Komuneko zuloa zaborrontzi bihurtzen denean

Komunetik behera zabor desegokiak botatzeak kalte nabarmena egiten dio ingurumenari eta ekonomiari
1 otsaila de 2013
Img medioambiente listado 752

Komuneko zuloa zaborrontzi bihurtzen denean

Toallatxoak, tanpoiak, lixiba, pinturak, janari-hondarrak… Horiek guztiak ez dira komuneko zulotik botatzeko zaborrak, baina gero eta jende gehiagok egiten du hala, eta horrek eragin nabarmena du ingurumenean eta ekonomian, kalterako jakina. Halaxe nabarmentzen dute ur zikinak garbitzeko sistemen arduradunek, eta datua ere ematen dute: material artifiziala -hondakin organikoak eta giza gorozkiak ez beste- 25 gramora iristen dela biztanle eta egun bakoitzeko (pisu hezea deitzen zaio horri), eta araztegietara heltzen den zama kutsatzaile guztiaren % 20 dela hori.

Esan beharrik ez dago, beraz, zabor hori ez dagokion tokian botatzeak eragin kaltegarria duela ingurumenean eta ekonomian. Zabor biodegradagarriak araztu egin daitezke, baina garestiagoa izaten da eta energia gehiago behar izaten da, eta horrek, zeharka bada ere, kalte egiten dio ingurumenari. Hondakin guztien artean, kimikoak dira arriskutsuenak -arazten zailak dira oso-, arazoak sortzen baitituzte ibaietan eta itsasoetan.

Ur zikinak arazteko kostu publikoaren % 10 eta % 18 artean bideratzen da hondakin horiek araztera, eta horrela jarraituz gero, are gehiago handituko da portzentaje hori (halaxe adierazi du AEASek, Ur Horniduraren eta Saneamenduaren Espainiako Elkarteak). Erakunde horrek emandako datuen arabera, 300.000 biztanlerentzako araztegi baten jarduna eta mantentze-lanak egunean 0,13 eta 0,20 euro inguru kostatzen dira arazten duen metro kubiko bakoitzeko (lau kideko familia batena, urtean 48 eta 73 euro artean). Datu horretan, ostera, ez da kontutan hartzen azpiegituran egindako inbertsioaren amortizazioa; dena den, araztegi guztiak ez dira berdinak, badira aldeak teknologian eta bestelako ezaugarrietan, eta, ondorioz, kostuak ere aldatu egiten dira.

Komunetik behera bota behar ez diren hondakinak

Jendeak komunetik behera zer botatzen duen ikusita, eragin handiena dutenen zerrenda egin du AEAS erakundeak:

  • Higiene pertsonala. Toallatxo higienikoak edo hezeak, konpresak, tanpoiak, pixoihalak, kotoiak eta zelulosaz edo oihalez egindako antzeko beste material batzuk, antisorgailuak… Hain zuzen ere, azken horiek izaten dira ikusgarrienak eta ugarienak, eta ingurumenarentzat kaltegarrienak ez izan arren, hainbat buxadura eta kalte sortzen dituzte, eta areagotu egiten dute saneamendu-sistemen energia-kontsumoa. Fernando Morcillok baieztatzen duenez (Ur Horniduraren eta Saneamenduaren Espainiako Elkarteko zuzendari nagusia da), etxeko higienearen arloko produktuen ekoizleek publizitate desegokia erabiltzen dute, nahasi egiten dituzte-eta aldeko ezaugarriak (biodegradatzea, esaterako) eta erabateko onura ekologikoa eta ustezko erosotasuna (komunetik edo arraskatik behera botatzea), eta horrek kalte nabarmena egiten du.
  • Sendagaiak eta kosmetikoak: Europako Batasuna mugak jartzen hasi da substantzia horientzat, zeren maila apaletan hazkunde- eta garapen-arazoak sortzen baitizkiete uretako organismoei, baita sexu-disfuntzioak eta tara genetikoak ere.
  • Pinturak eta disolbagarriak: horien osagai kimikoak oso toxikoak izan daitezke, eta, beraz, ez dira komunetik behera bota behar.
  • Xaboiak eta garbigarriak: fosfatoak izaten dituzte, eta, uretara isurita, algak sorrarazten dituzte, beste bizitza-forma batzuen kaltetan. Araztegiek prozedura kimiko oso garestiak erabili behar izaten dituzte horiek desagerrarazteko.
  • Zaborra xehatzekoak: gailu horiek hondakin organikoak harraskatik behera botatzeko erabiltzen dira, zaborrontzian sartu beharrean. Jokabide oker horrek kutsatu egiten ditu ur zikinak, lanez zamatzen ditu araztegiak eta buxatu estolderia-sareak.

*Landare-olio erabiliak: gantz-bolak sortzen dituzte eta buxatu egiten dituzte kolektoreak eta zaildu gasen irteera, eta, ondorioz, usain txarrak eragiten dituzte.

  • Elikadura-gantzak eta automobilgintzan erabilitako olioak: aurrekoek baino are gehiago buxatzen dituzte egiturak.
  • Pestizidak eta intsektizidak: kloroa, sufrea eta kobre sulfatoa izaten dituzte, eta horiek eragiten dituzte isuri-tasarik handienak kolektoreetara eta saneamendu publikoetara.
  • Edateko uraren karea eta beste gatz batzuk murrizteko tresnak: gero eta gehiago erabiltzen dira, eta areagotu egiten dute gatzen kontzentrazioa; ondorioz, arazoak izaten dira arazterakoan.

Egin berri dugun zerrenda horri beste zenbait hondakin harrigarri gehitzen dizkio Simon Evans-ek, Thames Water konpainiako kideak, zeina Londresko eta beste zenbait hiri britainiarretako ur zikinak arazteaz arduratzen baita. Honako hauek ere aurkitu izan omen dituzte: animaliak (akuarioetako arrainak, hamsterrak edo jerboak), gizakien gorputz-zatiak (eskuetako hatzak, esaterako), edo auto baten atalak.

Jokabide arduratsua: zaborrak behar den lekuan utzi

Hondakinak botatzeko orduan, ohiko birziklatze-sistemak erabiltzea komeni da:

  • Produktu eta substantzia kimiko arriskutsuak: Garbigune batera eraman behar lirateke; leku askotan, ordea, Garbiguneek ez dute izaten horiek hartzeko baimenik, ez direlako sartzen Hondakin Arriskutsuen Kudeatzaileen sailean.
  • Sendagaiak: SIGRE bilguneetara eraman behar dira (botiketan eta osasun etxeetan izaten dira).
  • Olio erabilia: olioa birziklatu egin daiteke, eta gero eta leku gehiagotan jarri dituzte edukiontzi bereziak horretarako.
  • Hondakin organikoak: alde batetik, bereizi egin daitezke konposta egiteko balio duten hondakinak, eta, bestetik, paperontzi bat jar daiteke komunean, han biltzen dena gero etxeko gainerako zaborrarekin batu eta dagokion edukiontzian uzteko.