Oporraldiak

Txartelak eta bidai-txekeak, eskudirua baino hobe

1 uztaila de 2002

Txartelak eta bidai-txekeak, eskudirua baino hobe

Maleta, pasaportea, bisitatu beharreko toki eta monumentuetako gidak, arropa, argazki-kamera eta ekipajean sartu behar ohi ditugun gainontzeko trasteez gainera, oporraldiak pasatzeko herrialdean gurea ez bezalako moneta erabiltzen baldin bada, bidaian zehar dirua nola eskuratuko dugun erabaki behar izaten dugu. Aukerak askotxo dira: bidai-txeke eta kreditu zein zor-txarteletatik hasi eta, bisitatzen dugun herrialdeko kutxazainetan diru-erauzketak egin edo oporretan abiatu aurretik finantza erakundeetako batean eskudirua eskatu eta horrela eramateraino. Oporren egitaraua antolatzean ere, espainolek bereizgarri duten aurreikuste eskasak -ohitura turistikoei buruz Europa osoan eginiko azterketa baten arabera, berak dira uda parteko bidaiak gutxien eta beranduen antolatzen dituzten europarrak- ez du tarte handirik uzten atzerriko erosketak nola ordainduko diren erabakitzeko. Nolanahi ere, espainolak nahienak dituen helmuga gehienetako -Frantzia, Portugal, Alemania, Italia- dirua euroa den arren, urrutiagoko herriak geroz eta turista gehiagok aukeratzen dute: lurralde horietan dirua eramateko eta gastatzeko modu batzuk besteak baino seguruagoak izaten dira.

Europar Batasuneko kutxazainak

Europar Batasuneko hamabost herrialdeetatik hamabitan (Alemania, Austria, Belgika, Espainia, Frantzia, Finlandia, Grezia, Holanda, Irlanda, Italia, Luxenburgo eta Portugal) euroa diru bakartzat finkatu izanari esker, gure irteeretako askotan ez dugu zertan dirua trukatzen ibili; aldi berean, euroa dolarraren maila bertsuan egoteak ere, kontinente zaharretik urrun kostuak buruz kalkulatzea erraztu digu. Horiek ez ezik, beste abantaila bat ere aurkituko dugu uztailaren 1etik aurrera: euro-eskualdeko banketxeek ez dute komisiorik kobratuko txartelarekin dirua ateratzearren, ateratze hori norberaren herriko sare bereko erakunde batean egiten bada. Beste batera jo behar izanez gero, komisioa Espainian kobratuko litzatekeen berbera izan liteke (portzentaje hori ez da zehaztu oraindik, baina uda honetan bertan xedatu beharra dago). Baldintza hori bete ezean, kontsumitzaileak bere banka edo aurrezki kutxari erreklamazioa aurkeztu ahal izango dio (bera baita, azken finean, dirua eskuratzen duena).

Bidai-txekeak

  • Diru-kopuru jakin bateko (nahiz kopuru bat baino gehiagotakoak badiren) txeke hauek diruaren eginkizuna betetzen dute, abantaila nabarmen batekin: nominatiboak izaki eta serie-zenbakiaren arabera datozenez, titularrak bakarrik erabil ditzake.
  • Dirua babesteko metodo eroso eta segurua da, erabiltzeko erraza, eta lasaitasuna bermatzen du gainera, txekeak eskuratu diren unetik bertatik babesturik baitaude.
  • Bidai-txekeak hainbat moneta eta izendapen desberdinetakoak dira eta makina bat finantza-erakundetan ez ezik, negozio, ostatu, jatetxe eta hotel ugaritan ere onartzen dira.
  • Jaulkitzailearen aholkua: tasarik hoberena erdiesteko, hobe txekeok banketxean eskuratzea, horrelakoetan biribiltze hobea lortzen baita aireportu edo geltoki, komertzio, jatetxe, denda, hotel zein antzekoetako mostradorean baino; dena den, aukera hauek ere badute abantailarik, hala nola ordutegi dezente zabalagoa.
  • Txekeak banka edo aurrezki kutxa batek jaulkitzen ditu bidaiariaren kontutik eta, estatu horretan nahiz atzerrian, konbenioa duten sukurtsal edo banka guztietan kobratzeko modukoak dira.
  • Txekea kobratzearren inolako komisiorik ordainaraziko ez dioten sukurtsalen zerrenda entregatu behar dio finantza erakundeak onuradunari.
  • Kontsumitzaileak gogoan izan behar du kobratzeko aukeratu duen finantza erakundeak txekea ordaintzen ez badio, bertan adierazitako balioa gehi %25eko isuna erreklamatzeko eskubidea daukala.
  • Iraungipen datarik ez dute txekeek, baina eskuratzeko unean sinatu, serie-zenbakiak apuntatu eta zerrenda hori aparteko toki batean gorde behar du titularrak; era berean, erabilitako txekeen serie-zenbakiak apuntatu behar ditu.
  • Txeke horien abantaila nagusia: galdu edo lapurtu egiten bazaizkigu, paper hori gabe geratu gara, ez dirurik gabe. 24 ordura ordezkoak eskura ditzakegu, ostu dizkiguten txekeen serie-zenbakia erakutsiz gero.

