmuinak aztertu egiten ditu elementu berriak, antzeko koiunturen memoriarekin konparatzen ditu eta horien aurrean erantzuteko behar adina energia ez dugula irizten badio, organismoak adrenalina aska dezan agindua ematen du. Gorputza prestatu egiten da erantzuteko eta bihotzaren erritmoa eta arterietako tentsioa areagotu egiten dira, giharrak tentsioan jarri… erantzuteko prestatzen gaituen erreakzio biologikoa da.
- Erresistentzia fasean, pertsonak aktibo jarraitzen du estimulazioak irauten duen artean eta nekearen lehen sintomak agertzen diren arren, ongi erantzuten du oraindik. Estresa eragiten duen egoera desagertzen denean, organismoa normaltasunera itzultzen da.
- Eta, azkenik, akidura fasean, aktibazioa, estimuluak eta eskaerak jaisten ez badira, erresistentzia maila agortu egiten da azkenean eta alarma pizten da berriro. Arazo fisiko eta psikikoak agertzen hasten dira. Hans Seyle-ren esanetan, “estresa arriskutsu bihurtzen da maiz agertzen denean, ezohiko eran luzatzen denean edo gorputzeko organo batean pilatzen denean”.
Estresaren gorputzeko sintomak
Ondorio psikologikoez gain, gorputzaren osasunari ere eragiten dio estresak.
- Liseriketa aparatua: urdailak azido gehiago jariatzen du. Egoerak iraun egiten badu, urdaileko hormak narritatu egiten dira azkenean. Odolak alde egiten du urdailetik eta liseriketa prozesuak gorabeherak izaten ditu. Urdail eta duodenoko ultzera eta ultzeradun kolitisa estres egoera luzeekin loturik egoten dira askotan.
- Gihar-aparatua: tentsioa uzkurdura eran agertzen da, hainbat tokitan: masailezurrean, lepoan, bizkarrean, zangoetako minaren bidez….
- Arnas-aparatua: arnasa bizkortu eta eten bihurtzen da. Biriketara airerik ez zaiola iristen sentitzen du pertsonak.
- Sistema kardiobaskularra: adrenalina eta noradrenalina askatzen dira eta horren ondorioz bihotzaren erritmoa eta odolaren presioa areagotu egiten dira. Odol-basoak dilatatu egiten dira eta likido-erretentzioa gertatzen da.
- Larruazala: izerditzea gehitu egiten da. Estresak luzaro irauten badu, antsietate egoerari lotutako larruazaleko patologiak ager daitezke.
Sintoma “funtzional” horiek (itxuraz arrazoi organikorik ez dutenak) agertzen direnean, atzera-elikatze negatibo bat gertatzen da eta alarmarako prozesu biologikoak berriro piztu eta sintomatologia bikoizten du horrek.
Estresari aurre egiteko tresnak
Estresaren sintomak gure bizitza kalitateari kalte egiten hasten direnean eta sufrimendu psikologikoa eta suminkortasuna eragin, laneko etekin maila gutxitu, kontzentratzeko gaitasuna jaitsi, lorik egin ezina edo errealitatearen ikuspegi ezkorra agertzen direnean, espezialisten laguntza eskatu beharra dago.
Ezin zaie estresa eragiten duten egoerei etengabe ihes egin. Noizbait aurre egin behar zaie, eta horretarako badira tresna baliagarriak, profesional kualifikatuengandik hartuz gero. Hona hemen tresna horietako batzuk:
- Botikak: lasaigarri edo depresio aurkakoak (beti medikuaren aginduz), antsitatea murrizteko egokiak dira. Oso baliagarriak dira sintomak bakarrik ez baina estresaren arrazoiak desagerrarazten laguntzen duten beste tratamendu batzuekin osatuz gero.
- Erlaxatzea: arnasketa sakona ¿oxigenatze egokia bermatzen duena¿ eta giharrak lasaitzea bateratzen dituzten teknikak. Ongi oxigenaturiko burmuina, eta giharrak erlaxatzearen ondoriozko ongizatea antzematen duena prestatuago izango da errealitate arazotsua era baikorrean ikusteko. Teknika asko dago, baina baztertu egin behar dira pazienteak ezagutzen ez duen pertsonalitatearen manipulazioa dakartenak eta paranormalak edo zientifikoki frogaezinak direnak.
