Elikagai berriak, alergia berriak
Estatu espainiarreko biztanleriaren %20ak nozitzen omen du elikabidearen ondoriozko alergiaren bat eta, areago, hemendik hogei urtera, Europako bi herritarretik batek nozituko omen du alergia horien eragina. Egin berri diren azterketek garbi asko adierazten dute “beste urte sasoi bateko” elikagaiak urte osoan aurkitzeko aukeraren eta alergeno (hau da, alergiak sortzen dituzten substantzia) berrien agerpenaren arteko erlazio zuzena. Joera horri, prozesu horietan gizakiak agertzen duen sentsibilitate handiagoa erantsi behar zaio: izan ere, dieta lokaletan tokian tokikoez gainera, kanpoko elikagaiak sartu baititu merkatuen globalizazioak. Printzipioz behintzat, patologia hori arriskutsua ez den arren, alergia baten diagnostikoa eman arteko bide bihurri eta luzeak kontsumitzailearengan sortarazten duen kezka eta larritasuna kontuan hartzeko modukoak dira. Horrenbestez, gogoan izan dezagun, ama-esnearen bitartez norberaren defentsa naturalak indartzeko lehen urteak funtsezkoak direla eta, era berean, garrantzi handikoa dela alergiek eragin ditzaketen ondoez, beherako, gorako edo bestelako koadro klinikoen zergatiak aurkitzen lagun dezaketen arrisku handiko elikagaiak ezagutzea.
Zer da alergia?Elikagai jakin batekiko alergia eta jakien aurreko intolerantzia nahasi egiten ditugu maiz. Bata eta bestearen arteko aldea garbi dago, ordea: alergia gertatzen denean, gizakiaren sistema inmunitarioak erreakzioa sortarazten du; intolerantzia dagoenean ez da horrelakorik agertzen.
Elikagaiak ezin pairatzea (hau da, intolerantzia), kasurik gehienetan, metabolismoaren asalduren ondorio izaten da (batere entzimarik ez izatea edo behar bezainbestekoak ez behintzat). Jatorri genetikoa duten edo urteen poderioz garatu diren asaldura horiek, elikagaiek dauzkaten substantzia jakin batzuen liseriketa, asimilazioa eta aprobetxamendua egitea galarazten diete pazienteei. Gaitzak agertzen dituen sintomak era askotakoak dira: urdaileko minak (haize-mina, beherakoa, hesteetako kolikoa), zefalea, bero-sentsazioa, etab.
Elikagaien kontrako alergia, berriz, gizaki gehienek onartzen duten substantzia jakin baten (alergenoaren) aurrean sistema inmunitarioak erreakzionatzen duenean jazotzen da. Alergenoa, elikagai baten proteina zehatz bat da, batik bat: pazientea “joko” du proteina horrek, substantzia hori irentsi, ukitu edo inhalatzean. Erreakziorik ohikoena, IgE antigorputzak (E inmunoglobulina) sortzea izaten da. Honelako alergiek betetzen duten prozesua hurrengo eran agitzen da, gutxi gorabehera: alergia sortarazten duen elikagaia irensten den lehendabiziko aldian, produktu horren proteinaren baten kontra zuzendurik doazen berariazko IgE izenekoak ekoizten ditu organismoak. Hurrengoan, antigorputzek janariaren aurka erreakzionatzen dute, histaminaren (pozoi edo toxina batek sortarazita, larruazal edo mukosetan eragindako kalte baten ihardespen gisa, organismoak ekoizten ¿eta inflamazio gisako erreakzioa sortaraziko¿ duen substantzia) eta alergiaren sintomak gertarazten dituzten bestelako substantzia kimikoen (“artekariak” derizte horiei) produkzioa areagotuz.
Tratamendua
Dietaren bitarteko tratamendua da eraginkorrena: alergia sortarazten duen elikagairik ez hartzea da kontua. Horrela lor daiteke sistema inmunologikoa urte batzuen buruan normalizatzea eta, asko-askotan, hasiera batean alergia sortzen zioten elikagaiak haurrak azkenean onartzea. Hala eta guztiz, elikagaiak baztertzeko sistema horrek eragozpenak ere ekar ditzake, hainbat gai alergeno ez baitira etiketetan agertzen (ezkutuko elikagaiak). Izan ere, indarreko arautegiaren arabera, elikagai edo substantzia batzuk etiketan sartzeko premiarik ez dago ikuspegi legaletik, kopuru txiki-txikitan agertzen direnean.
Elikagai problematikoenak
- Behi-esnea. Esne-proteinen kontrako errefusak sortzen du alergia. Kaseina da proteina horietako bat, jende askorentzat liseritzeko nekeza, oso tamaina handiko molekula delako. Tratamendu eraginkor bakarra, horrelako proteinak zeharo baztertzen dituen elikabide zorrotza betetzea da. Esnearen ordez, pertsona horiek bestelako proteina-iturriren batez hornitutako elikagaiak (soja-esnea) edota biziki hidrolizaturiko bestelako formulak (kaseinaren tamaina dezente txikiagoa denez, pertsona horiek errazkiago liseri dezakete) har ditzakete. Zatika hidrolizaturiko formulak (kaseina, oraindik ere, pertsona horiek asimilatzeko bezain txikia ez baita) ez dira behin ere baliatu behar esnearen kontrako alergien tratamenduan, horien proteina parte batek bere ahalmen alergeniko osoa izan dezakeelako. Gerta litekeena da inoiz edo behin alergia hori ez diagnostikatzea; horrelakoetan, bestelako elikagaien kontrako alergiak ere sortzeko aukera izaten da.
