"Freskoak" zaporez hobeak bai, prezioz dezente biziagoak ere bai
Gainontzeko bostak (Jafaden, Alvalle, Don Simon, Hero eta Minute Maid) laranja lauskituriko laranja-zuku “freskoak” dira, Minute Maidekoa izan ezik (honakoa, zuku kontzentratuz egiten baita). Zuku “freskoak” pasteurizazioa nozitzen du, germenen agerpenik gerta ez dadin; hortaz, hotz kontserbatu behar dira; merkatuan tetra-brik ontzian agertzen dira, tapoi haridun eta guzti (Herokoa, bere aldetik, beirazko botilan merkaturatzen da). Ohiko zukuen prezioa, litroko 104 – 137 pezetan 137 dabil eta hozturikoen litroak 274tik 371 pezeta arte balio du. Kontzentratutik ateratzen direnak baino askoz garestiago dira, beraz, “freskoak”.
Azterketatik atera daitekeen ondorio nagusia hau da: zuku-mota batetik bestera ia ez dago alderik, nutrizio-aldetik, behintzat. Eta, honekin batera, beste egiaztapen bat: hoztuak askozaz ere goxoagoak dira dastatzeko unean. Dastatzaileen puntuaziorik hoberena erdietsi zuten hiru zukuak hoztuak ziren: Don Simon, Jafaden eta Minute Maid (honakoa, zuku kontzentratuz osatua) markakoek seina puntu lortu zituzten dastaketan. Konbentzionalek ez aprobatu dute dastaketan, ez gainditu dituzte hoztuen ezaugarri organoleptikoak (usaina, itxura, zaporea, gozotasuna). Horren arrazoia, hoztuen zaporetan laranjarena nagusitzean eta bestelako kutsu mikatz edo arrarorik ez agertzean datza, seguruenik. Bestela esateko, kontsumitzeko unean, lauskituriko laranja-zukutik espero daitekeenetik gertuago omen dabiltza. Labur esateko, bi zuku-mota hauen arteko aldea ez da beren nutrizio-osakera (denek dituzte kaloria gutxi, azukre dezente eta C bitamina ugari), zaporea eta prezioa baizik.
Bost zuku freskoak (pasteurizatuak: beraz, ez dute UHT prozesua nozitu, konbentzionalek ez bezala; horregatik, hoztuak bakarrik aztertu ziren mikrobiologiaren alderditik) egoera higieniko-sanitario egokian zeudela eta hamar laginek ere aski laranja-zuku daukatela egiaztatu da. Laborategiak, bere aldetik, bi irregulartasun hauteman ditu. Larriena: Don Simonek, legeriak onarturiko kopuruan egiten badu ere, bere bi zukuei azukrea eransten die, baina kontsumitzaileari horren berri adierazteke. Bestea: Zumosolek, laranjaz gainera, mandarina-zukua baliatzen du, etiketan horrelakorik aitortzen ez duen arren. Etiketen azterketak argi eta garbi utzi du zuku kontzentratua oinarri duten laginek -arauak xedatutakoa inondik ere bete gabe-beren buruak diren bezala aurkeztu ordez, “berezko”, “zuku hutsa %100ean” eta horrelako adierazpenak egiten dituzte. Esaera hauek, errealitatearekin bat ez etortzeaz gainera, kontsumitzailea nahasi egiten dute. Kalitate organoleptikoaren alde jotzen badugu -azterketa egin zen unean indarrean zeuden prezioetan–, aukerarik egokiena Jafaden da: onena bezain ona eta, gainera, “freskoetan” merkeena (274 pezeta litroko). Dastamena alboan utzita, nutriziora jotzekotan, prezioaren egokia dela bide, hautapen polita Juve izan liteke (104 pezeta litroko), dastaketan erdipurdi baino ez den arren.
