Jatetxeak: haurrentzako 180 menu aztertu ditugu 14 hiriburutan

Haurrentzako menuak jatetxeetan: aukera gutxi eta kalitate dietetiko apala

Jatetxeen %93k ez dute lekalerik eskaintzen menuan, %78k ez dute berdurarik eta %56k arrainik ere ez
1 otsaila de 2013
Img tema de portada listado

Haurrentzako menuak jatetxeetan: aukera gutxi eta kalitate dietetiko apala

Haurrekin etxetik kanpora jatea lan nekeza gertatzen da sarri askotan. “Nik hau nahi dut, nik beste hori eta nik beste hura” hasten dira haurrak, eta zaila izaten da denek gustura jango duten zerbait aurkitzea, haurren gutiziak asetzerik ez dagoelako batzuetan eta jatetxeek haurrentzako menu orekaturik ez dutelako izaten besteetan.

Elikadura zaintzea ez baita etxeko kontua soilik; jatetxeetan ere jarraipena eman behar zaio elikadura arloko heziketari, eta modu osasungarri eta orekatuan jaten irakasteko baliatu behar dira aukera horiek ere. Espainiako Estatuko jatetxeetan haurrentzako menuak izaten diren edo ez aztertu nahi izan du EROSKI CONSUMERek, eta elikaduraren ikuspegitik menu horiek zer-nolako kalitatea duten ikusi; horretarako, 180 jatetxe bisitatu ditugu honako hiriburu hauetan: A Coruña, Bartzelona, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Logroño, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Santander, Sevilla eta Valentzia. Jatetxe horietako bakoitzean, haurrentzako eskaintzarik baduten galdetu eta menu horien informazio xehea eskatu dugu (zer plater mota dituzten, nolako osagaiak, zer-nolako prestaera…). Gure teknikariak 5 urteko haur baten guraso izango balira bezala aurkeztu dira ostatu horietan, eta larunbatean bazkaltzera joateko asmoa zutela adierazi diete arduradunei. Jatetxe guztietan ez da izan haurrentzako menu bat kartan idatzita; batzuek plater konbinatuak eskaini dituzte, beste batzuek kartan zituzten plateretatik abiatuta moldatu dute haurrentzako menu bat, eta beste batzuek helduen menua moldatu dute.

Oro har, haurrentzako menuetan ez dira agertu plater orekatu eta askotarikoak. Aztertu ditugun plateren ia erdiek ez dute gainditu EROSKI CONSUMERek egindako azterketa dietetikoa, batez ere elikagai mota gutxi eskaintzen dituztelako (lekaleak eta berdurak oso bakan agertzen dira), eta guarnizioak eta saltsak errepikatu egiten direlako behin eta berriz (ia beti patata frijituak edo tomate-saltsa eskaini dute). Prezioari dagokionez, berriz, batez beste 12,5 eurokoa izan da menu bakoitza.

Nola egin dugu azterketa

NAOS estrategiak eta Espainiako Pediatriak Elkarteak egiten dituzten gomendio dietetiko-nutrizionalak hartu ditugu aintzat, eta horien arabera aztertu eta balioztatu haurrentzako menu bakoitzaren osaera (berdurak, elikagai irinkarak, arrainak, haragiak, postrea eta ogia), guarnizioak (berdurak agertzen diren eta askotarikoak ote diren), prestatzeko teknikak (gantz gehiagokoak edo gutxiagokoak) eta fruta freskorik eskaini duten postrerako eta osoko ogia otordua laguntzeko. Horretaz gain, menu berezirik eskatzeko aukerarik baden ere galdetu dugu: gatzik gabea, glutenik gabea, begetala eta/edo kaloria gutxikoa.

Guztira, hamalau puntu lor zitzakeen guk aztertu dugun menu bakoitzak, era honetan banatuta: bi puntu berdurak, arroza/pasta edo patata eta lekaleak eskaintzen badituzte; beste puntu bat plateren erdiek baino gutxiagok ez badaukate animalia-jatorriko elikagairik; beste bi menuak kopuru berean eskaintzen baditu haragia eta eratorriak (saltxitxak, haragi-zatiak) edo arrautza batetik eta arraina bestetik; beste puntu bat plateren erdiak ez badira aurrez prestatuak; beste bi platerak prestatzeko erabili diren teknikak gantz gutxien eransten dutenak badira (egosita, plantxan, labean…); beste bi guarnizioak eta saltsak askotarikoak izan badira eta berdurak eduki badituzte; puntu bat postrerako fruta freskoa aukera badaiteke; beste bat osoko ogia eskatzeko aukera ematen badute; puntu bat ura eska badaiteke; eta beste puntu bat menu bereziak/dietetikoak eskatzeko aukera ematen badute (gatzik gabea, glutenik gabea, kaloria gutxikoa, menu begetalak…).

