Eguzkia eta itsasoa: elkarrekin, lehergai
Aurten ere, Espainiako 8.000 kilometrotako kostaldeko 3.000 hondartzetako bat bisitatuko du bertako eta atzerriko milioika turistak. Izan ere, udamineko eguzkiaren goriari ihes egiteko helmuga nahiena hondartza du jende askok oporraldiak gozatzeko: horren lekuko, espainiar hondartzetako batzuek egunero-egunero hartzen dituzten ia 50.000 bisitari horiek dira. Sarri, ordea, horren toki jendetsuetara biltzeak baditu kontrako alderdiak ere: gehiegizko ur eta eguzkia, bainulari oldeak eta hamaika ezbehar eta ezuste (intsolazioak, intsektu eta arrainen ziztadak, etc.) agertzen dira urte sasoi honetan, oporraldi bikainenen hondamena ondoriozta ditzaketen istripu eta eragozpenak eraginez. Are eta garrantzi larriagokoa: ez ahantzi itsasoa biziki arriskutsua dela eta, hortaz, uhinetan jolaste hutsak ere ezbeharra ekar dezake neurri aproposak hartu ezean.
Ingurune Hezkuntzarako Europar Fundazioak (IHEF) eta Ingurune eta Kontsumitzailearen Hezkuntzarako Elkarteak (IKHE) hondartza eta portuen kalitatea 1987az geroztik urtero balioztatzen dute eta erabiltzaileen segurtasuna, osasuna eta ongizatea bermatzeko bezain seguruak diren hondartzak Bandera Urdinarekin saritzen dituzte. Aurtengoan, “Prestige” ontziaren ezbeharrak Kantauri Itsasertzeko 17 hondartzaren itxaropenak hondoratu ditu, sari gutiziatsu hori irabazteko aukerarik izango ez baitute. Axolagabekeriaz jarduteko une aproposa ez delarik, eragindako hondartzei jarraipena egiteko baldintza zorrotzak ezarri ditu IHEF erakundeak. Horietako bat, adibidez, tokian tokiko udalak bandera urdina behin-behingoz jaitsi eta IKHE organismoari jakinarazi beharra, hidrokarburoen kutsaduraren aztarnarik hautematen badu. Kutsadura hori bigarren aldiz gertatzekotan, bandera behin betirako kendu beharko da. Hala eta guztiz, Espainiak (420 hondartza eta 97 portu saridun) nazioartean aitzindari segitzen du osotasunezko (hau da, hondartza eta portuen) bandera urdinen zerrendan: mundu zabalean daudenetatik, sei banderetako bat Espainian dago eskegita.
Bainuan, arretaz
Urtero-urtero prentsak eta telebistek itotzeagatiko heriotza askoren berri ematen digute. Hondartzetan itotzen direnen profila aski zehaztua dago: gizonezko kirolaria, 18 urtetik 25 bitartekoa edo, bestela, erretiro hartutakoa. Hau da, bere buruaren irismena ez ezik, ingurunea ere ederki ezagutzen omen duen pertsona horrek itsasoaren egoeraz edo gune jakin batzuetan arriskua (bainuak eta kirol nautikoak praktikatzea, harkaiztegietatik gertu edo bandera gorriarekin) iragartzen duten seinaleen aurrean itsuarena egiten duena.
Pulunpa egiteak era osasun arazo mordoaren kausa da: zolduretatik (otitis, konjuntibitis, etc.) hasita, egoera larri-larrietaraino: burezurraren, orno zerbikal eta gainontzeko hezurren hausturak etab. Osasunaren Mundu Erakundeak emaniko datuen arabera, zuhurgabekeriazko murgilaldiek bizkarrezur-muinaren lesioen %6 sortarazten dute. Izan ere, Toledoko Paraplegia Zentro Berezian uda partean egiten diren sarreren %80 pulunpa bortitzaren ondoriozko istripuek sortarazi dute.
