Ura

Etorkizun gardenagorantz

Gizakiak betidanik eman izan dio urari garrantzi handia; horrela, materiaren sorrerari buruzko lehen teorien arabera, gorputzen sorrerarako elementu funtsezkoetakoa da, sua, lurra eta airearekin batera.
1 urria de 1999
Img medioambiente listado 107

Etorkizun gardenagorantz

Lurreko ur erreserbak antzeko mailetan daude ordutik: une honetako ur-erreserbak munduko biztanle guztien artean banatuko bagenitu, bakoitzari 300 mila milioi litro egokituko litzaiguke. Baina, zoritxarrez, ur horren %97 gazia da eta gainerakotik %95 egoera solidoan dago, izotz eran.

Ura: baliabide industriala, soziala eta etxekoa

Ur eskasia ia arazo orokorra da Lurrean, oraindik denbora asko ez dela lurralderik idor eta lehorrena zela uste zen arren. Denbora pasa ahala, herrialde garatuek gero eta menpekotasun handiagoa erakusten dute urarekiko. Baina, ulertzea zail den arren, gizarterik aurreratuenek gero eta gutxiago baloratzen dute elementu hori eta sarritan, ondasun urri hori alperrik xahutzen da. Europa mendebaldeko herritar batek zuzenean bere etxean eta zeharka zerbitzuetan, industrian eta nekazaritzan, urtean 500 metro kubiko ur baino gehiago gastatzen du; Estatu Batuetako biztanle batek, berriz, 1.000 metro kubiko pasa gastatzen du. Aitzitik, garapen bidean den herrialdetako landa-inguruetako kontsumoa 15 metro kubiko ingurukoa da pertsonako urtean. Horrez gain, industriaren ur kontsumoa ere gero eta handiago dela esan behar: paper tonako, 80 eta 1.000 metro kubiko bitartean; altzairu tonako, berriz, 60 eta 300 metro kubiko bitartean eta milioika metro kubiko urtean zentral nuklearren hozte-sisteman.

Uraren mundu mailako politika

Uraren urritasuna eta banaketaren desberdintasunak neurri teknologiko orokorrak eskatzen ditu eta horretarako nazioarteko erakunderen bat beharko litzateke (gaur egun ez dagoena), adibidez itsasoko ura gatzgabetzeko eskala handiko proiektu bat kudeatuko lukeena, lurralderik idorrenetako kosta aldeko herrigunean urez hornitzeko. Politika orokor batek bultzatu egingo luke prezipitazioen erritmoa eta bolumena bitarteko kimikoen bidez eragitea, beharrezko den lekuan. Edo izeberg-ak ura edangarri bihurtzeko lantegietaraino eramatea eta ibaiak itsasoratzen diren lekuan ura hobeto probetxatzeko moduak ere azter litezke; eta batez ere, lurpeko uren ustiakuntza eraginkorra nola egin, hondakinak filtratzearen ondorioz ur horiek kutsatzea ekiditeko moduarekin batera. Azken batean, mundu mailako edo herrialde askotarako ekimenak bideratzea, lurreko ur-baliabideak kontrolatu eta bultzatuko dituen nazioarteko erakunde bat sortzea eskatzen duena.

Edangarria eta kutsatua

Ur kutsatutzat hartzen da funtzio jakin batean (nekazaritzan, industrian edo herri mailakoan) erabili ezin dena, gai kimikoak, suspentsiokoak edo organismo bizidunak edo hildakoak dituelako, nahiz tenperatura altuegia edo erradioazio motaren bat duelako. Hala ere, uraren edangarritasun-irizpidea eman behar zaion erabilpenaren araberakoa izaten da batez ere. Nekazaritzan erabiliko den urak ez du industriarakoak adinako kalitaterik behar izaten, eta industriarakoak ere ez gizakien kontsumorakoak behar duen kalitaterik. Esan dezagun, bestalde, araztegi konbentzional batek ezin duela edozein ur mota tratatu eta edangarri bihurtu. Zianuroa, kromoa eta beruna kentzeko, adibidez, prozesu bereziak behar izaten dira eta oso arriskutsua da gai horiek zuzenean ur emarira isurtzea. Kasu horietan konponbide bakarra dago: gune kutsatutik datorren ur-hornidura aldi baterako eten eta sustantzia kutsagarria urak berak eraman arte itxoitea.

