11 preserbatibo aztergai

Alde handiak prezioan, ez horrenbeste kalitatean

Marka batzuen prezioak beste batzuenen hirukoa izanik ere, arauak xedatutakoa denek gainditu zuten
1 uztaila de 2002
Img listado analisisb

Alde handiak prezioan, ez horrenbeste kalitatean

Lubrifikatzailez amaituriko kautxu naturaleko latexezko hamaika preserbatibo aztertu dira oraingoan; horien aleko prezioa 23 zentimotik (Farmacoton) 72 zentimoraino (Profil) doa. Azterturiko lagin guztiek erraz gainditu dituzte legeak xedaturiko probak (UNE-EN 600, 1996an aldatua): beraz, merkeenak har daitezke kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokienekotzat. Aukera erresistenteago eta prezio handiagokoak dira Harmony, Control Nature (55 zentimo) eta Presttys (43 zentimo). Profil da, azterturiko marka guztietan, ontziko hamar ale dauzkan bakarra; gainerakoek 12na dituzte.

Profilaktikoa da egun antisorgailurik erabilienetako bat, bera baliatzeko sendagilearen preskripzioa ez baita nahitaezkoa eta, gainera, sortzeaz kontrako eginkizuna betetzeaz gainera, sexu-bidez transmiti daitezkeen gaixotasunen (hala nola hiesa, gonokozia, sifilisa edota B hepatitisa) kontagioa galarazten duelako.

Ezagutu ziren lehen kondoiak arkume eta antzeko animalien hesteez eginak ziren. Denborak aurrera egin ahala, erabilitako lehengaiak biziki bilakatu dira eta, horrela, gaur egun, Hevca brasilensis arbolatik eta Malasiako beste hainbat arbolatatik erauzten den kautxu naturaleko latexa da gehien baliatzen dena. Latexaren kontrako alergia nozitzen duenak baditu poliuretanoz moldaturiko preserbatiboak: material hipoalergeniko hori oso marka gutxik komertzializatzen dute oraino.

Legeriak zorrozki xedatua du kondoien gutxieneko luzera (170 milimetro) eta zabaleraren kasuan hainbat neurri legezko daude (50 eta 54 milimetro bitarte). Balio horiek hamaika laginek betetzen dituzte; areago, Galanty, Profil eta Durex laginek 200 milimetrotik gorako luzera dute. Beste muturrean, profilaktikorik laburrena Harmony da (193 milimetro). Zabaleraz ari garela, 52 milimetro kondoi guztiek dituzte, Family Natural laginak izan ezik (milimetro bat gutxiago baitu).

Ale bakoitzaren hanpatze-ahalmenak, gutxienez 18 dm3 (dezimetro kubiko) izan behar du. Proba honetan hoberenak -Durex Natural- erraz gainditu zuen (55 dm3) arauak xedaturiko gutxieneko balioa. Areago, ahalmen gutxiagoko laginek ere (Family Natural eta Farmacoton), legeak eskatutakoaren bikoa onartu zuten (37 dm3).

Arauak dioenez, profilaktikoek 1 Kpa-ko (kilopascal) presioa jasan behar dute. Galanty eta, ostera ere, Control Natural izan ziren presio handiena onartu zutenak (1,6 Kpa). Baliorik eskasena Androtex laginak erakutsi zuen, 1,2 Kpa. baizik ez baitzuen jasan.

Zulorik ba ote zegoen hautemateko, lagin bakoitza 300 milimetro kubiko ur destilatuz bete zuten; era horretan, minutu batez aztertu ziren kondoiak, balizko ihesen bila. Ura iragazteko pororik ez zen atzeman inongo laginetan.

Preserbatiboa hausterainoko erresistentzia eta luzamendua neurtzeko saiakerak, laginak ontzitik atera berritan (“hasierako egoeran”) egin ziren lehendabizi, eta “zahartutakoan”, ondoren. Kondoiak zahartzeko, arauak adierazten duen bezala, 48 orduz 70 graduko tenperaturan eduki ziren; hori dela medio, laginen erresistentzia aldatu egin daiteke (onera edo txarrera). Egoera batean zein bestean, profilaktikoek 39 N-ko indarra (newton) jasan behar dute eta hasierako egoeran duten tamaina bider zazpiraino (%700) luzatuak izateko gai izango dira, hausturarik gertatzeke.