Kreditu- eta zor-txartelak

  • Kreditu-txartelek ordainketak geroratzeko aukera emateaz gainera, erabiltzaileari hainbat eskubide aitortzen dizkiote, kontsumitzaile den aldetik. Zor-txartelek, berriz, erosketa edo gastuen munta bankako kontutik zuzenean kentzen dute eta, horri esker, aurrekontua errazkiago kontrola dezake titularrak.
  • Bai bidaia, bai tokian tokiko erosketak ordaintzeko modu egokiena kreditu-txartelaren bidez izaten da. Bi formulek ere abantailak dituzten arren, hoteletan plazak jasotzeko eta automobilak alokatzeko kreditu-txartel baten zenbakia eskatuko dute eskuarki, nahiz kasu batzuetan zerbitzu horiek zor-txartelarekin ordaindu ahal izango ditugun.
  • Horietan garrantzizkoenek truke-bulegoek edo helmugako finantza-erakundeek baino tasa interesgarriagoak eskaintzen dituzte, banka handiei bakarrik eskaintzen zaizkien maioristen trukea izan ohi dutelako oinarri.
  • Aukeran, hobe izaten da aurrerakinik ez eskatzea edo hileroko gastu-kuota ez gainditzea, ordaindu beharreko interes-tasak handi-handiak direlako.
  • Kontuan izan dezagun, truke-tasak ez ezik, gastu eta komisioak ere kobratzen dituztela herrialde askotan: beraz, horiek kendutakoan, kutxazainetik egiazko diru gutxiago aterako dugu.
  • Txartel guzti-guztiak, lapurreta edo galera gertatuta ere, baimendu gabeko erabileraren kontra babestuak daude.

Dirua igortzeaz

  • Eskuarki, turistak bere etxetik dirua bidal diezaioten premiarik izaten ez duen arren, kasuistika zabal-zabala da (hilaren hondarrean urrutiko herrialdeetan diren ikasleak, adibidez, ez ditugu ahantzi behar).
  • Zerbitzu hori posta-bulegoek eskaintzen dute, igorri beharreko diru-kopuruaren %0,7 komisioa gehi 1,41 euroko kostu finkoa kobratuz. Entrega hiru egunen buruan egingo dela bermatzen dute baina, larrialdiko zerbitzua baliatu nahi izatekotan, dirua 4 eta 24 ordu bitartean entregatzeko konpromisoa hartzen dute.
  • Enpresa pribatuek igorpenak ia-ia une berean entregatzea bermatzen dute, baina kostu finkoa 2 euro ingurukoa da eta komisioa, berriz, %4koa.
  • Hona, geroz eta gehiago erabiltzen den metodoa: bankan kontu bat ireki eta jatorrizko herrialdean sarturiko fondoekin elikatzen den zor-txartela balioztatzea, kutxazainetan beste zeinahi txartel bezala erabili ahal izan dadin. Mugimenduko gutxieneko komisioak, oraingoz, 2 euro ingurukoak dira, komisioak %4koak direnez. Horrela, bada, 360 euro eskuratzea 14,4 euro kostatuko da.
Gaingiroki...
  • Eskudirua baldin badaramazu, banatu hainbat sakelatan: patrika bakoitzean diru gutxi.
  • Ordaintzeko modu komenigarri eta seguruena kreditu- eta zor-txartelak eta bidai-txekeak dira.
  • Idatzi beti txekeen serie-zenbakiak eta gorde ohar hori beste toki batean, txeke-sortatik aparte.
  • Eraman aldean, idatzirik, galdu edo ostutako kreditu-txartelen erreklamazioak larrialdiz egiteko telefono-zenbakiak; gorde itzazu ordain-agiri guztiak.
  • Gorde itzazu diru-trukea egiteagatiko fakturak; akaso aduanan eskatuko dizute egindako dibisen mugimenduaren berri azal dezazun (ohiko praktika izango duzu, dibisa horiek jatorrizko dirutara ostera ekarri nahi badituzu).
  • Bisitaturiko herrialdetik irtetearren bidesaria ordaindu behar balitz edo, gorde itzazu dolar batzuk, badaezpada.