Proba praktikoa: turismo urbanoa

Turista nekez izaten du gogoan hiriak

Denetan okerrena, turismo bulegoetan eskaintzen den informazioa: azterturiko hamahiru hirietatik bostek bakarrik gainditu dute proba
1 uztaila de 2003
Img temap 157

Turista nekez izaten du gogoan hiriak

Aurtengo udan 16 milioi espainiarrek oporraldietako bidaia egingo dute eta, iazko joerak horretan segitzen badu, udatiar horien %97k Espainiako tokiren batera joatea aukeratuko dute, ahal dela beren erkidegoan bertan edo gertuko beste batean. Turista espainiarrek gehien baliatzen duten garraiobidea automobila da: hamarretik zortzik autoa hartzen dute oporraldietako helmuga hautatura iristeko; hamarretik bakar batek autobusa aukeratzen du eta gainerakoek hegazkina (%6) edo trena (%5) erabiltzen dute. Espainolak gutxi planifikatzen ditu oporrak: erdiek, hain zuzen, bidaian hasi baino 15 lehenago arte ez dute ia deus antolatzen. Hitz gutxitan, turista espainiarraren profila zehatz-mehatz definitzeko esan dezakegu atzerrira joaten ez den pertsona dela, automobilez bidaiatzen duela eta helbidera iritsitakoan informazioaren premia duela, abiatu aurretik inongo daturik jaso ohi ez duelako gehienetan.

CONSUMERek aztertu du Madril, Bartzelona, A Coruña, Malaga, Valentzia, Gasteiz, Bilbo, Donostia, Iruñea, Murtzia, Cadiz, Castelló eta Burgos hiriak zein neurritaraino kezkatzen diren turistarekin, bidaiariari eskaintzen zaionaz (turismo bulegoek) nolako informazioa ematen dioten eta turistari zenbateraino gertatzen zaion erraza hiriko gune interesgarrietaraino ailegatzea (toki horiek adierazten dituzten seinaleak, hiriko trafikoa eta garraio publikoak). Proba hori bertatik bertara egiteko CONSUMER-eko teknikariek (hiri jakin hori ezagutzen ez zutenak) bisitatu nahi duen hiri horretara turistak egiten omen duen ibilbide ohikoena egin zuten: automobilean iritsitakoan, erdiguneko hiru izarreko hotel batera jo zuten eta bertatik gertueneko turismo bulegora abiatu ziren. Hurrengo helmuga, hiriko museorik enblematikoena izan zen eta, ondoren, turismo bulegoan aholkaturiko aisialdi-gune edo erosketak egiteko gune apropos batera zuzendu ziren. Proba honetan lekualdaketa guztiak automobilean egin ziren.

Ikerlan honetan ateratako ondorioetara begira, behintzat, hiria ezagutu gabe, eskaintza turistikoaz gozatu nahi duten bidaiariei hiria eroso eta erakargarri gertatzeko ahaleginetan dabiltzan langileen ospea ez da onik ageri. Bestela esateko, egitasmo turistiko edo kulturalez bisitatzen dituzten turistekin gutxi kezkatzen direla hiriak. Begira ditzagun datuetara: CONSUMERek ezarritako azterketa lau hirik bakarrik gainditu dute: Madril (bikain), Iruñea, Gasteiz eta Valentzia (onartzeko modukoak baino ez). Ondoren (onetik txarrera) A Coruña, Bilbo, Bartzelona, Murtzia eta Burgosek osaturiko tropelak proba ez du ozta-ozta gainditu; Donostiak eta Malagak “gaizki” kalifikazioa jaso dute eta Castelló eta Cadizek, azkenik, “oso gaizki”. Atalez atal, turismo bulegoen %40k bakarrik gainditu dute (aise, Madrilgoak baizik ez). Helbideak aurkitzeko eta hirian barrena ibiltzeko erraztasunari dagokionez, azterturiko hirien %30ek bakarrik gainditu dute (Madril eta A Coruña, nabarmentzeko moduan). Emaitzarik hoberenak lorturiko atala, aukeratutako gune turistikoetatik gertuko garraio publikoen zerbitzuari dagokiona izan da: erdiek baino gehiagok gainditu dute, baina Burgos, Castelló eta Cadizek berriro kale egin dute.