Hasierako egoeran Harmony preserbatiboa izan zen bai erresistentzi proban emaitza onenak jaso zituena (80 newton), baita hausterainoko luzamenduan ere (%870, hots, hasierako tamainatik hasita, bere burua bider zortzi eta erdi baino luzeago egin zen). Presttys eta Control Nature laginek ere emaitza onak atera zituzten, ontzitik atera berritan. Erresistentzia eskaseneko preserbatiboa (nahiz asetzeko moduko emaitzak erdietsi zituen) Prime izan zen (50 newton); luzamendu txikiena jasan zuena, berriz, Family Natural (%750, hau da, legez xedatutakoa baino %7 gehiago).

Zahartutakoan, Control Nature markakoak dira erresistentzia handienekoak: horrelako laginak hausteko 78 newtoneko indarra aplikatu behar izan zen. Androtex, aitzitik, indar txikiena baizik ezin jasan dezakeena da (52 newton). Zahartuz gero, luzatzeko gaitasun handiagoa dute Prime eta Harmony laginek (beren egiazko tamaina baino 8,3 bider luzeago bihurtzen dira) eta proba honetan laginik txarrena Presttys izan zen, bere tamaina 7,5 aldiz luzeago iristen ari zelarik hautsi egin baitzen.

Azterturiko hamaika laginen ontziraketa eta etiketa zuzenak dira. Arauak xedaturiko eskakizunak zorrotz betetzen dituzte denek: kaxatxoan fabrikatzailearen edota banatzailearen identifikazioa eta helbidea agertzen dira, lote, ale-kopuru, iraungipen-data, adierazpide eta era egokienean erabiltzeko aholkuekin batera.

Kaxatxo barnean preserbatiboak plastiko nahiz aluminio-paperezko ontzi banatan aurkezten dira: hor ere, lotea eta iraungipen-data agertu behar du bakoitzak. Azterturiko lagin guztiek baldintza hau ere betetzen duten arren, Presttys, Cosmos, Galanty eta Family Natural markakoetan, inoiz ezinezkoa gertatzen da datu horiek erraz zehaztea, bestelako testu edo idazkiekin batera egokitzen direlako.

Hamaika kaxatxoetan dago orritxo bat eta bertan preserbatiboaren nolakotasunak, erabiltzeko, kontserbatzeko eta botatzeko argibideak. Kondoia erabili aurretik argibideak irakurtzea oso mesedegarria da: profilaktikoen haustura nekez gertatzen da produktuak huts egin duelako; alderantziz, okerreko erabilera edo behar ez bezalako kontserbazioa izaten da gehienetan puskatzearen erruduna.

Erabilera

Sexu bidez transmititzen diren gaixotasunen (hiesa, sifilisa, B hepatitisa, etab.) kontagiorik edota gertatzerik nahi ez dugun haurdunaldiaren aurrean ahalik eta babes eraginkorrena lortzeko, garrantzi handia du ontzi barruan zehazten diren erabiltzeko eta kontserbatzeko argibideak behar bezala betetzeak. Hona hemen garrantzizkoenak:

