Hobetzeko bidean, CONSUMER hazi egingo da
Aldaketa horrekin, 8 orrialde gehiago -%25eko gehikuntza- sartuta, era gehiagotako edukiak eta sail finko berriak eskaintzeko aukera dugu, Elkarrizketa eta Ingurugiroa besteak beste; gainera, lehenagotik ditugun sail batzuk, Azaleko txostena eta Lege Aholkularitza esate baterako, zabalako lantzeko modua izango dugu; izan ere, gure ustez, irakurle maiteok, zuen intereseko informazio guztia biltzeko behar adina leku ez zigun uzten aldizkariaren mugak.
Azaleko Gaian hilero jorratzen ditugun txostenetan hiri berriak sartzea izan da beste aldaketa bat. CONSUMERen 20. zenbaki honetatik aurrera, orain arte aztertu ez genituen bi hiriburu handi azalduko dira: Madril eta Malaga. Hiri horiekin Espainia erdi aldera eta hegoaldera zabaltzen dugu gure ikerketa-eremua.
Eta, azkenik, zuengandik jasotzen ditugun eskaera guztiei erantzuteko, 300.000 alera gehitu dugu aldizkariaren tirada; honela, Espainian tiradarik handieneko kontsumo aldizkari bihurturik, Europa eta mundu zabalean ere garrantzitsuenen artean izango gara.
Halaber, CONSUMERen Interneteko edizioak (www.revista.consumer.es) ere aldaketak izan ditu diseinuan, Web orrialdeetako nabigazioa irakurlearentzat erosoago eta errazago izan dadin. Inprimatutako aldizkarian sartu ditugun aldaketak ere gozatu ahal izango ditu irakurleak.
Aldaketa horiek guztiak zure gustuko izatea espero dugu, Grupo Eroski Fundazioak kontsumitzaileen bizitza kalitatearekin duen konpromisoaren beste adierazpen bat baitira. Hilero hobetoxeago bizi izaten lagunduko diguten ikerketak, datuak eta iradokizunak eskaintzen dituen aldizkaria egitea da gure erronka. Guztiok gogoratu behar dugu, egoera ekonomiko on samarra dugun honetan ere, garapenak ingurugiroari dagokionez eutsigarria eta gizatasunean solidarioa izan behar duela (orain bi hilabete orrialde honetan bertan esaten genuen legez).