Aukera politenak, merkeenetan
Ibilaldi luzeak egiteko larruzko zortzi sandalia aztertu dira oraingoan; horien prezioak 51 euroetatik (Nike Straprunner IV Leather, denetan merkeenak) 80 euroetara (Teva Circuit leather) doaz. Kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Adidas markako Kenai Land laginak (hirugarren merkeena) erakutsi du, sendo eta erosoa izateaz gainera, adituen kalifikazio onenak jaso dituelako. Nike (denetan merkeena) ere aukera polita da: kalitate hobereneko (sendoa, gogorra) sandalietako bat izaki, erabilera proban emaitza apalak agertu ditu.
Material berriak agertzeak bestelako mendi-oinetakoak sortzea ondorioztatu du: horrelakoak dira ibilaldi luzeetarako zapatila edo sandaliak, tradiziozko bota haietatik dezente aurrerago doazenak. Konbentzionalenak ez bezala, sandalia hauen zolak txango luzeak egiteko egokituak daudelarik, zorua arras gorabeheratsua bada ere, oinetakoa irmo eta oinari ondo atxikita mantentzeko euste-gune gehiago dituzte. Honelako sandaliak sendo eta erresistentzia handikoa izan behar du, baina ezaugarri horiek ez dute inola ere ibiltzeko erosotasuna, ezta muskulu eta junturen segurtasuna murriztu behar. Jardunak ederki dakien bezala, ahalik eta arinen gertatu behar du, gainera: Nike da denetan arinena (577 gramo) eta Salomon (883 gramo), berriz, sandalia astunena.
Zortzi sandaliak hiru adituk balioztatu zituzten. Hona neurtu ziren parametroak: ergonomia (tiren egokitzapena, eusteko sistemak, sandaliaren goialdearen jokaera eta tiren diseinu anatomikoa), erresistentzia eta segurtasuna (oinaren euste egokia eta produktuaren bukaera-kalitatea) eta erosotasuna (oina sandaliari azkar egokitzea, oinetakoaren malgutasuna, labaintzearen aurreko erresistentzia, oina zolaren gainaldeari atxikitzea eta estalduraren eta tiren kalitatea). Atal guztiak 1etik 5era bitarteko eskalan puntuatu ziren.
Adituen esana
Adidas Kenai Land eta Teva Circuit Leather (biek ere 4,5 puntu lortu zituztela) izan ziren kalifikazio hoberena jaso zutenak, erosoak izatearren batik bat. Puntuazio apalenak Asolo Scrambler Raz (3 puntu) eta Nike Straprunner IV Leather (3,4 puntu) eraman zituzten: onartzeko modukoak baizik ez ziren izan. Asolo laginaren tiren egokitzapenean eta lotailuetan ez zen “inondik ere onartzeko modukoa” eta Nike laginak ez dio orpoari, ez eta zehar aldeari behar bezain irmoki eusten eta bere tiren diseinua ez da anatomikoki egokia. Salomon (3,6 puntu) laginaren estekatze sistemak (daukan plastikozko mihia hauskorra izateaz gainera, atzealdea irekitzeko bi eskuak erabili behar baitira) eta oinari eusteko lotailuek huts egin zuten. Columbia (3,7 puntu), Merrel (3,9 puntu) eta Timberland (3,9 puntu) erdialdean agertu ziren.
Sandalien sendotasuna balioztatzeko hainbat alderdi neurtu ziren: osagaiek urraketaren aurrean ezartzen duten erresistentzia, elementuak elkarri lotzeko velcroak duen indarra, abrasioaren aurkako erresistentzia eta kanpo zolaren atxikitze-indarra, alegia. Lagin guztiek urraketaren aurkako erresistentzian emaitza onak lortu izanak esan nahi du iraunkorrak direla sandalia horiek. Erresistentzia hori neurtzeko, sandalien atalei hautsi bitarteko tentsio bortitza noziarazi zitzaien. Nike eta Timberland laginak goreneko puntuazioraino iritsi zirelarik, Asolo eta Salomon laginen euste-elementuak apalen agertu ziren proba honetan (3 puntu, 5ekiko). Merrel laginak zoruaren urraketaren aurkako erresistentzia proba gainditu ez zuenez (2 puntu baizik ez), ez da oinetako egokia lurzoru gorabeheratsu edo gogorretan ibiltzeko.
