Itsasoak, zakarrontzi
Mundu osoko populazioaren erdia baino gehiago itsas ertzean edo bertatik gertu bizi da orain. Gizakia itsas baliabideez gupidarik gabe aprobetxatu izan da betidanik: arrainak, gatza, algak, petrolioa, gas naturala, edozer. Hasieran uren endekapena poliki eta isilean garatu zen baina egun hartu duen izaria alarmagarria denez, itsasora era guztietako hondakinak isurtzea auzitan jartzeraino iritsi da. Itsas urek Lurreko azaleraren %75 betetzen dutelarik betitik izan dira -horrelaxe segituko dute datozen urteetan, seguruenik- planetan bizi diren izaki guztien hondakinen jasotzaile naturalak. Nolanahi ere, itsas kutsadurak beste hainbat jatorri ere baditu: hiri hondakin industrialetatik hasita petroliontzien istripuek eraginiko marea beltzetaraino, ongarri, intsektizida, produktu kimiko (milioi erdi bat sustantzia plegu amaitzen dira itsasoan), erradioaktibitate, metal astun eta bestelakoen isurketan barrena. Inguruneaz arduratzen den Worldwatch Institute, erakundeak berriki eginiko “Munduaren egoera 2003 urtean” txostenaren arabera, urtean hamar milioi tonaraino hidrokarburo amaitzen da itsasoan, horren %10 istripua nozituriko petroliontzietatik datozela. Munduan 15 urtetik gorako ontziak 7.000 baino gehiago omen dira, hau da, kroska bakarra daukate munduan erauzten den petrolioaren erdia garraiatzen duten ontziek. Ez da harritzekoa, horrenbestez, petrolioak sortarazitako kutsaduraren herena garraioan bertan gertatzea: bai istripuengatik (10.000 ezbehar, azken 30 urteotan), bai andel edo deposituak itsasoan garbitzearren.
Hondakin-ur eta -metalak
Metala da gehien kutsatzen eta pozoitzen duen sustantzietako bat.. Horietako batzuk –kobrea, adibidez- itsas biziak nahitaezkoak dituen arren, kopuruak larregi ugaltzen direnean animaliek kontsumitu bai baina eliminatu egiten ez dituztenez, elikagai katean kutsadura-munta eskergak sortarazten dira. Hona jatorri kimikoko beste hondakin bat: beruna. Itsasontzien kroskak beruna daukan tributileztainu izeneko produktuaz pintatzen dira: sustantzia hori txalupa txikietan erabiltzea debekatu egin duten arren, ontzi erraldoietan egunero baliatzen dute.
Hiriguneetatik datozen hondakin-urak dira, seguruenik, itsasoen egoera kaskarraren erantzule nagusiak. Landare batzuek (algek, esaterako) bizitzeko ezinbesteko duten mantenugaiak dauzka hondakin-urak: hori itsasoratzean, algak sekulako abiadan ugaltzen dira, sekulako azalerak azkar asko okupatuz. Algen koloniak hiltzean, berriz, beraien hondakinak apar bihurtzen dira: hondartzak kutsatzen dituen eta larruazalean narritadurak sortarazten dituen tamalezko aparra, hain zuzen.
Potentzial biologikoaren beherakada
Gizateria elikatzeko arazoaren konponbidea itsasoak eskainiko zigula sinetsi izan dugu aspalditik baina egun, zientifikoek eta ekologistek itsas potentzial biologikoaren pixkanakako beherakada dute kezkabide nagusietako bat, ozeanoen endekapena dela medio. Aberatsa da itsasoa adiera askotan baina, lehorreko elikagaien eskasia orekatzeko itsasoak nahi adina mantenugaiz hornituko gintueneko ipuin hark gaurko errealitate latzarekin egin du topo: itsas toki oparoak egunetik egunera mugatuago, urriago ditugu.
Horregatik kexatzen dira zientzialariak: geroz eta zailago gertatzen zaie kalitate oneko ura duten areak bilatzea. Eskasia horrek, itsas espezien hazkuntza eragotzi eta murrizteaz gainera, bainulariei osasun arazo bihurtu zaie, mundu zabaleko zeinahi kostaldetan ikus dezakegun bezala. Bestela esateko, urez zein itsas hondartzez baliatzeko aukerak murriztu egin dira.
