Egokiena aukeratzeko konparatu beharra dago
Gaur egun, 11,5 milioi etxebizitza daude “arrisku anitzetarako aseguruaz” babestuta. Merkatuko polizarik gehienek gauzei gertatutako kalteak estaltzea dute oinarri, sute, lapurreta eta urak eragindako kalteez, kristalak hausteaz eta erantzukizun zibilaz babesteaz gainera. Bezeroak bere beharretara eta poltsikoaren arabera egokitzen du sute arriskuaren aurrean aseguratu beharreko balioa. Gainerako estaldurak balio horren portzentaiak izaten dira, edo arrisku bakoitzerako gehienezko kopuruak, edo gauza biak batera, bestela.
Arrisku anitzetarako aseguruen aukera hain zabala izanik, aseguratu askok ez dituzte zor zaizkien prestazioak eskatzen, ordaintzen duten polizaren letra txikia ezagutzen ez dutenez, euren poltsikoaren kaltean. Baina aseguru hauetako informaziorik eza ez da estaldurari dagokionez bakarrik gertatzen. Etxeko aseguruen titular gehienek ez dituzte ezagutzen sinaturik duten kontratuko klausulen salbuespen eta mugak. Horrexegatik da, besteak beste, etxebizitza-arloa aseguru sektorearen barruan arazo gehien ematen duenetakoa. Aseguru etxeen eta arrisku anitzetarako polizen titularren arteko gatazkak dira Aseguruen Zuzendaritza Nagusiak (gai honen konpetentzia duen organuak) jasotzen dituen erreklamazioen herenaren jatorria.
CONSUMERek aztertu dituen arrisku anitzetarako etxeko aseguruen 9 entitateen arteko prezio eta estalduren konparaketak argi erakusten du kapitalen estaldura-kasu berberaren aurrean ezberdintasunak ezartzen dituztela konpainiek, eta ez ordaindu beharreko urteko priman bakarrik: bakoitzak bere kalteordain- baremoa ezartzen du, eta bere mugak, klausula bereziak, frankiziak eta salbuespenak. Horregatik, nork bere kasua aztertzea komeni da, bere beharrak erabaki eta gero entitateen arteko konparaketa egiteko. Beti bezala, gure interesetarako aukerarik onena hautatzea izango da helburua.
Prezioetan, estaldurak xedatzen du batetik besterako aldea
Arrisku anitzeko polizen prezioa aseguratzen den balioaren araberakoa izaten da, noski; hala ere, badira itxuraz garrantzi gutxiago duten beste puntu batzuk: etxearen segurtasun neurriak -ate blindatua, kutxa gotorra…- eta etxea non dagoen, esaterako. Aseguru etxeek tarifak ezartzerakoan oso kontuan izaten dute etxea kokatua dagoen hiriko edo inguruneko ezbehar kopurua.
Balizko berberaren aurrean ( edukitzailea 7 milioikoa eta edukia 4 milioikoa), aseguru etxeek oso prima ezberdinak ezartzen dituzte: Vitalicio etxeak 18.130 pezeta urtean eta 26.714 pezeta Génesisek. Hala ere, zaila da polizen ranking bat ezartzea aseguru bakoitzaren estaldurak kontuan izan eta baloratu gabe.
Santa Lucíaren poliza, urtean 26.660 pezetako prima duena, garestienetakoa da, baina kalteordainik altuena ere berak eskaintzen du (250.000 pezeta artekoa) etxearen leheneratze estetikoa egiteko, hau da, etxea ezbeharra gertatu aurretik zegoen moduan uzteko, eta ondasunak aldibaterako mugitzeko. Eta beste konpainia batzuk mugak jartzen dituzten lekuan, aseguratutako kapital osoan hainbat arrisku estaltzen ditu. Etxebizitza bizi izateko moduan ez egotea, alokairuak galtzea, elektrizitateak eragindako kalteak edo komuneko loza edo bitrozeramikako elementuak apurtzea, besteak beste, %100an babeste ditu konpainia honek. Allianz Ras etxeak, bere aldetik, ez du kalte estetikoengatiko kalteordainik zehazten, baina polizarik merkeenetakoa izanik (21.192 pezeta), aseguratutako kapitalaren muga baino ez du ezartzen beirak apurtzea, hozkailuan jakiak usteltzea, etxea bizi izateko baldintzetan ez egotea edo alokairuak galtzea bezalako ezbeharren kasuan. Eta Catalana Occidente-rekin batera, lapurretan ebatsitako ondasunak (bitxiak, dirua eta baliozko gauzak izan ezik) %100ean babesten dituen konpainia bakarra da.