Zukuen osakera
Basokada bat (100 mililitro) zukuk aportatzen duen energia urria da: 50 kaloria, gutxi gora-behera. Zukuak eskas gizentzen du baina hau ez da harritzeko kontua, produktuak duen nutrizio-elementu bakarra karbohidratoa baita (produktuaren %10), proteina eta gantzen edukia ez baita %1era iristen. Karbohidratoak azukre gisa agertzen dira batik bat (sakarosa, glukosa eta fruktosa). Sakarosa kontzentrazioa beste bi azukreena baino handiagoa dute denek –Herok eta Juverek (biak ere, konbentzional) izan ezik–. Glukosa-fruktosa erlazioa ere zuzentzat jo izan da hamar laginetan. Zukuen lanketa industrialak laranjaren baitako azukreen galera eragiten duenez, berezko zukuaren osakera imitatzeko xedez, fabrikatzaileak azukrea eransten dio produktuari baina, nolanahi ere, azukrearen eransketak ez du denetan helburu ulergarri horixe bakarrik betetzen. Hainbat kasutan azukrea gehitzen da bestelako eginkizun ez horren laudoriogarriak betetzeko: zukuaren gehiegizko garraztasuna zuzentzea, bestelako fruta-zukuen gehikuntza ezkutatzea (limoia, mandarina, pomeloa, sagarra) edo frutaren urria estaltzea, besterik gabe. Azukrea eransteari esker, gainera, kontzentratua aiseago dilui daiteke, era honetan kostua merkatzen delarik. Ekoizleak azukrea sartu badu, horren berri etiketan eman beharra du. Azterketak ezagutarazi du Don Simonek bakarrik erantsi duela azukrea, bai zuku hoztuan, bai konbentzionalean ere. Hauteman den kopurua, dena den, legeak baimendutakoa baino txikiagoa da: 15 gramo azukre litroko. Halaz ere, gehikuntza hori etiketan edo, gutxienez, osagaien zerrendan, gaztigatu beharko litzatekeen arren, Don Simonek ez du horrelakorik egiten. Hero, Minute Maid eta Jafadenek, berriz “ez zaio azukrerik erantsi” jakinarazi diote kontsumitzaileari, eta halaxe frogatzen dute azterketako emaitzek. Bestelako irregulartasun batzuk ditugu, esate baterako, fruta-mamia ikuztetik geratu den ura eranstea, bestelako fruta-zukuak baliatzea eta azido malikoa gehitzea, konposatu honek fruta-zaporea areagotu egiten duelako. Hiru praktika hauetakoren bat gauzatu ote den aztertu du hamar laginetan laborategiak, eta gainerako bederatzietatik bakar batean ere mami-ikuzketako uraren erabilerarik atzeman ez bada ere, Zumosolek mandarina-zukua zeukala frogatu da; horrenbestez ez da, firmak baiesten duen bezala, “laranja-zuku hutsa”. Eta etiketan agertzen den “laranja baizik ez” esakunea ere ez da egia. Kontzentratuez osaturiko zukuen fabrikatzaileek, lehengaitzat erosten duten zuku-kontzentratuetatik abiatuta egiten dute zukua eta, produktua berrosatzeko helburuz, kontzentratuei behar bezainbesteko ura eransten diete. Kontzentratu horiek hamaika herritatik datoz: Brasil, Israel edota EEBB, konparazio baterako; areago, jatorri bat baino gehiagotako kontzentratuak erabiliz ere osatu ohi dira produktuak. Horrela, esate baterako, baliteke azken zukua fabrikatzen duenak kontzentratuen osakera zehatz-mehatz ez ezagutzea. Nolanahi ere, hornitzaileek behar bezain lehengai hutsak entregatzen dizkiotela eta indarreko araudiak betetzen dituztela bermatzeko ardura ekoizleak du, noski.
Azido malikoari goazkiola, onartzeko moduko kopuru edo kontzentrazioetan daukate hamar laginek. Beste alde batetik, likidoan esekirik dabilen mamia -zuku batzuetan, behintzat, agertzen da-zelulosa-zuntzak eta pektinek osatuta dago; badaude esekirik bestelako pektina zenbait ere, zukuari likatasun edo “gorputza” ematen diotenak. Laranja-zukuetako zuntza %1az azpitik dabil beti: dietaz ari garela kopuru hau polita den arren, ez da aski inondik ere. Esan gabe doa mamidun zukuek gabekoek baino zuntz gehiago dutela.
