Sorospenak uda partean

Batez ere, zaude lasai

Oporraldiak honda ditzaketen ezbehar arinen aurrean nola jokatzen jakitea ere, komeni
1 uztaila de 2003
Img miscelanea listado 241

Batez ere, zaude lasai

Intsektuen eztenkada edo ziztadak, zauriak, erredurak eta antzeko ezbehar txikiak ugaldu egiten dira uda partean. Toki publiko gehienek badituzte sorosleak, erizaintzako tituludunak edo sendagileak: horiek, arrisku egoeran, osasun asistentzia azkar eta eraginkortasun handiz ematen duten arren, laguntza espezializatua ez dago beti eskuragarri. Beraz, oporraldiak honda diezazkiguketen ezbehar arinen aurrean nola jokatzea ere komeniko zaigu

Erredurak

Larruazalean eta ehunetan eragiten duten lesio-mailaren arabera, hiru gradutan sailkatu ohi dira erredurak:

Lehen gradukoak: azalaren kanpoaldea (epidermisa) gorritu eta arinki hanpatzen delarik, mina eta azkura eragiten du.

  • Bigarren gradukoak: azalaren barrualdea (dermis) erre eta babak sortzen dira.
  • Hirugarren gradukoak: larruazala erabat kiskaltzen delarik, azpian dauden ehunak lesionatzen dira, muskuluak eta bestelako egiturak suntsitzeraino.

Erreduraren larritasuna hedaduraren araberakoa da, gradua bigarren mailan utzirik. Lehen graduko erredura zabal-zabala hirugarren graduko txikia baino larriagotzat jotzen dute adituek.


Erredura sendagileak zaindu bitartean nola jokatu?

Erredura lehen graduko eta txikia bada (ohiko kontua da hori udan) hoberena toki horretan tarte batean hotza aplikatzea eta ondoren erredurak sendatzeko pomada zabaltzea da.

Erredura larriagoa bada:

  • Ez lehertu babarik
  • Garbitu ur hotz eta xaboiez
  • Ez aplikatu antiseptikorik, ez kremarik, hautsik, antibiotikorik
  • Estali atal hori gasa eta bendekin
  • Eraman pertsona hori osasun zentrora

Erredura larri eta zabalak gertatzekotan, egokiena anbulantzia medikalizatua eskatzea izaten da; anbulantzia iritsi bitartean, eria estalita mantentzea.

Ziztadak

Ohikoenak liztor eta eltxoen eztenkadak izaten dira, intsektu horiek, pozoi arinaz bustiriko eztena josten digutelako. Ugari-ugariak ez izatekotan ez dira biziki kaltegarriak, hanpadura eta min handia bakarrik eragiten dutelako.


Nola jokatu:

  • Eztena barruan baldin badago oraindik, atera pintza batez
  • Ezarri gainean amoniakotan blaituriko zapi bat edo, bestela, bikarbonato eta urez moldatutako masa pixka bat. Farmazietan badira ziztada horiek tratatzeko berariazko botikak, pomada, spray edo arkatz gisa komertzializatzen direnak.

Eltxoaren eztenkada arinagoa da. Hoberena, intsektu horiek uxatzeko produktua erabiltzea, aurretiaz. Arropa zuria janztea komeni izaten da, kolore ilun zein biziak (lurrinak bezalaxe) erakargarri baititu eltxoak.


Nola jokatu:

  • Hanpadura galarazteko, jarri gainean jelatxo bat.
  • Igurtzi ziztada gainean farmazian salgai dagoen berariazko produktuetako bat edo, bestela, sagar ozpina, limoia, baratxuria edota tipula.

Zauriak

Larruazalaren haustura da zauria, definizioz eta mota askotakoa izan daiteke: urratuzkoak (kolpe bortitzak azala urratu du), ebakizkoak (labanak eta antzekoek eragindako eten garbiak), zulatuzkoak (iltzea edo antzekoa ehunetan sartzearren) eta erosiozkoak (igurtzi eta erosioa gertatu denean, bizikletatik erortzearen ondoriozkoetan, adibidez).


Nola jokatu:

  • Garbitu xaboi eta ur ugaritan.
  • Ondoren, aplikatu antiseptiko iododuna eta estali konpresa bat gainean.

