Hirutik batek ez dute azterketa gainditu
Txosten horretan besteak beste kanpin horien prezioa, segurtasuna eta kalitatea aztertu ziren, kalitatearen barruan kanpinak bezeroei eskaintzen dien ekipamendua eta prestazioak bakarrik hartuta eta beste alderdi garrantzitsu batzuk albora utzita (garrantzitsuak izan arren homologatzen eta konparatzen zailak direlako), adibidez kokapena, paisaia aldetik duten balioa, kostatik hurbil egotea, irisgarritasuna eta garraioak…
Hona ondorio nagusia: azterturiko kanpinen %36,5ek ez dute gainditzen CONSUMER aldizkariak eginda azterketa. Azterketa horretarako honako ponderazio edo haztapena erabili da oinarri gisa: azken puntuazioaren %50 kanpinaren ekimenduari eman zaio, %30 kalitate-prezio arteko erlazioari eta %20 segurtasun baldintzei. Eta kanpinen %21ek bakarrik lortu dute kalifikazio ona eta gehienek (%42) ozta-ozta gainditu dute. Eta kanpin guztien batez besteko nota 10etik 5,2 puntu besterik ez zen izan. Eskualdeka, onenak Nafarroan aurkitu ditugu (6 puntu batez beste) eta txarrenak (batez beste 4,4 punturekin) Gipuzkoa, Kantabria eta Bizkaian.
CONSUMER aldizkariko teknikariak, beren burua hala aurkeztuta, telefono bidezko inkestak egin zizkieten 2002ko ekainean azterturiko 99 kanpinetako arduradunei eta kanpinaren ekipamenduari buruzko datuak, tarifak eta bertako instalazioen segurtasun neurriei buruzko argibideak eskatu zituzten. Halaber, kanpin horietako bakoitza arretaz bisitatu zuten. Bisita bakoitzean bete zen galdetegia prestatzeko, kanpinei buruzko araudi kontuetako adituen aholkularitza izan zen eta Suteak itzaltzen eta prebenitzen aditu diren teknikarien laguntza ere bai. Gainera, kanpinen ohiko erabiltzaileei ere egin zitzaizkien elkarrizketa eta Kanpin eta Karabana arloko Enpresarien Federazioaren gomendioak ere izan ziren kontuan. Telefonoz egindako inkestak kanpinetako arduradunek beti datu egiazkoak ez zituztela eman egiaztatu ahal izan zuten gure teknikariek bisitetan zehar.
Ekipamenduan, %28k ez dute gainditu
Eta %29k bakarrik lortu dute “ongi” kalifikazioa eta gainerakoek, talderik handienak (%42) “onargarri” besterik ez. Atal honetan baloratu direnen artean, kanpinaren tamaina, irekita zenbat hilabetez dagoen, igerileku, taberna, jatetxe, supermerkatu, arropa garbitegi eta arropa-garbigailu automatikorik daukaten. Halaber, publikoaren eskura dagoen telefono publiko kopurua, iturri, dutxa, konketa eta komun kopurua… Gainera, kiroletarako ekipamendua, ezinduen beharretara egokiturik dagoen ala ez, mediku zerbitzua eta haur txikiak garbitzeko toki egokirik eta sendategirik duen baloratu da. Papera, beira eta pilak biltzeko edukiontzirik daukaten ere egiaztatu da. Azkenik, kanpinaren garbitasun eta kontserbazio egoera aztertu da, barrutiarena zein dutxa, konketa eta komunena.
Lurraldeka, egokien ekipaturiko kanpinak Madrilen eta Alacanten daude eta okerrenak Kantabrian eta Gipuzkoan. Instalazio higienikoei dagokienez, Errioxakoak daude ondoen (34 erabiltzaileko dutxa bat, 22ko konketa bat eta 31 erabiltzaile bakoitzeko komun bat); okerrenak, berriz, Bartzelonan aurkitu ditugu (83 pertsona dutxa bakoitzeko, 73 konketa bakoitzeko eta 70 komun bakoitzeko). Kanpinen %13k ez dute arropa garbitzeko zerbitzurik eta garbigailu automatikorik eta telefono publikoa urri da kanpinetan: batez beste, telefono bat dago 319 plazako.
Alderdi positiboago batean, %3k bakarrik falta dute taberna, eta hamarretik zazpitan supermerkatua du erabiltzaileak; hamarretik bederatzitan, berriz, kanpin dendaren partzelan bertan eduki daiteke autoa. Halaber, %71k igerilekua dauka eta ia %65ek beste kirol ekipamenduren bat, tenis kantxa adibidez.