Mineral eta bitaminak
Zuku hauek aportatzen dituzten mineralen artean, potasioa, fosforoa eta magnesioa ditugu nabarmentzekoak; sodioaren agerpena urri-urria da. Laranja-zukuek, beste aldetik, 50 bat miligramo C bitamina aportatzen dute 100 mililitroko, hau da, aholkatzen den eguneroko muntaren %65a. Produktuaren zapore eta usainaren oxidazio-bitarteko deskonposizioari aurre egin edo horrelakorik gerta ez dadin eta lanketa-prozesuan zehar bitamina honen galerarik jazo ez dadin, zuku komertzialei azido askorbikoa edo C bitamina (E-300, antioxidatzaile ezaguna) gehitzen zaie. Gure azterketako laginok C bitamina 239 eta 551 miligramo bitarte dauzkate litroko; Minute Maid da denetan gutxien daukana eta Don Simon (konbentzionala), berriz, gehien duena. Kopuru hauek ohikotasunaren barnean daude, fabrikatze-praktika onen arabera, legeriak azido askorbikoa eranstea ere baimendua duelarik. Azterketak, erantsitako bitamina eta berezkoa bereizten ez dituelarik, laginek antioxidatzaile hau erantsi denik adierazten ez dutenez eta berezko zuku baten ekarpena, goian esan bezala, dezilitroko 50 miligramo dela gogoan izaki, pentsatzekoa da zuku hauetako C bitaminaren sorburuan fruta bera dagoela. Laranja-zukuak, bestetik, B multzoko bitamina-iturri oparo dira (B2, niazina eta azido folikoa, besteak beste). Laranjak, jakina denez, azido zitrikoa ere aportatzen du; halaz ere, zitriko sintetikoa gehitu ohi zaio (E-330) azidulantetzat, zapore garratz, atsegin eta freskagarria izateaz gainera, C bitamina iraunarazten laguntzen du. Laginek ez dute azidulatzaile hau erantsia eta balore guztiak ohiko mugen barnean agertzen dira, laranja-zukuen azido zitrikoaz ari garela (6 – 10 miligramo litroko). Don Simon konbentzionala eta Hero hoztua dira zuku garratzenak eta azido zitriko gehien dutenak; hauen garraztasuna, izan ere, jardunek aholkatzen dutena baino handiagoa da.
Bestelako frogak ere egin ziren laborategian. Horietako bat, formol-indizea izan zen, hots, aminoazidoak zehaztearen bitartez, zuku-edukia zeharka neurtzeko parametroetako bat. Brix graduak ere neurtu ziren (honela, baliaturiko zuku-kopurua agertzen da) eta zitriko-isozitriko erlazioa, esate baterako. Azkenik, errautsak zenbatu ziren, hau da, elikagaiaren eduki minerala neurtzen duen beste faktore bat. Lagin eta kasu guztietan ere, baloreak zuzenak izan ziren.
Beste aldetik, zuku “freskoen” egoera higieniko-sanitario egokia egiaztatu da. Zuku hauek pasteurizazioa (zuku konbentzionalek pairatzen duten UHT prozesua bezain erasokorra ez da higienizazio-metodo hau) nozitu dute, bakterioak suntsitu eta enzimak indargabetzeko. Aerobio mesofilo, lizun eta legamiak zehaztu ondoren, bost laginetatik bakar batean ere ez zen legeak baimenduriko gehieneko kopurutik gorako kontzentraziori. Dastatzeari dagokionez, “freskoa” izan edo konbentzionala izan, sekulako aldea dago -aurrekoen alde-batetik bestera. Dastaketako puntuaziorik garaiena Don Simon (hoztua), Jafaden (hoztua) eta Minute Maid (hoztua) markakoek lortu dituzte: seina puntu. Ondotik Hero (hoztua) eta Alvalle (hoztua) datozkie, 5 punturekin. Horrenbestez, zukurik atseginenak hoztu beharrekoak direla ondoriozta dezakegu: horien arteko bat da Minute Maid, zuku kontzentratuz egiten den arren. Dastaketan agerturiko nagusitasun horren arrazoia, seguruenik, berezko zuku batetik espero daitezkeen ezaugarri organoleptikoetatik (zaporea, usaina, gozotasuna) gertuago “freskoak” egotea izan liteke. Oro har, laranjaren berezko usain biziko, laranja-ahogozo biziko eta mingostasun urriko (zukuaren oxidazioa eragiten duen enzima baten jarduera da mingostasunaren erruduna) zukuaren alde egin zuten dastatzaileek. Usaina eta zaporea izan ziren probako parametro nagusiak, azkeneko puntuazioa osatzeko.
Bost zuku hoztuek laranja-zapore nabarmenagoa zuten eta tejo mingots edo arraroen eragin ahulagoa erakusten zuten. Azpimarratzekoa da, adibidez, zuku-kontzentratuez osaturiko produktuetatik bakar batek ere aprobatu ez izana. Don Simonek 4 puntu besterik ez zuen lortu; Kasfruit, Hero eta Juver, berriz, hiruna puntutan geratu ziren.