Hotelak: informazio baliagarri eskasa bidaiariarentzat

Hirian egin beharreko egonaldiko lehen helmuga gisa, aukeratutako hotelak (CONSUMERen azterketan, erdigunean dagoen hiru izarreko hotela) eginkizun nagusia du hiria ezagutzeko bisitari ekiteko unean: bai idatzizko informazioa, bai hoteleko pertsonalaren adierazpenak ibilbidean egokiro abiatzeko eta nahas-mahasetan astirik ez galtzeko hastapen hobezina izan daiteke. Hala eta guztiz, bisitaturiko hotelen %62tan eman zuten idatzizko informazio bakarra, hotel hartaraxe iristeko plano txiki bat baizik ez zen. Beste hainbatetan, hiriko plano txiki bat ez ezik, kultura edo aisialdiko gertakizunen gaineko informazioa ere eman zuten. Lau hotelek bakarrik (Donostia, Iruñea, Gasteiz eta Cadizen bisitatu zirenek) gainditu zuten proba.

Aldaki hori (hotelena, alegia, ezeren ordezkari ez direlako, kasik), nolanahi ere, ez da kontuan hartu hiri bakoitzaren osoko balorazioa egitean.

Turismo bulegoak: hamarretik seik, kale

Lehenago egon gabeak ginen edo hobeto ezagutu nahi dugun hiri batera iristean, turismo bulegoa erreferentzia gune nagusitzat hartzen dugu bidaiari askok. Hirian zer dagoen ikusgarri, museo ezagun horretara edo toki interesgarrienetara noiz eta nola iritsi, ostatua non hartu, non bazkaldu edo afaldu, non erosketak egin… hamaika kezka horiei erantzun eta aholkua emateko adituak turismo bulegoan aurkituko omen dituzte. Bulego horretara goazenean dugun itxaropena eta lehen eskakizuna, gure zaletasun eta gorabeherez turismo-langile horrengan interesa piztea da (egonaldiaren iraupena, lojamendua badugun ala ez, haurrekin edo zaharrekin etorri garen, etab.). Era berean, erabiltzaileari hirian une horretan dauden jarduera turistikoez, museoez, atseden guneez eta kultur ekitaldiez informazioa eman behar zaio, gutxienez: horretan, informazioaren kalitatea (hau da, zehaztapen teknikoa eta azalpenen xehekapena) funtsezkoa da. Bisitatzea merezi duen tokiez adituen aholkua jasotzea ere eskertzen du bidaiariak. Bukatzeko, turismo bulegotik irtetean erabiltzaileak kulturaz eta aisialdiaz, kirol eta jolas jarduerez, gune eta eskualde interesgarriez idatzizko informazio ugari, ongi aurkeztua, kalitatezkoa eraman nahi ohi du eskuan, hiriko planoaz gainera. Bada oraino beste zerbait: turistak biziki baloratzen du hiriko alderdi batzuetan badaezpadako neurriak hartzea komeni dela jakinarazten bazaio, segurantzi arazo larriak izaten baitira hiri batzuetan.

CONSUMER-ek egin zuen ikerlan honetan, bisitaturiko hamahiru turismo bulegoetatik zortzik ez zuten proba gainditu edo, beste hitzetan esateko, denen %38k bakarrik ematen diote kontsumitzaileari asetzeko moduko zerbitzua. Azterketa erraz gainditu zuen bulego bakarra (zortzitik gora, hamarrekiko) Madrilgoa izan zen, aldizkari honetako teknikoa (bere burua halakotzat ezagutarazi ez bazuen ere) profesionaltasunez eta zerbitzu ona emateko irrikatan. Zerrendaz beste muturrean Bartzelona, Murtzia eta Malagakoak agertu ziren. Ikerturiko turismo bulegoek okerren egin zutena, oro har, hauxe izan zen: bisitariaren itxaropenez, zaletasunez eta gorabeherez interesatzea (Madril, Iruñea, Valentzia, Bilbo eta Murtziakoek bakarrik gainditu zuten), ahozko informazio turistikoa eskaintzeko modua, behar bezainbesteko kalitate tekniko era xehekapenez (honetan, Madril eta Gasteizek izan ezik, batek ere ez zuen gainditu) eta, azkenik, hiriko auzategi edo zonalde arriskutsuei buruzko ohartarazpenak: proba hau Bilboko bulegoak bakarrik gainditu zuen. Horrelako bulegoek hobekien eskaini zituzten zerbitzuak, berriz, hiriko eskaintza turistikoaren azalpen orokorra (gainditu ez zuten bakarrak: Malaga, Murtzia eta Donostia, azken bi hauek, ozta-ozta; aitzitik, lan bikaina agertu zuten Madril, Iruñea eta A Coruñakoak) eta erabiltzaileari idatziz emaniko informazioa (honetan A Coruñako bulegoa bakarrik geratu zen gainditzeke, Gasteiz eta Cadizkoak “bikain” kalifikazioa irabazi zutelarik).

