Eleberri gisa eta batez ere zineman arrakasta izan duen obra bat antzezten duzu. Horrek erraztu egiten du txarteldegiko arrakasta ala konparaketetan erortzeko arriskua dago?
R. J. Waller-en eleberriak arrakasta izan zuen zineman eta hala gertatu da antzerkian ere, istorio handi bat baita, eta interpretazio aldetik erronka handia den arren, ez naiz konparaketen beldur; eta aldi berean uste dut obra zinemari esker ezaguna izateak ez duela bermatzen gure arrakasta. Bi hizkuntza desberdin dira eta bietan, paregabea da Francescaren papera, lehen mailako aktoreak gogobetetzen dituen pertsonaia baita, zinemara eraman zuena Meryl Streep izateak erakusten duen moduan. Gogo handia nuen emakume hori interpretatzeko: harengandik hurbil sentitzen nintzen eta bioi eragiten digun mundu bat konpartitzen dugu. Horregatik prestatu nuen obra. Zineak ez bezala, pertsonaia bat hautatzeko, haren baitan sartu eta bizitza propioa emateko aukera ematen du antzerkiak.
Hala ere, bitxia da zinemagintzako hizkeratik antzerkikora pasatzea, lehen alderantziz gertatzen baitzen: antzerki lan on edo ezagunak zinemarako egokitzen ziren.
Gaur egungo zenbait antzerki obra paregabeak dira, baina eleberri batean oinarritutako argumentu on bat zeluloidera iristen den bezala, taula gainera ere irits daiteke. Gerta liteke beste hizkera batera sekula ez itzultzea ere. Darío Foren Tengamos el sexo en paz obrarekin hala gertatu zen. Obra horrek zorroztasun, seriotasun eta talentu handiz jorratzen zuen gaur-gaurko gai bat eta ezinbestean antzerkiak jarri behar izan zuen abian.
Itxuraz, tokitan geratu dira Ferando Fernán Gómez-ek Viaje a ninguna parte obran hain maisutasun handiz interpretatu zituen komiko ibiltari haiek. Baina badirudi errealitatea ez dela hainbeste aldatu: antzerki obretako biretan antzeztokia aldean eramaten da oraindik, kilometro asko egiten da eta beren artea saltzen duten artista ibiltari bihurtzen dira aktoreak. Gainera, obra askok arrisku ekonomiko handia izaten dute. Merezi du hainbeste ahalegin egiteak?
Horixe da obrek funtzionatzen duten eta publikoarengana iristen diren jakiteko era bakarra. Lehen, probintzietako birez hitz egiten zen eta baliteke termino hori despektiboa izatea, baina orain erabat alderantziz gertatzen da. Plaza desberdinetan estreinatzea, publiko mota guztiekin konektatzea lortzea eta publiko horren bila ateratzea funtsezkoa da. Adibidez, Los Puentes de Madisson ez zen Bartzelonan, Valentzian edo Madrilen estreinatu. Hemengo antzoki-sarea bikaina da, kamerinoak gero eta zainduago daude, besulki-patioak oso ongi eraiki edo berritu dira, argiztapen eta soinuari garrantzia eman zaie …. Batzuetan, hiri txikietako antzokiak hiriburu handietakoak baino hobeto prestaturik izaten dira eta abangoardiako auditorioen gero eta adibide gehiago dugu. Azken batean, gustua dela gure obrekin batetik bestera ibiltzea, ahalegin handia eskatu arren.
Antzerki-produktoreak kexu izaten dira sarri, antolatzen dituzten obren errentagarritasun urria dela eta. Hain zaila da aurrekontuak doitzea?
Espainian merkeegi dira oraindik antzerkirako sarrerak eta horixe da arazo nagusia. Prezioak ez du zerikusirik Europan kostatzen denarekin eta zer esanik ez Estatu Batuetakoarekin. Zoritxarrez, eta onartu beharra daukagu, ez dago antzerkiaren inguruko kultura handirik, obrak antolatzea garesti ateratzen da eta ez dira gastuak estaltzen.
