Mare Nostrum, bizirik irauteko lehian
Mediterraneo itsasoaren ertzean 130 milioi pertsona baino gehiago bizi da. Bertako hainbat zibilizazioren jaiotzaren lekuko izan da eta herri desagertuen errautsak ere jaso ditu; 46.000 kilometroko itsasertza, potentzia handi askok bereganatu nahi izan du eta gatazka-iturri eta gerra-sortzaile izan da historian zehar. Baina epopeia eta gainbehera askoren lekuko izatetik, hilzorian dagoen gaixo izatera pasa da eta arazo bihurtu da ikur, portu, arazo, turismo-toki eta estoldatzat daukaten herrialdeentzat. Munduko mapa ikusi besterik ez dago Mediterraneo itsasoa zein txikia den ohartzeko, baina ez dezagun geure burua engaina eta gogoeta egin dezagun zenbait zifraren inguruan: 3 kontinente bustitzen ditu -Europa, Asia eta Afrika-, 20 estatu ukitzen ditu, 400 milioi bizilagunekin, Europako aniztasun biologiko handiena hartzen du, munduko lehen turismo-tokia da, itsasoko trafiko osoaren %50 jasaten du, ehunka ibai itsasoratzen da bertan, besteak beste Nilo, Rodano, Ebro edo Po ibaiak -horietatik %85 ur kutsatuekin-, ozeanoetakoa baino 8 bider berun maila handiagoa du, eta 80 urte behar ditu urak berritzeko, irteera natural bakarra Gibraltarko itsasartea baita; eta 22 hizkuntza desberdinetan komunikatzen diren hamaika GKEren begiradapean dago. Zifra horiei, itsaso horren egoera tamalgarriak eragin dituen bilera, manifestazio, salaketa eta topaketa guztiak gehitu dakizkioke. Egoera hori ikusita, Jaques Cousteau zientzialariak ere honela esan omen zuen 60ko hamarkadaren amaiera aldera: “Mediterraneo itsasoa hiltzen ari da”. Eta horri aurre egiteko, 1976az geroztik ados jartzeko ahaleginetan ari dira Bartzelonako Hitzarmena onartzeko. Hitzarmen horrek 7 jokabide-protokolo ditu eta ezinbestean hiru laurdenek sinatu behar dute indarrean sartuko bada.
Mehatxu nagusiak
20 urtetik gorako jardunak ez du lortu ekosistemaren degradazioa geldiarazterik, eta kutsadura maila neurtzen eta non dagoen zehazten ahalegin handiegia egin den arren, horren aurka egiten ezer ez dela egin salatzen da orain. Hala ere, neurriak ugari direla eta agente inplikatuen kontzientzia maila areagotu egin dela ere aipatzen da.
Erakunde ekologistak eta garapen jasangarriaren aldekoak eta gobernu-erakundeak, konponbideetan bat ez badatoz ere, bat datoz arazo nagusiak zeintzuk diren esatean: kostaldeko eraikuntza-lan kontrolik gabea, industriatik eta petrolio-isurketetatik datorren kutsadura eta gehiegizko arrantza. Ibaiak itsasoratzen diren guneetako eutrofizazioa (ur gezatan substantzia nutritiboak gehitzea eta horren ondorioz fitoplakton larregi eta oxigeno maila jaistea), batez ere metal astunek, konposatu organiko, olio eta koipeek eragindako toxikazioa eta hondakin plastikoen gehitzea.
Mehatxu hori uretan neurtzen da, baina ur-ertzek ere jasaten dituzte klima aldaketaren ondorioak eta gero eta handiagoak dira deforestazioa, landu daitezkeen lurrak agortzeko joera, gazitzea, erosioa eta habitat galera. Liguriako itsasoa (Italia), Turkiako itsasertza eta Egeo itsasoa dira tokirik degradatuenak, erakunde ekologisten esanetan. Azken bosturtekoan, berehala babesa behar duten guneen zerrendan sartu dira Italiako Adriatiko itsasertza, Siria eta Nilo ibaia itsasoratzen den tokira bitarteko lurrak, Frantzian Rodano ibaia itsasoratzen den tokia eta Espainia batzen dituena eta Bartzelonatik hasi eta Valentziara bitarteko Espainiako kosta zatia.
Espainiako kostaldea
Mediterraneoko arazoa orokorra da eta datuak era uniformean neurtzen dira, kostei dagozkienak izan ezik. Eremu horretakoa da pasa den martxoan Espainiako zientzialari talde batek egindako ikerketa lana. Ikerketa horren arabera, Espainiako mediterraneo kostaldeko uren %47 etxeko eta higiene eta garbiketa lanetan erabiltzen diren produktuen substantzia kimikoen sedimentuz kutsaturik daude eta horien kutsadurak eragina izan dezake itsas-faunaren sistema hormonalean eta erreprodukzioan.