Bainulariak, txalupak, itsasontziak…
Oporraldi seguruak gozatzeko bainularien eskubideak eta txalupa eta gainerako itsasontzienak elkargarri bihurtzen jakin beharra dago. Itsasontziek (yateak, surf-taulak, txalupak, etab.), oro har, ur ertzetik 200 metrora gutxienez ibili behar dute hondartzetan; kostaldeko gainerakoan, berriz, ur ertzetik 50 metrora, gutxienez. Berrehun metro zabal horretan, lehorrera iritsi behar duten txalupek 3 korapiloko abiaduran gehienez ere eta sarrera-kanaletik irten gabe joan behar dute.
Bainularien gertuko txalupek arazo larriak eragin zituen 2001eko udan, uretako motorrek hainbat istripu latz sorrarazi baitzituzten. Horrelako ibilgailuak gidatzen trebeziarik ez izatea eta motor horiek harrapatzen duten abiadura handia izan ziren eragileak. Gaur, ordea, bada gai horri buruzko berariazko legeria (2002ko martxokoa), uretako motorren erabilera arautzen duena. Esate baterako, motorraren potentziaren arabera lortu beharreko tituluak eta bera gidatzeko adina ere (lehenago 16 urte zelarik, 18 da egun) xedatzen ditu.
Gertutik zainduak
Espainian sorosle eta begiraleen gaineko ardura agintaritza lokalak bereganatua du, hainbat erakunderekin (Gurutze Gorria, Itsas Salbamenduko Federazioa, etab.) sinaturiko hitzarmenen bitartez: erakunde horiek dira, hain zuzen ere, profesional gaituak ekartzen dituztenak.
Bandera urdina emateko unean baloratzen den kontuetako bat hondartzako segurtasuna da. Sari hori irabazi nahi duenak, balizko istripu baten aurrean erantzuna emateko erreskate-ekipoaz hornituriko sorosle taldea ez ezik, sorospen postua, anbulantzia, zaintza dorrea, megafonia, balizamendua, kartelak, seinaleak eta Babes Zibilarekin elkar harturiko larrialdi planak ere izan behar ditu. Erabat seguruak diren hondartzetan baimenik gabeko ibilgailurik ezin da inola ere sartu eta bertarako sarbideek erraz eta seguruak izan behar dute. Jolas eta jokoek berariaz mugaturiko espazioa dute, eguzkitan dagoen jendea ez gogaitzeko.
Hondartzetan hiritarren segurtasuna udaltzaingoaren ardurakoa denez, ez da harritzekoa bertan polizia bikoteak motor, quad edo bizikleta gainean hara-hona ikustea. Urtero-urtero, itsas pasealekuetan gertaturiko poltsa-ebasteak eta bainulariek hondartzan utziriko gauzen lapurretak salatzen dituzte. Ezusteko handirik ez izateko modu bat, hondartzara bainatzeko premiazkoa baizik ez eramatea da: dokumentazioa bai baina kreditu-txartelik, eskudiru askorik, balio handiko bitxi edo erlojurik ez, alegia.
- Ez sartu uretan bat-batean, eguzkitan luzaro egona bazara edo bero handia egiten badu. Oso litekeena da sinkopea nozitzea, uraren tenperatura eta zure larruazalarena zeharo desberdinak direlako une horretan.
- Itsasoan sartzekoa bazara, begira marea-taulak edo galdetu bertako jendeari, itsasgora eta itsasbeheraren aurre-aurreko orduetan ez bainatzeko, orduantxe baitu korronteak indar gehien.
- Flotagailuarekin igerian edo koltxoi gainean bazoaz, hartu neurri guztiak, erresakak barrualdera eraman zaitzake eta.
- Toki horretako sakonera ezagutzen ez baduzu, ez egin pulunpa burutik.
- Bainatzeko tokia 200 bat metro zabal da, ur ertzetik hasita. Ez hurbildu txalupa eta antzekoetara, bete uretako instalazioen segurtasun baldintzak (txirristak, tranpolinak, etab.). Hondartza portutik gertu baldin badago, kontuz itsasontziek eragindako uherarekin.
- Bakarrik baldin bazoaz, ez urrutiratu itsas barrenean.
