Hobe, antena kolektiboari konektaturik
Berariazko entseiuak eginez, laboratorioak hurrengo zortzi atalak aztertu ditu: antena eramangarria erabiliz, emisora sintonizatzeko kalitatea, aparatuen kontrol-panela, teleagintearen prestazioak, irudiaren eta soinuaren kalitatea, pantaila-mota eta bestelako ezaugarri fisiko zenbait, energi kontsumoa, beste aparatu elektrikoren bat sarean konektatzearen ondoriozko interferentziak, erabiltzeko argibideak, berme edo garantia, eta aparatuaren eraikuntzari zein elektrizitate-alderdiari dagokien segurtasuna.
Ondorio nagusiak hauek dira: araua denek betetzen dute segurtasunari dagokionez, erabiltzeko errazak dira, bukaera ona agertzen dute, irudi zein soinuaren kalitate ona ematen dute (aparatu estereorik ez dago, aztertutako hauetan), eta energi kontsumo apala egiten dute. Telebista aparaturik hoberena Sony da (garestiena), irudiaren eta soinuaren kalitate bikaina eskaintzen duelako, batez ere. Pantaila zilindrikoa du, gainontzeko laginetako esferikoa baino hobea, teorian behintzat. Nabarmentzekoa, era berean, Philips (29.016 pezeta) markakoa, laboratorioan oso emaitza onak erdietsi zituelako eta, era berean, gutxien kontsumitzen dutenetako bat baita.
Beste egiaztapen baten berri jaso dezagun, aparatu bakar batek ere ez ditu kanal guzti-guztiak sintonizatzen bere antena teleskopikoarekin: telebista antena kolektiboan konektatzea komeni da kasu guztietan. Bi modelotan irregulartasunak ere hauteman ziren: Nokia firmakoak zekarren erabilerarako gidaliburua marka bereko beste modelo bati zegokion; lagin horretako kablea arauaren araberakoa zela egiaztatuko zukeen ohar edo zigilurik ez zegoen; bukatzeko, aparatu horrek ez zuen bermerik eta beste gainerakoena urtebetekoa zen. Samsumg markakoa, aldiz, ez zegoen elkargarritasun elektromagnetikoari dagokion arauaren arabera egokitua (beste aparaturen bat sarean konektatzen denean, telebista horrek interferentziak agertzen baititu).
Hobe, antena kolektiboari konektaturik
Honelako telebistak eramangarriak direnez, antena teleskopikoa ohi dauka aparatuak berak, emisorak hartzeko. Samsung eta Sony laginek daukaten antena bikunari esker, emisoreetako seinalea hartzeko unean osagai horren orientazio hobea lor daiteke. Halaz ere, bere antenarekin kanal guztiak hartzen dituen telebista bakar bat ez dago aztertutakoen artean; areago, kanal bakoitza behar den moduan hartzeko, antenaren jarrera aldatu beharra dago.
Telebistaren norabidea egokitzeko plataforma dakar Sony markakoak. Kanaletako banda bakoitzean egiten den emisoren harrera (gehieneko antenari eta seinale ahulari dagokiela) on-ona da Sanyo eta Samsung markakoetan; gainerakoetan, onargarria baizik ez. Pantailaren erdiguneko eta lau izkinetako luminantzi mailak ere on-onak dira, irudi zuria agertzen denean (distiraren kontrola maila altuenean eta ertainean ezarrita) Samsung, Sanyo eta Grundig laginetan; Panasonic markakoaren emaitzak txarrak dira eta gainerakoak, azkenik, onargarri edo onak.