Sandaliaren atalak lotzeko velcroa darabilten sei laginetatik (denak, alegia, Timberland eta Salomon izan ezik) bostek sistema horren emaitzaren bikaina erakutsi zuten. Porba gainditzea lortu zuen bakarra Merrel izan zen (3 puntu). Lixa-paperaren gainetik 40 metrotan igurtzika eramatean zolak nozitzen duen higadura (bolumen-galera) ere neurtu zen laborategian: galera hori zenbat eta txikiago izan, orduan eta erresistentzia handiagoa agertzen du zolak. Zortzi laginek oso emaitza onak erakutsi zituzten arren Salomon eta Nike nabarmengarri gertatu ziren: galdutako bolumena 48 mm3 eta 51 mm3 baizik ez zen izan, hau da, Columbia (127 mm3) eta Teva (115 mm3) laginen erdia.
Erresistentzia handikoak baina ez berdinak
Nike eta Timberland dira erresistentzia handieneko sandaliak, proba guztietan puntuaziorik hoberena lortu baitituzte. Merrel, osoko kalifikazio ona eraman duen arren, erresistentzia apalenekoa da, zolak urratzearen aurrean erakutsitako ahuldadeagatik, batez ere.
Senez bada ere, kontsumitzaile askok oinetakoak jarri aurretik 45º okertzen dituzte. Dena den, mugimendu horrek gauza gutxi frogatuko die, sandalia ez baita alderdi horretatik okertuko, behatzetatik gertuago baizik. Zola malguak erosotasun handiagoa eskaintzen duela kontuan izaki, oinaren flexio-ardatzetik (metatartsotik) ohi den bezala, sandalia 45º okertzeko behar den indarra neurtu zen laborategian.
Zenbat eta indar gutxiagoren premia izan hainbat eta malguago da sandalia. Modelo malguenak Asolo, Salomon, Teva eta Timberland dira, puntuazio altuena lortu dutenak. Merrel lagina, aldiz, dezente zurrunago agertu zelarik, proba hau gainditu ezinik gelditu zen (2 puntu 5ekiko).
Zola moldatzeko baliatu diren materialek zuzeneko eragina izaten dute labainketak nozitzeko aukeretan. Proba honetan, glizerinaz igurtziriko altzairuzko azalera baten gainean antolatu ziren sandaliak. Merrel (5 puntu) izan zen hoberena, ondotik Adidas, Asolo, Columbia, Nike eta Salomon zetozkiola, denak ere emaitza politak lorturik (4 puntu). Teva sandaliaren zolak onartzeko moduko agerkera izan zuen (3 puntu) eta Timberland laginak gainditu ez zuenez (2 puntu), ez da aholkatzen azalera bustietan sandalia horrekin ibiltzea.
Oina babestea
Oinez ibiltzean, jauzi egitean edo korrika joatean oinak zoruarekin abiadura jakin batean talka egin eta bortizki gelditzen da. Talka hori sandaliak arindu behar du, muskuluak eta junturak babestuko baditu. Saiakuntza horretan sandalia inpaktu-mahai baten gaineko metalezko orkoi batean ipinita, 65 kilogramoko talka neurtuak pairarazten zaizkio, harturiko kolpea eta aplikatutako kolpearen arteko erlazioa neurtzeko. Hortaz, erlazio hori zenbat eta handiagoa izan, hainbat eta hobea da sandalia.
Nike eta Teva laginen zolak dira inpaktuen energia gehien absorbitzen dutenak (%40 leuntzen dute talka); ondotik Adidas, Asolo, Columbia, Merrel eta Salomon laginak zetozkien, asetzeko moduko emaitzak agertuta (%31 inguruko absortzioarekin); Timberland (%21) da inpaktua absorbitzeko ahalmen ahuleneko sandalia.
Honelako oinetakoen iraunkortasuna gutxi gehiago iragartzeko, orpoaren energi etekinaren koefizientea kalkulatu ohi da: lurra zapaldutakoan oinetakoak oinari itzuli dion indarra neurtu zen horretarako.
Datu hori kalkulatzeko, orpo aldea orkoi batekin zanpatu (400 decaNewton) ondoren, atala bere ohiko egoerara nola datorren eta prozesuak zenbat irauten duen ikusi behar da. Proba hau sandalia denek gainditu zuten arren, aldeak hauteman ziren lagin batetik bestera: Columbia, Nike eta Teva sandaliek gehieneko kalifikazioa eraman zutenez, iraunkorrenak direla ondoriozta daiteke. Asolo laginak jaso zuen balorazio apalena (3 puntu de 5). Adidas, Merrel, Salomon eta Timberland oinetakoek tarteko puntuazioak merezi izan zituzten (4na puntu).