Aseguru bat baino gehiago poliza bakarrean
Aseguru etxe guztiek ez dituzte arrisku anitzetarako polizetan arrisku berberak babesten. Oinarrizko arriskuek aseguratutako kapitalaren %100 babesten dute. Arrisku osagarriei portzentaia edo kopuru finkoak ezartzen dizkiote, ordaindu nahi den kuotaren arabera. Arrisku anitzetarako etxeko aseguruetan hiru atal bereizten dira: edukitzailea, edukia eta erantzukizun zibila. Edukitzailea etxebizitzaren euskarri fisikoa da. Zoru, horma, sabai eta leihoekin batera, erantsitako elementu finkoak ere hartzen ditu (hormako armairuak, berokuntza sistema, telebistako antena e.a.) eta jabeari eraikuntzatik dagokion zati proportzionala. Altzari, etxeko elektra tresna, jantzi, artelan eta bestelako elementuek edukia osatzen dute. Aseguru etxearen arabera, kasu batzuetan atal honetatik aparte uzten dira balioko gauzak, bitxiak, larruzko jantziak, antzinako gauzak eta abar, eta aparte deklaratzen dira. Azkenik, Erantzukizun Zibilak aseguratuak edo familiakoek beste norbaiti eragiten dizkiten kalte fisikoak edo materialak babesten ditu.
Urak eta suak sortutako kalteen estaldurarekin, argi
Arrisku anitzetara aseguru baten garantiarik garrantzitsuenetakoa urak eragindako kalteetakoa da. Urak eragindako ezbeharrak (euriteen edo ur sarearen ondoriozko uholdeak, edo auzokoak sorrarazitako hezetasun arazoak…) oso sarri gertatzen dira eta normalean, konponketa-kostu handia eskatzen dute; beraz, garrantzitsua da poliza mugaturik ez egotea. Hala ere, poliza guztietan ez da estaldura osoa eskaintzen urak eragindako kalteetarako; txosten honetan jasotako bederatzi konpainietatik hiruk mugak ezartzen dituzte. Génesis eta Vitalicio etxeek, adibidez, urak eragindako matxurak aurkitu eta konpontzeko gastuen zati txiki bat baino ez dute ordaintzen, %20 eta %10, hurrenez hurren. Lehenak, gainera, 50.000 pezetako muga jartzen du butxadura edo filtrazio kasuetarako. Finisterrek, bestalde, gehienez ere milioi bat ezartzen du eta kopuru horretan sartzen dira eragindako kalteak eta matxura bilatu, aurkitu eta konpontzea ere.
Sute kasuan ere, izan ohi duen eragin latzagatik, edukitzailearen eta edukiaren %100eko kalteordaina eman ohi da. Salbuespena Vitalicio, Mapfre eta Seguros Bilbao etxeak dira, mugak ezartzen baitituzte. Vitalicioren polizak suhiltzaileen kostuaren %10 baino ez du estaltzen. Beste aseguru etxe biek gehienez ere milioi bateko muga ezartzen dute kontzeptu beragatik.
Aseguru problematikoa
1997an zehar arrisku anitzetarako aseguruekin gustura ez zeuden bezeroen 957 erreklamazio jaso zituen Aseguruen Zuzendaritza Nagusiak. Aseguru mota guztietan 3.035 kexa jaso ziren. Ondorioz, protesten %32a etxeko aseguruek eragin zuten. Atzetik, Autoenak (%29), Bizitza aseguruak (%14) eta Osasunekoak (%7) zetozen. Arrisku anitzetarako asegurua da, beraz, aseguru etxeen eta bezeroen artean gatazkarik gehien sortzen duena, ezbeharren erantzukizuna erabakitzerakoan batez ere. Kasurik gehienetan, bezeroak kontrataturik duen aseguru-polizaren mugen eta salbuespenen berri ez duelako gertatu ohi dira desadostasunak. Estaldurarik gehienek gehiengo, gutxiengo eta frankiziak izaten dituzte muga, arriskuaren arabera. Salbuespenen artean, normalean aseguruek ez dituzte estaltzen aseguratuaren zabarkeriagatik edo elementu aseguratuen berezko desgasteagatik sortutako kalteak, edo hezetasunak, kondentsazioak edo keak apurka-apurka eragindako kalteak, besteak beste. Halaber, garantia zenbait interpretazioari lotuta dago, tresna elektrikoetan gertatzen diren kalteak esaterako. Zenbait konpainiak edozein egoeratan gertatuta ere ordaindu egiten ditu kalte hauek; beste zenbaitek, berriz, kaltea tximistak eragin duenean edo tresnek 5 urte baino gutxiago dutenean baino ez du kaltea bere gain hartzen. Beste hainbeste gertatzen da sarraila aldaketekin ere. Aseguru etxe batzuk sarraila behartzen den kasuan bakarrik ordaintzen du ordezkoa jartzea, eta beste batzuk giltzak lapurtu edo galdu izana ere onartzen dute kalteordaina emateko.
Edonork daki arrisku anitzetarako etxeko asegurua kontratatzean sute eta uholdeen aurka babesten dela etxea. Hala ere, polizen letra txikiak garantien zerrenda luzea jasotzen du eta ezbehar askotan erreklamatu gabe geratzen dira horiek. Arrazoia oso xinplea da: jendeak ez ditu ezagutzen. Arrisku anitzetarako zenbait aseguruk biltzen dituzten estaldurak aipatuko ditugu hemen. Irakur ezazu arretaz zure aseguru-polizaren letra txikia, ongi etorriko baitzaizu ezbeharren bat gertatuz gero. Eta, bide batez, ziurrago jakingo duzu etxeak zein babes duen.