Kalitate dietetikoa: bada zer hobetu

/imgs/20130201/tema2.jpg
Haurrentzako menuek askotarikoak eta orekatuak izan behar dute, eta talde guztietako elikagaiei egin behar zaie tokia: esnekiak; haragiak, arrainak eta arrautzak; frutak, berdurak eta barazkiak; lekaleak eta zerealak. Era berean, gozoak eta gantzak neurrian hartu behar dira, ugari ematen dituztelako azukre sinpleak eta gantz saturatuak, eta urri bitaminak eta mineralak.

Horixe da arau orokorra, eta etxerako balio duen bezala balio du etxetik kanpo ere modu osasungarri eta orekatuan jateko. Baina gauzagarria ote da asmo hori gaur egun? EROSKI CONSUMERek aztertu dituen 180 menutatik, %56k gainditu dute azterketa (%16k emaitza ‘oso ona’ lortu dute eta %23k ‘onargarria’), baina gainerakoek, aztertu ditugun menuen %44k, ez dute eman gutxieneko kalitate dietetikorik: %14k emaitza ‘oso txarra’ lortu dute, %13k ‘txarra’ eta gainerakoek ‘hala-holakoa.

Dena dela, izan dira aldeak hiritik hirira. Bi hiritan bakarrik gainditu dute menu guztiek azterketa dietetikoa, Bilbon eta Gasteizen; gainera, puntuaziorik handiena lortu duten bi menuak ere hiri horietan aurkitu ditugu (8,9 puntu atera dituzte biek). Hala ere, Murtziak eskaintzen du aukera gehien haurrek modu orekatuan jan dezaten, aztertu ditugun hamabi menuetatik bostek 7 puntutik gora eskuratu dituzte eta. Logroño ere nabarmendu behar da emaitza onak izan dituztenen artean: haurrentzako menua eskaini duten hamar jatetxeetatik bakarra geratu da azterketa gainditu gabe. Menurik txarrenak, berriz, Oviedokoak izan dira, non hamarretik seik emaitza ‘oso txarra’ atera duten. Malagan, Sevillan eta Iruñean menuen %70 geratu dira azterketa gainditu ezinik, eta Bartzelonan eta Madrilen, erdiak baino gehiago.

Berdura gehiago, mesedez

Haurrentzako menu batek, kalitatezkoa izango bada, entsalada edo berdura plater bat eduki behar du, gutxienez, eta gainera lekaleak eta/edo elikagai irinkarak ere eskaintzen baditu (arroza, pasta, patatak), puntu gehiago lortuko ditu. Era berean, menua are osasungarriagoa izango da animalia-jatorriko elikagaiak neurrian baldin baditu (hestebeteak, arrautza gogortua, haragi xehatua, atuna, surimia, gaztak…).

Plater elikagarriak eta gustagarriak presta daitezke, adibidez, berdurak egoki konbinatuz arrozarekin, pastarekin, patatarekin edo lekaleekin (paella berdurekin, espagetiak berdura erregosiekin eta tomate-saltsarekin, garbantzuak espinakekin edo zerbarekin edo borrajarekin edo azarekin edo azalorearekin…), eta berdin egin daiteke arroz- eta pasta-entsaladak eginez. Kontuan hartzeko beste aukera bat izaten da entsalada arin bat jartzea sarrerako gisa (landare-jatorriko elikagaiekin soilik), eta gainerako platerak gero.

Guk aztertu ditugun 180 menuetan, %22k soilik izan dute berdura edo entsalada plater bat gutxienez; pasta eta/edo arroza, berriz, plateren %66k: makarroiak bolognar erara eta arroza tomate frijituarekin, bi aukera horiek agertu dira maizen. Gainera, lekaleak oso onuragarriak direla jakin arren ere, menuen %7tan soilik agertu dira plater gisa (Bilbon, Logroñon, Malagan eta Oviedon).

Berdurei eta entsaladei dagokienez, Bilbo eta Logroño nabarmendu dira gainerako hiri guztien gaietik: hiru menutatik bitan izan da aukera entsalada edo berdura plater bat eskatzeko (10 Bilbon eta 7 Logroñon). Aitzitik, Iruñean, Malagan eta Oviedon ez da izan aukera bakar bat ere.

