Klabea, trasteak ondo antolatu eta eustea
Espainol gehientsuek etxeko automobila eta errepidea aukeratu dituzte berriro ere beren udalekuetara iristeko. Beraz, bidaietan hartu beharreko neurri guztien garrantzia azpimarratzea komeni da berriro ere, automobileko maletategia atontzeko modutik hasita. Horrela ez dirudien arren, gaizki antolaturiko karga jaurtigailu hilgarri bihur daiteke larrialdi batean.
- Kendu ekipajetik alferrikako gauzak, astunak, bulto handikoak. Seguru erabiliko ez duzun bolumen handiko gauzarik ez eraman. Gogoan izan maletategia ez dela gomazkoa.
- Ahalegindu maletategia larregi ez betetzen: kontuan izan bueltakoan trasteak kargatzea askoz ere nekezagoa izango dela (besteak beste, oporraldietan beti erosten diren gauza horiek maletategian gordetzen direla azkenean).
- Segurtatu gauza guztiak -are arin-arinak ere- automobileko maletategian jarri direla.
- Antolatu karga era konpentsatuan, automobilaren egonkortasunean eragin kaltegarririk izan ez dezan. Ez jarri gauza astun guztiak maletategiko alderdi batean eta arinak bestean.
- Antolatu trasteak kargaren arabera: astunenak azpian, maleta handi eta gogorrenak hondoan eta, esaera zaharrak dioen legez, gainerakoak gainean, ahal den guztietan euste-guneei finko luturik.
Ekipajea ondo eustea, funtsezkoa
- Kargak maletategia erabat betetzen duelako, oso litekeena da alde batetik bestera mugitzea: horrelakoetan lotu olagarro edo sare malguekin.
- Ez ipini gidariaren ikusmen ona galaraz dezakeen gauzarik; ez utzi atzeko bandejan, gelditze bortitz baten ondorioz jaurtigailu bihur baitaitezke, bidaiariei zauri larriak eragiteraino.
- Atzeko bandejan 450 gramoko aterkia daramazula, automobilak hormaren edo arbolaren kontra talka egiten badu orduko 50 kilometroko abiaduran, euritakoa aurrerantz aterako da eta mailuak bezain bortizki joko zaitu buruan. Baldintza horietan, 5 kiloko maletatxoa 45 kiloko arma hilgarri bihur liteke.
- Lotu atzealdeko eserlekuetako uhalak, nahiz atzean bidaiarik ez izan: euskailu gehigarri horrek ere oztopa dezake ekipajea maletategitik atera eta aurrera egitea.
- Maletategian bulto astunak daudenean, saiatu inor eseri ez dadin atzeko eserlekuaren erdialdean.
- Gogoan izan automobila ez doala modu berean hutsik edo kargatuta. Ondorio nagusia -potentzia galtzeaz gainera- erraz ikusiko dugu: automobila galgatzean gelditzeko distantzia luzatu egingo da.
- Hobe izaten da autoaren gaineko parrillan ekipajerik ez eramatea. Horrela eramatea ezinbesteko denean, ipini bultoak automobilaren perimetrotik ateratzeke eta segurtatu bi gauza: batetik, irmo-irmo lotuta daudela eta, bestetik, aurreko partea atzekoa baino altuago ez dela. Goiko maletategi hoberenak itxura aerodinamikoko kutxa itxiak dira, bere sarraila eta guzti.
Bizikleta seguruak
- Estekatu irmo bizikletak: automobiletik eroriko balira hondatu egin litezke baina, batez ere, zure atzetik datozen gidariei istripu-arriskurik ez diezu sorrarazi behar.
- Eskuarki hiru gunetan estekatzen dira: bi gurpiletan (zinta egokigarrien bidez) eta koadroko barra diagonalean. Azken honek irmo-irmoa izan behar duenez, koadroa zapi batekin babestea komeni izaten da, bestela urratu egin liteke eta. Bizikleta ainguratzeko beste sistema bat (antzinako euskailuetakoa, oro har) urkila zuzenean lotzea da, aurreko gurpila kendutakoan.
- Bizikleta kargatu aurretik kendu iezazkiozu aire zabalean erori edo honda daitezkeen elementu guztiak (bidoia, puzkailua kilometro-kontagailua… denak ere eguzkitan utzita honda daitezkeelako).
- Bizikletak gainean daramatzazula, mantsotu automobilaren abiadura: izan gogoan ibilgailuaren aerodinamikak horren eragina pairatuko duela. Inondik ere ez da komeni orduko 120 kilometrotik gora ibiltzea.
- Atzeko atean ipintzen diren bizikleta-euskailuak ez dira legez baimendutakoak: ibilgailuaren perimetrotik kanpora kargarik eramatea ez du onartzen legeak.
Bi gurpilen gainetik bazoaz…
- Motorrean bazoaz alportxak, maletak, ekipaje-euskailua, depositu-zorroa eta motorretarako olagarro bereziak eduki beharko dituzu.
- Banatu karga alde banatan, era orekatuan. Beharrezko baderitzozu, pisatu zorroak baskula batean.
- Ez jarri karga gehiegi atzealdean.
- Den-dena behar bezala antolatu ondoren jarri euritako arropa eskura, olagarroekin estekaturik. Izan zorrotz arau honetan: bestela, euria egitekotan, ekipaje osoa desegin beharko duzu eta.
- Bidaian zehar premiazko izango dituzun gauzak eskura jartzea komeni zaizu, arrazoi beragatik.