Oporretako argazkiak

Uda irudi politetan izoztea

1 uztaila de 2002

Argazki-film mota ongi aukeratzea, flasha ongi erabiltzea eta fokatze originala aurkitzea funtsezkoak dira argazki on bat ateratzeko

Uda irudi politetan izoztea

Oporretan asko ugaritzen dira argazkiak. Gehienetan, zenbait une gogoangarri uda amaitu ondoren berriro gogoratzeko izoztea izaten da helburua, baina zalantzarik gabe, askoz ere atseginagoa izaten da ongi ateratako irudiak berreskuratzea. Gaur egungo kamera konpaktuek botoia sakatze hutsarekin argazki onak aterako ditugula bermatzen dute gehienetan, gainerako funtzioak automatikoki egiten baitituzte. Reflex kamerek ere, modu automatikoan jarrita ia bakarrik funtzionatzen dute. Besterik da abiadura eta diafragmaren irekierarekin eskuz jokatu nahi izatea, eta horretarako ezinbesteko baita oinarrizko ezagupen batzuk edukitzea. Eta argazkigintza artea den arren, argazkizaleak oroigarri polit bihurtuko ditu argazkiak arau xume batzuk beteta. Horretara aurretik, eta familia askotan argazki kamera armairutik bainujantziarekin batera ateratzen denez, egiaztatu egin beharko da ongi funtzionatzen duela, pilen karga neurtu, eta kameraren barruko aldeak eta objektiboa hauts tantorik gabe eta garbi-garbi daudela. Film bat jarrita badu eta hiru hilabete baino gehiago badarama, ez espero izan miraririk; seguru asko argazkiak hondatuta egongo dira, edo kasurik onenean ere koloreak aldatu egingo ziren.

Argazki-filma aukeratzeko

400, 200 eta 100ekoak dira negatibo-filmen hiru sentsibilitate ezagunenak. Argiari buruzko sentiberatasuna adierazten dute zenbaki horiek. ISO hori (lehen ASA deitzen zen) zenbaki batez edo esposizio indize (EI) batez adierazten da. Zenbat eta sentiberatasun handiagoa, azkarragoa izango da filma eta definizio txikiagoa eskainiko du; zenbat eta txikiagoa, motelagoa izango da eta definizio handiagoa izango du. Adibidez, arratsaldeko azken orduetan auto-lasterketa batean argazkiak ateratzen ari bagara, eta sentsibilitate handiko film bat badugu (400 ISO), mugimendua izoztea lortuko dugu. Haurrari goizean hondartzan jolasean ari dela argazki bat atera nahi badiogu, aski da 100 batekin. Argi gutxirekin barruko argazkiak ateratzeko 400 ISOko filma eta flasha beharko dira, edo 800 edo 1.600 ISOkoa flashik gabe ateratzekotan. Udan, gomendagarria izaten da flasha elementu betegarri gisa erabiltzea, udako eguzki biziak sortzen dituen itzalak saihesteko. Argazki-film bat baino gehiago eramatea izaten da onena, eta ohikoena 100 ISOkoak erabiltzea izan arren, argazkiak gauez edo argi gutxirekin egiteko asmoa badugu, 400ekoa beharko dugu. Kontuan izan beharko dugu sentsibilitate handiko filmek (400 ISO) sentsibilitate txikikoek baino pikor handiagoa izaten dutela eta, beraz, argazkiak handitzeko asmoa izanez gero, kalitate hobea lortuko dugu sentsibilitate txikiko filma erabilita.

Argazkien ordua

Udan argitasun handia izaten da. Egun eguzkitsu batean argazkiak ateratzeko ordurik onenak eguzkia hartzeko gomendatzen diren berberak dira: eguerdiko 12ak aurretik eta arratsaldeko 6etatik aurrera. Egun lainotsuetan leundu egiten dira koloreak eta kontrastea gutxitu eta, beraz, orduak ez du hainbesterainoko garrantzirik. Normalean, argazkia ateratzeko modurik onena argazkilariak eguzkiari bizkarra emanda izaten da.

Paper motak

Argazkiak errebelatzera eramatean, matea ala distiratsua nahi dugun galdetu ohi digute, hau da, paper satinatua ala distiratsua aukeratu beharko dugu. Hatz-markak gertatzeko arriskua gutxitu egiten da matean. Paper distiratsuak kolore biziagoak ateratzen ditu. Hala ere, gustu kontua da. Baina film osoa positibo egin aurretik kontaktuak egitea komeni izaten da, hau da, negatiboak (kontaktu gisa) inprimatzea eskatu, argazki horietatik paperean zeintzuk eduki nahi ditugun aukeratu ahal izateko.