Nola eman eredu ona

Nagusiki etxean hartzen dira elikadurari lotuta dauden ohiturak. Haurrek ikusi egiten dute nagusiek nola jaten duten, zer elikagai hartzen dituzten, zer erosten duten eta elikagaiak nola prestatzen dituzten, eta, horrela, ohitu egiten dira nagusien ohituretara, poliki-poliki. Hona hemen aholku batzuk etxean eta etxetik kanpo eredu egokia emateko:

  • Egunean 5 otordu egitea komeni da, eta haurrak horretara ohitu behar dituzte gurasoek. Dieta orekatua izan dadin, egunean zehar banatu behar dira kaloriak: %20 gosaritan, %10 hamaiketakoan, %35 bazkaritan, %10 askaritan, %25 afaritan.
  • Gosariaren garrantzia: esnekiak hartzea komeni da, zerealak/galletak/ogia eta fruta edo fruta-zuku naturala. Opil industrialak murriztu edo kendu egin behar dira.
  • Ura beti da hobea, freskagarriak eta ontziko zukuak baino (fruta gutxi izaten dute eta azukre sinple ugari).
  • Familian jatea komeni da. Poliki jan behar da, eta haurren arreta galaraziko duten elementuak kentzea (telebista, bideo-jokoak…).
  • Hamaiketakoa (jolasgaraian) eta askaria egiteko, errazio txikiak prestatzea komeni da, bazkarira edo afarira goserik gabe irits ez daitezen. Egunetik egunera aldatzea komeni da.
  • Haragia neurrian eman behar zaie haurrei, batez ere prozesatua (saltxitxak, hanburgerrak…) eta hestebeteak ere noizean behin, ugari izaten dituzte-eta gantzak eta gatza.
  • Murriztu gatza, eta, erabiltzen denean, iododuna hautatu. Latako elikagaiek, zizka-mizkek (patata-frijituek, fruitu lehorrek…) eta aurrez prestatuta dauden jakiek gatz ugari izaten dute.
  • Haurrak eskolako jantokian jaten badu, egunero zer menu izaten duten jakitea komeni da, etxean egiten dituen gainerako otorduekin osatzeko bazkaria.
  • “Denetarik” jaten erakutsi behar zaie. Elikagai jakin bat ez zaiola gustatzen erabaki aurretik, era batean baino gehiagotan prestatzea komeni da: adibidez, kalabazin-purea maite ez badu, tortillan jar daiteke, edo gustatzen zaizkion berdurekin nahasian, urdaiazpiko egosiz eta gaztaz betea…
  • Ez erabili janaria sari edo zigor gisa. Jokabide hori ohiko bihurtzen bada, haurrek erabili egingo dute triste edo haserre daudenean gu zigortzeko, edo pozik daudenean guri atsegin emateko; gerta liteke, ondorioz, elikadura arloko desordenak agertzea.
  • Txikitatik eragin behar zaie bizimodu aktiboa egin dezaten (paseatu, oinez ibili, eskailerak igo eta jaitsi) eta aisialdian kirolen bat egin dezaten.
  • Modu osasungarrian sukaldatu: murriztu egin behar dira elikagai frijituak, eta ugaritu plantxan eginak, egosiak edo erreak. Ez da komeni saltsa industrialak erabiltzea platerak ontzeko. Zapore naturaletara ohitu behar dira.

Haragia eta arraina, orekan

Oso ohikoa izaten da haurrentzako menuetan haragia edo arraina eskaintzea, zenbait eratako saltsaz eta guarnizioz lagunduta. Oro har, arraina baino maizago agertzen da haragia. Baina arraina oso aintzat hartzeko elikagaia da, eta are gehiago urdina bada, gantz osasungarriagoak ditu eta. Hain zuzen, Espainiako Pediatria Elkarteak haragia baino gehiago gomendatzen du arraina, eduki energetiko apalagoa duelako eta izaera hobeko gantzak.

Horregatik guztiagatik, eguneroko menuetan sartu behar litzateke, eta oso ontzat jotzen da haurrentzako menuek arrain plater bat, gutxienez, eskain dezatela. Gure azterketan, ordea, menuen erdiek baino gutxiagok eskaini dute arraina. Iruñean, adibidez, aztertu ditugun 10etatik bakarrak ere ez du eduki aukera gisa; Gasteizen, aldiz, hamarretik zortzitan izan da.