Helbideak aurkitzeko erraztasuna eta hirian barrena ibiltzeko erosotasuna

Atal honetan bi parametro neurtu nahi izan ziren: orientatzeko balio duten eta, bereziki, interes turistikodun tokiei dagozkien hiriko seinaleen kopurua, antolamendua, etc. baloratzen duena eta automobilean egin daitezkeen ibilbideen erosotasuna: hamahiru hirietatik bederatzi (%70, ia-ia) ez ziren iritsi gainditze-mugara, haietatik bi (Burgos eta Bilbo) hortxe ibili ziren arren. Denetan hoberenak: Madril (bikain), A Coruña (oso ongi) eta Murtzia (ongi). Okerrenak, aitzitik, Valentzia, Iruñea, Donostia, Gasteiz, Malaga, Castellón eta Cadiz. Bartzelonak, bere aldetik, “onartzeko moduko” kalifikazio umila lorturik, gainditu zuen proba.

Trafiko trinkoak seinaleetara begiratzea eragozteaz gainera, bisitaldia mantso eta deserosoago egingo du; trafiko arinak, berriz, ez digu bermatzen bisitatu nahi ditugun tokiak erraz aurkituko ditugula. Seinaleak eta trafikoa elkarturik, ibilbidean bisitariak aurkitzen dituen seinale-mota desberdinen azterketa kualitatiboa egiten badugu, nolabaiteko zorroztasunez ikusiko dugu turistek bisitatu dituzten hiriek eskaintzen duten erraztasun eta erosotasunaren batuketara (“abegi logistikoa” deritzote adituek).

Kilometroko seinale kopuruari dagokionez (2,23 seinalekoa da batez bestekoa) eta paradoxa bada ere, Madril kopuru horrez azpitik dabil (proban ibilitako kilometro bakoitzeko 1,42 seinale). Era berean, seinale moten antolamenduari dagokiola, Madrilen oso banatuak daude pleguak (%51k kaleak adierazten dituzte, %21ek interes turistikoko tokiak, %16k errepideak eta %12k, ospitaleak). A Coruñan ibiltzea eroso-erosoa zen eta gune interesgarriak (turismo bulegoa barne) aurkitzea oso erraza. Trafikoa arina zen eta, mapa eta seinaleez baliatuz, museoa aurkitzeko oztoporik ez zen izan.

Murtzia ere nabarmentzeko modukoa da atal honetan; Bartzelonan, berriz, berez asetzeko modukoa litzatekeen seinaleztapena estalita zegoen faroletan eta bestelako publizitate-euskailuetan ipiniak zeuden banderatxoen azpian. Hirian barneko trafikoa, gainera, trinkoa zen. Hortik aurrera agertzen dira proba gainditu gabeko hiriak, batez ere, behar ez bezalako seinaleztapena agertzearren eta guneak aurkitzeko adierazpen urriegi eta ia alferrikakoak erakusteagatik. Hiri horietan orientatzea egiazko korapiloa izan zen.

Garraio publikoa interes turistikoko guneetan

Proba hau gainditu gabe sei hiri geratu diren arren, horietako hiru gertu-gertu ibili dira. Madril, A Coruña, Iruñea eta Bartzelona bereiziki nabarmentzekoak dira.