Beste alde batetik, telebista aparatu hauetako kontrol-botoi edo teklen kopurua (teleagintekoak kontuan hartzeke) bost eta zazpi bitartean dagoela, Sony da tekla gehien agertzen dituena. Piztu, itzali, programa eta bolumena aldatzeko tekla funtsezkoak denek dituzte. Grundig eta Nokia laginetakoek ez dituzte distira, kolore, kontraste, kanalen sintonizazio, kanalen programazio eta menurako sarbideko botoiak aparatuan bertan. Sony eta Thomson laginek ez dute kanalak sintonizatzeko eta menuan sartzeko aukerarik ere ematen; Thomson markakoak ez du kanalak programatzeko funtziorik agertzen. Sony firmakoak bakarrik du sintonizazio automatikoa. Nokia eta Thomson laginek, aparatua haurren okerreko erabileratik babesteko, telebistaren jarduera eragozten duen funtzioa eragiteko aukera ematen dute. Aparatu denek dute eurokonektagailua (bideoa, hi-fi aparatua, bideokamera, dekodifikatzailea edo satelite bidezko errezeptorea telebistan konektatzea ahalbideratzen duena) eta (Samsung laginak izan ezik) aurrealdean denek ematen dute 3,5 mm-ko kasko edo aurikularrak konektatzeko aukera. Panasonic eta Sony markek RCA audio eta bideorako sarrera ematen dute.
Teleagintea
Aparatu guztietako teleaginteek 1,5 voltioko bi pilarekin funtzionatzen dute. Teklen kopurua aldatu egiten da, telebista batetik bestera: gutxien daukatenak Panasonic eta Philips dira (23); Grundig, berriz, botoi-kopuru handienekoa (30) dugu. Soiltasun eta ergonomiagatik errazkien maneiatzen den teleagintea Philips laginekoa da, ondotik Panasonic markakoa datorkiola. Erabiltzeko zailena Grundig da, funtziorik gabeko sei botoi dauzkalako eta kanalen sintonia hartzea gaitzena duelako. Funtziorik gabeko teklak agertze horren zergatia, fabrikatzaileak, 14 hazbeteko telebista hauentzat modelo handiagoen teleaginteak aprobetxatzea izan liteke. Teleaginte guztiek dituzten funtzioak hauek dira: bolumena, aurreko edo ondorengo programan sartzea, programa-aldaketa zenbaki bitartez, distira, kolore, sintonia eta kontraste-kontrola, pausa (dagokion argi eta guzti), soinua erabat kentzea, epe jakin baterako deskonexioa, sintonia bilatze automatikoa eta pantailako ikurrak agertzea. Beste funtzio batzuk, ordea, ez dituzte denek eragiterik.
Sanyo, Sony eta Thomson dira koloreen normalizazioa egokitzeko botoiak dituzten bakarrak (hau da, koloreen egokitzapen automatikoa, fabrikatzailearen irizpideen arabera); Nokia eta Sanyo laginek, lehenago sintonizaturiko kanalera igarotzea ahalbideratzen duen kanale-konmutazioa sartu dute. Denek, Grundig, Philips eta Thomson laginek izan ezik, kanal-zenbakia zuzen sintonizatzeko eta sintonia fina egokitzeko funtzioak dituzte. Grundig eta Nokia markakoek dekodifikatzaile digital-analogikoa (D/A) eskaintzen dute eta denek, Panasonic, Philips eta Sanyo firmetakoek izan ezik, bost-hamar minututan seinale gabeko deskonexioa eragin eta kanalen kopurua mugatzea ahalbideratzen dute; Sanyo laginak bakarrik du pizteko funtzio autoprogramagarria (24 ordu) eta esnagailu funtzioa. Samsung da teletestua daukan bakarra. Grundig eta Sanyo laginetako teleaginteek bideo funtzioa dute eta marka bereko bideoa maneiatzeko ere balio dute. Azkenik, Grundig eta Samsung laginei dagozkien teleaginteek baterako zein besterako balio dute. Teleaginteak maneiatzeko unean (pilak aldatzeko erraztasuna, portapilaren diseinua eta teleagintearen sendotasuna), Panasonic, Philips eta Sony laginetakoei emaniko balorazioa “oso ona” izan zen bitartean, Nokia laginekoa “erdipurdi” mailaraino bakarrik iritsi zen, zirkuitulaburrak erraz sor ditzakeen portapilaren diseinu okerra zela medio. Gainontzeko laginetakoak ontzat hartu dira.