Etiketak ostera ere
Laranja-zukuen alderdi eztabaidatuenetako bat, horien etiketa eta bertan agertzen diren publizitatezko aldarrikapenak dira. Goazen harira. Hamar laginek adierazten dituzte “laranja-zukua”, eduki garbia, fabrikatzailearen izen eta helbidea, kontsumitzeko data (baita lotea ere, beharrezko denean), eta nutrizio-alorreko informazioa, Zumosolek izan ezik. Ederki, honaino. Zuku kontzentratuez osaturiko zukuek, ordea, izenarekin batera bereizgarri hau ere argi eta garbi jakinarazi behar dute, erraz irakurtzeko moduko letrekin, “kontzentraturiko laranja-zukuez osatutako laranja-zukua” edo antzeko zerbait dela adieraziz. Halaz ere, horrelako zuku guztiek eskas adierazten dute nolakotasun hori. Kasfruit, Hero eta Zumosolek, ontziko azal batean -ez nagusian, haatik-, osagaien zerrendan bertan izaera hori aitortzen dute. Beraz, kontsumitzaileak ez du, ikusi batera, informazio hori eskuratzen. Minute Maidek (hoztua baina kontzentratuez osatua), horrelakoa dela ontziaren albo batean soilik adierazten du. Zuku kontzentratuen ontzietan ez du agertu behar “berezkoa”, “zuku hutsa %100ean” edo antzekorik, egiazkoak ez direlako eta, gainera, kontsumitzailea nahasten dutelako. Halaz ere, denetan agertzen da horrelako zerbait. Honelako zuku guztietan, era berean, soberan daude “koloratzailerik zein kontserbakaririk gabe” bezalako esakuneak, horrelakoak baliatzea debekatu egiten baitu legeriak. Don Simon eta Hero (hoztuek), Zumosol eta Juvereko etiketek bakar-bakarrik ez dute esamolde hori edo antzerakoren bat agertzen.
Nutrizio- eta dastamen-ezaugarriek irautea nahi baldin bada, bi motako zukuak hotzetan gorde behar dira, irekiz gero: horrela adierazten dute etiketan lagin guztiek, baina iraungitze epeak ere desberdinak dira: 6 egunetik (Kasfruit eta Juver) bi egunera bitarte (Alvalle). Inolako eperik ez dute adierazten Don Simon, Hero eta Zumosolek, hots, hiru zukus konbentzionalek. Beste kontu interesgarrietako bat, laranja-zukuei berariaz legokiekeen legeriarik ez egotea da. Indarrean dagoen arautegia generikoa denez, hainbat parametrotarako mugak bakarrik adierazten ditu, zuku komertzial hauen kalitateari buruzkoak, denak ere. Horrenbestez, azterketako emaitza batzuk balioesteko, jardunen iritzia jasotzera joan behar izan dugu.
Laburbilduz
Laburbilduz
- Litroko ontzian merkaturatzen diren hamar laranja-zuku aztertu dira. Horietako bost (Kasfruit, Don Simon, Hero, Zumosol eta Juver) zuku kontzentratuz osatzen dira eta hozterik behar ez duten ontzietan datoz. Gainontzekoak (Jafaden, Alvalle, Don Simon eta Hero eta Minute Maid) lauskiriko laranja-zuku “freskoak” dira, Minute Maid izan ezik (hau, zuku kontzentratuz eratzen baita).
- “Freskoak” askozaz ere garestiagoak dira. Zuku konbentzionalen prezioa litroko 104 eta 137 pezeta artean dabiltza; hoztuek, berriz, 274 eta 371 pezeta artean balio dute, baina dezente ahogozoagokoak dira aurrekoak baino. Hiru hoberenak, Don Simon, Jafaden eta Minute Maid (zuku kontzentratuez osatuak), hoztuak dira. Konbentzional bakar batek ere ez du aprobatua lortu dastaketan, eta denak geratu dira hoztuen azpitik (usain, itxura eta zaporez), laranja-ahogozo nabarmenagoa dutelako, tejo arraro edo mingostasunik gabe.
- Nutrizio-alorrean, ia ez dago alderik (kaloria gutxi, azukre dezente eta C bitamina ugari aportatzen dute denek) mota batetik bestera.
- Bi irregulartasun: Don Simonek -baimenduriko kopuruen barnean– bere bi zukuei azukrea eransten die, kontsumitzaileari jakinarazi gabe; Zumosolek, etiketan aitortu gabe ere, (laranja-zukuaz gainera) mandarina-zukua baliatzen du.
- Zuku kontzentratua oinarri duten seiek ez dute izaera hori aitortzen; denek ipintzen dituzte “berezkoa” edo “zuku hutsa %100ean” edota “laranja baizik ez” bezalako esamoldeak, nahiz egiazkoak ez izan.