Sandalia erosoenak, oro har, Teva dira, ondotik Adidas markakoak datozkiela. Erosotasun eskasenekoak (baina onartzeko modukoak, dena den) Salomon eta Timberland dira.
Ura datorrela…
Oso litekeena da ibilaldi batean sandaliak bustitzea: euria ari duelako, putzuan erori garelako, ibaia zeharkatu behar izan delako edo itsasoan sartu behar izan dugulako. Horregatik sandalia egitean erabilitako tindagaiek ur gezaren aurrean eta ur geziaren aurrean nolako erresistentzia duten aztertu dute laborategian. Nike eta Adidas laginen tindagaiek ez zuten aldaketarik nozitu ez bataren ez bestaren aurrean: horregatik irabazi zuten puntuazio hoberena. Gainerako laginen goialdeko estalduretan baliaturiko koloratzaileek zolagainekoek baino erresistentzia hobea agertu zuten. Asolo, Columbia eta Teva laginen zolagaineko tindagaiek kolorea galdu eta oina tindatzen dute, zeinahi ur ukitzean. Salomon sandalia, aldiz, ur gezarekin zuzen agertu zelarik, itsasoko urez bustitzean kolorea galdu zuen.
Sandaliak xurgatzen eta kanporatzen duen ur bolumena kalkulatzeko, uretan ordubetez murgildu eta zenbat gramo hartu duen neurtu behar da. Ondoren, likido hori galtzeko eman behar duen denbora ere neurtuko da. Egokiena, gramo gutxi hartu eta, uretatik ateratakoan, berehala galtzea da. Proba horretan behar bezala agertu den lagin bakarra Adidas da, Teva laginaren aurretik; Salomon izan zen sandalia denetan apalena.
Laburbilduz eta konparaketako taula
Laburbilduz
- Bide lau zein gorabeheratsuetan zehar ibilaldi luzeak egiteko egokiak diren larruzko zortzi sandalia aztertu dira. Horien prezioak 51,45 euroetatik (Nike Strapunner IV Leather) 80,20 euroetaraino (Teva Circuit Leather) doaz.
- Proba praktikoan balorazio hoberena lortu zuten sandalia Adidas eta Teva (4,5na puntu, 5ekiko) izan ziren. Puntuazio apalenak, berriz, Asolo eta Nike laginek eraman zituzten, oineko lotailuak huts egin baitzuen bi hauetan.
- Laborategian Adidas eta Nike izan ziren onenak, inongo ahulunerik agertu ez zutelarik. Tindagaien kolore galera izan zuten sandaliek ahulune nagusia, oro har. Salomon laginak ur asko xurgatu baina ez du behar bezala kanporatzen. Timberland laginaren zola labaindu egiten da eta Merrel laginarena zurrunegia izatearen ondorioz, sandalia hau gaizki zahartuko da.
- Osoko kalitateaz ari garela, Adidas, Merrel, Nike eta Teva “oso onak” dira. Asolo, Columbia, Salomon eta Timberland, berriz, “onak” baino ez.
- Kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena, denetan hirugarren merkeena den Adidas Kenai Land laginak eskaintzen du: sandalia sendo, eroso eta erresistentzia handikoa izateaz gainera, adituek ongi baloratu zuten eta lurzoru gogorretan (ez gorabeheratsuegietan, ordea) ibiltzeko egokia da. Nike ere aukera polita da: erabilera proban bigarren txarrena gertatu zen arren, laborategian neurturiko probetan kalitate bikaina agertu zuen.