Kontrol gabeko arrantza masiboa
Itsasoen egoera txarra eragin duena, ordea, ez da produktu kutsatzaileen hondakinen etengabeko isurketa. Ozeanoek gainean duten arrisku larrienetako bat kontrol gabeko arrantza masiboa da. Greenpeace erakundeak arestian eginiko azterketa zientifikoen arabera, munduan ezagutzen diren arrain espezieen %20, gutxienez, desagertzeko zorian daude; bestetik, Europan gehiegizko arrantza argi gorriak pizten hasia da: zenbaitetan %60tako kuotetara iristen da.
Itsas arrainetan 123.000 espezie ezagutzen diren arren, arrantza industriak horietako gutxi-gutxi ditu oinarri edo euskailu bakarra: milaka horietako hamaikak bakarrik osatzen dute guztirako harrapaketen %35. Bakailaoari, legatzari eta beste hainbati konponbidea lehenbailehen eman behar zaielarik, antxoa edota sardinarekin ere beste horrenbeste gertatzen da, urte askotxo eman baitituzte arrisku larrian. Arrantza iraungarria (espezieak suspertzeko etenaldi luzeak egitea barne) eta espezie batzuk harrapatzeko erabateko debekapenak omen dira etorkizunera begirako irtenbide posibleak, arrantza sektoreari eman beharreko euskailu sozial eta ekonomikoarekin batera: ez ahantzi Espainian milioi laurden lanpostu daudela jarduera horri atxikita, zuzen edo zeharka.
Lehorreko ekosistemen eragina
Dena den, arreta politiko eta zientifikoa lehorreko ekosistemetara begira dagoen bitartean, ikerkuntzarik eza, erreferentziadun datu historikoen eskasia eta berebiziko aldagarritasun naturalak itsas ekosistemen aldakuntzak kuantifikatzea (lehorreko ur gezetako sistemetan egin den neurrian, bederen) galarazten dute. Nolanahi ere, zientifiko eta teknologikoen komunitateak geroz eta arreta handiagoa eskaintzen dio itsas inguruneari: asmo horrekin egin zen joandako apirilean Itsas Zientzia eta Teknologiari buruzko Nazioarteko II. Kongresua, Alacanten. Bertan, itsas inguruneko berrehun bat aditu bildu ziren “Ozeanoak III. Milurtean” lelopean, lau sailetan bilduriko gaiak aztertzeko helburuz: ozeanografia eta itsasertzeko ingurugiroa, gizakiaren eragina kostaldean, itsas teknologia eta politika eta itsasertzen osoko gestioa.
Mundu zabaleko ozeanoen hondoan gizakiak historian barrena utzi duen guztia ez da hondakin eta kutsadura: planetako museorik handiena urpetan datza. Zifra zehatzik eman ezin daitekeen arren, gizateriaren historia osoan milaka itsasontzik hondora behera egin dute batailen edo ekaitzen ondorioz, itsas sakonetara erromatar anforak, urrezko totxoak, brontzezko kanoiak eta portzelanazko kutxa txinatarrak beraiekin eramanez. XX. mendearen erdialdera arte itsas hondoraino iristea ezinezkoa izaki, hainbat zibilizazioren altxorra gorderik mantendu duten kutxa gotor eskerga izan dira ozeanoak. Itsas trafikoa zer izan den argigarri bihurtzeko esan dezagun Indietako Konpainia Nederlandarreko ontziteriak XVI eta XVII mendeetan 8.000 aldiz egin zuela Txinako joan-etorria. Titanic ontziaren hondakinak aurkitu zituen Robert Ballardek duela 2.700 urteko bi ontzi feniziar kausitu zituen 1999ko ekainean: egundo aurkitutako zaharrenak, hain zuzen. Urpeko erresuman egin diren aurkikuntzen parte handi bat Jacques-Yves Cousteau komandanteari aitortu behar zaio, bera izan baitzen, orain dela 51 urte, urpeko lehen esplorazio-burua: Marseillako kostaldean egin zen urperatze hartan hamaika anfora greziar eta erromatar berreskuratu ziren.