Abangoardiako antzerkiak garrantzi handia izan zuen 80ko hamarkadan eta moldeak hautsi zituen, baina gehiengoarentzat ulertezina eta aspergarria zela leporatu zitzaion. Zure ustez horrek publikoa antzokietatik aldendu egin zuen?
Gaizki egindako obrek izan ezik, inongo antzerki-mugimenduk ez du antzerkiari kalte egiteko gaitasunik, oso hutsa edo hutsala izanagatik ere. Obra jendeari gustatzen bazaio, antzokiak bete egiten dira, baina taula gainean eskaintzen ez duena takilan saltzen saiatzen den antzerkiak aldendu egiten du ikuslea, berak uste duena baino gehiago daki eta. Artea ezin da prisma merkantilistatik ulertu, bere etsairik txarrena bihurtzen baita.
Kontsumorako zinema-industria arrakastatsu batek landuriko produktua da, baina beharbada arreta handiagoa jartzen du marketing kontuetan irizpide artistikoan baino.
Nola lehia daiteke antzerkia, bere bitarteko apalekin, mundu osoan ezagunak diren aktoreak protagonista dituen zinemako fikzio batekin, eta efektu berezien teknologiak zineari ematen dion ikusgarritasuna kontuan izanda?
Antzerkian gauza bat gertatzen da, ikus-entzunezkoen munduan gertatzen ez dena: telebista hain da gogorra eta zinema hain agertzen da “latako” produktua, ikusleek ezin dute beren iritzia adierazi. Horregatik, sinetsirik nago sekula ez dugula antzerkiaren behin betiko krisirik ezagutuko. Mende askoko bizitza duen arte bat da, beste adierazpen artistiko batzuekin batera bizi izaten ikasten ari da eta abantaila bat dauka: aktorea arriskuaren aurrean jartzen da gauero nolabait esateko, eta sentsazioak entregatzen ditu, antzezpen bakoitzean mundu desberdin bat eskaintzen du, bizi-bizia eta errepika ezina. Artistok, antzerki-emanaldi bakoitzean, bikain egon gaitezke, publikoarekin konektatu eta gogo bizia eta maitasuna transmititu; alderantziz, aspergarri izan eta segurtasunik eza edo nekea komunikatu. Desberdina izaten da arratsaldero eta horixe da antzerkiak zinemaren eta telebistaren aldean duen abantaila handia.
Antzerkiko ikusleek gehiago eskatzen dutela uste duzu
Bai, hala da eta, gainera, ikuskizunean parte hartzen du. Berotzen bada, zutik jartzen da, gure lana txalotu egiten du, meritua aitortu egiten dizu eta, garrantzitsuena, badaki une jakin horretan antzeztu denaren protagonista dela. Film batean, berriz, iritzia eman besterik ezin du egin ikusleak produktu itxi baten aurrean, atzo ikusi zen eta bihar ikusiko den produktu berberaren aurrean. Baina ez dago ezer pertsonalik, ez dago aktoreekiko komunikazio errealik. Horregatik, gure publikoa oso heterogeneoa da eta ez da gustuei buruzko estandar batean sartzen. Batzuetan adineko jendea izaten da nagusi eta gazteak beste batzuetan. Beharbada, bada ezaugarri berezi bat, gizonezkoak baino emakumeak gehiago etortzen direla.
Publikoa emanaldi bakar batera joaten da, baina aktoreak nola lortzen du bira osatzen duten emanaldi guzti-guztietan zehar tentsioari eta entregari eustea?
Horixe da, hain zuzen, antzerkiaren magia. Antzerkiak arriskua dauka, aktorea behartuta dago emanaldi bakoitzean dena ematera, bere emozio-memorian arakatu eta publikoari dena ematera. Guretzat, benetako biluzte integrala da.
Eta bizirik irauten da?