Segurtasunean, zenbait hutsune
Azterturiko kanpin guztietako arduradunek diote araudia betetzen dutela, baina oso gutxik hartzen du neurri osagarririk, adibidez hondamendien prebentziorako larrialdi plana edo ebakuaziorako plan zehatza. Kanpinen erdietan baizik ez daude plan horiek ezarrita; salbuespen positiboa Arabako kanpinetan aurkitu dugu (plan biak ezarrita zeuden bisitaturiko kanpin bietan) eta Valentzian, batean ez beste guztietan. Kanpinen %14k larrialdiko argiztapenik ez duela ikusi da.
Prezioa eta kategoria, ez dira oso adierazgarriak
Beste bi ondorio: kanpin baten kategoriak eta bere tarifek ere ez dutela era fidagarrian erakusten zerbitzuen kalitatea eta kanpin batzuetatik besteetara alde izugarria dagoela prezioetan. Prezioak konparatzeko, kanpinen oinarrizko erabilerako lau kasu ezarri ditu CONSUMERek (ikus koadroa). Horietako bat, arruntena: bikote heldu bat eta bost urteko haurra, abuztuko lehen hamabostaldian oporrak kanpinean ematen dituena, autoan eta kanpin dendarekin joanda. Kalkulu horretan alojamendua, denda jarri eta autoa instalatzeko eskubidea, argiaren entxufea eta dagokion BEZa hartu dira kontuan. Familia horrentzat, Alacanteko kanpinak dira garestienak, egonaldi horretarako batez besteko prezioa 369 eurotik gorakoa baita. Tarifa merkexeagoak aurkitu ditugu Malaga, Bartzelona, Bizkaia eta Madrilen eta Kantabria, Valentzia, Murtzia, Gipuzkoa eta Arabako kanpinetan, ordena horretan eta beheraka doaz prezioak, 308 eta 282 euro artean. A Coruña, Errioxa eta Nafarroakoak dira merkeenak, 265 eta 240 euro artean ordainduko bailitzateke batez beste.
Kasu honetarako 120 eta 215 euro arteko prezioetan (merkeenak) dabiltzan Lehen kategoriako kanpin kopurua handiagoa da Bigarren kategoriakoena baino (teorian merkeagoak izan behar duten arren); horrenbestez, argi geratzen da kategoria handiagoari ez zaiola automatikoki prezio handiagoa egotzi behar: tarifak galdetzea komeni da, beraz. Kanpinen sailkapenari dagokionez, autonomia erkidegoen bi talde daude: hiru kategoria bereizten dituztenak (Luxuzkoa, Lehena eta Bigarrena) eta beste kategoria bat gehitzen dutenak, Hirugarrena. Horrela, kanpaleku berberak, instalazio eta zerbitzu berberak izanda, kategoria desberdina izan lezake autonomia erkidegoaren arabera.
Hona datu bat kanpin batzuetatik besteetara dagoen prezio aldeak erakusteko: Bigarren kategoriakoetan (hauek izaten dute bisitaririk gehien), ereduko familiak 128 eurotik hasi eta 844 euro arte ordainduko luke. Alde izugarria, beraz. Eta tarifek eta kategoriek zerbitzuaren kalitateaz (beti ekipamendu gisa hartuta) ezer gutxi esaten dutela frogatzen duen beste datu bat: ekipamendutan onenak diren 11 kanpinen prezioa (6,5 puntu baino gehiago) -datu hau CONSUMERek eskuartean erabili dituen lau kasuen batez bestekoa da- 395 euroko da, azterturiko guztien batez bestekoa baino txikiagoa, 442 euro baita. Eta ekipamenduagatik aukeraturiko 11 kanpin horietatik lau baino ez ziren Lehen kategoriakoak eta 7 Bigarren kategoriakoak. Beste datu bat: 11 kanpin garestienek (600 eurotik gorako batez bestekoa erabilerako lau kasuetarako, eta guztiak Lehen kategoriakoak, Bigarreneko 3 izan ezik) 5,65 puntu baino ez zuten lortu, 10etik.
Ezinduak: bazterturik kanpinen erdia baino gehiagotan
Ezindu eta elbarrien beharretara egokitzeko alojamenduek dituzten hutsuneek eragin negatiboa izan dute kanpin askoren kalifikazioan. Kanpinen %54k ez dute ezinduentzako instalazio eta sarbiderik, eta %5ek bakarrik dauzkate zerbitzu guztiak egokituta. Egoerarik onena Araban aurkitu da, kanpin bietan hobekuntzak egin baitira erabiltzaile horiek hartu ahal izateko. Malagan eta Nafarroan, herena baino gutxiago dira instalaziorik bat ere egokitu ez duten kanpinak. Gainerako lurraldeetan egoera okerragoa zen, Errioxan bereziki, azterturiko kanpinetan baten ere ez baitu antzemateko moduko egokitzapenik egin. Valentzia, A Coruña, Bartzelona, Madril eta Kantabrian, berriz, elbarrien beharrei jaramonik egiten ez dieten kanpinak %67tik %75era doaz eta egoera zertxobait hobea da Alacant eta Murtzian, kanpinen erdia inguruk egokituta baitituzte instalazioak elbarrientzat.