  • Preserbatiboa zakilean kokatu behar da, zut dagoenean, inongo sexu-kontakturik gertatu aurretik.
  • Ontzi indibiduala arreta handiz ireki behar da, produktua kalte dezakeen tresna zulatzaile edo ebakitzailerik, hortzik edo azkazalik erabili gabe.
  • Eskuetan zauririk baldin badago ez da preserbatiboa ukitu behar, kutsatzeko aukerak ahalik eta gehien murrizteko.
  • Preserbatiboa ontzitik atera ondoren, itxitako muturreko depositua zanpatu behar da, airea erauzteko. Berehala zakilean, zut, kokatuko da, muturreko espazioa libre utzirik, hazia horrantz bil dadin. Azkenean, arreta handiz zabaldu behar da, zakila erabat estali arte.
  • Eiakulazioaren ondotik, zakila pittinka atera behar da, erekzioa amaitu aurretik, preserbatiboa oinarritik helduz, hazia bertatik atera ez dadin.
  • Ondoren, kondoia kendu eta modu seguru eta higienikoan suntsitu behar da. Profilaktikoa ez da inola ere komunera bota behar (buxatu egin lezake eta). Zakarrontzia du tokirik egokiena.
  • Preserbatiboak erabilera bakarrekoak dira: ez dira ikuzi, garbitu behar.
  • Beste labaingarririk nahi izatekotan, erabili ura oinarri dutenak (glizerina, adibidez). Ez erabili funtsean olioa duten lubrifikatzaileak (baselina, haurtxoentzako olioak, kremak, soinerako lozioak, etab.), preserbatiboa kaltetu eta bere eraginkortasuna honda dezaketelako.
  • Latexaren kontrako alergiarik nozituz gero, poliuretanozko preserbatibo hipoalergenikoak erabiltzea komeni izaten da.
  • Kontuan izan, nolanahi ere, preserbatiboaren iraungitze-eguna: datu hori kaxatxoan eta ale bakoitzaren ontzian agertzen da. Data hori pasatakoan, produktuaren kalitatea dezente hondatzen da.
  • Preserbatiboa hautsiko balitz -antisorgailu gisa erabili baldin bada- 72 ordu igaro aurretik, Osasun Zentro edo Establezimendu batean famili plangintzan diharduen espezialistarengana aholku bila jotzea komeni izaten da.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Hamaika markatako (Presttys, Family Natural, Androtex, Galanty, Profil, Farmacoton, Prime, Cosmos, Harmony, Control Nature eta Durex Natural) 50 preserbatibo aztertu dira. Arauak xedatutakoa lagin guztiek gainditu dutenez, kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena denetan merkeenak agertzen du: Farmacoton-ek, alegia. Harmony, Control Nature eta Presttys aukerak erresistentzia handiagokoak dira, baita prezioz garestiagoak ere.
  • Preserbatibo guztiek jasotako emaitzak Arauak xedaturiko baldintzak betetzen dituzte: gutxieneko luzera eta zabalera, hanpatzeko gutxieneko ahalmena, zulorik edo pororik eza, hausteraino luzatzearen kontrako erresistentzia -bai hasierako egoeran, baita zahartu ondoren ere- eta ontzian zein etiketan adierazitako datuen egiazkotasuna.
  • Preserbatiboaren erresistentzia bereziki zaintzen duten pertsonentzat aukera egokiena Harmony da, bai trakzioaren aurkako erresistentzian (hausterainoko luzamenduan) bai zahartutakoan luzamenduaren aurkakoan emaitzarik onenak lortu zituelako. Preserbatibo horrek, gainera, erdi pareko prezioa du (0,55 euro aleko). Presttys eta Control Nature ere aukera politak dira.
  • Preserbatibo akastunak aurkitzeko aukerak, ohiko baldintzetan, hutsaren pareko direnez, nahi ez den haurdunaldirik ez jazotzeko eta sexu-bidezko gaixotasunak (hiesa, B hepatitisa, sifilisa) ez transmititzeko, preserbatiboak erabili eta kontserbatzeko argibideak arreta handiz irakurri behar dira. Argibide horiek kaxatxoan eta kondoi bakoitzaren ontzian agertzen dira.
  • Consumer-ek eginiko azterketa-andanaren arabera, denetan garestienak -Profil eta Durex Natural (0,72 eta 0,70 euro aleko, hurrenez hurren)-, oro har, ez dira merkeenak -Farmacoton (0,23 euro aleko) eta Galanty (0,26 euro aleko)- baino hobeak.
ARAUTU- TAKO GUTXI- ENEKO BALIOAK FARMA- COTON GALANTY COSMOS FAMILY PRESTTYS HARMONY
Prezioa ( euro aleko) 0,23 0,26 0,35 0,38 0,43 0,55
Ontziraketa eta etiketa Datuen kontrola eta egiazko- tasuna Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Luzera (mm) 170 196 200 196 195 197 193
Zabalera (mm) 52 ± 2 52 52 52 51 52 52
Lehertze-bolumena (dm3) 18 37 40 46 37 38 49
Lehertze-presioa (kPa) 1,0 1,5 1,6 1,4 1,5 1,5 1,4
Zuloen detekzioa Ihesik ez Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Hasierako hausturaren aurreko erresis- tentzia (N) 39 60 72 58 70 76 80
Hasierako hausturaz luzatzea (%) 700 760 780 780 750 800 870
Zahartze- agatiko hausturaren aurkako erresis- tentzia (N) 39 67 67 66 68 63 58
Zahartze- agatiko hausturaz luzatzea (%) 700 760 780 800 760 750 830
ARAUTU- TAKO GUTXI- ENEKO BALIOAK CONTROL ANDROTEX PRIME DUREX PROFIL
Prezioa ( euro aleko) 0,55 0,59 0,63 0,70 0,72
Ontziraketa eta etiketa Datuen kontrola eta egiazko- tasuna Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Luzera (mm) 170 196 195 197 200 200
Zabalera (mm) 52 ± 2 52 52 52 52 52
Lehertze-bolumena (dm3) 18 45 42 46 55 41
Lehertze-presioa (kPa) 1,0 1,6 1,2 1,3 1,5 1,5
Zuloen detekzioa Ihesik ez Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Hasierako hausturaren aurreko erresis- tentzia (N) 39 74 58 50 60 58
Hasierako hausturaz luzatzea (%) 700 800 790 760 800 780
Zahartze- agatiko hausturaren aurkako erresis- tentzia (N) 39 78 52 62 60 55
Zahartze- agatiko hausturaz luzatzea (%) 700 820 770 830 810 790

Banan-banan

BANAN-BANAN

FARMACOTON

  • 0,23 euro aleko.
  • Denetan merkeena, kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Lehertze-bolumen txikienekoa (37 dm3) Family Natural-ekin batera. Preserbatiborik merkeenaren bila dabilenarentzat aukera onena; arauak xedaturiko kalitate-parametro guztiak gaindituta, gainerakoek bezalaxe.

