Ikastetxe kontzertatuak publikoak baino hiru aldiz garestiago gurasoentzat
Emaitzen arabera, aurtengo ikasturtean Lehen Mailako Hezkuntzako ikastetxe publiko batek batez beste urtean eta ikasleko 14.500 pezeta kobratuko ditu; ikastetxe kontzertatu batean, berriz, hiru aldiz gehiago eskatuko da, 46.300 pezeta, itxuraz behintzat gehiegizko kopurua, kontuan izaten bada aztertutako zentro kontzertatuek jasotzen dituzten laguntza publikoek aurrekontuaren %88 ordaintzen dutela. Harritzeko da, bestalde, seme-alaben heziketa dirulaguntza publikorik gabeko ikastetxe pribatuen esku uzten dutenek urtean ordaindu behar izaten duten neurriz kanpoko kopurua: urtean batez beste 400.000 pezeta ikasle bakoitzeko.
Bigarren Mailako Hezkuntzan garestixeagoak dira prezioak, baina joera berbera da: 20.000 pezeta batez beste eskola publikoetan, 54.000 pezeta kontzertatuetan eta 463.000 pezeta pribatuetan. Bestalde, eskola publikoetan garraioa sarritan Administrazioak diruz laguntzen duen arren, gurasoek eskola publiko, kontzertatu eta pribatuetan eskolatze, jangela eta autobus kontzeptuengatik ordaindu behar izaten duten batez besteko 96.500, 214.300 eta 626.100 pezetakoa da, hurrenez hurren, Lehen Mailako Hezkuntzan. Bigarren Mailako Hezkuntzan, urtean 124.500 pezeta eskola publikoetan, 220.000 pezeta kontzertatuetan eta 686.100 pribatu hutsetan.
Bestelako ondorio gisa: eskola publikoetan ordaindu beharreko prezioak oso ezberdinak direla eta herrialde batzuetan aztertutako eskola publiko eta kontzertatuen batez besteko prezioak oso ezberdinak direla beste herrialde batzuetakoen aldean. Adibidez, jatordurik eta autobusik gabe, Lehen Mailako Hezkuntzako eskola publiko baten prezioa 27.500 pezetatik hasi (Bartzelonako batean) eta 5.000 pezeta bitartekoa izan daiteke (Nafarroako batean) eta kontzertatutakoen artean ere gorabehera handiak daude irakaskuntza maila beraren barruan: Bartzelonako zentro batean 210.000 pezeta eta Valentziako beste batean 10.800. Azkenik, esan dezagun itxura batean behintzat ikastetxe kontzertatuen eta batez ere pribatuen prezio altuak ez duela ziurtatzen kalitate hobeko eskaintza akademikoa eta eskolaz kanpokoa, beti ere CONSUMERek aztertu dituen aldagaiak kontuan izanda.
Ikastetxe pribatuen prezioak, justifikazio argirik ez
Aipatu ditugun prezioen konparaketa osatzeko, beste azterketa bat ere egin du CONSUMERek: ponderazio-sistema propio bat erabiliz, ikastetxeen eskaintzen duten zerbitzu orokorraren kalitatearekin erlazionaturiko 17 kontzeptu ezberdin baloratu dira. Eta ondorio gisa esan beharra dago sare pribatuaren prezio altu-altua ez dutela justifikatzen 17 elementu horiek, -besteak beste irakasle bakoitzeko ikasle kopurua, hizkuntza-eskaintza, irakaskuntza-mailen gamaren zabaltasuna, osasun-eskaintza edo behar bereziak dituzten haurrak hezitzen espezializaturiko irakaslerik ba den-. Horrela, eskola publiko eta kontzertatuek batez beste 6 puntuko nota erdietsi duten bitartean, pribatuak 6,6 punturekin geratu dira, ikusi den moduan gurasoentzat ikastetxe mota horrek duen bataz besteko kostua ikastetxe kontzertatuetan baino hamar aldiz handiagoa eta publikoetan baino ia 30 aldiz handiagoa izan arren. Deigarria da hiru ikastetxe motetan hobetu beharreko arloak berberak izatea: eskaintza akademikoan hizkuntza aniztasun urria, minusbaliatuentzako komun egokituen eskasia, eta osasun zerbitzuak dituzten zentroak oso gutxi izatea (arlo honetan ikastetxe kontzertatuak publikoak baino hobetoxeago daude, baina pribatuak baino okerrago).