- Etxetik kanpoko lapurreta. Lapurreta gertatuz gero, lapurtutako diruagatik eta gauzengatik ordaintzen du (arropa, bitxiak e.a.) aseguru etxeak, baina kasu bietan mugekin: 25.000 eta 100.000 pezeta arteko mugarekin.
- Kreditu txartelak iruzurrez erabiltzea. Txartel bat lapurtu edo galdu delako iruzurra gertatzen bada, aseguru etxeak kalteordaina ematen dio bezeroari. Muga 50.000 pezetakoa izan ohi da.
- Sarraila aldatzea. Aseguru etxe batzuk sarraila behartu denean bakarrik ordaintzen dute ordezkoa jartzea. Beste batzuk giltzak lapurtu edo galdu izana ere onartzen dute kalteordaina emateko.
- Kalte estetikoak. Ezbeharra gertatu ondoren, aseguratzaile batzuk lehen zegoen moduan uzten dute etxea. 175.000 eta 250.000 pezeta artekoa izaten da muga, estalduraren arabera.
- Leihoetako beirak, kristalak, komuneko loza eta bitrozeramika haustea. Batzuetan hauetako bakoitza aparte izaten da.
- Etxebizitza bizi izateko moduan ez gertatzea. Polizak babesturiko ezbehar baten ondorioz bezeroak eta familiak etxea utzi beharra badute, aseguru etxeak ordaindu egiten ditu ostatua edo antzeko etxebizitza alokatzeko gastuak.
- Jaki izoztuak alferrik galtzea. Argindarra eten delako edo hozkailuak matxura izan duelako jakiak alferrik galtzen badira, aseguru etxeak kalteordaina ematen du.
- Agiriak berritzea. Zenbait aseguru etxek ezbeharrean kalteturiko agiriak (NAN, gidatzeko baimena, pasaportea) berritzeak sortzen dituen gastuak bere gain hartzen ditu.
- Ondasunak aldi baterako lekuz aldatzea. Aseguratuak garantizatu egin ditzake oporretan edo bestelako aldaketaren baten eraginez Espainiako estatuan zehar berarekin eramaten dituen ondasunak.
- Eska ezazu informazioa aseguru etxe bat baino gehiagotan eta bakoitzak eskaintzen duen polizaren “kalitate-estaldura-prezio” erlazioa konparatu. Ezer sinatu aurretik, galde ezazu kontratuaren baldintza orokorrak eta partikularrak zeintzuk diren eta aztertu klausula guztiak. Arreta berezia jarri muga eta salbuespenetan.
- Kontratuan zalantzak sortzen dizkizuten klausulez galde ezazu eta eskatu bakoitzaren interpretazio posibleei buruzko informazio zehatza.
- Segurtatu ordaindu beharreko primak barne dituela erantzukizun zibila (gomendagarria da), ordainketa zatika egiteagatiko gainkarguak, komisioak, tasak eta zergak.
- Argi ezazu ezbeharrik gertatuz gero kalteordaina nolakoa izango litzatekeen: galdutako gauza berriz jarri, ordezkatu, zerbitzua eskaini edo kalteordaina dirutan emango den.
- Kontratuaren aldaketak eta gehitzeak idatziz jasotzea eska ezazu.
- Asegura ezazu etxearen balio zehatza. Behetik jotzen baduzu (“Infrasegurua”) prima txikiagoa ordaindu beharko duzu, baina ezer gertatuz gero, izandako kaltea baino txikiagoa izango da kalteordaina ere. Tasazioa etxearen egiazko balioa baino handiagoa bada (“gainasegurua”), gehiago ordainduko duzu, baina zenbait kasutan kalteordaina ez da dagokiona baino handiagoa izango.
- Eskaiozu aseguru etxeari ondasunak peritatzea. Horrela, ebazpenera loturik geratuko da.
- Gorde ezazu aseguruaren dokumentazio guztia. Kontratua, klausulak, ordainagiriak eta baita publizitatea ere; baliagarri izan daitezke eta, erreklamaziorik izanez gero.
- Aseguruaren estaldura polizan ezarritako balioa “berritzea” bada, kontuan izan normalean merkatuko balioaren azpitik izango dela.
- Agiriak, bitxiak eta dirua lapurtu badizkizute, arreta berezia jarri. Kalteordaina eskuratu ahal izateko balite indarkeria edo mehatxu fisikoa izan zela frogatu behar izatea eta ez da oso atsegina.
- Ezbeharrik gertatuz gero, bete konpainiari gertaera jakinarazteko epeak eta modua. Ezbeharrean gertatutakoa eta gorabeherak ahalik eta zehatzen jakinaraz konpainiari.
- Poliza indargabetzea erabakitzen baduzu, aseguru etxeari idatziz eta prima berritzeko epea baino bi hilabete lehenago jakinaraztea komeni zaizu. Hala egin ezean, poliza kobratu eta baja ez ematea gerta daiteke.