Gehiago eta hobeto ukitu behar dugu elkar
Haur txikiak garenean ez dugu hitzik erabiltzen, ez baitugu ahozko hizkera ikasteko denborarik izan. Ahozkoa ez den lengoaia erabiltzen dugu: kontaktu fisikoa, hurbiltasun edo distantzia, negarra, barrea, keinuak…. Hilabeteak eta urteak pasa ahala, ahozko hizkera ikasi eta erabiltzen dugu eta azkenean, horixe nagusitzen da gure komunikazioetan. Baina hitzek ez lituzkete beste hizkerak ordezkatu behar, hitzekin lortu ezin diren prestazioak eskaintzen baititu horrek. Pentsa dezagun solaskidearen berri edozein diskurtsok baino hobeto ematen digun keinu horretan. Edo pertsona deprimitu baten ahots-tonuan, esaten duenak baino inpresio handiagoa egingo baitigu horrek. Edo musu erromantiko edo kadentziatsu batean, edo begira konplize batean, edo sedukziozko irribarrean edo…
Hitzik gabe
Ahozko ez den hainbat komunikazio motatan, eta bere potentziala gorabehera, ukimenaren bidezko komunikazioa da gutxien erabiltzen denetako bat. Beste norbait ukitzen edo norbaitek gu ukitzea, estimulu atsegina izateaz gain, beharra ere bada. Giza-interakzioaren bidez pertsona gisa eraikiz joaten gara, gure autoestimua eta soziabilitatea landu eta sakonduz. Eta komunikazioa da horretarako erabiltzen dugun bitartekoa, ahozkoa zein beste edozein eratakoa.
Begiradak, aurpegiera, irribarrea, keinuak, ahotsaren bolumena, intonazioa eta inflexioa, abiadura eta argitasuna… guztiak batuta lengoaia oso bat eratzen da, eta ahozkoa osatu eta aberastu ez ezik, bakoitza bere aldetik ere elementu autonomoak dira, esanahi berezikoak eta gure hitzei sinesgarritasuna eta fidagarritasuna ematen dietenak, gure koherentzia maila finkatu eta gainerakoekin ezartzen ditugun harremanak markatzen dituztenak.
Eskuak dira komunikazio tresna nagusietako bat. Pertsonek berriro elkar ukitzeko premiaz, afektuak adierazteko laztan, besarkada, agur, bizkarreko kolpetxo eta abarren hizkuntza erabiltzeko premiaz gero eta gehiago ohartzen dira giza harremanetako adituak eta txikitan gurasoengandik laztanik jaso ez dutenek afektua emateko eta jasotzeko zailtasun handiagoa izaten dutela egiaztatu dute, gorputzeko jarrera zurrunagoa izaten dutela eta emozioak adierazteko mugak. Halaber, besteekiko kontaktu fisikoa ebitatzeko joera erakusten dute, gauza desegoki edo “zikin” gisa ikusten dutelako. Pertsona distante eta “hotzak” irudituko zaizkigu. Itxura denez, ohikoa baino zailtasun handiagoa izaten dute besteek maite eta onartzen dituztela sentitzeko. Ezintasun horrek arazoak eragin ditzake komunikazio-gaitasunak erabiltzeko unean eta guztiok barruan daramagun agresibitatea gestionatzerakoan.
Tabua eta frenoak
Egia da “elkar ukitzea” tabu, aurreiritzi eta arauz inguraturik dagoela eta horrek eragotzi egiten duela laztana gure eguneroko espresioko ohitura arrunta izatea. Elkar ukitzea komunikazio erotikoaren zati bat dela barneratu dugu eta alderdi sexualetik edo oso esparru afektibotik kanpoko edozein erabilpen gaizki ulertuko litzatekeela. “Onarturiko” salbuespen bakarra ahaidetasun edo harreman handiko haurrak edo harreman pertsonal estua edo hurbileko pertsonak laztantzea da. Eta aita-ama askok ere oso ondo zaintzen dute seme-alabak zenbat eta non ukitzen dituzten, ukitu eta laztanak abusu edo antzekotzat har ez ditzaten. Gai delikatua da, inondik ere. Gainera, haur eta nerabeek muzin egiten diete sarritan guraso eta senitartekoen laztanei, “haur txikien kontua delako” eta nagusi sentitzen direlako. Eta helduek ia elkar ukitzen ez dutenez….