Pantailak, pisuak, tamainak…
Zazpi telebisten pantaila esferikoa den bitartean, Sony markakoak zilindrikoa du (hobea, teorian behintzat). Hamalau hazbete terminoa, pantailaren diagonalaren neurriari dagokio, hots, 34 edo 35 cm. Luzera 29 eta 30 cm artean dabil eta zabalera, berriz, 21 eta 22 zentimetro bitartean. Pantailaren azalera osoa ez da, ordea, baliagarria. Ertzeko tarte txiki batean (0,1etik 0,6 zentimetro bitartekoa, modeloen arabera) ez da irudirik agertzen. Modelo guztietan, pantailaren formatua 4:3 (pantailaren zabalera eta altueraren arteko erlazioa da hori) da: klasikoa, alegia. Nokia, Samsung eta Sony laginek 16:9 edo formatu panoramikora aldatzeko aukera ematen dute. Hori, Europako beste herrialde batzuetan onartu samarra den arren, estatu espainolean probatan ari dira telebista-katea batzuk. 4:3 formatuko telebistan panoramikora pasatzeak sortzen duen eragozpena garbi dago: egokitzapena egitean zerrenda beltzak sortzen dira pantailaren goialde eta behealdean; telebista eramangarri hauetako pantaila berez txikia izaki, irudi-azalerarik ebasten diote beltzune horiek.
Beste alde batetik, aparatu hauen pisua bederatzi bat kilokoa da eta neurriak ere berdintsuak dira lagin denetan: 33-38 cm.ko luzera, 36-39 cm.ko zabalera eta 32-39 cm.ko altuera. Elikadura-tentsioa 220-240 voltiokoa da, Samsung laginarena izan ezik (honen tentsioa 230 voltiokoa baita), eta frekuentzia, berriz, 50 hertziokoa (Grundig eta Nokia laginena, azkenik, 50/60 hertzio). Aparatuen kanpoko itxura eta bukaera, erabiltzeko eta programatzeko erraztasuna, egonkortasuna, kolpeen kontrako erresistentzia eta ergonomia onartzeko modukoak dira, oro har, salbuespenik ere badagoen arren. Grundig eta Thomson laginak erabiltzeko erraztasunak balorazio apalagoa merezi izan zuen; programatzeko garaian, Grundig, Philips, Sanyo eta Thomson ez ziren maila onera iritsi; Thomson eta Sanyo aparatuen kanpoko itxurak eta bukaerak ez zuten iritzi ona jaso. Sony markako modelo eramangarriaren bukaera, egokitasun eta ergonomia onak nabarmen ditzakegu hemen, plataforma orientagarri baten gainean kokatzen baita; halaz ere, lagin honen egonkortasunari nota apalagoa eman zitzaion.
Kontsumoan, alde handiak
Telebisten ezaugarri-plakan adierazitako potentzia, Panasonic laginaren 33 vatiotik Samsung markako aparatuaren 75eraino doa. Aparatua pizturik dagoenean neurturiko potentzia 42 vatiotik (Panasonic) 59 vatio bitartean dabil (Samsung): horrenbestez, desmailak ez dira handiegi. Pausa jarreran potentzia handiena agertzen duena Grundig da, 8,8 vatiorekin: altu-altua, Panasonic laginak duen 0,9 vatio horren aldean, batez ere. Gainontzekoena aldatu egiten da, laginen arabera: 3,6 vatio (Thomson) eta 5,5 watio (Sony) tartean. Modelo guztien etekina arauaren araberakoa da.
Pizturik gehien kontsumitzen duena Samsung da (55 vatio orduko); energia gutxien gastatzen duena, aldiz, Panasonic (37 vatio orduko). “Pausa” jarreran kontsumo handiena egiten duena Grundig dugu, 8,8 vatio orduko eta beste muturrean, berriz, Panasonic (0,9 vatio orduko). Gaurregun kilowatioa 14,6 pezeta kostatzen dela kontuan izaki, telebistak 4 orduz funtzionatu eta 20 ordu pausa jarreran eman ondoren, Grundig laginak 5,4 pezeta gastatuko lituzke, hots, Panasonic markakoaren bi halako eta gehiago. Gainerakoen gastua 3,9 eta 4,7 pezeta bitartekoa litzateke. Beste alde batetik, aparatuekin entregatzen den elikadura-kablearen luzera 162 eta 200 zentimetro bitartekoa da, laburrena Sanyo laginarena eta luzeena Sony aparatukoa direlarik. Hari hori aparatuari atxikirik dago lagin guztietan, Grundig markakoan izan ezik: honek independentea du kablea.
