Adimen emozionala

Emozioak bizitzen ikastea

Asetzeko moduko bizitza erdiesteko trebezia gehienen izaera emozionala da, ez intelektuala
1 uztaila de 2003
Img psicologia listado 144

Emozioak bizitzen ikastea

Txiki-txikitatik irakatsi ziguten sentimentalismoa (horrela esan izan zaio emozioak bizi-bizi sentitzeari eta bizipenak jende aurrean agertzeari) pertsona ahulen, heldu gabeen, bere burua ondo kontrolatzen ez zutenen ezaugarria zela. Adiera horretan, erabat matxista den topikoa ikaragarri zabaldu da gure irudimen kolektiboan: emozioak kanporatzea eta, areago, negar egitea emakumezkoaren kontuak direla. Mundua aurrera doa, ordea, eta emozioak bizitzea norberaren heltze prozesuan eta adimenaren garapenean ezin ordezkatuzko elementua dela dioen teoria geroz eta arrakasta lortzen ari da.

Gure tarte intelektuala biziki kontuan dugunez, denbora eta ahaleginak eskaini dizkiogu baina, horrezaz gain, pertsona bat baloratzean haren ezagutza eta trebezia intelektualak gogoan hartzen ditugu, hein handi batean. Era guztietako hezkuntzetan (bai arautuan, bai ez akademikoan) geure baliabide intelektualei ahalik eta etekin handiena atera diezaiegun bultzatu gaituzte.

Bizitza profesionalera begira geure burua prestatu eta trebatuko badugu, ezagutza tekniko eta kulturalez hornitzeko dugun premia inortxok ez du auzitan jartzen baina, lehentasunen hierarkizazio bitxia eginez, bizitza emozionalerako prestatzeak duen garrantzia bazterrean uzten dugu maizegi. Bizitzen ikastea, urterik urte metatuz goazen jakintza behatzen, aztertzen, jorratzen ikastea baita. Hortaz, pertsona heldu, arduratsu, orekatu eta, zergatik ez, ahal den neurrian, zoriontsu bihurtzeak geure sentimenduak bereiztea, azaltzea eta zaintzea ere agintzen digu. Horrek esan nahi du sentimendu horiek testuinguru jakinean kokatzen, hierarkiak antolatzen, interpretatzen eta geure egiten ikasi beharko dugula, une jakin batean izan dezakegun hausnarketa edo egintza geure aldarteak baldintzatua gerta baitaiteke eta, ondorioz, gatazka bati konponbidea ematean edo hartu behar dugun erabakian eragin kaltegarria izan dezakete.

Gaitasun berezi-berezia

Geure une emozionala mimatzea, inor eraso gabe, inor erruduntzat jo gabe sentimenduak adierazten jakitea, sentimendu horiek bataiatu, izendatu, zaintzea, barrena husten asmatzea, gertatzen zaiguna interpretatzeko ardatzak dira. Zerbait erabakitzearen aurrean duda egiten dugunean, egoera jakin bat ulertzeko konpromisoa hartzen dugunean, erabaki horiek ez ditugu hartzen adimen artifizialak sorturiko aparatu batek egingo lukeen modu berean; aitzitik, geure ekipaje pertsonal guztia (duela minutu batzuk gertatu zaigun horixe ere barne) eta gure herentzia kulturalaren motxila astuna ere sartzen dugu horretan. Horregatik, testuinguru sozial batean garatuz goazen aldetik, geure emozioak bizitzea trebatu, prestatu egiten gaitu. Gure sentimenduekin konektatzen dugunean bakar-bakarrik zaintzen eta hierarkizatzen ditugu, orduan bakarrik izaten gara gai gainerakoen sentimendu eta zertzeladekin enpatizatzeko. Ez da argiagoa ikasketetan kalifikazio hobeak jasotzen dituena, ingurukoekin eta bere buruarekin harmoniaz bizitzen laguntzen dioten trebeziak garatzen dituena baizik. Asetzeko moduko bizitza lortzeko trebezia horietako gehientsuenen izaera ez da intelektuala, emozionala baizik. Profesional bikainena ez da espediente distiratsuena duena, bere trebeziei ahalik eta zuku gehien ateratzen asmatu duena baizik.