Trukuak

Argazkilari zaletua izanez gero, gutxi axola dio argazki makina oso garestia, profesionala ala xumea den, argazkigintzari buruzko ezagupen handirik ez badugu eta, are gehiago, makina bera nola erabili ez badakigu. Kamerari tinko eutsi beharko zaio beti, besoak soinari itsatsita eta gorputza egonkor dela, hatzak, argazkilariaren ileak edo kameraren sokak objektiboaren zati bat estal ez dezan, bisorean ez baita ia antzematen. Objektibora ahalik eta gehien hurbiltzea komeni da, Robert Capa argazkilariaren maxima jarraituz: “Argazki bat interesgarri ez bada, behar bezain hurbil ez gauden seinale”. Taldeko argazki bat egin behar bada, argiak zuzenean ez emateko eran jartzea komeni da, jendeak keinu arrarorik egin ez dezan; oso argi bizia badago, itzal argitsua bilatu behar da, adibidez zuhaitz batena, taldean bertan kontrasterik egon ez dadin.

Noiz merezi du diapositibak egitea?

Diapositibek definizio eta koloreen saturazio handiagoa eskaintzen dute. Bidaia berezi bat egin behar badugu, beharbada komeniko da diapositiba-film bat eramatea, reflex kamera batean konpaktuan baino gehiago antzemango den arren. Diapositiben beste abantaila bat: hobeto irauten dute denboran zehar.

Kamera digitalak

Kamera digitalek merkatuaren zatirik handiena hartzeko oraindik urte batzuk beharko dituzten arren, dagoeneko ez dira tresna bitxiak turista japoniarren eskuetan. Beste teknologia mota bat da, baina argazki onak ateratzeko arauak berberak dira. Argazkigintza digitalak eskaintzen dituen abantaila nagusia irudiak ordenagailu bidez manipulatzeko eskaintzen duten aukera izugarria eta karrete eta errebelatutan aurrezteko bidea dira; hala ere, helburua inprimatzea baldin bada, argazki tradizionaletan baino kalitate kaskarragoa lortzen da oraindik (Informazio gehiago: 2001eko apirileko Consumer).

Argazki konposaketaren osagaiak
  • Interes puntua finkatzea.Irudia nola hartu nahi den zehaztea da, argazkiarekin zein mezu transmititu nahi dugun zehaztea.
  • Ikuspuntua zehaztea. Argazkikoari originaltasuna emateko, normalean gauzak ikusteko dugun ikuspuntua aldatuta. Kamera igo, jaitsi, okertu, hurbildu edo urrundu egin daiteke. Begiratzeko era ohikoa, hau da, zutik eta begien altueratik begiratzeari utzi eta beste jarrera bat hartuta.
  • Irudiaren diagonala sortzea. Argazki horizontala zein bertikala egin, buruan lerro diagonalak marraztu beharko ditugu, mugimendu eta sakontasun bila. Objektuak edo kamera mugi ditzakegu, elementuak lerro horien arabera jartzeko. Ez dute laukiak izan beharrik; kurbadunak edo beste irudi geometriko batzuetakoak irudikatu ahal izango ditugu eta horien gainean jarri ibaia, hesiak edo dena delakoa.
  • Herenen erregela. Antzinako teoria batek dio ikuslearen begiak intereseko lau puntutara zuzentzen direla intuitiboki; puntu horietan gurutzatzen dira irudia herenetan zatitzen duten lau lerroak. Horrela, zerua eta itsasoa dituen paisaia bati argazkia ateratzen badiogu, zeruertza ez da argazkiaren erdian jarri behar: zeruak edo itsasoak argazkiaren bi heren hartu beharko ditu eta gainerako herena beste elementuak.
  • Kontrastea zaintzea. Elementu hau gustuaren araberakoa den arren, ez dugu ahaztu behar objektu argitsu bat askoz ere deigarriagoa izaten dela fondo ilun baten gainean, edo alderantziz. Argazkiko objektua nabarmendu dadin kolore kontrastatuak erabiltzen baditugu, interes puntua galtzeko arriskua izango dugu, baina behar bada arriskatu egin nahi izango dugu.
  • Irudia orekatzea. Ez du esan nahi konposizioko elementu guztiak uniformeki eta era laukian banatu behar direnik, baina bakoitzak bere pisua eduki beharko du eta pisu gehien zeinek edo zeintzuk izan behar duten erabaki beharko dugu. Orekaren helburua harmonia eskaintzea da, simetrikoa edo asimetrikoa izan daiteke, baina erritmo bat erakutsi behar du.
  • Xumetasuna bilatzea. Nahi dena baino ez da jaso behar argazkian. Sarritan, nahi ez ditugun elementuak sartuko dira; horregatik, oso ondo definitu behar da interesa eta ez da irudia gainkargatu behar. Elementu nagusia ahazteko arriskua dago.
  • Kointzidentziak saihestea. Argazkiak lauak dira errealitatea hiru dimentsiotan ikusten den arte. Nahi gabeko kointzidentziak gertatzea eragiten du sarritan horrek: buruaren atzean eta urruti zegoen lanpara hurbil dago orain eta aureola dirudi; edo buruaren luzapen bihurtzen da itzala. Ez da erraza bisorearen bitartez ikustea, baina kontuan edukitzea komeni da.
  • Markoan sartzea. Objektuak protagonismo handiagoa izan dezan, markoan sartzea erabaki daiteke, hau da, begirada gaira zuzenduko duen elementu bat lehen planoan jartzea. Ate baten markoak, zuhaitz baten enborrak, zubi batek… profil askok balio izan dezake objektuari eusteko.