- Korronteak eramaten bazaitu, egon lasai, ez ahalegindu haren kontra igerian. Egin hondartzari paralelo eta, korronteak indarra galdu duen tokian, egin lehorrera zuzen. Korrontetik atera ezinik bazabiltza, eskatu laguntza, egin seinaleak.
- Karranpa nozitu baduzu, zoaz ur ertzera eragindako atalari asko eskatu gabe. Mina arintzeko, tira muskulutik aurrerantz.
- Hondartza egunetan ez hartu gantz askoko elikagairik, jaki astunik: horiek, odola garunera eta muskuluetara iristea eragozteaz gainera, karranpa eta konorte-galerak maizago noziarazi egiten digute. Karbohidratoak (arroza, zerealak, etab. ), fruta eta barazkiak, aldiz, energi iturri egokiak dira.
Intsolaziorik ez
- Deshidratazioari buru egiteko, eguzkitan jarri aurretik eta bitartean hartu likido ugari; alkoholik, inola ere ez. Tea, kafea, alkohola eta antzeko diuretikoak hartzea ez da komeni izaten, zirkulazioko likido kopurua azkar eraldatzen dutelako.
- Busti maiz gorputza (burua, batik bat) ur freskoz.
- Tartekatu eguzkitan egotea eta toki freskoetan paseatzea.
- Eguzki minetan ez egin ariketa bortitzik.
- Hartu neurri guztiak pertsona sentiberekin (haurrak, zaharrak, kardiopatak, lodiak).
- Baliteke, neurri guztiak hartuta ere, burukomina, sukarra, arnasketa gorabeheratsua, egarria, goragalea edo ikusmenean trastornoak nozitzea: intsolazioaren ondorioak dira horiek. Ez egin beste ariketa fisikorik: etzan berehala toki freskoan, hankak goian, aplikatu ur hotzez bustiriko zapiak eta edan maiz likido gutxi.
Haurrekin, kontu handiz
- Zure umeari flotagailua ezarri aurretik egiazta ezazu segurtasun-balbula daukala: horrela hornituta badago, aparatua zulatzen bada, ez da berehala hustuko. Haurra txikia baldin bada, jarri beti-beti besoetako puzgarriak. Koltxoiak eta antzekoak koskorragoek gozatuko dituzte. Ez utzi umea bakarrik inoiz .
- Zure umea hondartzan gal ez dadin, eman iezazkiozu erreferentziak: zure inguruko objektuak, urrutitik ikusten direnak (parasolak, kabinak, toldoak, etc).
- Erakutsi sorosleen postua eta ezarri eskuturreko edo antzekoa, bertan izen-abizenak, helbidea eta gainerakoak adierazita.
- Ez estali haurra hondarrez, ez etzanik, ezta zutik ere. Ez egin inola ere haren altuerako zulorik. Hondarrak haren bularrean eragiten duen kargak, arnasketa galarazita, ito egin lezake.
- Haurren hondartza-aldia pare bat ordukoa izango da, gehienez; sekula ez, eguzkiak indar gehien duen ordutegian (eguerditik laurak arte).
- Hiru urte bete aurretik ez jarri haurrik eguzkitan. Erabili haurrentzako berariazko babes-produktuak, indize garaikoak (25etik gorakoak), uraren kontrakoak.
- Ez etzan eguzkitan eguerditik laurak aldera arte, orduantxe eguzki izpiak bertikal iristen zaizkigu eta, hortaz, UBA eta UVB izpiak (ultramoreak) indartsuen daude.
- Gogoan izan eguzki-izpiak urak %50 eta hondarrak %35 islatzen dituztela: beraz, izpi horien eragin kaltegarriak ere areagotu egiten dituzte.
- Eguzkitan zaudela ez garastatu ura ihintza bezala: ur ttantta horiek lupa gisa dihardutenez, erreduren agerpena azkartu egin dezakete.
- Maiz bainua hartzea gustukoa baduzu, erabili uraren aurrean erresistentzia handia duten produktuak: waterproof izeneko produktuek ontzian adierazitako babesa bermatzen dute, uretan 80 minutu igarota ere; water resistant motakoek, berriz, 40 minutu.