Atungorriari agur
Zalantzarik gabe, itsasoko landaretzak eta faunak jasaten dute gehien mediterraneo itsasoaren egoera. Kaltetuenen artean atuna dago, azken urteotan %80 gutxitu baita arrain espezie horren biztanleria. Arrain hori galtzea deigarria da, baina funtsezkoa da gogoratzea arrantzako espezie gehienek zailtasuna daukatela errekuperatzeko, bere garapena moteltzen duten sistema industrializatuekin topo egiten baitute. Mehatxu horren barruan itsasoko 58 espezie, 6 narrasti, 17 hegazti eta 22 ugaztun daude eta horien artean itsaso horietan bizi diren 2 balea motak eta izurde bat.
Bartzelonako hitzarmena:
Mediterraneo itsasoa salbatzeko ekintza planak erritmo motela du. 1976ko otsailaren 16an onartu zen eta 1978ko otsailaren 12an sartu zen indarrean. Hauxe zuen izen osoa: Itsasoko Ingurunea eta Mediterraneoko Kostaldea Babesteko Bartzelonako Hitzarmena (Barcon). Kostaldeko hogei estatuk eta Europako Batasunak sinatu zuten. 1995eko ekainaren 10ean hainbat zuzenketa sartu zen hitzarmenean, bere edukia Mediterraneo itsasoak azken urteotan izan dituen aldaketetara egokitzeko, baina testu berria ez da oraindik indarrean sartu. Zazpi protokolok osatzen dute, baina horietako bakarra berretsi da. Bi urtean behin egiten diren bileretako azkenean, pasa den urrian, beste epe bat erabaki zen gobernuek sinatutako klausulak lehenik sinatu eta gero ezarri ditzaten. Larrialdi egoeretan kutsadurari aurre egiteko protokoloa bakarrik dago indarrean; beste guztiak martxan jartzeko zain daude. Mediterraneo itsasoko kutsadura prebenitu eta ezabatzea aipatzen da protokolo batean (itsas ontzietatik egiten diren isurketei buruzko protokoloan), baina urteak joan ahala, bertako neurriak egokitu beharra dago ingurumenarekiko praktika ilegal berrietara, adibidez zabor-erraustegietako biltegiak isurtzea; bereziki babesturiko guneei eta Mediterraneoko aniztasun biologikoari buruz (ZEP protokoloa); iturri eta lurrean kokatutako jarduerek eragindako kutsadurari buruz (lurreko kutsadurari buruzko protokoloa); plataforma kontinental, itsaso hondoko eta lurpekoaren esplotazio eta ustiakuntzaren ondoriozko kutsadurari buruzkoa (Itsasoko fondoei buruzko protokoloa); eta hondakin arriskutsuak lurralde artean garraiatu eta desagerrarazteak eragindako kutsadura (mugaz haraindiko hondakinen protokoloa).
Mediterraneo itsasoak 220 milioi turista hartzen ditu urtero, bertako kosta ederretan atsedena hartzera datozenak eta horientzat ere ez da arrotz gune horietako kosta eta uretako aberastasun natural eta kulturala. Horregatik, Adenak eta beste hainbat erakunde ekologistak naturaren hondamena gelditu edo atzeraka has dadin lagunduko duten kontzeptuak sartzearen aldeko apustua egiten dute. Horien ustez, turismoaren industria guztiak -operadoreetatik hasi eta tokian tokiko agintarietara- konpromisoa hartu behar dutela eskualde guztien garapen turistikoa bermatzeko. Gutxien-gutxienez, bioaniztasunaren kontserbaziorako area klabeak egoki babestea esan nahi du horrek, gune horietako arearik kritikoenetan garapenik ez egitea eta bertako komunitateentzako garapen onuragarria. Adenak aurkezturiko analisi baten arabera, 2005erako Frantzia, Italia eta Espainiak oporretarako toki nagusien artean jarraituko dute eta Marokko, Tunez, Grezia, Turkia eta Kroaziak boom turistiko izugarria izango dute. Horren eraginez areagotu egingo da lurraren erosioa, ozeanoetara gero eta elementu kutsagarri gehiago isurtzea, habitat naturalen galera, espezie mehatxatuen gaineko presio gero eta handiagoa eta baita basoetako suteen arrisku handiagoa eta kutsadura akustikoa handitzea ere. Udatiarrek arriskutan jartzen dituzte ur gezako errekurtsoak ere: opor garaitik kanpo, Espainiako bizilagun batek 250 litro gastatzen ditu egunean; turista batek, berriz, 880 litro ur erabiltzen du (hoteletako igerilekuak betetzea, hondartzetako dutxak eta abar dira horren arduradun…).