Hobekuntzarako beste aukera batzuk ikastetxe motaren araberakoak dira gehiago. Adibidez, azterturiko eskola publikoek irakaskuntza-mailen gaman urritasuna erakusten dute; ikastetxe kontzertatuak dira Lehen Mailako Hezkuntzan gelako ikasle kopuru handiena dutenak (24 ume; pribatuetan 21 haur gela bakoitzean eta publikoetan 20 gelako); azkenik, ikastetxe pribatuak dira ikastetxea haur minusbaliatuen beharretara gutxien egokitzen dutenak.
Kontzertatuak: Lehen Mailako Hezkuntzan haur asko gelako
Ikastetxe pribatuak publiko eta kontzertatuetatik bereizten dituen kalitate-aldea (CONSUMERen irizpideen arabera neurtua) oso txikia den arren, zenbait arlotan aldea nabarmena da. Horietako bat jangela zerbitzuarena da. Bisitatu ditugun sare pribatuko ikastetxeen %92ak eta kontzertatuen %86ak eskaintzen du jantoki zerbitzua. Eskola publikoetan, berriz, %70an geratzen da jantoki-zerbitzua eskaintzen duten eskolen portzentaia; hala ere, Bartzelona, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, kontsultaturiko zentroen %80ak baino gehiagok eskaintzen du zerbitzu hori. Beste funtsezko arlo bat neska-mutikoek gelan duten arreta da. Ikastetxe publikoetan zein pribatuetan, batez beste irakasle bakoitzeko 12 ikasleko kopurua zenbatu da (Lehen eta Bigarren Mailako Hezkuntza batera). Kontzertatuetan berriz kopurua txarragoa da, irakasle bakoitzeko 17 ikasletara igotzen baita. Bestelako kontuetan, azterturiko ikastetxeen %5ak ez du onartzen behar bereziko haurrik (BBH), horretarako behar den langilego eta bitartekorik ez dutelako. Egindako kontsulten arabera, zentro publikoen %85ak eta kontzertatuen %70ak baditu laguntza gelak eta ikasle horiekin lan egiteko prestaturiko irakaslegoa. Ikastetxe pribatuetan, %76ak ditu laguntza gelak eta %90ak irakasle espezializatuak. .
Eta haur minusbaliatuak?
Antzeman den beste hutsune bat, ikastetxeen erdia bakarrik dagoela minusbaliatu edo elbarrientzat egokitua eta titulartasunaren araberako desberdintasun nabarmenik ez dagoen arren, (kontzertatuen %52, publikoen %50 eta pribatuen %44 daude egokituta), desberdintasun handiak antzeman dira herrialde batetik bestera. Araban kontsultaturiko ikastetxe guztiek instalazioren bat egokituta dute; Nafarroan lautik hiru daude egokituta eta Bartzelona, Madril eta Burgosen ez dira %40ra iristen. Osasun-zerbitzuei dagokienez, ikastetxe pribatuak hobeto hornituta daudela egiaztatu ahal izan da: hamar ikastetxe pribatutatik seik ditu era honetako zerbitzuak, eta publikoetan, berriz, hamarretik batek du azpiegitura mota hori. Bukatzeko, eskola publiko eta kontzertatuen erdiak gutxienez hiruhilabeteko bakoitzean deitzen du gurasoen bilera; sare pribatukoen %37ak bakarrik egiten du bilera maiztasun horrekin.
Nork ez du ingelesa ikasten?
Eskola publiko, kontzertatu eta pribatuetan, ingelesa da nagusi ikasgai gisa ematen den lehen hizkuntzan. Azterturiko ikastetxeen ia %97ak jarraitzen du joera hori eta ohiko bigarren hizkuntza, frantsesa, ikastetxeen %63k ematen du ikasgai gisa. Eskolak ez dira gazteleraz ematen kasuen %22an, hizkuntza hori ikasgaia baita.
Alemanierako klaseak ikastetxeen %7ak bakarrik eskaintzen ditu. Hizkuntzei dagokionez azpimarratu beharreko beste datu bat: gaztelera ikasgai gisa, euskara, katalana eta valentziera hitz egiten den lekuetan baino ez dela ematen; horretan Bartzelona eta Gipuzkoa nabarmentzen dira, ikastetxeen %84an eta %68an (hurrenez hurren) jarraitzen da irizpide hori. Bizkaian, Araban, Nafarroan, Alacanten eta Valentzian kontsultaturiko ikastetxeetan portzentaia apalagoa da bertako hizkuntzan klaseak ematerakoan: %30 eta %14 bitartean.
