CONSUMER EROSKIko elikadura adituen kezkak
Menopausiaren garaian nago, eta jakin nahi nuke zer-nolako elikagaiak komeni zaizkidan edo saihestu behar nituzkeen aldi honen eraginak murrizte aldera.
Badira menopausian laguntzen duten aldaketa dietetiko batzuk. Beharrezkoak dira zenbait nahasmenduri aurre hartzeko (elikadura desegokiak edo eskasak eragindako nahasmenduei), bizitasun eta energia gehiago izateko eta bizitzako aro berri honek dakartzan aldaketa hormonalei atxikitako ondoezak arintzeko (nekea, haserrekortasuna edo antsietatea).
- Azukre gehiegi hartzea izan daiteke elikadura-ohitura okerretako bat. Dieta oso-osorik aztertu behar da maiz samar jaten den elikagai azukretsurik baden edo ez identifikatzeko: opilak, gozoak, txokolatea, freskagarriak…
- Animalia-jatorriko proteina gehiegi hartzea (haragiak eta horien eratorriak, nagusiki) izaten da hezurrak kaltziogabetzearen arrazoietako bat, eta tentuz zaintzekoa da alderdi hori, batez ere emakumeengan, eta are gehiago menopausia garaian. Horien ordez, landare-jatorriko proteinak hartzea komeni da, eta, zehazki, lekaleak, zerealak eta fruitu lehorrak konbinatzen dituzten platerak prestatzea.
- Elikagaiak eta platerak ontzeko, berriz, espeziak eta usain-belarrak erabiltzea komeni da; hartara, gatz gutxiago erabiliko da, eta hori beti da ona bihotz-hodien osasunarentzat.
- Kaltzio kontsumoa handitzea komeni da. Esnea jotzen da kaltzio iturritzat, baina beste elikagai batzuek ere ematen dute: hosto berdeko berdurek, lekaleek (sojak eta dilistek), oliotan datozen sardinek (hezur eta guzti janda).
Zer-nolako aldea dago ohiko gatzaren eta itsasokoaren artean? Esan ote liteke bietako bat hobea dela organismoarentzat?
Itsasoko gatza naturalagoa da, gatza lortzeko prozesua bera naturalagoa delako: eguzkiaren bidez lurruntzera eta kristaltzera uzten da, besterik gabe. Ondorioz, gatz hori zapore gehiagokoa izaten da ohiko gatza baino, mineralak kontzentratuagoak izaten ditu eta: kaltzioa (ohikoak halako 4), potasioa (ohikoak halako 14) eta iodoa. Sodioa, berriz, itsasokoan baino kontzentratuagoa egoten da ohiko gatzean (gatz kopuru berean neurtuta, betiere). Dena den, itsasoko gatza neurri osasungarrian hartuta (egunean ez 5 gramo baino gehiago), ezin da jo oligoelementu eta mineral-iturri naturaltzat; ez dauka elikadura-balio hori. Gatza beharrezkoa da bizi izateko, sodioa eta kloroa ematen baititu, eta bi oligoelementu horiek oso funtzio espezifikoak dituzte organismoan. Baina neurrian dago arazoa. Gaur egungo elikadura-ohituren eraginez, organismoak kudea dezakeena halako bi hartzen dugu gatza, eta hainbat nahasmendu ekarri ohi ditu gehiegikeria horrek: bihotzekoak, giltzurrunetakoak, hipertentsioa… Gatza, izan ohikoa edo izan itsasokoa, neurrian erabili behar da beti.
Elikaduraren oinarriak: Fruktosa
Monosakarido bat da, karbohidrato sinple mota bat alegia, zeina berez agertzen baita eztian (%20-40 inguru izaten du), frutetan eta fruta-zukuetan (% 20-40), eta berduretan (%1-2). Sakarosaren -ohiko azukrearen- osagai oinarrizkoetako bat da gainera. Eztitzaile gisa ere erabiltzen da elikagai prozesatu askotan eta sendagaietan. Fruktosa ugari duten arto-jarabeak gero eta gehiago erabiltzen ditu elikadura-industriak eztitzaile gisa. Fruktosak, izan ere, sakarosak baino ahalmen eztitzaile handiagoa du, eta horrexegatik ari da hedatzen gehigarri gisa. Lau kilokaloria ematen ditu gramo bakoitzeko (4 Kcal/g), eta azukre sinplea denez, neurrian hartzekoa da, batez ere pisu gehiegi dutenek, gizen daudenek, triglizeridoak goi samarrean dituztenek, diabetesa dutenek, hipogluzemia… Kariogenikoa da, hau da, txantxarra eragin dezake aho-higienea egoki zaindu ezean.