CONSUMERek bisitaldia automobilez egin badu ere, hautaturiko guneetatik (hotela, museoa, aisialdi gunea eta erosketak egiteko alderdia) gertu dabilen garraio publikoa kontuan hartu beharrekoa da. Hamahiru hirietatik zazpik ez zuten proba gainditu, hiru helbide horietako batean bederen, nolabaiteko garraio publikorik ez zutelako (autobusa, metroa, taxia). Beste muturrean, kalifikazio on-onarekin, Madril, Iruñea, A Coruña eta Bartzelona agertzen dira, helbide horietara iristeko garraiobide bat baino gehiago eskaintzen dutelako.

Turistari, bereiziki, eskaini beharreko garraio publikoaren atal honetan kale nabarmena egin zutenak Burgos, Castelló eta Cadiz izan ziren.

Azterketa nola egin zen

  • Hiria ezagutzen ez zuten CONSUMEReko teknikariek, bisitatu nahi duen hiri horretara turistak egiten omen duen ibilbide ohikoena egin zuten: automobilean iritsitakoan, erdiguneko hiru izarreko hotel batera jo zuten, bertan (teorian behintzat) turistak maleta utzi eta atsedenaldi txiki bat egingo zuen.
  • Hoteletik, automobila berriro hartuta, gertueneko turismo bulegora joan ziren. Bertara heltzeko, kaleetan zeuden seinaleez gainera, hotelean emaniko informazioez baliatzen saiatu zen teknikaria. Turismo bulegoan, CONSUMEReko teknikariek ez zituzten informazio zehatzak eskatu; alderantziz, hiriko eskaintza turistiko, kultural eta aisiazkoen gainean galde egin zuten. Horrelako bulegoetako enplegatuen jarrera egokiena, gure bidaiaren ezaugarriez interesatzea izango zen: nolako turismoa egin nahi genuen, zenbat egun emango genuen hirian, lojamendua hartuta geunden, etab. Era berean, bulegoan zegoen enplegatuak hiriko eskaintza turistikoa zenbateraino ezagutzen zuen, erabiltzaileari nola azaltzen zion eta CONSUMER-eko teknikariek interes berezia agerturiko guneei buruzko informazioa ere baloratu zen. Eskuratutako idatzizko informazio guztia (mapak, museoen ordutegiak, ikuskizunak, etc) jaso zen. Enplegatuak horretaz aritzeko ekimena hartu ezean, hiriko zona arriskutsuenez edo segurantzi gabekoenez eta delinkuentzi arazoei saihets egiteko hartu beharreko neurriez ere informazioa eskatu zen.
  • Hurrengo helbidea, interes kulturaleko gunea izan zen (hiriko museo enblematikoena) eta ondoren, aisialdiko edo erosketak egiteko alderdira (turismo bulegoan aholkatutako hartara, ahal izanez gero) joan ziren teknikariak.
  • Proba honetan ibilbide eta leku aldatze guztiak automobilean egin ziren. Gune interesgarrietara iristeko erraztasuna, erosotasuna eta azkartasuna konparatzeko, seinaleen kopurua (hiriko sarreratik, ibilitako kilometro bakoitzeko zeuden adierazpenen kopurua eta motak) eta kalitatea (kokapen egokia, argitasuna eta ikusgaitasuna) idatziz jaso ziren; baita, era berean, toki batetik bestera joateko zenbat denbora eman zuten bidean eta hiri hartako trafikoaren arintasun edo trinkotasuna ere.
  • Azkenean, proban bisitatu ziren hoteletik, turismo bulegotik, museotik eta erosketa alderditik gertu garraio publikorik ba ote zegoen egiaztatu zen.
  • Hiri bakoitzari zegokion osoko kalifikazioa ezartzeko, turismo bulegoan jasoriko zerbitzua (%40), helbideak aurkitu eta bertaraino iristeko erraztasuna (%40) eta helmugatzat ezarritako guneetan zenbat eta nolako garraio publikoa zegoen (%20).
Ezagutu gabeko hirira iristen den bidaiarentzako aholkuak
  • Antolatu bidaia eta bisitaldia. Hiri horretako turismo bulegora deitze aski izango duzu, bisitatu beharreko toki horren gaineko informazio praktikoa jasotzeko. Bidaia antolatzeko bide egoki-egokia da Internet: era guztietako toki ugari eskaintzeaz datu asko galde daitezke, kultura, kirol eta aisialdiko eskaintzak ez ezik, non bazkaldu, afaldu, gau eman, nola iritsi hiriraino, zein tokik merezi duten bereziki, etab., etab. Zure lagun edo senideren batek hiri hori ezagun badu, eska iezaiozu erakunde ofizialek ematen ez duten xehekapenezko informazio pertsonal hori. Idatziriko gida ere informazio-bide arras baliagarria gertatzen da askotan.
  • Mapa: hiriko maparik ez baduzu, zoaz gertueneko turismo bulegora eta eska ezazu; adi seinaleekin; aski ez badira, galde iezaiezu udaltzainei, dendan, tabernan eta herritar itxura duten oinezkoei.
  • Turismo bulegoa: zoaz bertara hirira iritsi bezain laster, bidaiariari beti ematen diotelako (ahoz eta idatzizko) informazio baliagarria.
  • Adierazpen interesgarria ematen zaizunean, apunta ezazu ibilbidea mapan eta bilatu herritarrek ezagutzen dituzten erreferentzia guneak (azalera handiak, plaza ospetsuak, ospitaleak, interes turistikoko tokiak, etab.). Erne seinaleei.
  • Hiri handietan, toki batetik bestera mugitzeko, zoaz saihesbideetatik: erosoago eta azkarrago gertatuko zaizu horrela.
  • Garraio publikoa: nahikoa bada (jaso aurretiaz informazioa), utzi zeure automobila (baldin baduzu) aparkaturik eta hartu autobusa, metroa, tranbea edo taxia, hiri barnean ibiltzeko.
  • Kontuz lapurrekin, ez utzi inola ere zeure gauzak eskutik, batez ere jende ugari dabilen tokietan. “Kartera-harrapakari” eta “poltsa-tiratzaileentzat” turista gutizia ezin tentagarriagoa da. Zeinahi arrazoi dela eta, gertakari ezatseginak jazo ez dakizkigun, neurri bereziak hartu beharreko auzategi edo guneei buruzko informazioa jasotzea ere komeni izaten da beti.