- Aukera egokiena Jafaden da: hoberena bezain ona eta, aldi berean, “freskoetan” merkeena (274 pezeta litroko). Ekonomia eta nutrizio-aldetik (denek dute antzerako osakera), aukera polita (laginak erosi ziren unean zeuden prezioetan) Juver da (104 pezeta litroko), dastaketan kaskarra bada ere.
Banan-banan
Zuku ez-hoztuak, banan-banan
Juver
- Litroko, 104 pta. Merkeena. Interesgarria, dastaketan kaskar samarra gertatu zen arren.
- Zuku-kontzentratuez osatua. Ez du azukrerik, ez bestelako zukurik erantsita. C bitamina, azido zitriko eta garraztasun gutxien dutenetako bat.
- Dastaketan, 3 puntu baizik ez: “itxura, usaina eta zaporea ez zitzaien gustatu dastatzaileei; garratz samarra, gozotasun urria, zapore mingots nabarmena”.
Kasfruit
- Litroko, 119 pta. Zuku-kontzentratuz osatua.
- Ez du azukrerik, ez bestelako zukurik erantsita. C bitamina gutxien daukana. Azido zitrikoa eta garraztasuna, erdiparekoak.
- Dastaketan, 3 puntu baizik ez: “usain motela, laranja-zapore eta gozotasuna, erdiparekoak, zapore mingotsa”.
Hero
- Litroko, 137 pta. Garestiena. Zuku-kontzentratuz osatua. Ez du azukrerik, ez bestelako zukurik erantsita.
- Erdipareko mailetan C bitamina, azido zitriko eta garraztasun aldetik.
- Dastaketan, 3 puntu bakarrik: “laranja-zapore motela, mingostasun nabaria; itxura, denetan txarrena”.
Don Simón
- Litroko, 118 pta. Zuku-kontzentratuz osatua. Azukrea du erantsia, baina ez du adierazten.
- Bestelako zukurik ez darabil. C bitamina, azido zitriko eta garraztasun gehienekoa.
- Dastaketan, 4 puntu: “kolore motela, laranja-zaporea, gozotasuna eta garraztasuna erdiparekoak, zapore mingotsa”.
Zumosol
- Litroko, 120 pta. Zuku-kontzentratuz osatua.
- Ez du azukrerik erantsita baina mandarina-zukua dauka eta ez du horrela adierazten etiketan. C bitaminaz, erdiparean.
- Azido zitriko eta garraztasun gutxienetako bat.
- Dastaketan, 3 puntu bakarrik: “itxura denetan onena; usain eta zaporea ez zitzaien dastatzaileei asko gustatu; garraztasun urria eta gozotasunez, erdiparean”.
Jafaden
- Litroko, 274 pta. Merkeena eta kalitate-prezio erlaziorik egokiena.
- Lauskituriko laranjez osatua. Ez du azukrerik, ez beste zukurik erantsita. C bitamina, azido zitrikoa eta garraztasuna, erdiparekoak.
- Dastaketan, 6 puntu: “laranja-zapore bizia, gozotasun handia, mingostasun urria, itxura ona”.
Minute Maid
- Litroko, 327 pta. Zuku-kontzentratuez osatua.
- Ez du azukrerik, ez beste zukurik erantsita. C bitamina gutxien, eta azido zitriko eta garraztasun gutxien dutenetako bat.
- Dastaketan, 6 puntu: “laranja-usain bizia, laranja-zapore nabarmena, gozotasun garaia, mingostasun-arrastorik ez”.
Don Simón
- Litroko, 330 pta. Lauskituriko laranjez osatua.
- Azukrea du erantsia, horrelakorik adierazten ez badu ere. Bestelako zukurik ez dauka.
- Garraztasun ahulenekoen artekoa, azido zitriko gutxien daukana da. C bitamina gehien dutenen artekoa.
- Dastaketan, 6 puntu: “laranja-zapore, usain eta kolore bizia, garraztasun apala, gozotasun ertaina”.
Hero
- Litroko, 345 pta. Lauskituriko laranjez egina.
- Ez du azukrerik, ez beste zukurik erantsita. C bitamina eta azido zitriko gehien daukana. Garratzena.
- Dastaketan, 5 puntu: “laranja-kolore bizia, laranja-usain bizia, laranja-zaporea, gozotasun eta garraztasun ertainak”.
Alvalle
- Litroko, 371 pta. Garestiena. Lauskituriko laranjez osatua.
- Ez du azukrerik, ez beste zukurik erantsita. Azido zitriko gehien eta garraztasun handienekoen artekoa. C bitaminaz, erdi parean.
- Dastaketan, 5 puntu: “usain eta zapore ertainak, garraztasun handia, gozotasun ertaina eta zapore mingotsa”.