Iodoa hipotiroidismoari aurre hartzeko
Iodo Gabeziagatiko Nahasmenduen eta Tiroide Disfuntzioaren Lantaldean ari diren adituen esanetan, elikaduraren bidez iodo kopuru egokia hartzeak lagundu egiten du hipotiroidismoari aurre hartzen (SEEN Espainiako Endokrinologia eta Nutrizio Elkartearen barneko taldea horrako hori). Zehazki, nabarmendu dute iodoa “ezinbesteko” elementua dela tiroidearen hormonak normal ekoitz daitezen, eta, horregatik, gatz iododuna eta itsasoko arrainak jateko gomendioa egiten dute. Dena den, adin, genero eta egoera fisiologiko bakoitzari iodo kopuru jakin bat hartzea komeni zaio. Lantalde horrek bildu duen esperientziak erakusten duenez, jendeak, oro har, baita eskola adinean dauden haurrek ere, 150 mikrogramo iodo hartu behar dituzte egunean. Horrela egiteak lagundu egin dezake hipotiroidismoari aurre hartzen (Espainiako Estatuan 70.000 pertsonari eragiten die). Nahasmendu horren eraginez, behar baino gutxiago sortzen dira tiroideko hormonak, eta akidura kronikoa eragiten du, ahuldadea, larruazala lehortu egiten da, hotza ezin izaten da eraman eta ilea erori egiten da, besteren artean.
Pomelo-zukua, muga batzuekin
Zitrikoen artean, gutxien kontsumitzen denetakoa da pomeloa. Mingotsa izaten da eta ukitu azido bat ere izaten du, eta horrexegatik geratzen da laranjak eta mandarinak baino baztertuxeagoa. Fruta horiek bezalaxe, pomeloak ere ugari ematen ditu C bitamina eta azido zitrikoa. Aukera ona izan liteke pomelo-zuku batekin hastea eguna (beste fruta batzuekin nahasian ere egin daiteke zukua), baina kontuan hartu behar da muga batzuk ere badituela: sendagai jakin batzuk hartzen arituz gero, nabarmen eragiten die haien jardunari.
Frogatuta dago ahotik barneratzen diren zenbait sendagai eta pomelo zukua aldi berean hartuta, areagotu egiten dela sendagai horiek plasman duten kontzentrazioa, eta urritu egiten dela horien eragina, edo, guztiz bestela, nahi baino eragin handiagoa izaten dutela. Antihistaminikoak izaten dira sendagai horietako batzuk, minbiziaren aurkakoak besteak, betablokeatzaileak (hipertentsioaren aurkako sail nagusiak), zenbait antibiotiko, eta abar. Frogatuta dago, halaber, pomelo-zukuak komeni baino gehiago areagotzen duela depresioaren aurkakoen eragina eta estatinena (kolesterola kontrolatzekoak), eta, beraz, ez litzateke hartu behar tratamendu horiek egiten arituz gero.
Ur-botilatxoak berrerabiltzea?
Ur-botilatxoak berrerabili egiten dira, eta berriz betetzen dira urez zenbait alditan. Baina zalantza sortzen da horrekin: zenbatetik behin aldatu behar dira plastikozko botilatxo horiek? Ez dago erantzun bakarra ematerik; ikusi egin behar da botilatxoa zer-nolako baldintzatan egon den eta zer likidorekin betetzen den. Gehiago iraun ohi du urez betetzen bada eta bero-iturrietatik urruti jartzen bada. Baina gerta daiteke, denborarekin, plastikoaren polimero kimikoak likidora iristea (halakoetan, plastiko zaporea hartzen zaio edandakoan).
Likido bakoitza jatorrizko ontzian
Ez da jokabide egokia edari jakin bat izan duen botila bestelako likido batekin betetzea. Adibidez, ur-botilatxoa zukuz edo freskagarriz betetzea, edo ozpin-ontzi gisa erabiltzea. Elikadura arloko segurtasunaren aurkako jokabidea da horrako hori, ontzi bakoitzak osaera kimiko jakina izaten duelako, jatorrizko elikagaiaren karga kimikoari eusteko modukoa hain zuzen ere. Horrek esan nahi du olioaren azidotasunak, eta zer esanik ez ozpinarenak, plastikoaren elementu kimikoak likidora pasaraz ditzaketela (migratzea esaten zaio horri); aldiz, halakorik nekezago gertatzen da botila jatorrizko likidoarekin betetzen bada (ura ur-botilan, ozpina berean, olioa berean…).