Hamahiru hiriak, banan - banan

MADRIL

Oso ongi.
Azterturiko alorretan, turistarekin arreta gehien eskaini duen hiria, askozaz ere. Bertako turismo bulegoan eman zitzaion bisitariari tratamendu hoberen eta koalifikatuena: zaletasun artistikoez ere egin zizkioten galderak. Helbideak aurkitzeko erraztasunean “bikain” kalifikazioa lortu duen hiri bakarra da, orientatzeko seinale ugari, zehatz eta ikusgarriak daudelako. Ezarritako interes turistikoko tokietatik gertuko garraio publikoen eskaintza, bikaina.

IRUÑEA

Etapa de olague a pamplona

Onartzeko moduan.
Turismo bulegoak, oro har, onartzeko moduko zerbitzua eman zuen arren, ahozko azalpenen kalitatea eta zehaztasuna eskasa izan zen. Orientatzeko seinale gutxi jarri zaizkio bisitariari. Trafiko erdian ibiltzea erraza izan zen. Garraio publikoa, oso ongi.

GASTEIZ

Onartzeko moduan.
Turismo bulegoko zerbitzua, onartzeko modukoa baino ez: idatzizko informazio ugari eman zuten arren bidaiariaren premien eta gorabeheren aurrean interes gutxi azaldu zuten. Seinaleak ez zitzaizkion oso baliagarriak gertatu bisitariari. Automobilean ibiltzea erraza izan zen. Garraio kolektiboa, ongi.

VALENTZIA

Onartzeko moduan.
Turismo bulegoko zerbitzua, onartzeko modukoa baino ez, eskaintza turistikoak ongi azaldu ez zituztelako ahoz. Helbideak aurkitzeko atalean gaizki eta trafiko trinkoegia. Orientazio seinale gutxiegi. Garraio publikoa, ongi.