Fitxa teknikoa
- 222 ikastetxe aztertu dira (115 publiko, 80 kontzertatu eta 27 pribatu) 12 herrialdetan: 14 Araban (7 publiko eta 7 kontzertatu), 15 Nafarroan (9 publiko eta 6 kontzertatu), 25 Bartzelonan (11 publiko, 10 kontzertatu eta 4 pribatu), 21 Murtzian (14 publiko, 6 kontzertatu eta pribatu 1), 23 Bizkaian (14 publiko, 8 kontzertatu eta pribatu 1), 8 Burgosen (4 publiko eta 4 kontzertatu), 16 Malagan (9 publiko, 4 kontzertatu eta 3 pribatu), 15 Kantabrian (8 publiko, 6 kontzertatu eta pribatu 1), 16 Gipuzkoan (8 publiko eta 8 kontzertatu), 24 Madrilen (12 publiko, 7 kontzertatu eta 5 pribatu), 18 Alacanten (9 publiko, 5 kontzertatu eta 4 pribatu), 27 Valentzian (10 publiko, 9 kontzertatu eta 8 pribatu).
- 1999ko ekainaren 14 eta 30 bitartean, aztertutako 222 ikastetxeetako arduradunei egin zitzaizkien elkarrizketak telefonoz.
- Azterketa egoki enfokatu eta datuak kontrastatze aldera, ikastetxeetako Guraso Elkarteetako ordezkariei ere kontsultak egin zitzaizkien.
- Azterketan sartzen ziren herrialdetako Hezkuntza sailetan kontsulta egin zen, %100ean ikasleen ordainketekin finantziaturiko ikastetxe pribatuak zenbat ziren jakin ahal izateko.
Zehaztasun bat
Azterketa hau egiteko ikastetxeak aleatorioki aukera dira. Hainbeste ikastetxe egonik, datuen errepresentagarritasuna gutxi gora-beherakoa izango da seguruenik. Beste arrazoi batzuk ere badaude: herrialde batzuetan ikastetxe pribatu asko dago eta beste batzuetan banakaren bat baino ez. Eta baliteke (nahi gabe) herrialderen batean ikerketarako ikastetxerik garestienak edo merkeenak, dirulaguntza gehien edo gutxien dutenak, edo modernoenak zein antzinakoenak hautatu izana. Muga horiek ahalik eta gehien murrizteko, mota bakoitzeko ikastetxe kopuru handi bat sartzen saiatzen gara, baina adierazgarritasuna ezin da beti absolutua izan. Hobea izango da, jakina, ikastetxe motei dagokienez, adibidez herrialde jakin bateko ikastetxe mota jakin bati dagokionez baino. Bestalde, CONSUMERek ikastetxeak kalifikatzeko erabili dituen parametroak objetiboak diren arren, ezin ukatu ez dela neurtu gurasoentzat garrantzitsu diren hainbat arlo -azpiegituren kalitatea, irakasleen kualifikazioa, ikastetxearen filosofia, haurren bilakaeraren jarraipena egiteko metodo pedagogikoak, aisialdi eta jantoki orduetako zaintzaile kopurua…- hori egitea zaila ezezik ezinezkoa ere badelako. Azken batean, ukiezinak eta konparatzeko zailak direlako azterketa honetatik kanpo geratu diren hainbat elementu.
Eskolaz kanpoko ekintzak, ikastetxe guztietan
Ia azterturiko ikastetxe guztiek aipatzen dute ikasturtean zehar eskolaz kanpoko ekintzak antolatzen dituztela eta, zalantzarik gabe, kultura eta kirol arlokoak dira gazteenen artean arrakasta handiena dutenak. Orokorrean, ez da desberdintasun handirik antzematen ikastetxearen titulartasunaren arabera, ekintza mota horiek antolatzerakoan; baina ikasleekin atzerriko trukeak edo udalekuak antolatzerakoan, ikastetxe pribatuak -pribatuak zein kontzertatuak- nagusitu egiten dira publikoen aurrean, publikoek ez baitute tradiziorik ekimen horietan.