GALANTY

  • 0,26 euro aleko.
  • Bigarren merkeena. Luzeenetako bat (200 mm. baino gehiago) Profil eta Durex Natural-ekin batera. Lehertze-presiorik handiena (1,6 KPa) Control Nature-rekin batera. Cosmos, Presttys eta Family Natural laginetan bezala, alearen ontzian ez dira zehazki atzematen lotea eta iraungipen-data.

COSMOS

  • 0,35 euro aleko.
  • Lotea eta iraungipen-data ontzi indibidualean bestelako testuekin batera egokitzen denez, datu horiek ezin irakurrizko gertatzen dira, nahiz eta preserbatiboa behar bezala erabiltzeko ezinbestekoak diren. Beste horrenbeste gertatzen da Presttys, Galanty eta Family Natural laginetan.

FAMILY NATURAL

  • 0,38 euro aleko.
  • Gainerakoak baino milimetro bat estuago da. Lehertze-bolumen txikienekoa (37 dm3) Farmacoton-ekin batera eta, hasierako egoeran, hausterainoko luzamendu txikienekoa (%750). Preserbatibo bakoitzaren ontzian lotea eta iraungipen-data idatzirik dauden arren, ez dira irakurgarri gertatzen kaxatxoko testuekin batera egokitu baitira (Presttys, Cosmos eta Galanty-rekin gertatzen den bezala).

PRESTTYS

  • 0,43 euro aleko.
  • Zahartze egoeran, hausterainoko luzamendu txikiena lortu zuena, baina hasierako egoeran proba horretan onena gertatu zen. Ontzi indibidualetan agertzen diren lotea eta iraungipen-data ez dira zehazki ulertzen, kaxatxoko testuekin batera egokitu direlako. Cosmos, Galanty eta Family Natural laginetan ere gauza bera gertatzen da.

HARMONY

  • 0,55 euro aleko.
  • Aukera polita. Hasierako egoeran erresistentzia handienekoa, bai hausterainoko erresistentziaz (80 N), baita luzamenduan ere (%870). Zahartutakoan, luzamendu handienekoa (%830), Prime-rekin batera. Laginik motzena denetan: 193 milimetro.

CONTROL NATURE

  • 0,55 euro aleko.
  • Aukera polita. Lehertze-presiorik handienekoa (1,6 Kpa) Galanty-rekin batera. Zahartutakoan, erresistentzia handienekoa (78 N). Gainerakoek bezala, arauak xedaturiko baldintza guztiak betetzen ditu.

ANDROTEX

  • 0,59 euro aleko.
  • Lehertzeraino preserbatiboan eragin behar den presioa, lagin denetan txikiena da (1,2 Kpa.); zahartutakoan, erresistentzia ahulenekoa, puskatzerainoko proban (52 N). Datu horiek gorabehera, arauak xedaturiko baldintza guztiak betetzen ditu.

PRIME

  • 0,63 euro aleko.
  • Hasierako egoeran erresistentzia ahulenekoa bada ere, zahartutakoan, puskatzerainoko luzamendu-proban hoberena gertatu zen (%830), Harmony-rekin batera. Gainerakoek bezala, arauak xedaturiko baldintza guztiak betetzen ditu.

DUREX NATURAL

  • 0,70 euro aleko.
  • Bigarren garestiena. Lagin luzeenetako bat Profil eta Galanty-rekin batera (200 mm. baino gehiago). Lehertzeraino aire gehien onartzen duena da (55 dm3). Gainerakoek bezala, arauak xedaturiko baldintza guztiak betetzen ditu.

PROFIL

  • 0,72 euro aleko.
  • Garestiena denetan. Luzeenetako bat, Galanty eta Durex Natural-ekin batera (200 mm baino gehiago). 10 aleko kaxatxoan aurkezten den lagin bakarra (besteek 12 ale dituzte). Gainerakoek bezala, arauak xedaturiko baldintza guztiak betetzen ditu.