- Arrautza. Zuringoaren proteinak dira arriskutsuenak. Alergia mota hau bi urterekin agertzen da umearengan eta hasi denetik bi edo bost urtera suntsitzen da. Aplika daitekeen tratamendu bakarra arrautza ez kontsumitzea da. Nolanahi ere, arrautza-aztarnak dituzten produktuak hamaika dira eta, goian esan dugun bezala, oso litekeena da etiketan horrelakorik ez agertzea.
- Gazta ondua. Alergia, produktu honek dauzkan esne-proteinek sortaraz dezaketen arren, tiramina izeneko amina (hau da, gure organismoak gazta hartzi eta onduen proteinak baliatzen dituenean agertzen den substantzia) batek erreakzio alergikoen agerpena lagundu egiten du.
- Arrain eta itsaskiak. Erreakzio alergikoen eragileak dira arrain eta itsaskien proteinak berak, horien mamia usteltzean sortzen den histamina eta arrainak kutsatzen dituen Anisakis simplex parasitoa.
- Espeziak. Alergiarik sor dezake espeziak ukitzeak, irensteak eta darien hautsa inhalatzeak.
- Fruitu lehorrak. Erreakzio alergikoak haurretan batik bat sor ditzakete, ekzema gisa agertzen direlarik.
- Frutak. Kiwia, papaia, aguakatea, banana, marrubia, mugurdia eta andere-mahatsa dira alergiaren eragiletzat gehienetan hartuak izan diren frutak.
Erreakzio gurutzatuak
Elikagai batekiko alergiaz aritzean, pertsona sentiberetan erreakzio alergikoak sor ditzaketen elikagai “alergi sortzaileak” familiaka antolatuak daudela izan behar dugu kontuan. Bestela esateko, behi-esnearen kontrako alergia duen pertsona batek sentsibilizazio handiagoa agertuko du behikia (idiskoa, txekorra, behia, etab.) kontsumitzean. Txokolatearekiko alergia nozitzen duena baliteke kakaoarekin eta kolarekin ere alergikoa izatea. Ilarren familian, barazki horrez gainera, kakahueteak, indaba lehorrak, makilgoxoa eta goma tragakantoa (E-413) ere sartzen dira. Arrosaren familiako kideak dira marrubiak, masustak, mugurdiak eta honen beste barietate batzuk ere.
Alergeno berriak
Egunero aurkitzen dituzte substantzia alergenoak. Alergia-kasu gehienen erantzukizuna aditiboek (koloratzaileak, kontserbatzaileak eta antioxidatzaileak) izaten dute. Alergia prozesua botika jakin batzuek eragina izatea den-denetan baztertzeko modukoa den arren, pazienteak ¿umeak, eskuarki¿ era askotako jarabeak hartu ondoren urtikaria edo erupzio ahulagoak agertzen dituenean, oso litekeena da botika horrek dauzkan aditibo, koloratzaile edo usaintzaileen kontrako erreakzio alergikoa izatea. Horrelako erreakzioak nekez azaleratzen dira aurreneko hartualdietan, tratamenduak aurrera egin ondoren baizik. Erreakzio horiek, izan ere, dosi-mendekoak dira, hau da, zenbat eta jarabe gehiago irentsi, orduan eta erraztasun handiagoz agertuko zaizkio sintomak pazienteari.
Alergia eta kirola
Egoera jakin batean, elikagai batengatiko erreakzio alergikoa gerta dadin premiazkoa izaten da produktua hartzeaz gainera, beste baldintza bat betetzea ere: ariketa fisikoa egitea, hain zuzen. Ariketa bidez induzitutako elikagaien ondoriozko alergia deritzo eta 1980 inguruan hasi zen gaitza ezagun bihurtzen. Erreakzio hori nozitzen duten pertsonek elikagai zehatz bat ¿sagarra eta muxika dira prozesu hau induzitzen duten frutetako bi¿ irensten dute, kirolean hasi baino lehentxeago. Ariketak aurrera egin ahala eta gorputzeko tenperatura gora igotzen den heinean, hazkurak, zorabioak eta alergiek bere-berezkoak dituzten beste sintoma batzuk agertzen dira pazientearengan, hala nola urtikaria eta hanpadura. Gaitz honi aurrea hartzeko modua arrunt soila da: elikagai kezkagarri horiek ez hartzea kirolean hasi aurreko bi orduetan, alegia.
- Elikagairen batek alergia sortzen dizula uste baduzu, galdegin sendagileari; ez egin esperimenturik egia zein den asmatzeko.
- Alergia zein elikagaik eragiten dizun baldin badakizu, ez kontsumitu horrelakorik.
- Irakur ezazu produktuen etiketan nolako osagaiak agertzen diren (arrautzaren aurkako alergia nozitzen duenak hobe du bestelako osagai batzuk ere ez hartzea, hala nola albumina, lisozima eta lezitina, soja-lezitina dela adierazten ez bada, behintzat).
- Jakinaraz iezaiezu gainontzekoei alergia nozitzen duen pertsonaren egoera zein den (haurra bada, esate baterako, eman horren berri irakasleei, zaintzaileei, etab.).
- Etxetik kanpo bazkaldu edo afaldu behar baduzu, galde ezazu janariek nolako osagaiak dituzten. Zalantzarik izanez gero, hobe da dudako hori ez hartzea.