Interferentzien gaitza
Irudiaren eta soinuaren kalitatea kaltetzen duten interferentziak ager daitezke telebistako pantailan, aparatutik gertu etxetresna elektrikoren bat funtzionatzen ari denean edo elektrizitate-sare berean beste aparatu elektrikoren bat konektaturik dagoenean. Elektrizitate-sareak berak, elikadura-kablearen edo bitartez, edo antenak ere, bere hariaren bidez, sortaraz ditzakete horrelako interferentziak. Horretan datza elkargarritasun elektromagnetikoa, hain zuzen, horrelako arazorik ez sortzean. Samsung lagina da arauaren araberakoa ez den bakarra eta, sarean beste aparaturen bat konektaturik zegoenean, interferentziak agertzen zituen aparatuak. Halaz ere, “D” motako aparatua da (50 vatiotik gorako kontsumoa egiten duena) eta 2001 urteko urtarrilaren 1era arte salgai egon daiteke dendan. Grundig, Nokia, Philips, Sanyo eta Thomson arauaren araberakoak dira eta, honez gainera, emaitza onak lortu dituzte. Panasonic eta Sony, azkenean, “ongi” balorazioan geratu diren arren, sareko elikaduran elkargarritasun-alorreko arazoren bat agertzen dute: horien frekuentzi gune bat baino gehiago emisio-maila gehieneko baloreetatik gertu dago.
Zortziak dira seguruak
Hainbat entseiu eginez (talka elektrikoak, ihes-korronteak, isolamendu-erresistentzia, zurruntasun elektrikoa, gainezkako tentsioak, atzealdeko estalkiaren erregaitasuna) frogatu zen aparatu hauen segurtasun elektrikoa, indarrean dauden arauen arabera. Emaitzak ikusirik, modelo guztiak arauak xedatutakoaren bat datoz eta, suaren kontrako erresistentzi frogak zortziek gainditu dituzten arren, estalkietako bat bera ere ez zen autoitzalgarri agertu, hau da, garra kendutakoan ez zen aparailurik berez itzali. Horrez gainera, Philips eta Samsung dira zati aktiboak eta irisgarrien artean (antenaren terminala) isolamendurik ahulena dutenak. Telebista aparatuaren karkasaren eta transformadorearen beroketa (azken horixe baita gehien berotzen dena), kasu guztietan ere, onartutakoa baino txikiagoa izan zen. Aparatuen eraikuntza-alorreko segurtasuna frogatzeko, hurrengo alderdiak aztertu ziren: erresistentzia mekanikoa, sarean konektaturiko zatiak, kablea eta larakoa, kanpoko konexioaren gailuak, kanpoaldeko kable malguak, konexio elektrikoak, egonkortasun mekanikoa eta erradiazio ionizatzailea. Denak daude arauak onarturiko parametroen barnean. Panasonic, Samsung, Sony eta Sanyo laginek ez dituzte transformadoreko adostasun-markak agertzen baina, hala eta guztiz ere, arauaren araberakoak dira. Nokia laginaren marka ez da zuzena, elikadura-kableak ez baitu ezaugarrien, ez eta adostasun marken berri jasotzen, legeriak hala agintzen duen arren.