- Teknika kognitiboak: adituek artikulaturiko metodo psikologikoak. Sufritzen duenaren pentsamendua berregituratzen saiatzen dira, ondoeza sortzen dioten egoerak egoki interpretatzen ikas dezan.
- Masajea: giharrak lasaitu eta odol-zirkulazioa estimulatzen du. Fisiologikotik hasi eta masaje sentsitiborainoko teknikak daude.
- Hidroterapia: Ura, presio eta tenperatura egokian, elementu lasaigarria da. Ur termalak dituzten bainuetxeetako terapiak eta talasoterapia puri-purian jarri dira berriro.
- Musika-terapia: musika erabiltzen du (normalean instrumentala eta goxoa) elementu lasaigarri gisa.
Estresaren prebentziorako aholkuak
- Behar adina lo egin. Normalena zortzi ordu izaten da, baina pertsona bakoitzaren arabera aldatzen da. Loak berritzailea izan behar du eta ohetik jaikitzean deskantsaturik sentitu behar dugu.
- Ariketa fisikoa egin: pertsona bakoitzaren adinera eta egoerara egokitua baldin bada, lagungarri izaten da tentsioak askatzeko eta endorfinak gehitzen laguntzen du; substantzia horrek plazerezko sentsazioak sortzen ditu.
- Elikadura zaindu. Ez bakarrik dieta orekatua izatea, baita jateko behar adina denbora hartzea ere.
- Lasaitzeko teknikak. Egunean hamabost-hogei minutu hartzea komeni da teknika horiek praktikatzeko. Teknikoak ezagutzen ez badituzu, eskatu informazioa. Egunero siesta labur bat egitea da beste aukera bat.
- Denbora ongi antolatu. Arineketan ibiltzeak, presak eta lanak antolaketa gabe pilatzeak estresa eragiten dute. Gauza bakoitzari bere denbora eskaini behar zaio, geure buruarentzat ere denbora hartzea ahaztu gabe.
- Bereiztu lana eta bizitza pertsonala. Ez eraman lanik etxera eta ikasi lanean ez zaudenean lanaz ahazten. Aukera bat: egun bakoitzerako beste “betebehar” batzuk aurkitzea.
- Norbere gauzak komunikatzen ikasi. Konfiantzazko pertsonekin gure arazoetaz hitz egiteak lasaitu egiten ditu barne-tentsioak.
- Hautsi monotonia. Tentsio emozionalarekin batera datorren faktorea izaten da errutina eta insatisfakzioa eta asperdura sortzen ditu. Bila ditzagun egunero egiteko gauza desberdinak.
Koadro honetan agertzen diren zifren baturak urte batean 150 gainditzen badu, pertsonak %50eko aukera du estresa izateko. 300etik gorakoa bada, %90era iritsiko da.
- Ezkontidearen heriotza: 100
- Dibortzio: 73
- Ezkontideagandik banantzea: 65
- Kartzela: 63
- Familiako hurbileko norbaiten heriotza: 63
- Gaixotasun larria: 53
- Ezkontza: 50
- Familian kide berri bat izatea: 47
- Finantza egoeran aldaketak izatea: 45
- Adiskide min baten heriotza: 45
- Lan mota aldatzea: 44
- Familian liskarrak gehitzea: 40
- Diru-galera garrantzitsua izatea: 39
- Hipoteka edo mailegua epemugara iristea: 39
- Legearekin arazoak izatea: 37
- Aparteko arrakasta pertsonal bat izatea: 36
- Ezkontideak lana utzi edo lanean hastea: 35
- Ohitura pertsonalak aldatzea: 35
- Nagusiekin arazoak izatea: 31
- Lanean aldaketak izatea: 30
- Lo egiteko ohiturak aldatzea: 29
- Oporrak: 28