Adimen emozionala garatzen ikastea

“Edukazio ona” eta kontrol soziala bereizgarri nagusiak dituen gizarte honek itxuren robotak bihurtu gaitu. Malagako Unibertsitatean Fernández Berrocal eta Extremera doktoreek adimen emozionala bestela jorratu dute, sentimenduak behar den moduan eta zehaztasunez hautemateko gizakiak duen (funtsezko) trebezia, sentimendu horiek egokiro asimilatu eta ulertzeko gaitasuna, eta gure buruaren edo besteen aldartea erregulatu eta eraldatzeko abilezia. Adimen emozionalak lau osagai ditu:

  • Pertzepzio eta adierazpen emozionala. Kontua da, kontzienteki, nolako emozioak ditugun ezagutzea, zer sentitzen dugun bereiztea, eta hitzez adierazteko gai izatea. Pertzepzio ona izateak, geure sentimenduak behar bezala interpretatzen eta bizitzen jakitea esan nahi du: horri esker sentimenduak kontrolatzeko (eta, horrenbestez, inpultsoek uztarpera ez gaitzaten) prestatuago biziko gara.
  • Errazte emozionala, hau da, gure pentsamenduak lagun ditzaketen sentimenduak sortzeko gaitasuna. Emozioak pentsamenduaren esanetara ipiniz gero, erabakiak hobeki eta adimen argiagoz hartuko ditugu. Unean uneko aldarteak gure pentsamenduetan eta dedukzio logikoan berebiziko eragina izango du.
  • Ulerpen emozionala. Maila emozionalean gertatzen zaiguna ulertzea, geure pentsamenduan integratzea eta aldaketa emozionalen garrantziaz jabe izatea, alegia. Besteen sentimenduak ulertuko baditugu lehendabizi geureak ulertu beharko: nolako premia eta desioak ditugun, zerk, nork sortarazten du guregan halako edo bestelako sentimendua, emozioek nolako pentsamenduak sortarazten dizkiguten, horrek gure baitan nolako eragina duen, nolako ondorio eta erreakzioak izaten ditugun. Enpatizatzeak bestearen lekuan jartzea, haren sentimenduak nozitzea esan nahi du. Pertsona batzuek ez dituzte besteak ulertzen, ez adimen eskasa dutelako, eskarmentu emozionalak bizi izan ez dutelako edo bizipen horiek gestionatzen asmatu ez dutelako. Bikotearen haustura edo, adiskide edo ahaide baten heriotzagatik, umezurtz geratzearen tristezia bizi izan ez duenak nekez bereganatuko du egoera hori bizi behar duena sufritzen ari dena. Eta horrelako bizipenak nozitu arren, modu esplizituan bizitzeko eta integratzeko ahalegina egin ez duenak nekez izango du prest ulerpen emozional adimentsua.
  • Erregulatze emozionala, hau da, emozioak eraginkortasunez erabili eta zuzentzeko gaitasuna, hira, probokazio edo beldurra nagusitzen den egoeretan kontrolatu gabeko erantzunak ez emateko gaitasuna. Geure egoera afektiboa ere hautematen jakin behar dugu horrelakoetan (berak gu harrapatu gabe), arrazoitzeko modua eragotz ez diezagun eta geure balioen eta arau sozial eta kulturalen arabera erabakiak har ditzagun

Lau trebezia horiek elkarri loturik daude; bestelako hitzetan, gure emozioak zein diren jakin beharra dago, gizabidez bizi nahi baditugu.

Emozioak behar bezala gestionatzeko
  • Ez jarri zentsurapean. Emozioak berez ez dira onak edo txarrak, non eta gure abileziarik ezagatik guretzat edo beste inorentzat kaltegarri gertatzen ez diren.
  • Zaude adi seinale emozionaletara, bai alor fisikoan bai psikologikoan ere.
  • Azter ezazu nolako situazioek sortarazten dituzten emozio horiek.
  • Bataiatu izenekin sentimenduak, adierazi gorputzean islatzen zaizkigun sentsazioak, azalpen orokorra (“triste nago”, “artega nago”, etc) egin ordez.
  • Deskargatu fisikoki emozioek uzten diguten ondoez, estuasun edo kezkak.
  • Adierazi gure sentimenduak sortarazi dituen pertsonari, salaketarik egin gabe, bortizkeriarik erabili gabe, nolako egoerak edo jokaerak eragin digun zehaztuz.
  • Sentimenduak adierazteko ez itxaron egoera hoberena iritsi arte, hartu zerorrek iniziatiba.