Erabiltzeko argibideak eta bermea
Zortzi laginen gidaliburuetako argibideak gaztelaniaz agertzen dira, ulergarriak dira, eta arauak xedaturiko guztiari buruzko azalpenak daude bertan. Erabilerako gidaliburuetako argibide onenak Sony eta Samsung laginek dakartzatenak dira, ondotik Sanyo eta Panasonic (“onak”) datozkiela; gainontzekoak “onargarriak” baizik ez dira. Atal honetako irregulartasun bakarra Nokia firmak izan du, marka horretako laginaren gidaliburua beste modelo bati baitagokio. Telebista aparatu hori da, gainera, bermerik ez duen bakarra. Gainerakoek, aldiz, urtebeteko garantia eskaintzen dute. Araua oso-osorik betetzen ez duten berme-agiri bakarrak Philips (berme-agirian nahitaez agertu beharreko datuak ezartzeko espaziorik ez duelako) eta Thomson (erostunaren datuak agertzeko espaziorik gabea) laginenak dira. Ordezko osagarriei goazkiela, horrelako jatorrizkoak 12 hilabetez egongo direla bermatzen dute marka denek. Balizko matxurarik sortzekotan, Samsung laginak 178 asistentzi gune eta Sanyo 167 gune adierazten dituzten bitartean, gainerako markek bakarra besterik ez dute iragartzen. Lagin guztiek, amaitzeko, CE marka agertzen dute, horrelaxe baitago derrigortua 1996az geroztik. Laboratorioak egiaztatu duenez, azterturiko laginen ezaugarrien plakan, arauak agintzen dituen datu guztiak agertzen dira, aparatuarenekin bat datoz eta, gainera, espainolez daude. Plaken markak ezabaezinak dira, Nokia eta Philips laginetan izan ezik: hauen ezaugarrien plaka ezabatu egiten da, garbiketa-produktuekin igurtzita.
Laburbilduz
Laburbilduz
- 14 hazbeteko zortzi telebista eramangarri aztertu dira, Grundig, Samsung, Panasonic, Philips, Sanyo, Sony, Nokia eta Thomson markakoak. Zazpiren prezioak antzekoak dira (28.000 pezeta inguru). Sony laginaren prezioa ia 37.000 pezetaraino igotzen da. Zortziek dute teleagintea.
- Ongi eginak daude. Segurtasuna dela eta, araua denek betetzen dute, erabiltzeko errazak dira hein batez (nahiz askok hobetu beharra duten) eta bukaera ona agertzen dute, era berean. Soinuaren eta irudiaren kalitate ona eskaintzen dute (aparatu estereorik ez zegoen laginen artean) eta energi kontsumoari dagokiola, apal dabiltza denak.
- Hoberena Sony da, soinuaren eta irudiaren kalitate handiagatik eta laboratorioko proba guzti-guztiak gainditu dituelako. Pantaila zilindrikoa (teorian, hobea) daukan bakarra da: gainontzekoek esferikoa dute.
- Philips (29.000 pezeta) dugu kalitate-prezio aukerarik onena, laboratorioko entseiuetan emaitza onak eskaini dituelako eta energi kontsumo txikia egiten duelako.
- Bere antena teleskopikoa bakarrik erabiliz, aparatu bakar batek ez ditu kanal guztiak ongi sintonizatzen; beraz, hobe da antena kolektiboaren hartuneari lotzea.
- Irregulartasun urri: Nokia markakoak ez du bermerik, gainontzeko guztienek urtebetea babesten duten bitartean. Lagin horretako gidaliburua marka bereko beste modelo batekoa da. Samsumg aparatuak, bere aldetik, elkargarritasun elektromagnetikoa dela eta, ez du arauak xedatutakoa betetzen: sarean beste aparatu elektrikoren bat konektatzean interferentziak agertzen dira horren pantailan.
- Soinuaren eta irudiaren kalitaterik hoberena Sony eta Samsumg telebistek eskaintzen dute.
- Errazen maneiatzen den teleagintea Philips laginari dagokiona da. Erabiltzeko zailena, berriz, Grundig markakoa. Samsung da teletestua daukan aparatu bakarra.
- Grundig eta Samsung dira kontsumo handienekoak (gutxi, dena den: bost bat pezeta egunean, 4 orduz martxan eta 20 orduz pausa jarreran ezarrita); Panasonic da apalenekoa.
Banan-banan
14 hazbeteko zortzi telebistak, banan-banan
Philips 14 PT1 353
- 29.016 pezeta. Kalitate-prezio erlaziorik hoberena.
- Proba guztietan emaitza onak. Energi kontsumo apala. Marka honetako teleagintea da erabiltzeko errazena. Kanpoko itxura eta bukaera, on-onak. Programazioa konplexu samarra duenez, hobetu beharra dauka.
- Kanal-zenbakia zuzenean sintonizatzeko aukerarik ez du ematen. Berme-agiriko datu batzuk, okerrak.