Kontuan izatekoa: zauria sendatu behar da beti, txiki-txikia izan arren. Bestetik, txertoa jasoa edo erabat osatua ez badugu sendagilearengana jo beharra dago, tetanosen kontrako txertoa hartzea komeni zaigun balora dezan.

Zauri batzuk larri-larriak izan daitezke: sabel, bular eta enborreko zulatuzkoak, batez ere, bizia bera arriskutan jartzen dutelako, bertatik airea sartu edo ateratzen baldin bada. Horrelakoetan bizi-bizi jardun beharra dago beti: zauria itxi eta airearen pasabidea galaraziko duen konpresa handi eta lehor batez estalita, zauritua osasun zentrora eraman edo anbulantzia medikalizatua eskatu behar da.

Hemorragia eta torniketeak: hemorragia dagoenean zauritua etzan eta eraginiko zona agerian utzi behar da.

  • Gorputz-atal bat denean, atal hori altxa eta zaurian gasa esterilizatua edo zapi garbi-garbia jarri beharra dago; ondoko bost minutuetan zauria eskuz zanpaturik edukiko dugu. Odol jarioa gelditu bada, bendak ezar daitezke.
  • Hemorragiak bere horretan segitzen badu, gainean beste gasa bat ezarri eta irmoago zanpatu behar da. Hala eta guztiz odola ateratzen bada, zanpatu hatzekin zauriaren gainean, arteria ixteko.
  • Ahaleginak eginik ere, hemorragia gelditzen ez bada, torniketea egin beharra dago. Torniketea egitea arrisku handikoa da, bai zauritutakoaren bizitzarentzat, baita eragindako atalarentzat ere. Beraz, hemorragia larri-larria izaki, bestela geratzen ez denean bakarrik egin behar. Hobe da beti behar duen denbora guztian hatzekin zanpaturik edukitzea.
  • Nola egin torniketea? Jarri zauri gainean goma malgua, gerrikoa edo antzeko zerbait zabala (ez, inondik ere, sokarik edo arteria betirako honda dezakeen beste elementu meherik). Torniketea egin den ordua apuntatu beharra dago eta, hamar minutuko tarteetan, lasaitu. Hori egitean zauritik odolik ateratzen ez bada, ez jarri berriro.

Kontusioak

Kontusioa gertatzean larruazala bera ez da urratzeraino hondatzen, baina aldameneko ehunak bai. Mina eta hanpadura bereizgarriak izaki, eragindako zonako kolorea gorritu, ilundu eta azkenean ubeldu egiten da. Kontusioak ez du berebiziko garrantzia baina, kolpea bortitzegia izan bada, lesio larriagoen adierazle izan daiteke.


Nola jokatu:

  • Ur hotzetan blaituriko konpresak, jela-poltsa edo jelatxoak ipintzea komeni izaten da. Jela ez da larruazalean zuzenean luzaro eduki behar erreduren antzekoak sortaraz baititzake.
  • Eduki geldirik lesionaturiko zona hori; zabaldu hanpadura galarazteko pomada edo jele bat. Kontusio ugari edo larriagoak gertatzen direnean, sendagileak baloratu behar ditu.

Bihurdurak eta zaintiratuak

Orkatilaren bihurdurak arinak izan daitezke edo, bestela, egiazko zaintiratuak (junturako lotailuen gehiegizko tenkaketa: ondorioz, horiek urratu edo erabat nahiz partzialki hauts daitezke. Mina berehala agertzen da eta hanpadura eta hematoma agertzen badira, oso litekeena lotailuren bat hautsirik gertatzea. Zaintiratuak zeinahi junturatan jazo daitezken arren, ohikoenak orkatiletan gertatzen dira.


Nola jokatu:

  • Jarri zerbait hotza eragindako zonan.
  • Geldiarazi juntura hori behin-behingoz, bendekin lotura bat eginez. Istripua jasan duena sendagilearengana eramatea, fakultatiboak lesio baloratu eta behar bezalako tratamendua aplika diezaion. Gaizki trataturiko zaintiratua kroniko bilaka daiteke, betirako junturaren egongaiztasuna eraginez.