Kanpin batzuetan hutsune asko
Dutxa kopuruari dagokionez, Errioxan dago batezbesteko onena (dutxa bat 34 erabiltzaileko), eta txarrena Bartzelonan, dutxa bakarra baitago 83 erabiltzailerentzat. Guztiek zuten ur beroa gutxienez dutxaren batean.
Garbitasun pertsonalerako zerbitzuekin jarraituz, Errioxakoak dira berriro onenak konketa aldetik ere (bat 22 erabiltzaileko) eta proportziorik txarrena Bartzelonakoetan dago (73 plazako konketa bakarra). Aipagarriak dira Valentzia eta Arabako kanpinak. Komun kopuruaren aldetik ere Errioxak eman ditu emaitzarik onenak (komun bat, 31 plazako) eta alderdi negatibotik Bartzelona eta Valentzia nabarmendu dira: komun bakarra 70 pertsonarentzat. Beste hutsune bat ere bada: kanpin guztiek harraska daukaten arren, %15ek ez dute arropa garbitzeko zerbitzurik edo garbigailu automatikorik. Egoera hori larritu egiten da kanpinetan horretarako dagoen aska kopurua txikia delako (48 plaza bakoitzeko iturri bakarra). Are proportzio okerragoa dago A Coruña eta Malagan: 71 eta 72 pertsona, hurrenez hurren, harraska bakoitzeko. Halaber, harrikoa egitean ur berorik eza antzematen da Malaga, Valentzia, Bizkaia, Murtzia, Alacant, Kantabria, A Coruña, Bartzelona eta Errioxako hiru kanpinetatik baten, eta Nafarroan bakarrik aurkitu dugu ur beroa bisitaturiko kanpin guztietako harrasketan. Gipuzkoan %43 da proportzioa, eta Madrilen azterturiko kanpin guztien %12,5k ez dute harrikoa ur beroarekin egiteko aukerarik ematen.
Telefono publikoa ere urri da kanpinetan, batez beste 319 plaza baitago telefono bakoitzeko (518 Madrilen, egoerarik txarrenean; eta 200 Araban, egoerarik onenean). Bi kanpinek ez zuten telefono publikorik (biak Hirugarren kategoriakoak).
Bestalde, 99 kanpinetatik bik ez dute larrialdietarako lehen laguntzarako botikinik eta hirutik bik ez dute osasun zerbitzurik eskaintzen, erietxeetatik urruti dauden guneetan funtsezko zerbitzua izan daitekeen arren. Eta %8tan bakarrik da osasun zerbitzua iraunkorra.
Birziklatzea, hobetzeko gaia
Espainiako kanpinetan ez da ohikoa izaten papera, beira eta pilak bereiztuta uzteko edukiontziak aurkitzea. Lautik batek baino ez dute papera biltzeko ontzia eta Madril eta Bartzelonakoak daude egokien horretan (bitik batek), eta Kantabriakoak okerren: ez dago papera biltzeko edukiontzirik kanpin batean ere. Eta pilak eta beira biltzeko ontziak ere urri dira, kanpinen %21 eta %42k bakarrik baitute horrelakorik, hurrenez hurren. Valentziakoak nabarmendu beharra dago, azterturiko kanpinetatik batean ere ez baitzaio bezeroari beira bereizteko aukerarik ematen. Pilak birziklatzeari dagokionez, Valentzia, Malaga eta Errioxan azterturiko kanpinetako batean ere ez dago material hori biltzeko ontzirik.