A CORUÑA

Hainbestean.
Turismo bulegoko zerbitzua, eskas-eskasa: gaizki ahozko informazioa, kalitatez eta kopuruz; idatzizkoa, are okerragoa (mapa bat bakarrik). Interes turistikoko tokiak ongi seinaleztatuak egoteari esker, bertaraino iristea erraztu egin zen. Trafikoa, arina eta garraio publikoa, oso ongi.

BILBO

Hainbestean.
Deus ez ondo-ondo, bat ere ez oso gaizki. Turismo bulegoa, onartzeko modukoa baino ez. Bertako okerrena, ahozko informazioaren kalitatea eta xehekapena; hoberena, emaniko idatzizko dokumentazioa eta, segurtasun urriko zona batera joan nahi izatekotan, hartu beharreko neurriei buruzko iruzkina (honelako ohartarazpenak egin zituen bakarra izan zen). Zirkulazioa (trafiko trinkoegia dabil) eta seinaleak hobetu egin litezke.

BARTZELONA

Hainbestean.
Turismo bulegoa, oso gaizki. Plano bat eta museoen ordutegiak jasotzen duen fotokopia bat bakarrik eman zuten; baziren bi liburu salgai, museoei buruzkoak. Ahozko informazioaren kalitatea ere, eskasa. Hiriko seinaleak nahikoak gertatu baziren ere, zenbaitetan ez zeuden oso ikusgai. Trafikoak intermitentziak nozitu zituen, baita geldialdi batzuk ere. Garraio kolektiboa, oso ongi.

MURTZIA

Hainbestean.
Turismo bulegoa, oso gaizki: ez informazioaren kalitate eta xehekapenean, ez bisitatu beharreko toki interesgarriei buruzko aholkuetan, ez zuen proba gainditu. Tokiak aurkitzea, erraza: seinale batzuk lagungarri gertatu ziren helbideak aurkitzeko eta, gainera, trafikoa arina izan zen. Bisitaturiko tokietako batean garraio publikoa falta zela nabaritu zen.

BURGOS

Caminodeatapuercaburgos

Hainbestean.
Hiru ataletatik bat ere ez du gainditu. Turismo bulegoa, gaizki, turistaren premiaz inongo interesik ez agertzearren eta ahozko eskaintza xehekapenez ez adierazteagatik. Helbideak aurkitzeko erraztasuna, hainbestekoa bakarrik eta ezarritako gune turistikoetarako garraio publikoan, azterketa honetako eskasenetako bat izan zen Burgos.

DONOSTIA

Gaizki.
Hiru ataletatik bat ere ez du gainditu. Turismo bulegoa, gaizki, turistaren premiaz inongo interesik ez agertzearren eta xehekapenezko eskaintzarik ahoz ez adierazteagatik. Seinaleek, oker edo egokitu gabe egoteagatik, turistaren orientazio-eza eragin zuten Helbideak aurkitzeko erraztasunik ez. Automobileko zirkulazioa, arina baina garraio publikoaren kalifikazioa “hainbestean” bakarrik.

MALAGA

Gaizki.
Garraio publikoaren atalak bakarrik gainditu zuen proba. Turismo bulegoak (idatzizko informazio bikaina eskaintzen zuen arren) tratamendu eskasa eman zion bisitariari: ahozko azalpenak urri-urriak eta aholkurik ez. Helbideak aurkitzeko unean, zailtasun ugari (seinaleak, trafikoa, etc.).

CASTELLÓ

Oso gaizki.
Hiru ataletan kale egin du, argi eta garbi. Informazio bulegoa (idatzizko informazio ona eman arren) ez zuen agertu turistaren premiaz inongo interesik, eta eskaintzaren berririk ez zuen eman. Helbideak aurkitzea nekeza gertatu zen eta garraio publikorik eza nabarmendu zen bisitaturiko tokietako batzuetan.

CADIZ

Oso gaizki.
Hiru ataletan kale egin du, argi eta garbi. Informazio bulegoak (idatzizko informazio bikaina eskaini arren) turistaren premiaz inongo interesik ez zuen agertu eta xehekapenezko eskaintzarik ez zuen adierazi ahoz. Hautaturiko helbideak aurkitzea nekeza gertatu zen eta hiriko seinaleak eskas gisa jo zuten bisitariek. Aukeratutako lekuetako garraio publikoa, oso gaizki.