Haurrak eta arraina: elkarren lagun egiteko ideiak
Begi bistakoa da haur askok ez dutela askorik maite arraina jatea, eta hori bezain agerikoa da, elikagai horren osaera egokia dela eta, ezinbesteko jakia dela haurren elikaduran. Arrainak dituen mantenugai askok funtzio fisiologiko erabakigarria betetzen dute haurren bilakaera eta hazkundea laguntzeko: besteak beste, on egiten diote ikusmenaren osasunari eta ahalmen intelektualari, eta prebentzio-lana egiten dute helduaroko eritasun degeneratiboen aurka.
Horrexegatik da behar-beharrezkoa haurrek arraina jan dezaten. Azken batean, on baino ez dio egiten osasunari. Hona hemen haurren hazkundea eta bilakaera fisikoa eta intelektuala laguntzeko erabakigarriak diren mantenugai horien zerrenda:
- Omega 3: omega 3 gantz azidoak behar adina hartzea lehen haurtzaroan, eta bereziki DHA (azido dokosohexaenoiko 3 delakoa) oso-oso garrantzitsua da garunarentzat eta ikusmenarentzat. Gantz horien onurak modu seguruan eskuratzeko, arrain txikiak maiz jatea komeni da (sardinak, antxoak, berdela, errazioko txitxarroak…), eta arrain handiagoekin txandakatzea (hegaluzea edo ezpata-arraina).
- Iodoa: funtsezkoa da haurtxoaren garunak behar bezalako bilakaera izan dezan, eta haurtxoak oligoelementu hori hartu badu, haurtzaroan bertan nabari izaten dira haren onurak. Elikagaietan, arrainek eta itsaskiek izaten dute iodo-kontzentraziorik handiena. Hori dela eta, maiz-maiz jan behar litzateke arraina, ia egunero, mantenugai hori barnerazteko.
- Balio biologiko handiko proteina: arrainak aukera ona ematen du haurrek kalitate handiko proteinak jan ditzaten, gantz saturatu eta kolesterol gehiegirik hartu gabe (haragiekin eta arrautzekin txandakatuta). Gainera, haragiak baino kolageno gutxiago duenez, arraina samurragoa da eta digeritzeko errazagoa izaten da oro har.
- B12 bitamina: pentsamenduaren eta memoriaren arloan haurrek izaten dituzten arazo batzuk B12 bitamina faltari egozten zaizkio; dietaren bidez horri aurre egiteko, animalia-jatorriko elikagaiak jan behar dira, eta halakoak dira, hain zuzen, arrainak.
- Kaltzioa: hezur eta guzti jan litezkeen espezieak (sardina freskoak, latakoak edo antxoak) kaltzio-iturri onak dira. Garrantzitsua da haurrei behin eta berriz azpimarratzea ongi murtxikatu behar dutela hezur txikiekin arazorik ez izateko.
Arraina haurren menuan: astean 3-4 egunez
Menuak antolatzean, komeni izaten da haurrek zer atsegin duten eta zer ez kontuan hartzea, baina badira ezinbestean bete beharreko arau batzuk ere, familia osoak aintzat hartu beharrekoak, gainera. Esaterako, menuan ohikoak izan behar dute lekaleek, berdurek, frutak eta arrainak, eta horiek guztiak txandakatu egin behar dira eguneko otorduetan eta asteko menuetan.
Arrainarekin gatazkan ibili ohi dira haurrak sarri askotan; komeni izaten da haurrei galdetzea ea zergatik ez duten maite arraina eta, ahal dela, arazoari irtenbidea jartzea. Beti asma liteke zerbait zaporea hobetzeko, hezur trabagarriak kentzeko, testura moldatzeko edo arrain mota berri batzuk probatzeko, haurrak aspertu egiten dira-eta beti arrain berberak eta modu bereak prestatuak jaten.
Hezurrik gabe, mesedez
Badira hezurrik gabe saltzen diren arrainak, solomotan edo xerratan (legatza, mihi-arraina, ezpata-arraina, zapo-isatsak, perka…), baita arrandegian garbituta saltzen dituztenak ere (meroa, atuna, hegaluzea, txitxarroa…).
Zaporea zertxobait aldatzeko
Prestatzeko orduan, komeni da jakitea arrain egosiak edo plantxan eginak zapore eta kolore biziagoa izaten duela. Beste prestaera batzuekin, arindu edo leundu egin daiteke zaporea, eta haurrentzat gustagarriagoak gerta daitezke: saltsa leunekin lagunduta, adibidez (bexamela, almendra-saltsa, limoi eran, saltsa berdean, tomate- edo laranja-saltsan, cazadora eran), eta ez beti maionesarekin. Beste era batzuetan prestatuta (labean, papillote eran, olio-ozpinetan, arrautza-irinetan, ogi-birrinetan…) leundu egiten da zaporea, eta berdin gertatzen da limoi, olio eta usain-belarretan beratzen edo mazeratzen utzita.
- Arrain-zopak. Zaporetsuak, trinkoak eta oso elikagarriak izaten dira, eta arrain zatiak ez ezik, beste osagai batzuk ere har ditakete: arroza, semola, patata edo pasta (fideoak, letrak, izartxoak…).
- Lehen plateren osagai gisa. Arrainak ematen duen proteinari esker, trinkoagoak, energetikoagoak eta elikagarriak izan daitezke lehenbiziko platerak. Hona hemen proposamen batzuk: arrain- eta itsaski-paellak; txibiak edo txokoa arrozarekin; espagetiak sardinekin, atunarekin edo antxoekin; lasagnak (hegaluzea erabilita, izokina, espinakak eta ganbak…); patatekin eltzekari gisa…
- Entsaladak eta entsaladillak. Arrain-kontserbak ohikoak izaten dira entsaladetan eta entsaladilletan. Atuna eta hegaluzea ez ezik, beste zenbait kontserba ere erabiltzen dira plater horietan: sardinak, antxoak, muskuiluak, olagarroa…
- Arrain-flanak. Plater ikusgarriak, zaporetsuak eta elikagarriak dira: zainzuri- eta ganba-flana, kabrarroka-budina, izokin-pastela…
- Betegarri gisa. Piperrak betetzeko erabil daiteke arraina, lasagnak egiteko, kaneloiak, enpanadak, kroketak, kauserak edo kruxpetak…
- Tortillak. Bakailaoarekin egina, atunarekin, sardinekin edo antxoarekin, espinaka- eta ganba-nahaskia… Aukera ugari daude arraina arrautzarekin nahasita jateko.
- Ogi tartean. Arrain-kontserbak eta -pateak, baita arrain ketuak ere (neurrian azken horiek, gatz ugari izaten dute eta) aintzat hartzeko modukoak dira askaritarako.
- Etxeko pizzak. Arrain zati txikiak jartzea modu ona da haurrek errazago jan dezaten. Hona hemen ideia batzuk: muskuiluak, olagarroa, ganbak, atuna, antxoak, izokin freskoa edo ketua… Dena den, beste edozein arrain motak ere balio du haurrek hainbeste atsegin duten plater hau prestatzeko.
- Pate gozo-gozoak. Kontserbako atuna edo sukaldatu eta soberan geratu den beste edozein arrainen hondarrak xehe-xehe egin eta gaztarekin, esne-gainarekin edo tofuarekin nahasi, eta pate berezi bat egin liteke etxean, ogi tartean jateko adibidez.
- Aperitiboak, sarrerakoak eta pintxoak. Carpaccioa (izokina, atuna…), atun mokadutxoa, txirla-kazola, berberetxo-platerak, arrain ketuzko platerak… proposamen egokiak izan daitezke haurrentzat.