Zein da Tanzaniako hiriburua?
Zoria, memoria, trebezia, galdera-erantzunak, estrategia, ibilbideak, hitzak edo matekatikak ardatz dituzten joko hauek, une goxoak pasatzeko aukera ematen digute lagunarteko bileretan, eta adimenari eta memoriari lan eragin eta batzuetan, gauza berriak ikasi edo ahaztuta genituenak gogoratzeko modua ere ematen digute.
Jolasaz ari garenean, umeen gauzez ari garela ulertzen dugu askotan, oker ulertu ere. Baina helduen artean ere garrantzitsu izan behar luke jolasak. Gure bizitzako lehen urteetan zehar jolasa izaten da ia guztia, jakinmin, irudimen eta gozatzeko gaitasun izugarria izaten baitugu. Txikitan, jolas egiten dugunean ez dugu ezer berezirik espero izaten. Jolasa bere horretan ulertzen dugu; jarduera libre eta espontaneotzat hartzen dugu. Jolas egite hutsagatik jolas egiten ikasten dugu; gozatze hutsagatik, hitz batean.
Une atsegin bat pasatzeko
Jolasean ari garela, gauzak beste modu batean hartzen ikasten dugu, gure izpiritu ludikoa elikatuz. Bitarteko horri esker, ordutan jokoaren gora-beheretan buru-belarri sarturik egoteko gai gara, inguratzen gaituen guztiaz eta eguneroko bizitza osatzen duten elementuez ahaztuta. Xake-partida edo galdera-erantzunen joko batean, gure abileziagatik baloratuko gaituzte ingurukoek eta beharbada gainerakoek epaitu egiten gaituztela sentituko dugu; baina partida amaitzean lehenean geratuko dira gauzak eta norbera lehen zena izango da berriro. Zenbaitek irabazi egin nahi izango du beti; gehien dakiena bera dela erakutsi nahi duenik ere ez da falta izaten. Eta jarrera desinteresatua erakutsiko duenik ere izango da, jokoan larregi sartu gabe arituko denik. Edozein kasutan ere, une atsegin bat pasatzea da helburua, eta hori ez da gutxi. Jolas-aldi horietan oso presente izan ohi den elementua, positiboa gainera, barre egitea da. Jolasean ari dela bakoitzak interpretatzen duen rolak zerikusi handia du, noski, bere izaerarekin. Jolasaren bidez beste era batera ezagutzen da jendea eta sorpresa ugari hartu ohi da.
Jolaserako, adinak ez du mugarik; psikologoek esaten dutenez, haurtzarora eramaten gaitu jolasak, helduaren bizimoduak ezabatu nahi izaten duen izpiritu ludiko hori – fribolo samarra- azalera atereaz. Jolaseko elementuez gain, oso interesgarriak dira jolasaren bidez bultzatzen diren trebezia eta gaitasunak ere. Memoria, intuizioa, besteen azterketa, esperimentazioa eta abar lantzen dira. Jolasak gure bizitzako arlo asko ingurune permisibo, malguago eta lasaiago batera eramaten ditu.
Araudun jokoak eta mahaikoak
Araudun jokoetan lau-bost urtetik aurrera aritzen da, eta zazpi urterekin indarra hartzen dute. Besteekin batera jolas egiteak, arau jakin batzuetan ados jartzea eta onartzea esan nahi du. Araudun jokoak modu ezin hobea dira besteekiko harremana bultzatzeko. Mahaiko jokorik gehienak konpetitiboak izaten dira. Eta konpetentzia edo lehia oso barneraturik dugu gaur egungo gure bizitzeko moduan. Nerabeari munduan kokatzen lagunduko dio lehiak, besteekiko kokatzen. Jolasa komunikazioa ere bada, aisialdiko jarduera erlaxatua, atsegina eta permisiboa. Loterian, bingoan, erruletan, kiroletako kinielan edo makina txanponjaleetan zorteak mugitu ohi gaitu, horrexen mende izaten baita jokalaria erabat ia, joku batzuetan bereziki. Baina hemen aipatzen ditugun mahaiko jokoetan zorteak ere zeresana baduen arren (egokitzen zaigun karta edo ateratzen den fitxa edo txartela erabakarrigarria izan daiteke azken emaitzan), guztiz garrantzitsuak dira jokoaren ezagupena, intuizioa, abilezia, nerbioak menperatzea, aurkariaren “jokaldiak” interpretatzen jakite eta Askoz ere joku aberats, hezitzaile eta dibertigarriagoak dira. Zortea ezin izaten da kontrolatu eta, jokalariak berdintzeaz gain, erabat aleatorioa da. Mahaiko joko hauekin, konpetentzia, emozioa eta tentsioa gauza “sanoak” dira, ez baitira obsesio bihurtzen. Positiboa da gainera jokalariek ez dutela dirurik jokatu ohi, afari ondoko harrikoa edo larunbateko zinerako txartela ordaintzea eta antzekoak baizik. Trebeziako jokoak, zulo batetik bolatxo bat ateratzea edo atzamarrekin eta eskuekin hariak erabiliz irudiak eraikitzea, baliagarri dira nerbioak lasaitzeko. Kontzentrazioa eta abilezia eskatzen dute.
Memoria lantzeko jokoak
Galdera eta erantzunak biltzen dituzten jokoen bidez era atsegin batean kontzeptuak ikasteko eta gogoratzeko modua izango dugu eta nabarmen uzten dute jokalari bakoitzaren kultura maila, gairik gustukoenak eta “hutsuneak” (artea, historia, gaurkotasuneko gaiak, kirola, moda…). Joko hauetan garrantzitsu izaten da taldeka jokatzen denean taldeak parekatzea. Zirkuitu bidezko jokoek -partxisak edo antzara jokoak- gutxieneko estrategia bat eskatzen dute. Ibilbide bat egin beharra dago eta amaierara iristeko zenbait proba gainditu beharra izaten da. Antzara jokoan zorteak eramaten gaitu ibilbidean aurrera, baina partxisean estrategia apur bat behar da ondo jokatu eta fitxak egoki mugitzeko. Edozein modutan ere, bada beste zenbait joko estrategia handiagoa eskatzen dutenak: xakea, dama jokoa eta antzekoak. Afrika eta Asiako zenbait joko tradizionalek estrategia zuten jokalari bakoitzaren jokoaren arima. Estrategiak buruan gauzak eraikitzen, espazioa ordenatzen eta aurkariaren erantzunak planifikatu eta kalkulatzen laguntzen du; eta horiek guztiak abilezia interesgarriak dira eguneroko bizitzan mugitzen ikasteko.