Sony KV-14 M1E
- 36.971 pezeta, garestiena. Baita hoberena ere.
- Soinuaren eta irudiaren kalitatea, oso ona. Kontsumo ertaina. Kanpoko itxura, bukaera eta ergonomia, on-onak. Sintonizazio erraza. Pantaila zilindrikoa daukan bakarra (gainontzekoek esferikoa daukate). Audio eta RCA bideorako sarrera duen bakarra. Pantailaren formatua aldatu eta panoramikoa jartzeko aukera ematen du (4:3tik 16:9ra); telebista orientatzeko plataforma duen bakarra.
- Egonkortasuna eta emisoren harrera hobetu beharra dauka.
Thompson 14 MG 10 G
- 27.400 pezeta: merkeenetako bat.
- Irudiaren kalitatea, eta aparatua erabiltzeko eta sintonizatzeko erraztasuna, onargarriak baino ez. Beste horrenbeste, bukaera, kanpoko itxura eta ergonomiari dagokienez. Kontsumoa, neurrikoa. Bermeko datu batzuk, oker. Haurren okerreko erabileratik babesteko, blokeatzeko aukera.
- Teleaginteak kanalak automatikoki egoki ditzakeen arren, kanalaren zuzeneko sintonia fina eragitekorik ez du. Programatzeko modua hobetu behar du.
Sanyo CE 14 A1
- 27.369 pezeta.
- Irudiaren kalitatea, bukaera eta kanpoko itxura, onargarriak baino ez. Emisoren harrera, on-ona. Kolpeen kontrako erresistentzia handia. Sintonizazio erraza. Teleaginteak, kanalak konmutatu eta automatikoki egokitzeko funtzioz osaturik, marka bereko bideoak maneiatzeko balio du.
- Programatzeko modua eta argibideak hobetu behar ditu.
Grundig P37-080
- 28.019 pezeta. Irudiaren kalitatea, ongi.
- Soinua, berriz, onargarria baizik ez da, maila altuetan distortsioa gertatzen delako. Pausa moduan kontsumo handia egiten du. Lagin honek du teleaginterik zailena: maneiatzeko eta sintonizatzeko unean, konplexu gertatzen da. Dekodifikatzaile digital-analogikoa dauka. Argibide-liburua ez da ulerterraza. Kanala zuzenean sintonizatzeko eta sintonia fina egiteko aukerarik ez du. Teleaginteak, marka bereko bideoak maneiatzeko balio du.
- Aparatuko argibideak, programazioa eta erabilera hobetzeko modukoak dira.
PanasonicTC-14S4RF
- 28.946 pezeta. Kontsumo apalenekoa.
- Audio eta bideorako RCA sarrera dauka aparte, bideo-kamera bat konektatzeko, esate baterako. Teleagintea, erabiltzeko errazenetakoa. Aparatuari buruzko argibideak eta ergonomia, on-onak. Irudiaren distira eta koloreak, ilun samarrak.
- Kanalen harrera hobetu behar du.
Samsung CB-14 F1T
- 27.273 pezeta, merkeena.
- Irudiaren kalitatea, on-ona. Elkargarritasun elektromagnetikoa ez da arauaren araberakoa (sarean beste aparaturen bat konektaturik dagoenean, interferentziak sortzen dira). Emisoren harrera eta luminantzi mailak, on-onak. Ez du aurikulareentzako irteerarik. Pantailaren formatua 4:3tik panoramikora aldatzeko aukera ematen du eta zoom funtzioa dauka.
- Teletestua duen bakarra. Pizturik dagoenean, gehien kontsumitzen duena.
Nokia MP2 37 M1
- 28.900 pezeta.
- Irregulartasun larregi: garantiarik ez duen bakarra, argibideetako liburua ez dagokio modeloari eta kableak ez du adostasun ofizialen markarik agertzen. Irudia eta soinua, ongi. Haurren okerreko erabileratik babesteko, blokeatzeko aukera dauka. Teleaginte handiak, zirkuitulaburrak erraz sor ditzakeen portapila dauka.
- Dekodifikatzaile analogiko-digitala dauka eta formatu panoramikoa ezar dakioke.