Zergatik komeni da pertsona jantzia izatea?
Ohituraz, goi mailako ikasketak izateaz gain asko irakurtzen duten pertsonei ematen diegu “pertsona jantziaren” kategoria preziatua. Edo gure artean eta mundu guztian zehar geratzen denaren jakitun daudenei bestela. Eta baita historian, zientzian, filosofian, ekonomian edo literaturan eta gainerako adierazpen artistikoetan nolabaiteko erraztasunez mugitzen direnei ere. Ez da, beraz, gauza erraza pertsona jantzia izatea. Baina, ez ote dago “kultura” termino horrentzat beste adierarik? Maslow-k, psikologiaren arloko zientzilari eta giza-jokaeraren ikertzaile adituak, duela hamarkada batzuk deskribatu eta sailkatu zituen gizakiaren beharrak eta “oinarrizkoak” eta “hazkundekoak” bereiztu zituen. Oinarrizko beharren artean, (gizaki moduan gutxieneko garapen maila bat eta nolabaiteko oreka pertsonala lortzeko bete beharreko horien artean) pertsona kultua edo jantzia izatea aipatzen zuen. Baina ez zuen zehazten zein kultura maila jotzen zuen oinarrizkotzat. Hala ere, ez zituen inola ere pertsonak unibertsitate ikasketak pilatzera edo (herrialde pobreetan) herrialde ekonomikoki pribilegiatuetako kultur ereduak imitatzera bultzatzen. Zentzu abstraktu batean, esan dezakegu pertsonen garapen kulturala euren ingurunera ongi egokitzeko duten gaitasuna dela, horrela ingurunea euren beharren eta nahien arabera interpretatu eta eraldatu ahal izateko. Baina prozesu hori ezin da indibidualki gauzatu: pertsonen eta taldeen arteko komunikazioa beharrezkoa da, jakinduria, jarrerak, esperientziak, emozioak, … konpartitzea. Berez dinamikoa den prozesu horretan parte hartzeko, pertsona bakoitzak komunikatzen jakin behar du eta besteen pentsamendua, bizipenak eta “aurkikuntzak” interpretatzeko beharrezko diren kodeak eduki. Horregatik, lengoaia horiek etengabe ikasi eta hobetu beharra dugu, horretarako irakurketa, elkarrizketa, arte ederren eta ikusentzuteko irudien interpretazioa, Internet… erabiliz.
Esperientzia, kulturaren jatorria
Kultura eskuratzea barne eraldakuntzako prozesu pertsonala da. Gure hasierako kultura indibiduala bizitzak berak ematen digu, bizi izandako esperientziek. Zalantzarik gabe, egia zati handi bat dio “unibertsitaterik onena bizitza” dela esaten duen esaerak. Baina badakigu hori ez dela aski. Bizitzak esperientzia eta ezagupen ordezkaezinak ematen badizkigu ere, bizitza orekatu eta betea izateko helburuak beste batzuen bizitzak, -gurearengandik ezberdinak- beste kultura-, ekonomia- eta geografia- testuinguru batzuetara bultzatzen gaitu. Ez gaude bakarrik; bizitza abentura zoragarria da, mundu guztiko milaka milioi pertsonak batera bizi duguna. Eta gure inguruan gertatzen dena ulertzeko, besteek pentsatzen, sentitzen eta egiten dutenera hurbildu behar dugu, eta ez gure hurbilenekoengana bakarrik.
Mundua geuri gertatzen zaigunaren arabera bakarrik interpretatzeak ikuspegi pobre eta osagabea izatera eramango gaitu. Zenbaiten ustez, adibidez, (esperientzia pertsonal negatiboak izan dituztelako) gizakia berez lehiakorra, berekoia eta gaiztoa da; adiskidetasunaren atzean interesa besterik ez dagoela pentsatzen dute eta beraz, mesfidantzazko joera hartu eta defentsiban egotea dela onena. Horren pentsakera motza eta okerra edukitzeak deformatu egiten du errealitatea interpretatzeko gaitasuna eta eragin negatiboa izaten du inguruko pertsonekiko harremanetan eta geure oreka emozionalean.
Maitasuna, adiskidetasuna, solidaritatea, gauza berriak ikasi eta deskubritzeko ilusioa, gizakiaren baliabide funtsezkoak dira eta merezi du horietan sinesteak. Gure bizipenetatik alde positiboa ateratzen dugunean, besteek nola gozatzen edo sufritzen duten jakiteko gogoa erakusten dugunean, modu irekiagoan jartzen gara munduaren aurrean, gauzak jasotzeko jarreran eta horrek, gure biziari etekin handiagoa ateratzeko aukera emango digu. Bizitza zerk baldintzatzen digun ere hobeto ulertuko dugu.
Kultura mota asko dago
Kultura kontzeptua, zentzurik zabalenean hartuta, hainbat arlotan bereiz daiteke.
- Kultura emozional-psikologikoa: nolabaiteko oreka pertsonala edukitzea, jarrera konstruktiboa, agresibitatea egoki bideratzea, egoera zailei aurre egiten jakitea, beteago bizi izateko aukera emango diguten hainbat arrisku hartzeko prest egotea.
- Kultura intelektual eta artistikoa: gure herrian eta munduan zer gertatzen den eta zergatik gertatzen den jakiteko gogoa: irrati, telebista, prentsa, liburu, hitzaldi, kultur jardunaldi eta abarren bidez gertaerarik aipagarrienen jakitun egotea. Irakurketa, ikuskizunak (zinea, antzerkia, musika, dantza, …), museoak eta arte erakusketak ere sar ditzakegu gure gizarte-ohituretan. Eta memoria lantzeko eta bizkor edukitzeko ariketak egin. Edo joko intelektualak praktikatu, xakea, trivial-a eta antzekoak.
- Kultura fisikoa: gure adinerako eta ezaugarri pertsonaletarako koherente eta osasungarri diren elikadura-ohituren bidez gorputza sano eduki. Ariketa fisikoa egin, arin eta forma onean sentitzeko. Erlaxazioa praktikatu eta behar adina atseden hartu. Gorputza zaindu, gure “ontzia” dela eta pertsona bagara, gorputzaren bitartez garela ahaztu gabe.
- Kultura profesionala: lanean etengabe birziklatu, gozatu eta ohikeriari ihes egiteko, gure eginkizunetan inplikatu eta lan arloan ere garapen pertsonala bilatzeko.
- Aisialdiko kultura: gure denbora librean ez daitezela falta izan ibilaldiak, jaialdi eta ikuskizun herrikoietan parte hartzea, dantza, inguruko herriak, gure artea, mendiak, bideak, hondartzak etab. ezagutzeko irteerak. Antolatu tertulia eta topaketak, besteen konpainiaz eta iritzi-trukaketaz gozatzeko.
Kultura, azken batean, ez da ezagupen akademikoen mundua eta liburuetan idatzita dagoena bakarrik. Aipatu arlo horietako batzuk lantzeak pertsona osasuntsu, orekatu eta jakindurian aberatsago egingo gaitu eta baita libre eta independenteago ere. Gainera, munduaren ikuspegi aberats eta pertsonalagoa emango digu. Eta gizaki libreago egingo gaitu, ez hain manipulagarri eta aurreiritzi, topiko eta sineskerietara ez hain lotuak. Denbora librea geuk nahi dugun moduan eta atseginez betetzeko horrek guztiak eskaintzen digun aukera zabala ahaztu gabe.