Plater horiek zerekin hornitzen diren, horrek ere badu zerikusia menuaren kalitate dietetikoan. Saltsek eta guarnizioek bildu egiten dituzte platerak, askotariko osagaiz hornitzen dituzte, eta asegarriago ere egiten dituzte. Zenbaitetan, ordea, saltsa bera erabiltzen da hainbat plateretan, eta hori ez da aukerarik onena beti (tomate-saltsa izaten da gehienean). Berdintsu gertatzen da patata frijituekin ere: bigarren platerentzat beste guarniziorik ez dela dirudi. Baina badira, eta ez gutxi: entsaladak erabil daitezke, berdura erregosiak, su eztian frijituak, su bizian eginak edo plantxan eginak (kalabazina, berenjena…), piper gorriak edo berdeak, txanpinoiak eta perretxikoak, patata-purea, arroza, ilar erregosiak…

Guarnizioak ere askotarikoak izatea komeni bada ere, haurrentzako lau menutatik batek soilik eskaini ditu halakoak. Gehien-gehienek tomate frijituarekin egindako saltsa eta patata frijitu izoztuak izan dituzte. Murtzian, dena den, joera hori apurtu dute guk aztertu ditugun hamabi menuetatik zortzik. Menu horietako bat ontzeko, Modenako ozpina eta karamelua erabili dute, ogi-txigorki frijituak perrexilarekin eta baratxuriarekin, onddo-saltsa bat tipularekin eta patata erregosiak txanpinoiekin, tipularekin, tomatearekin eta ardo zuriarekin.

Pese a las recomendaciones, solo uno de cada cuatro menús infantiles ofrecía guarniciones y salsas variadas. Lo habitual es encontrar salsas de tomate frito y patatas fritas congeladas. Plater goxo horiek laguntzeko, osoko irinez egindako ogia izaten da egokiena, zuntz gehiago ematen duelako eta mantenugai erregulatzaileak ere bai (bitaminak eta mineralak). Hala ere, lau jatetxetatik hiruk ez dute osoko ogirik eskatzeko aukerarik ematen; ogi zuria baino ez dute.

Gakoa: gantzik gabe prestatzea jakiak

Otordua ez dadin izan astunegia eta kaloria gehiegi dituena, funtsezkoa izaten da prestaera zaintzea. Elikagaiei gantz gutxien eransten dieten teknikak erabiltzea komeni da: urarekin egitea (egosita, irakinda, lurrunetan…), plantxan edo labean. Bestalde, astean hiru-lau aldiz baino gutxiagotan jan behar dira jaki frijituak, arrautza-irinetan eginak, ogi-birrinetan eginak, gisatuak eta erregosiak (gantz gehiago izaten dute, energetikoagoak izaten dira eta zailagoa gertatzen da digestioa egitea).

EROSKI CONSUMERek aztertu dituen menuetan, ordea, elikagaiei gantz gehien eransten dieten prestaerak erabili dituzte %43k: bereziki, frijituta egon dira, arrautza-irinetan eginda eta ogi-birrinetan pasatuta. Zehazki, Oviedoko menuetan gehiago izan dira aurreko hiru teknikekin prestatutako platerak, plantxan edo labean egindakoak baino. Donostian, berriz, alderantziz gertatu da: nagusi izan dira plantxan, labean edo egosita egindako jakiak.

Ildo horretan, asko eragiten du haurren menuen inguruan jatetxe bakoitzak duen ikuspegiak. Hamarretik batek plater konbinatuak eskaintzen ditu, eta gehienean frijitukiak eta ogi-birrinetan egindako jakiak nahasten dituzte (kroketak, eskalopea, txibiak erromatar erara, arrautza frijitua, patata frijituak, hestebeteak…). Haurrei izugarri gustatzen zaizkie plater horiek, baina oso gantzatsuak izaten dira, kaloria ugarikoak. Bereziki bi hiritan nabarmendu da joera hori, Oviedon (10etik 6k plater konbinatuak eskaini dituzte) eta Sevillan (12tik 6k).

Alderdi onak: fruta freskoa eta ura

Haurrentzako menuen %82k fruta freskoa izan dute postrerako, eta guztiek eman dute ura eskatzeko aukera. Oso aintzat hartzekoa da joera hori, eta, hain zuzen, horixe izan da azterketa honek utzi duen ondoriorik baikorrenetakoa.

Azkenik, jatetxeek menu dietetikoak eskaintzea ere ontzat jo dugu gure azterketan; hau da, beharrizan bereziak dituztenek jateko moduko platerak eskaintzea (elikadura arloko alergiak edo intolerantziak dituztenek jatekoak). Eta oso ontzat jotzekoa izango litzateke, halaber, eguneko menuak aukera eskainiko balu barazkijaleentzako platerak eskatzeko ere.

Guk aztertu ditugun bost menutatik hirutan izan dira menu dietetiko horiek. A Coruña, Bartzelona, Gasteiz eta Murtzia nabarmendu dira onerako. Hori bai, jatetxe horietako askotan aurrez eskatu behar izaten da, denbora izan dezaten egoki prestatzeko, presarik gabe eta behar bezalako elikagaiekin.