PARAMETROAK | ADIDAS | NIKE | COLUMBIA | ASOLO |
---|---|---|---|---|
MODELOA | Kenai Land | Strap- runner IV Leather |
Trail Meister | Scrambler Raz |
Prezioa (eurotan) | 57,95 | 51,45 | 55,45 | 61,63 |
Ezaugarri Orokorrak | ||||
Pisua (g/parea) | 633 | 577 | 863 | 725 |
Kolorearen egonkortasuna (1 – 5) | ||||
Estaldurarena, ur gezaren aurrean | 5 | 5 | 5 | 5 |
Estaldurarena, itsas uraren aurrean | 5 | 5 | 4 | 5 |
Zolarena, ur gezaren aurrean | 5 | 5 | 1 | 1 |
Zolarena, itsas uraren aurrean | 5 | 5 | 1 | 1 |
Sendotasuna (1 – 5) | ||||
Urratzearen aurkako erresistentzia | ||||
Goialdearena | 5 | 5 | 5 | 5 |
Atzealdeko mihiarena | Ez du | 5 | 5 | 5 |
Euste-elementuena | 4 | 5 | 4 | 3 |
Kanpo-zolarena | 5 | 5 | 5 | 5 |
Velcroari itsasteko indarra | 5 | 5 | 5 | 5 |
Kanpo zola | ||||
Abrasioaren aurreko erresistentzia | 5 | 5 | 5 | 5 |
Atalak elkarren artean eusteko indarra | 5 | 5 | 4 | 4 |
Konforta (1 – 5) | ||||
Zolaren malgutasuna | 4 | 3 | 4 | 5 |
Zolaren labaintzearen aurreko erresistentzia | 4 | 4 | 4 | 4 |
Orpo aldeko energi etekina | 4 | 5 | 5 | 3 |
Orpo aldean inpaktuaren absortzioa | 4 | 5 | 4 | 4 |
Ordubetera, ur xurgatzea | 5 | 3 | 3 | 4 |
Ura suntsitzea | 5 | 5 | 5 | 4 |
Aholkaturiko erabilera | Zoru gogor baina ez latzegiak | Era guztietako zoruak | Zoru heze eta ez latzegiak | Era guztietako zoruak, lehorrak batik bat |
Adituekin eginiko erabilera – proba (1 – 5) | 4,5 | 3,4 | 3,7 | 3 |
Osoko kalitatea | Oso ona | Oso ona | Ona | Ona |
PARAMETROAK | TEVA | MERREL | TIMBERLAND | SALOMON |
---|---|---|---|---|
MODELOA | Circuit Leather | Tahiti Leather | Del Fuego/ Mana |
Habana de Luxe Graz |
Prezioa (eurotan) | 80,20 | 77,48 | 78,67 | 75,82 |
Ezaugarri Orokorrak | ||||
Pisua (g/parea) | 696 | 776 | 738 | 883 |
Kolorearen egonkortasuna (1 – 5) | ||||
Estaldurarena, ur gezaren aurrean | 4 | 5 | 3 | 4 |
Estaldurarena, itsas uraren aurrean | 5 | 5 | 3 | 4 |
Zolarena, ur gezaren aurrean | 1 | 4 | 2 | 3 |
Zolarena, itsas uraren aurrean | 2 | 5 | 3 | 1 |
Sendotasuna (1 – 5) | ||||
Urratzearen aurkako erresistentzia | ||||
Goialdearena | 5 | 5 | 5 | 5 |
Atzealdeko mihiarena | Ez du | 5 | 5 | Ez du |
Euste-elementuena | 5 | 5 | 5 | 3 |
Kanpo-zolarena | 4 | 2 | 5 | 5 |
Velcroari itsasteko indarra | 5 | 3 | Ez du | Ez du |
Kanpo zola | ||||
Abrasioaren aurreko erresistentzia | 5 | 5 | 5 | 5 |
Atalak elkarren artean eusteko indarra | 5 | 5 | 5 | 5 |
Konforta (1 – 5) | ||||
Zolaren malgutasuna | 5 | 2 | 5 | 5 |
Zolaren labaintzearen aurreko erresistentzia | 3 | 5 | 2 | 4 |
Orpo aldeko energi etekina | 5 | 4 | 4 | 4 |
Orpo aldean inpaktuaren absortzioa | 5 | 4 | 3 | 4 |
Ordubetera, ur xurgatzea | 4 | 2 | 3 | 1 |
Ura suntsitzea | 5 | 5 | 4 | 3 |
Aholkaturiko erabilera | Zoru gogor baina lehorrak | Zoru ez zimurtsuak | Era guztietako zoru lehorrak | Era guztietako zoruak |
Adituekin eginiko erabilera – proba (1 – 5) | 4,5 | 3,9 | 3,9 | 3,6 |
Osoko kalitatea | Oso ona | Oso ona | Ona | Ona |
Banan-banan
Ibilaldiak egiteko sandaliak, banan-banan
ADIDAS Kenai Land
- 57,95 euro
- Osoko kalitatea: oso ona
- Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Bertan erabilitako tindagaiak erresistentzia handikoak dira ur geza eta gaziaren aurrean. Laginaren materialek onartzeko moduko portaera dute. Pisuz arin eta kalitate onekoak izateari esker, eroso-erosoak dira. Zolak inpaktua ederki arintzen du. Lurzoru gogor baina ez latzegietan ibiltzeko egokia. Adituen balioztapena: denetan hoberena (4,5 puntu, 5ekiko).