Zerk kutsatzen du ura?

  • Uretan suspentsioan dauden gai solidoak, lurretik eta industriako azpiproduktuetatik datozenak; korronte, aintzira, urtegi eta ubideetako butxadura edo betetzea eragiten dute eta arazte-prozesuaren kostua handitu, tresneriaren korrosioa areagotu eta animalia eta landareriaren bizia arriskuan jartzen da, besteak beste.
  • Energi plantek, altzairu lantegiek, birfindegiek eta hozte-sistemek isurtzen duten ur beroak gutxitu egiten du ibai eta lakuetako oxigeno kopurua eta elementu kutsakorrak apurka-apurka eta hein batean deskonposatzea eragiten du horrek, uretako biziarentzat horrek dakarren kaltearekin.
  • Konposatu inorganikoak -gatz arrunta, azidoak eta metal-gatzak adibidez- elementu kutsakorrak izaten dira eta meatzaritza, prozesu industrial eta biltegi naturaletatik etorri ohi dira. Gizakiengan eta naturako bizitzan efektu toxikoa eragiten dute neurri batean edo bestean, eta baita usain eta zapore txarra eta tresneriaren korrosioa ere.
  • Batez ere fosforoz eta nitrogenoz osatutako mantenugaiak hirietako eta industriako ur-hondakinetan agertu ohi dira eta uretako biziaren hazkunde handiegia eragiten dute; ondorioz, oxigeno-premia handiagoa eta zapore eta usain txarra.
  • Oxigenoa behar duten hondakinak. Usteldu eta normalean bakteria aerobioek suntsitzen dituzten gai organikoak dira, oxigenoa behar dutenak. Etxeetako eta elikadura-industriako hondakinetatik sortzen dira eta kaltetu egiten dute ibaietako eta itsasoko fauna.
  • Konposatu organiko toxikoak, detergente eta pestizidak esaterako, eta etxeko eta industrietako hondakinen azpiproduktu zenbait. Arrantzarentzat eta basoko bizitzarentzat mehatxua dira.
  • Kutsagarri biologikoak, edo gaixotasunen agenteak, birusak eta bakteriak esaterako. Gizaki eta animalien hondakinetan agertzen dira eta ura edangarri egiteko tratamendu zorrotza eskatzen dute. Kutsadura mota honek galera handiak eragiten ditu arrantzaren industrian, atsaskienean batez ere eta mugatu egiten du ura aisialdirako erabiltzea.
Ur gutxiago kontsumitzeko
  • Minutuko hamar ur tanta galtzeak urtean 2.000 litroren galera esan nahi du. Lehen neurria, beraz, lehenbailehen kanilako ihesak konpontzea da.
  • Hobe da dutxa bainua baino, ur kontsumoa ezezik energia-kontsumoa ere murriztu egiten baita: dutxa batean 30 litro ur kontsumitzen da eta bainuan berriz 200. Horrez gain, gorputza xaboitu bitartean iturria itxita edukitzen bada, beste 10 litro aurrezten dira.
  • Komuneko zirternaren edukiera txikitu. Aski da adreilu bat sartzea erabilaldi bakoitzean litro bat baino gehiago aurrezteko.
  • Iturria itxi hortzak garbitzen ari zaren bitartean. Aldiko 5 litro ur ere aurrez litezke.
  • Bizarra egiten ari zarenean konketan tapoia jarrita izateak ere ura alperrik ez gastatzen lagunduko dizu.
  • Ura ez kutsatzeko, ez bota hondakinik komunetik behera eta ez isuri olio erabilirik harraskara, urarekin nahastean oso zaila baita bereizten. Konponbide erraza dago: gorde ontzi itxi batean edo zurgatu paperarekin eta bota zaborretara.