Akabo idorreria!
Bost lagunetik batek idorreria-arazoak izaten ditu Espainiako Estatuan (datu hori eman du berriki FEADek, Digestio Aparatuaren Espainiako Fundazioak). Lehen arretako kontsulten % 20k sintoma horiekin zerikusia dute, baina badirudi arazoak dituzten guztiak ez direla joaten medikutara (berriki egindako inkesta baten arabera, hirutik bat joaten da). Esan liteke, beraz, zifrak ez datozela guztiz bat egiazko egoerarekin, eta, nolabait, jendeak isilean eraman ohi duela arazoa.
Gaitz bat izan eta medikutara ez joateko, arrazoiren bat izan behar du jendeak. Jende batek, esaterako, oso garrantzi gutxi ematen dio idorreriari, eta horixe izaten da ez joateko motiboa; beste batzuei, berriz, lotsa ematen die arazo hori dutela aitortzeak. Nagitasuna eta denbora falta ere batek baino gehiagok erabiltzen ditu arrazoi -edo aitzakia- gisa. Idorreria dela-eta medikutara edo botikara gehien joaten direnak 65 urtetik gorakoak dira.
Pertsona batek astean hirutan baino gutxiagotan egiten baditu gorozkiak, idorreriak jota dagoela esan nahi du. Irizpide hori berez ontzat jotzekoa izan arren, ordea, pertsona asko maiztasun normalarekin joaten dira komunera, baina bestelako eragozpen batzuk izaten dituzte: gehiegizko ahalegina egin behar izaten dute, gorozkiak oso gogorrak izaten dira edo sabela erabat hustu gabe geratu dela iruditzen zaie. Oro har, diagnostiko arina izaten da, salbu eta haur eta adinekoetan. Oinazeak hasi eta 72 orduren buruan joaten ez badira, supositorioak edo mikroenemak hartzeko gomendioa egiten dute profesional batzuek. Eta luzatu egiten bada, familia-sendagilearengana joatekoa komeni da, patologia atxikirik baden ikusteko eta elikadura-arau egoki batzuk jartzeko.
Idorreriaren aurka: elikadura, ariketa eta ordutegi erregularrak
Idorreria agertzeko faktore nagusiak elikadura desegokia, ariketa falta eta, azkenik, komunera joateko gogoari eustea izaten dira. Azkenaldian, estresak joka egotea ere faktore garrantzitsu gisa ageri da, janari laster gehiago jatera eramaten ditu-eta pertsonak, eta fruta eta zuntza murriztera.
FEAD elkarteak bost aholku ematen ditu idorreria murrizteko eta hesteetako osasun ona izateko:
- Janaria: oso onak izaten dira barazki freskoak, frutak eta osoko zerealak, zuntz ugari ematen dute eta (Espainiako Estatuan, gomendatzen den kopuruaren erdia hartzen da); baita lekaleak eta fruitu lehorrak ere (astean bitan jan behar lirateke). Aldiz, neurrian jan behar dira elikagai haizetsuak eta mugatu egin behar dira azukre finduak (gozoak, pastelak, eta abar), elikagai gantzatsuak, kafea eta jaki minak.
- Ura eta edariak: ur gehiago edatea eta likidoak areagotzea komeni da (infusio ez-bizigarriak eta salda leunak), eta mugatu egin behar dira freskagarri azukretsuak eta gasa dutenak.
- Elikagaien prestaera: digestioa errazteko, hobe da prestaera leunak erabiltzea: lurrunetan eginda, labean edo papillote eran.
- Ariketa arina egunero: lekuetara oinez joatea, metrotik geltoki bat edo bi lehenago jaistea, dantza egitea edo bizikletan ibiltzea nahikoa izan daiteke idorreria saihesteko.
- Ordutegiak: otorduak egiteko ordutegi finko samarra izatea komeni da, ez berandu afaltzea (goizean goserik gabe esna gaitezke eta nola-halako gosaria egin) eta komunera beti ordu bertsuan joaten saiatzea, giro lasai eta intimoan,
- Hesteen Jarduna Erregulatzeko Foroak lasaigarri naturalak hartzea gomendatzen du zenbait egunetan komunera joan gabe egonez gero (botiketan erostekoak izaten dira). Hesteetako igarotze-prozesua laguntzen duten sendabelarrek erraztu egiten dute sabela husteko lana: oilakarana, fukusa edo kaskara sakratua.