Hona hemen CONSUMERek erabilitako irizpideen arabera kalitate-prezio arteko erlazio onena erakutsi duten hamar kanpinak, onenetik txarrenera (guztiek ere lasai gainditu dute segurtasunari dagokion alderdia):
- LAGO COTO CISNEROS, Bigarren kategoriakoa Chinchón-en (Madril)
- INTERNACIONAL LAS PALMERAS, Lehen kategoriakoa, Crevillente-n (Alacant)
- EL SUR, Bigarren kategoriakoa, Rondan (Malaga)
- ETXARRI, Bigarren kategoriakoa, Etxarri-Aranatzen (Nafarroan)
- ISKIBI, Hirugarren kategoriakoa, Goizuetan (Nafarroan)
- SANTA MARTA, Lehen kategoriakoa, A Coruñan
- ANGOSTO, Bigarren kategoriakoa, Villañanen (Araban)
- EL CHORRO, Hirugarren kategoriakoa, Áloran (Malaga)
- EL TEULARET, Lehen kategoriakoa, Engreran (Valentzia)
- MARIOLA, Bigarren kategoriakoa, Bocairent-en (Valentzia)
Segurtasuna: badago zer hobetu eta konparaketako taula
Azterturiko zentro guztiek esaten dute arlo horretako araudia betetzen dutela. Segurtasun arloko adituen aholkularitzarekin, CONSUMERek teknikariek kontsulta egin zuten 99 kanpinetan eta hara emaitza: Araba, Nafarroa, Valentzia eta A Coruñan, lehen bietako kanpin guztietan eta beste bietako batean ez beste guztietan bazuten larrialdi plana (batezbesteko orokorrean, kanpinen %57k baino ez dute). Emaitza ez zen ona izan Gipuzkoan eta Errioxan (kanpinetako batek ere ez zeukan), eta Madril, Kantabria eta Bizkaian (hirutik batek Madrilen eta bitik batek Kantabrian eta Bizkaian daukate larrialdi plana). Ebakuazio plana daukaten kanpinen kopurua hobea da (guztietatik %74), eta arlo honetan aurreikuspen gehien erakutsi dutenak Valentzia eta Arabakoak dira, lurralde horietan azterturiko kanpin guztiek baitaukate plana. Murtzia, Bartzelona, Alacant, A Coruña eta Madrilen, berriz, %88 eta %83ko proportzioan. Puntu negatiboa Malaga eta Gipuzkoako kanpinek jartzen dute, hamarretik seik ez baitute horrelako aurreikuspenik eta Kantabriakoek, kanpinen erdiak baino ez baitu ebakuazio planik egin.
Sutea gertatuz gero, su-itzalgailuek (kanpin guztietan zeuden, Kantabriako batean izan ezik, komunetan bakarrik baitzeuden) eta ur-hartuneek erraztu egiten dute suhiltzaileen lana. Nafarroa eta Arabako guztiek dituzte ur-hartuneak eta gainerako kanpinetan lautik hirutan daude, Alacant, Kantabria, Bartzelona eta Errioxan izan ezik (hiru kanpinetatik bitan bakarrik ikus daitezke) eta Valentzia, Murtzia, Nafarroa eta A Coruñan, bisitaturiko kanpinen erdietan bakarrik daude eta ur-hartunean ikusteko moduan. Bestalde, larrialdiko argiztapena garrantzitsua da segurtasun arazoa gauez gertatzen denean. Kanpinen %14k ez dute prebentzio-sistema hori. Azterturiko beste alderdi batzuei begira, Nafarroako bi kanpin eta Murtzia, Bartzelona, Alacant eta Kantabriako banak ez dute inguru guztia itxita, arauak hala agintzen duen arren eta Gipuzkoako batek eta Kantabriako bik ez dute zainketa zerbitzurik. Eta kanpinen %66tan bakarrik ematen zaie erabiltzaileei larrialdi edo alarma kasuetarako neurrien berri. Alderdi positiboan, kanpinen %95ek lurpetik dute kable sistema, behar den bezala.
99 kanpin aztertu ziren (29 1. kategoriakoak, 49 2. kategoriakoak eta 21 3. kategoriakoak) hamahiru probintziatan:
- zortzi Madrilen (hiru 1. kategoriakoak eta bost 2.ekoak)
- zazpi Nafarroan (bat 1. kategoriakoa, bost 2.ekoak eta bat 3.ekoa)
- lau Bizkaian (bat 1. kategoriakoa, bat 2.ekoa eta bi 3.ekoak)
- bederatzi Murtzian (bi 1. kategoriakoak eta zazpi 2.ekoak)
- 13 Bartzelonan (lau 1. kategoriakoak, hiru 2.ekoak eta sei 3.ekoak)
- bederatzi Valentzian (hiru 1. kategoriakoak eta sei 2.ekoak)
- zazpi Gipuzkoan (bat 1. kategoriakoa, hiru 2. kategoriakoak eta hiru 3. kategoriakoak)
- hiru Errioxan (bat 1. kategoriakoa, beste bat 2. kategoriakoa eta beste bat 3.ekoa)
- bi Araban (bat 2. kategoriakoa eta beste bat 3.ekoa)
- zazpi Malagan (bi 1. kategoriakoak, lau 2. kategoriakoak eta bat 3. kategoriakoa)
- 12 Alacanten (lau 1. kategoriakoak eta zortzi 2.ekoak)
- 12 Kantabrian (bost 1. kategoriakoak, lau 2.ekoak eta bi 3.ekoak)
- eta sei A Coruñan (bi 1. kategoriakoak, bi 2.ekoak eta hiru 3. kategoriakoak).