Barne aldeko uren kalitatea, konpondu beharrekoa
Geografia guztian zehar, eta ez itsas ertzean bakarrik, bainurako leku natural ugari dago, baina horietako uraren kalitatearentzat gero eta mehatxuzkoagoa da gizakiaren jarduna. Hala ere, ingurumen-hondamena gehitu ahala, areagotu egiten da uraren osasungarritasunak eragiten duen kezka eta era guztietako instituzioak ¿Europako Batzordetik hasi eta Osasun Ministro, autonomia erkidegoetako gobernu eta udaletaraino¿ partaide dira ura eta harea edo erreka eta aintziren kasuan ingurune naturala osasun aldetik zaintzeko programetan. 1976ko Europako Direktibak jartzen dituen gutxieneko parametroak zaintzea da kontua, uraren kalitatearen arabera bainurako egoki edo desegoki jotzen baitu leku bat. Baldintza horri harearen egoeraren, ingurunearen zainketaren eta erabiltzaileari eskaintzen dizkion zerbitzuen arabera jartzen zaio kalitate terminoa.
Estatuko Osasun Publiko eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak txosten bat bidaltzen du Europako Batzordera, bainurako uren kalitateari buruz eta horri esker kalifikatzen da egoera hidrografikoa; udalak, berriz, behartuta daude aldian behin bainu-guneetako uraren kalitatearen berri ematera.
Aldizkako laginak
Espainiako estatuak 2.800 hondartza ditu izen horrekin erroldatuta eta ehunka bainu-leku barrualdeko ibai, estuario eta hezeguneen inguruan. Hondartza gazi edo gezen osasun kalitate eta egoerari buruzko informazio sistemaren erantzule Osasun eta Kontsumo Ministerioa den arren, autonomia erkidego bakoitzak bere programa dauka gune horien kontrolari buruzko datuak eman eta biltzeko. Bainu-denboraldian zehar ur-laginak hartzen dira ibai, estuario eta hezeguneetan, gutxienez 15 egunean behin, eta bereziki bainularien dentsitate handieneko lekuetan. Udalei bertako hondartza, itsasertz eta ingurunearen kalitatea zaintzearen ardura ematen zaie eta garbitasun eta osasun aldetik egoera onean zaintzeaz arduratu behar dute. Gainera, uraren egoera zein den publikoki aditzera emateaz arduratzen dira: bainurako egokia edo desegokia den esateaz.
Bainatzeko behar den kalitatea
Bainurako urari eskatzen zaizkion gutxieneko kalitate irizpideak substantzia kutsagarriei buruzkoak dira, izaera mikrobiologiko eta fisiko-kimikoak hain zuzen ere. Irizpide horiek bi parametro ezartzen dituzte uraren kalitatea erabakitzeko: gida balioa eta balio inperatiboa. Kutsadura mailak gida balioaren azpitik baldin badaude, uraren kalitatea oso ontzat eta bainurako egokitzat jotzen da, substantzia kutsagarri gutxi edo ia bat ere ez duelako. Kutsadura mailak balio inperatiboa gainditzen badu (horixe baita gehienez onartzen dena) Osasun Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak gunea bainurako egokia ez dela esaten du, gai fekalak, alkitrana, plastiko edo/eta egurrak eta erabiltzailearentzat arriskutsu diren gaiak dituelako. Sailkapenak ezartzeko ur laginak jasotzen dituzten uda garaian zehar teknikariek aldian behin eta Osasun Publikoko laborategian aztertzen dira.
Udalak, informazioa ematera beharturik
Hondartza, ibai, urtegi edo erreketako igerilekuak dituzten udalerriak behartuta daude erabiltzaileei leku horietako uraren egoeraren berri ematera. Horretarako, bainu-denboraldian zehar uraren osasun-kalifikazioa erabakiko duten baldintzak bete behar dira. Derrigorrezko parametroak (gida balioa eta balio inperatiboa) kontrolatu behar dira, baina baita uraren kolorea, olio-mineral, substantzia tentsoaktibo, alkitran eta abarren presentzia eta uraren gardentasuna ere. Detektaturiko maila gida balioaren azpitik baldin badago, (100 unitate ur beltzetako koliforme ehun mililitro bakoitzeko) uraren kalifikazioa “oso egokia” izango da eta kalitatea “oso ona”. Gida balioaren eta balio inperatiboaren artean baldin badago (2.000 unitate ehun mililitroko), hondartza “gai” izango da eta kalitatea ona. Mailak balio inperatibotik gorakoak diren kasuan bakarrik kalifikatuko da ura bainurako “desegokitzat”.
Zer adierazten du hondartzetan bandera urdinak?
