Alzheimer gaitza

Garaiz antzematea lagungarri da

1 urria de 1999
Img salud listado 133

Garaiz antzematea lagungarri da

Gaur egungo gizartearen erronkarik latzenetako bat biztanlegoaren zahartze ekidinezinaren gestio egokia da. Egungo bizi-itxaropen handia eta jasaten dugun jaiotze-tasa baxuaren baturak emaitza beldurgarria dakar: “demografi piramidea” izenez ezagutzen duguna alderantziz jartzen ari da pixkanaka.

Estatu espainiarrean, 65 urtetik gorako bost milioi pertsona daude dagoeneko eta itxura guztien arabera, 2000. urtearen amaieran sei milioi eta erdi izango dira, hau da, biztanlego osoaren %16, edo zazpi biztanletik bat. Belaunaldien zahartze horren arazo nagusia zenbait gaixotasun kronikorekin duen lotura da; adinekoen osasunarentzat eragozpen handia izateaz gain, arazo sozial eta ekonomiko handia da dagoeneko. Zahartzaroko dementzia dutenek osatzen dute kasu paradigmatiko bat; gure organismoaren zahartzearekin lotuta, dementzia horiek arrazoi askoren ondorio izan daitezke, bainak kasuen %90ean gaixoak Alzheimer gaixotasuna izaten du edo; besterik gabe, aldaketa baskular txiki baina ugariak, buruko infartoak sortu eta herriko hizkeran esanda, garunera ez da odol-zirkulazioa behar bezala iristen. Esan beharrik ez dago ondorioak larriagoak direla gaixoak gaitz biak batera dituenean. Estatistikei begiratuz gero, dementzia mota hauek 65 urtera arte oso gutxitan agertzen direla ohartuko gara, baina adin horretatik aurrera hazkunde esponentziala antzematen da: 70 eta 80 urte bitartean, 100 lagunetik 15ek izaten du dementzia motaren bat. 80tik 90erako tartean, berriz, %33ra arte iristen da era horretako gaitzen bat dutenen portzentaia. Sarritan, zoritxarrez, etxekoek adinaren kontutzat hartzen dituzte Alzheimer-aren lehen sintomak eta ez diote medikuari kontsultatzen. Kasu batzuetan, medikuak berak ez die aldaketa horiei inolako garrantzirik ematen, garaiz antzemanez gero zenbait kasu sendatu ere egin daitekeen arren. Edo, gutxienez, tratamendua eraginkorrago izatea lortuko litzateke.

Alzheimer-az ezagutzen ez duguna

Oraindik ez dakigu gaixotasun hau zerk eragiten duen. Arazoaren oinarri genetikoaren zati bat ezaguna den arren, eta familiatik heredentziaz jaso daitekeela frogatu den arren, ikerketek ez dute oraindik aurkitu neuronen endekapena eta burmuin-azalaren atrofia eragiteko prozesua abiarazten duen hasierako aldaketa zein den. Baina ondorengo hauek arrisku-faktoretzat hartzen dira: urte asko izatea, familiako dementzia-historia, Down sindromea eta APOE genotipoaren (markatzaile genetiko baten) eramale izatea, gaixotasun hau emakumezkoen artean sarriago ematen dela ahaztu gabe. Honi dagokionez, berriki egin diren azterketa epidemiologikoek frogaturik utzi dute menopausiaren ondoren estrogeno ordezkatzaile bidezko tratamenduak jarraitu dituzten emakumeek arrisku gutxiago dutela gaitz hauek izateko; hori dela eta, estrogenoek nolabaiteko prebentzio-ahalmena dutela uste da, antioxidatzaileetan (E bitaminan) eta antiinflamatorioetan antzemandakoen antzekoa.

Errekonozimendua, diagnostikoa eta tratamendua

Dementzia bat identifikatu ahal izateko, sistematikoki aztertu behar dira ukiturik dauden ezagutzaren arloak: memoria, ikastea, lengoaia, orientazioa, arrazoitzeko gaitasuna, lan konplexuetako maneiua, trebeziak,… Lehen azterketa egiteko, screening-tresnak izaten dituzte medikuek; test laburrak, bereziak eta errazak izaten dira. Horiek eginez, medikuak ez du diagnostiko zehatzik lortzen, baina gaixoak azterketa sakonagorik behar duen erabaki dezake. Arriskua konfirmatzen denean, mediku espezialistak beste errekonozimendu bat egingo du, proba erradiologiko, analitiko eta psikometrikoen bidez; izan ere, pertsona batek Azheimer-a duela seguru esan ahal izateko burmuineko biopsia edo autopsia behar da. Beraz, Alzheimer-aren ezaugarriak dituzten pertsonei horixe diagnostikatu eta gaitzaren kontrako tratamendua jartzen zaie. Gaixoaren ahalmen funtzionalari ahalik eta ondoen eutsi eta bizitza kalitatea hobetzera bideratzen da tratamendua. Gaur egun erabiltzen diren eta Gizarte Segurantzan sartzen diren botikek Alzheimer kasu arinetan eta aurreratuxeagoetan bakarrik dute ekintza terapeutikoa, baina oraindik ikerketan daudenak eraginkorrago izatea espero da, degenerazioaren eragile diren neuronek duten proteina sortzea oztopatuko bailukete.

Gaixo batekin elkarrekin bizitzeak gure onena eskatzen du

  • Alzheimer gaixotasuna duen gaixo baten tratamendua farmakopea hutsa baino gehiago da.
  • Gure gizarteak gaixo hauen aurrean duen erronketako bat jokaera-arazoak nola tratatu jakitea da, pertsonaren zainketa eta higienea ahaztu gabe.
  • Portaerako gora-beherak oso ohiko izaten dira eta familiako eta gizarteko bizitza aztoratu egiten dute. Sarrita gertatzen da identifikazio okerrak egitea, noraezean ibiltzea, agresibitatezko erreakzioak, jokaera sexual anomaloak, lorik egin ezina…; horrek guztiak arazo zail bihurtzen du gaixoarekin bizi izatea eta ez dago konponbide eraginkorrik. Sufrimendura ohitzea beste biderik ez da izaten. Eta, hori gutxi balitz, arriskuarekin bizi izatera era ohitu egiten da.
  • Batzuetan, gaixoak gasezko sukaldeak, termoak, botikak, eta beste arrisku-elementu batzuk manipulatzea benetako arrisku bihurtu ohi da.
  • Sarritan, zaintzaile berezituek baino eskaini ezin dituzten zainketak behar izaten ditu Alzheimer gaixoak. Eta eman egin behar zaizkio.
  • Gaixotasun suntsitzaile honekin bizi izaten ikasi egin behar dute familiakoek. Zalantzarik gabe, zail gertatuko zaie, sakrifizio asko eta gaixoarenganako arreta handia, elkartasuna eta maitasuna behar baitira. Laguntza eta “Federación Española de Asociaciones de Familiares de Enfermos de Alzheimer” (AFAF) elkartearen ahalkularitza eska dezakete, helbide honetan: Pintor Maeztu kalea, 2º behea. 31008 Iruñea. Telf: 948 26 03 04.