Ukitzeko keinua gaizki interpretatuko den beldurrak ez erabiltzera eramaten gaitu eta horrela, apurka-apurka, baztertu egiten dugu gure jokaera-multzotik.
Bestalde, pertsonen artean zaindu beharreko hurbiltasun tarteari eta zuzentzat hartutako “ukituei” buruzko arau sozialek ere funtzionatzen dute. Non eta nola ukitzen den eta elkar ukitzen duten pertsonen ahaidetasun eta konfiantza mailaren araberakoa izango da guztia. Baina zigor moralak ere ezartzen dituzte arau horiek mugak gainditzen dituzten pertsonentzat eta arau-hausleari ezartzen zaion etiketa gogaikarria izan daiteke gutxienik: “olagarroa bezalakoa da, egun guztian ukitzen aritzen da, koipetsua halakoa!”.
Horrela, ukitzeari dagokionez, komunikazio-behar horien arabera ez baina geure egiten ditugun pauta ezarrien arabera mugitzen gara, gizarteko beste hainbat konbentzio bezala onartuta. Badakigu zenbait forma zaindu beharra dagoena, baina argi izan behar dugu besteak ukitzeko gaitasuna gure maitatzeko gaitasuna eta ingurukoei maitasuna, hurbiltasuna eta ulermena adierazteko gaitasunaren kalibrea dela. Beharrezkoa da gure osasun fisiko eta emozionalerako. Eta ezinbestekoa geure buruarekiko estimua sendotzeko, maite gaituztela jakiteaz gain, maitasuna sentitzeko premia ere izaten dugu eta; gure larruazaleko estimulu horrek berretsi egiten baititu hitzak, musuak, begiradak… Ukitzea eta besteek gu ukitzea praktikatuz ikasten den artea da eta praktikatu ahala bereiztuz joango gara ukitu goxoa eta sendagarria, kontsolagarria, segurtasuna ematen diguna edo argi eta garbi sexu-izaera duena. Horiek bereizten jakiteak lagundu egingo digu gure erreserba eta beldurrak hobeto eramaten, ukituak eskatu edo baztertzen, une bakoitzaren arabera. Aurpegiera zorrotzak, irribarrerik ezak, etsai itxurak, jarrera ireki eta bat-batekorik ezak “larruazal gosearekin” izan dezake zerikusia. Ase beharreko gose emozionala da, asetzen saiatu beharreko desioa (bestea errespetatuz beti).
- Ez diezaiegun utzi tabuei gaina hartzen; errespetua eta neurriari buruzko zentzua laztan edo besarkadarekin batera badatoz, hartzailea nekez hartuko du eraso gisa. Hala balitz, utz diezaiogun hori jakinarazten eta azal diezaiogun gure jokaera.
- Gure argudioa ulertzen ez badu, amore eman beharko dugu. Besterik gabe, hanka sartu dugu. Ez da ezer gertatzen, munduak biraka jarraituko du.
- Ukitu bidezko estimulazioak aktibatu egin ditzake endorfinak, mina kontrolatzen duten eta ongizate sentsazioekin erlazionaturik dauden organismoko hormona naturalak.
- Ez dezagun ahaztu keinu batek mila hitzek baino gehiago esaten duela eta, beraz, ukimena erabiltzeak gure komunikazioa fidagarri, eraginkor eta atseginago egiten lagun dezakeela.
- Afektua, elkartasuna, maitasuna adierazteko erarik onena bestea ukitzea da, gure gorputzak hitzez edo keinuz esaten ari garen horixe bera sentitzen duela jakinaraziz.
- Ez dezagun ahaztu besteak ukitzea eta besteek gu ukitzea behar fisiologikoa (gure adina edozein izanda ere) eta emozionala dela.
- Autoestimuak norbere gorputza ezagutzea esan nahi du eta gure gorputzak ukimen zentzua “ezagutzeko” premia dauka. Larruazalaren bitartez norbere buruarengana hurbiltzeak besteengana hurbiltzeko erraztasuna ematen du.