José Antonio Marina, irakasle eta idazlea

"Askatasunak ez luke balore nagusia izan behar"

José Antonio Marina pentsalari humanista, ia edozer gauzari buruz galdetzeko gogoa ematen duen horietakoa dugu; erantzuna bikaina eta ulergarria eta gainera hezigarria izango delako.
1 octubre de 1999
Img entrevista listado 117

Nola definituko zenuke pertsona inteligentea?

Adimenaren funtzioa gizakiaren portaera zuzentzea da, bizitzako egoeretatik ongi atera ahal izan dadin. Zuzen jokatu ahal izateko, lehenik eta behin, gauzak egoki baloratzen jakin beharra dago. Eta hortxe sartzen dira jokoan eta funtsezko dira sentimenduak eta borondatea, gero horren arabera jokatu ahal izateko. Adimenaren gailurra etika da eta ez zientzia. Gaur egun oker ulertzen da adimena: askorentzat pertsona azkarragoa da lehen graduko ekuazioak askatzen dituena familia egoki antolatu eta zoriontsu dena baino, eta nire ikuspuntutik, guztiz alderantziz da. Datozen urteetan zeresana emango duen kontzeptu berri bat “taldeen adimena” da: familiarena, enpresarena, alderdi politikoena eta abar. Adibidez, familia inteligentea, komunikazio arazoak konpontzen dituena litzateke, zoriontsu izateko aukera gehiago izango baitu horrela. Beste muturrean daude gizartearengana hurbiltzeko aukerak murrizten dituzten alderdi politikoak, herritarrak erakartzeko moduko ideia propio edo berririk ez baitute aukezten, adimen sozialik ez dutelako.

Zer da, orduan, pertsona “azkarra” izatea?

Argiago esateko, pertsona azkarra, pertsona argia, zuhurra, berekoia eta bere aldetik doana da. Espainian balio handia ematen zaio eredu horri eta hor ditugu pikaroak eta pikarokeria guztia, tratulariak, finantzetako injineruak, inoren kontu bizi direnak; gizartearen gehiengoak horien antzeko izan nahi luke. Pertsona ospetsu batekin oheratu eta telebistan kontatzeagatik bost milioi eskuratzeko gai diren pertsona azkarrak txalotu egiten ditugu. Tristea da, baina horixe da gaur egungo gazte askoren eredua, kopia eta kaskarkeria.

Zer irizten diozu askatasunari, gaur egun hain gutxi zehaztu eta mundu guztiak goraipatzen duen kontzeptu horri?

Nire ustez hutsegitea da askatasuna gizarteko balore nagusi bihurtzea, edo bestela esanda, balore handiagorik ez dagoela uste izatea. Maxima horren arabera, ez genuke gizarteko desberdintasunei aurre egiteko zergarik ordaindu beharko, nahi duguna egiteko askatasuna baitugu. Hala balitz, justizia, berdintasuna, maitasuna eta beste balore batzuk, adibidez, askatasunaren menpe egongo lirateke eta nire ustez, horren gainetik daude. Gainera, gizakia ez da librea: familia baten baitan eta muga fisiko eta sozial batzuekin jaiotzen da. Benetan garrantzitsua dena askapena da, miseriazko egoeretatik edo politikoki zuzenak ez direnetatik askatzea. Eta gai indibidualagoetan, funtsezko deritzot beldurra, agresibitatea edo sexualitate obsesiozkotik askatzeari. Niretzat, autonomia kontzeptua da garrantzitsuena; hau da, norberak erabakitzen ditu bere helburuak zirkunstantzia guztiak baloratuz eta gero beste pertsona batzuekin lagun egin eta lankidetzan aritzea erabakitzen du. Azken batean, nire askatasuna mugatu egiten dut, nire bizitza beste batzuekin konpartitzea ona iruditzen zaidalako.

Etika eta arrakasta pertsonala kontrajarrita al daude?

Beti -ez orain bakarrik- edozerk balio izan du garaipena lortu ahal izateko. Baina kontuan izan behar da zuzenak ez diren garaipen guztietan norbait geratzen dela kalteturik. Giza-adimenak asmatu duen irtenbide multzo gisa defini liteke etika. Baina bere arazoak konpontzeko edo arrakasta lortzeko balore etikoak gainditzen dituenak “oihaneko legea” ezartzen du. Horrela, “edozerk balio du” pentsakera nagusitzen da eta izaki krudel bihurtzen gara.

Egia al da gazteriak kolektibotasunerako baino norbanakotasunerako joera handiagoa duela dioen topikoa?

Gaur egungo gazteak oso indibidualistak dira, taldearengan pentsatu eta solidarioki parte hartzen dutenak- GKEetan adibidez- badauden arren. Baina egia da gazteria oso indibidualista dela eta horren zergatia bizi dugun eszeptizismoan bilatu behar da. Ekintza indibidualak ez duela ezer aldatuko uste dute gazteek, eta beraz, ekintza alperrikakoa dela eta borroka horretan atzera egiten dute, izaki pasibo bihurtzen dira. Hori zuzendu ahal izateko, hezkuntza prozesuen hutsuneak konpondu behar dira eta gutako bakoitzak gizartea hobetzeko zerbait eskain dezakeela dioen ideia berreskuratu. Taldearen inteligentzia aktibatzea lortu behar dugu eta ekintzak komunitate osoarentzat emaitza positiboak sor ditzakeela sinistu.

Zer garrantzi dute zure ustez komunikabideek gure portaerak sortzeko prozesuan?

Telebistak ohitura batzuk modan jartzen ditu eta gizartearen gehiengoak naturaltzat hartzen ditu. Guztia (albisteak, eztabaidak, leihaketak…) ikuskizun bihurtzen ditu eta horrek lelotze orokorra du ondorio; eta beste gauza bat gainera: ekintzarik eza bultzatzen du. Pertsonei gero eta zailago egiten zaie euren borondatez arreta jartzea. Adibidez, gaur egungo umeek kanpotik norbaitek dibertitzea eskatzen dute: eurek ez dute parte hartzen, begiratu bakarrik egiten dute. Argudio idatziak ulertzen ez dituzten gazteak aurkitzen ditut gero eta gehiago, irudiaren bidez jarraitzen ohituta daudelako, eta modu horrek nekez azal dezake kontzepturik.