Bandera urdinak 1985ean agertu ziren lehen aldiz Frantziako hondartzetan, osasun aldetik paregabeak izateaz gain ingurumena errespetatzen zuten kostako lekuak izendatzeko. Gaur egun Europako 21 herrialdetako itsasertzeko ehunka puntutan ikus daiteke ikono hori. Ingurumen Heziketarako Europako Fundazioak jaso zuen ideia eta 1987an garatu zen nazioarte mailan, Ingurumenaren Europako Urtean. Ordutik, izaera pribatukoa den baina Europako Batzordearen babesa duen erakunde horrek bandera urdinak banatzen ditu ekainaren hasieran, ikur hori lortzeko interesa azaldu duten tokian tokiko agintarien eskaerari erantzunez. Orain arte Belgikak bakarrik sartu du bandera urdina barnealdeko bainu-lekuetan, baina urte gutxian neurri hori Europa osora hedatzea espero da.
Hondartzetan bandera urdinak konfirmatu egiten du kostaldeko uraren kalitate bikaina, bertako zerbitzu eta instalazioen segurtasuna eta udalerriak eskaintzen duen ingurumen arloko heziketa. Uraren kalitatearengan eragina izango duten industriako isurketarik edo hiri-hondakinik ez egotea baloratzen da, behar adina zakarrontzi eta zabor-edukiontzi egotea eta bainu-garaian zehar auto-lasterketak edo legez kanpoko kanpaldiak antolatzea galarazten duten araudiak izatea. Bandera urdinak segurtatu egiten du hondartza hori bainurako egoki-egokia dela, ura garbi dagoela eta aldian behin analizatu egiten dela, zaborrak bildu eta hondarra garbitzeko sistema dagoela, zainketa eta sorosle lanetan jendea dagoela, edateko ura baduela eta mugikortasun mugatuko pertsonentzako sarbide erraza eta segurua dituela, dutxak eta komunak badaudela eta seinale egokiak dituela.
2000. urtean 700 hautagai aurkeztu ziren eta ADEACek (Ingurumen eta Kontsumo Heziketarako Elkarteak) kontrolak egin eta Epaimahaiak aztertu ondoren, Espainiako estatuan 364 hondartzak eskuratu zuten bandera urdina. Autonomia Erkidegoka, Katalunia izan zen nagusi, 82 banderarekin; atzetik Valentziako Erkidegoak 81, Andaluziak 50, Balear Irlek 46 eta Galiziak 44. Aipamen gutxiago jaso zuten Kanariar Irlek, 23; Murtziak, 14; Kantabriak, 11; Euskal Autonomia Erkidegoak, 9; eta Asturiasek, 4.
Bandera beltz eta berdeak
Talde ekologistek ere banderaren ikurra ezagun bihurtu dute, baina kolorea aldatuta. Beltza eta berdea erabiltzen dituzte erabiltzailearen arreta erakartzeko, eta hondartzen kalitatea uraren egoeraren menpe bakarrik ez dagoela adierazteko. Urak adina garrantzi du garapen ekologikoak ere eta itsasertzek oraindik jasaten duten kutsadura eta degradazio maila konpondu eta zuzenduko duten neurriak eskatzea da ekologisten asmoa. Hirigintza aldetiko erasoak eta hondartzen garbitasuna ere kontuan izan beharreko parametroak direla uste dute, uraren egoera ona baldintza ukaezina den arren, kostaren ingurumen-osasuna delako Rio de Janeiroko Lurraren Gailurretik atera ziren “garapen jasangarriaren”·aldeko konpromisoetako bat.
Bainurako urek 2000. urtean izan zuten kalitatea aztertzen duen 2001eko maiatzean Europako Batzordearen txostenak dio Espainiako estatuko itsasertzeko uren %98,1ak bainurako “kalitate onargarria” azaldu duela, hau da, aurreko urtean baino %0,4 gehiago. Gainera, horien artetik, %88,7k kalitate oneko uraren maila erdietsi zuen. Hala ere, Espainiari eguneko 7,6 milioi pezetako isuna jartzea eskatu zion Batzordeak Europako Justizia Epaitegiari, barnealdeko bainurako uren kalitatearen inguruan Europan dagoen araudia betetzen ez duelako. Isuna ez da galdatu ahal izango Bruselak onartutako errekurtsoak Gortean epaia izan arte eta hori ez da 18 hilabete baino lehen gertatuko; horrenbestez, estatuko agintariek denbora gutxi dute ahal den neurrian egoera hori konpondu eta isuna saihesteko. Batzordeak adierazi zuen barnealdeko urek erdipurdiko emaitzak eman dituztela eta gero eta ibai eta aintzira gutxiago har daitekeela bainurako egokitzat (2000. urtean barnealdeko 14 bainu-puntu desagertu ziren, 5 berri sortu baziren ere). Azterturiko 202 bainu-gune kontinentaletatik, %79,2k kalitate onargarria erakutsi zuten, baina %31,2k baino ez zuen lortu “kalitate onekoa” definizioa.