NIKE Straprunner IV Leather
- 51,45 euro.
- Osoko kalitatea: oso ona
- Aukera polita, hau ere, denetan merkeenak direlako. Bertan erabilitako tindagaiak erresistentzia handikoak dira ur geza eta gaziaren aurrean. Laginaren materialek onartzeko moduko portaera dute. Arinenak izaki, malgutasun aldetik onartzeko modukoak baino ez dira. Zolak inpaktua ederki arintzen du. Era guztietako zoruetan ibiltzeko modukoa. Adituen balioztapena: proba gainditu duten arren, bigarren txarrenak dira (3,4 puntu, 5ekiko). Tiren diseinu anatomikoa eta oinaren lotailuak, gaizki.
COLUMBIA Trail Meister
- 55,45 euro
- Osoko kalitatea: ona
- Bigarren merkeenak. Barne-zolan erabilitako tindagaiek kolorea galdu egiten dute ur geza eta gazia ukitzean. Laginaren materialek onartzeko moduko portaera dute. Bigarren astunenak izan arren, eroso gertatzen dira, malgu-malguak direlako. Zolak inpaktua ederki arintzen du. Ez dira zoru busti edota latzegietan ibiltzeko egokiak, oinaren lotailua ez baita oso sendoa. Adituen balioztapena: 3,7 puntu, 5ekiko.
ASOLO Scrambler Raz
- 61,63 euro
- Osoko kalitatea: ona
- Barne-zolan erabilitako tindagaiek kolorea galdu egiten dute ur geza eta gazia ukitzean. Laginaren materialek onartzeko moduko portaera dute. Arinak eta malguak izateari esker, eroso-eroso gertatzen dira. Zolak inpaktua ederki arintzen du, zahartze txarra izango duen arren. Zoru latz eta gogorretan ibiltzeko egokiak. Adituen balioztapena: puntuazio apalena, baina onartzeko modukoa (3 puntu, 5ekiko). Tiren egokigailuak eta oineko lotailuak huts egin zuten.
TEVA Circuit Leather
- 80,20 euro
- Osoko kalitatea: oso ona
- Denetan garestienak. Barne-zolan erabilitako tindagaiek kolorea galdu egiten dute ur geza eta gazia ukitzean. Laginaren materialek onartzeko moduko portaera dute. Arinak eta malguak izateari esker, eroso-eroso gertatzen dira. Zolak inpaktua ederki arintzen du. Ez dira zoru busti edota latzegietan ibiltzeko egokiak, oinaren lotailua ez baita oso sendoa. Adituen balioztapena: hoberena da, 4,5 puntu, 5ekiko.
MERREL Tahiti Leather
- 77,48 euro
- Osoko kalitatea: oso ona
- Garestiak. Barne-zolan erabilitako tindagaiek erresistentzia handia agertzen dute ur geza eta gaziaren aurrean. Onartzeko moduko portaera dute laginaren materialek, zola izan ezik: urraketaren aurkako erresistentzia ahulekoa da. Pisu ertaineko eta zola zurrunekoak direnez, deserosotasuna sor dezakete erabiltzailearengan. Zolak inpaktua ederki arintzen du. Ez dira zoru latzegietan ibiltzeko egokiak. Adituen balioztapena: bigarren hoberena da, 3,9 puntu, 5ekiko.
TIMBERLAND Del Fuego/Mana
78,67 euro
SALOMON Habana de Luxe Graz
- 75,82 euro
- Osoko kalitatea: ona
- Barne-zolan erabilitako tindagaiek erresistentzia handia agertzen dute ur gezaren aurka; ez, ordea, gaziaren aurrean. Onartzeko moduko portaera dute laginaren materialek. Denetan astunenak baina malguak dira. Zolak inpaktua ederki arintzen du. Era guztietako zoruetan ibiltzeko egokiak, itsas aldean izan ezik. Adituen balioztapena: hirugarren txarrena (3,6 puntu, 5ekiko).