Aktoreok taula gainean jartzen dugun ahaleginaren inguruan esan dezakedan guztia gutxi da. Egunero hiltzen gara antzezpena amaitzean. Poza handia izaten da, eta horrekin batera mina eta batzuetan frustrazioa ere izaten dira, baina badakizu iritsiko direla zorion deskriba ezineko gau horiek ere. Antzerkiak “harrapatu” egiten du aktorea.
Zineak baino gehiago?
Zinean norbaitek deitu arte itxoin behar da. Zuzendaria bila etorriko zaizu papera zuretzako modukoa delako, baina antzerkian -nire kasuan behintzat, eta karrerako puntu honetara iritsita- gogoak ematen didan hartan lan egin ahal izateko obrak presta ditzaket. Ameriketatik itzuli eta nire konpainia propioa sortu nuen. Banekien konplikazio asko ekarriko zizkidana, baina aitortu beharra daukat ez doakidala gaizki.
Erabaki horrek aldendu egiten zaitu telebistaren mundutik?
Seguruenik serieak egingo ditut, baina telebistako hain lan politetan parte hartu ondoren, beldurra ematen dit publikoari eta neure buruari huts egiteak. Nire bizitzan harro egoteko moduko gauza bat daukat: publikoa errespetatzeko eta nire lanaren bitartez neureganatzeko obligazioa jarri nion neure buruari eta lortu dudala uste dut. Ezin naiz orain huts egiten hasi.
Publikoa leial duzu gainera, eta edertasun-sinbolo kontsideratzen zaitu.
Ez naiz hala sentitzen; hara, molestatu egiten nau hori onartzeak eta kosta egiten zait hortaz hitz egitea. Gaztetxotan ere ez nintzen prototipo horretako parte sentitu, baina uste dut ez dagokidala niri hori epaitzea, etiketa horretatik defendatzeko ahalegina egiten dudan arren.
Badirudi gauzak beti oso argi izan dituzula.
Komikoa izatea, aktorea izatea, zertarako balio dudan eta nola egin behar dudan jakin ondoren hartutako erabakia da. Uste dut ez nuela inolako arriskurik jokatu. Aktore jaio nintzen eta horrekin ez naiz nire buruari loreak botatzen ari, ilehoria naizela esatea bezala da. Geneetan jaso nuen: nire ama oso emakume irekia eta komunikatzailea zen, baina berak ez zituen bere gaitasunak lanbide bihurtu eta nik bai.
Ospeak dakarren kostua ere kalkulatu zenuen, anonimatua albora utzi eta zure bizitzaren zati bat publikoaren aurrean bizi izatera behartuta egotea?
Aktoreak ez du obligazio hori. Kontu handia izan behar du egiten eta esaten duenarekin, bere kokapenaz baliatuta min handia egin dezake eta. Nik ahots publiko bat edukitzea nire lanaren ondorio da, baina horrek ez dit eskubiderik ematen nire ospea edozer gauzaren alde erabiltzeko.
Alamancakoa zara jaiotzez eta bihotzez eta orain Espainian zehar daramazun obra ere Kulturarako Europako Hiri izendatu duten horretatik abiatu zen.
Desio bat izan da, behar bat, eta zorte handia hala egokitu izana. Salamanca, Europako hiriburu izendatu dutenetik, dantza, musika eta antzerkiko hainbeste eskaintza erakargarrirekin, hiri ezagunago, maiteago eta ulertuagoa izango da aurrerantzean. Lotura handia dut eta esaten dudanak folklore itxura izan arren, oso harro nago Salamancaz.
Harrigarria da aitorpen sutsu hori entzutea Bihotzeko sekretuak filma Oskar sarietarako lehian izan zenean Hollywood-era joan ez zen pertsona bati.
Bira batean murgilduta nengoen eta ezin izan nintzen joan. Baina Montxoren (Armendarizen) filmari gertatu zaizkion gauzetan horixe da garrantzi gutxien duena. Film bikaina da, sari asko jaso dituena eta maisu-lan bihurtzen ari da.