Bestalde, espezialistek ez diete baliorik ematen idorreriaren inguruko zenbait usteri (kaltegarriak ere izan daitezke batzuk). Haien esanetan, ez da egia erretzeak lagundu egiten duela idorreria saihesten, eta, aldiz, jogurt asko jateak idorreria eragiten duela.
Nori eragiten dio gehien idorreriak?
Kalkuluek diotenez, Espainiako Estatuan bost lagunetik batek izaten du noizbehinkako idorreria. Emakumeei eragiten die gehian (% 18), pelbis inguruko anatomiagatik, faktore hormonalengatik eta sedentarismoarengatik, besteak beste.
Era berean, 50 urtetik 64 urterako adin-tarteari ere nabarmen eragiten dio. Pertsona horiek, izan ere, hesteetako erregulazioari kalte egiten dioten sendagai asko hartu ohi dituzte, eta, gainera, hestearen mugikortasuna oztopatzen duten ezaugarri fisikoak izaten dituzte.
Haurdun dauden emakumeen % 38k ere gorozkiak egiteko arazoak izaten dituzte garai horretan, digestio-aparatuan gertatzen diren aldaketa fisiologikoen eta anatomikoen eraginez. Kasu horietan, Familia Medikuen Kanadako Elkargoak berriki argitaratu duenez, areagotu egiten dira progesterona mailak eta murriztu motilina hormon mailak, eta horrek urritu egiten du hesteetako igarotze-prozesua. Gainera, hesteetako ura kopuru handiagoetan xurgatzen da, eta gorozkiak lehorragoak izaten dira ondorioz. Era berean, haurdunaldiak aurrera egiten duen neurrian, umetokia handitu egiten da, eta horrek mantsotu egin dezake hestearen mugimendua.
“Betekadak” eta idorreria
Mahaiaren inguruan egiten diren ospakizun handietan (urtebetetzeak, familiako bazkariak…) gehiegikeriak egiteko joera izaten da. Gehienean, halako otorduak egindakoan ohikoa izaten da idorreria agertzea, zuntz gutxiago hartu ohi dugulako, jateko eta lotarako ordutegiak aldatu egiten ditugulako eta ohi baino alkohol gehiago edaten delako.
Ondorio astunegirik ez izateko, honako neurri hauek hartzea gomendatzen dute espezialistek:
- Ez gehiegi luzatu ospakizun-otorduetako eserialdiak, behar baino gehiago jatera eta edatera eraman ohi gaituzte eta.
- Gainerako egunetan modu orekatuan elikatu, eta ez ibili mokaduak egiten otordutik otordurako tarteetan.
- Baztertu graduazio handiko likoreak.
- Bi litro ur edan egunean zehar, eta ez utzi zuntz ugari ematen duten elikagaiak jateari: barazkiak eta fruta freskoa.
- Gozoak kopuru eta zati txikietan atera mahaira.
- Mantso eta lasai jan.
- Saiatu estresa saihesten. Askotan, Eguberri garaian eta, urduritasuna agertzen da. Funtsezkoa da ongi antolatzea, lehentasunak jartzea eta ez uztea zereginak pila daitezen.
Egun hartzen duguna baino gehiago. Gomendioek esaten dute 14 gramo zuntz hartu behar ditugula 1.000 kcal bakoitzeko. Espainiako Estatuan, ordea, gizonek 8 gramo hartzen dituzte 1.000 kcal bakoitzeko eta emakumeek 10. Zuntz gehien ematen duten elikagaien artean daude frutak eta barazkiak, irinkarak (ogia, pasta, arroza…), fruitu lehorrak eta lekaleak. Gure beharrizanak asetzeko, elikagai horiek jatea komeni da, eta ez bestelako gehigarriak hartzea, oso eragin txikia dutelako zuntz ugariko elikagaien aldean eta gutxik frogatu dutelako ezaugarri eta eraginkortasun fisiologikoa badutenik ere. Hain zuzen, adituek esaten dutenez, landare-jatorriko elikagaien onurak ezin dira izan zuntzaren ondoriozkoak soilik, eta fitokimikoek ere izango lukete eragina, hein batean bederen. Landare-jatorriko elikagaietan ageri diren konposatuak dira, osasuna hobetzen dutenak eta eritasunei aurre hartzen dietenak.