Haurrentzako menu bakoitzak 12,5 euro

Batez beste, haurrentzako menuak 12,5 euro balio du guk aztertu ditugun 180 jatetxeetan. Hala ere, alde handiak ikusi ditugu hiri batzuetatik beste batzuetara (%66koa ere bai): Bartzelonan, adibidez, 16,3 euro balio dute haurrentzako menuek batez beste, eta Valentzian 9,8 euro.

Batez besteko orokor horren azpitik ibili dira Murtzia (9,9 euro batez beste), Malaga (10,2 euro), Santander (11 euro) eta Iruñea (11,4 euro); batez bestekoaren parean geratu dira Gasteiz (12,1 euro batez beste), Logroño (12,2 euro), Bilbo (12,5 euro) eta Madril (12,6 euro). Hiririk garestienak berriz, Bartzelonaren ondotik, honako hauek izan dira: Donostia (15,4 euro), A Coruña (14,2 euro), Sevilla (13,7 euro) eta Oviedo (13,9 euro).

Haurrentzako menua garestiagoa izateak zer esan nahi du, kalitate hobekoa dela elikaduraren ikuspegitik? Horra hor prezioaren inguruan sortzen den galdera handia. Kasu honetan, egia esan, ez dago alde handirik kalitaterik onena eta kaskarrena eman duten menuen artean: haurrentzako menurik onenek (7 puntu baino gehiago lortu dituztenek) 12 euro balio izan dute batez beste, eta kaskarrenek, berriz (azterketa nutrizionala gainditu ez dutenak), 12,6 euro.

Prezio horretan sartzen dira menu bat osatzen duten oinarrizko elementu guztiak: bi plater, ogia, edaria eta postrea. Esan beharra dago, dena den, guk aztertu ditugun 180 menuetan beti ez direla sartu osagai horiek guztiak, eta, beraz, falta zen horrek zenbat balio duen galdetu eta erantsi egin diogu menuaren prezioari. Adibidez, ogia bereiz kobratu digute Madrilgo lau jatetxetan, Sevillako bitan eta Bartzelonako batean. Ogi-saskiak, batez beste, 1,4 euro balio izan du.

Horretaz gain, edaria ere bereiz kobratu dute Malagan aztertu ditugun zortzi jatetxetan, Sevillako bitan eta Donostiako eta Santanderko batean. Ur botila, batez beste, 1,9 euro kosta da, eta freskagarriak 2 euro. Azkenik, postrea ere bereiz ordaindu behar da Malagako bost jatetxetan, Oviedoko hirutan eta Donostiako eta Sevillako batean: batez beste, 3,6 euro.

Haurrentzako menurik onena

Menua

Prezioa: 12,50 euro (ogia eta edaria sartuta) Tokia: Bilbo Emaitza: oso ona

  • Lehen platerak:

    • Dilistak
    • Fettuccinnia, Philadelphia gaztarekin
    • Azalore egosia, baratxuri-oliotan
    • Entsalada mistoa (letxuga, tomatea, patata egosia, arrautza gogortua, latako hegaluzea, zainzuriak, surimia, oliba-olioa, ozpin lurrindua)
    • Porruak, ozpin-saltsan
  • Bigarren platerak:

    • Itsas kabra freskoa Bilboko erara
    • Arrautzak kazolan txistorrarekin
    • Oilasko-saltxitxak patata-purearekin
    • Solomo ondua plantxan piper eta perretxikoekin
    • Moxal gisatua jardinera erara
  • Postreak:

    • Jogurta
    • Zaporezko izozki-bolak
    • Tarta askotarikoak (arrozezkoa, txokolatezkoa…)

Fruta freskoa eska daiteke postre horien ordez

Saritzekoak:

  • Berdura+lekaleak+pasta
  • Berdura eta elikagai irinkarak dituzten bi platerek soilik daramatzate animalia-jatorriko elikagaiak
  • Arrain plater bat
  • Ez dira aurrez prestatutako jakiak, freskoak baizik
  • Platerik gehienen prestaerak ez die gantz askorik eransten
  • Guarnizioak askotarikoak dira eta berdurak dituzte
  • Postrerako fruta freskoa eska daiteke
  • Esneki sinple bat ere eskaintzen dute: jogurta
  • Ura eska daiteke

Zigortzekoak:

  • Haragia/arrautzak plater gehiagotan ageri dira, arraina baino
  • Ezin da eskatu osoko ogirik
  • Ez dute eskaintzen menu berezirik/dietetikorik, nahiz eta platerek gatz gutxi izan