Bizilagunak arerio, txakurra dela medio
Etxejabe elkarteetan denetarik izaten da. Baita eztabaidak eta ezin konponduak ere. Batzuetan pertsonen arteko tirabirek pizten dute sua, eta beste batzuetan maskotaren bat izaten da tarteko (txakurra, adibidez). Iritzi eta ikuspegi kontrajarriak sortzen dira sarri askotan, baina ezjakinean ere aritzen da jendea hainbatetan, bakoitzak zer eskubide eta betebehar dituen jakin eta aintzat hartu gabe. Txakurren jabeek ardura eta erantzukizun batzuk dituzte, etxejabe elkarteen estatutuak ere kontuan hartu behar dira, eta lege batzuk ere badaude denek bete beharrekoak. Horiek agintzen dute nola jokatu behar den eta zer-nolako eragozpenak saihestu behar diren.
Txakurraren jabeak ahaleginak eta bi egin behar ditu animaliak ez diezaien inolako eragozpenik eragin gainerako bizilagunei, horixe da haren betebeharretako bat. Pertsona guztiek ez dituzte berdin onartzen eta jasaten animaliak: batzuk txakurren beldur izaten dira eta beste batzuek ez dute nahi izaten igogailuan topo egiterik. Baina errespetua funtsezkoa da bizilagunekin ongi etortzeko. Txakurraren jabeari dagokio egoera horietara moldatzea. Adibidez, igogailua hartzera joan eta txakurren beldur den norbait egokituz gero, txanda hari uztea da irtenbidea.
Etxejabe elkarteetako estatutuak
Gerta liteke etxejabe elkarteko estatutuek berariaz esatea galarazita dagoela etxe-animaliak izatea. Dena den, animaliaren jabearen eskubide indibidualek dute lehentasuna, eta, beraz, arau horren aurka egin daiteke. Animaliak babesteko elkarte batzuek legelarien zerbitzua izaten dute, eta aholkularitza eskaintzen diete horiek nahi duten herritarrei. Jabetza pribatuari buruzko 49/1969 Legeak ez du galarazten etxebizitza pribatuetan animaliak izatea. Baina Udalek badute eskumena etxe bakoitzeko animalia kopurua mugatzeko. Bestalde, eremu bat nukleo zoologiko izendatzeko baldintzak autonomia erkidegoetako legedian ageri dira. Era horretan, etxe batean lau txakur edo gehiago daudenean, beharrezkoa da nukleo zoologiko izendatzea. Betebehar hori ezartzen da, hain zuzen, animaliak bizi diren tokiek osasun- eta higiene-baldintza egokiak izan ditzaten.
Udal araudia eta autonomia erkidegokoa betetzea eta txakurrek bizilagunengan sor ditzaketen eragozpenak saihestea funtsezkoa da arazorik ez izateko.
Zer da eragozpenak sortzea?
Ongi hezitako txakurrak ez du gatazka handirik sortuko. Eragozpenik ohikoenak, eta bizilagunek gehien salatzen dituztenak, txakurren zaunkek eragiten dituzte, batez ere loa galarazten badute. Txakurrak noizean behin egiten badu zaunka, eta egunez egiten badu, ez du inoren loa galaraziko eta ez du sortuko eragozpen handi-handirik, baina gauez besterik da: zarata eta eragozpenik txikiena ere traba handia izan daiteke.
Udalen eskumena da hiriko zarata mugatzea. Horrek esan nahi du haiei dagokiela neurtzea, kontrolatzea eta kudeatzea zenbateko zarata jasaten duten herritarrek. Europako zuzentarauak, legedi nazionala eta erkidegoetakoa aintzat hartu behar dituzte udalek (baita OME Osasunerako Mundu Erakundearen gomendioak ere), eta haiek zaindu behar dute soinu-mugak errespetatzen diren edo ez, eta horien artean, zaunkek sortzen dutena ere bai.
Europako Ingurumen Agentziak emandako definizioaren arabera, zarata desegokia edo kaltegarria da soinua. Soinu bat zigortzeko modukoa izan dadin (zaunka bat, adibidez), intentsitate-muga batzuk gainditu behar ditu, eta dezibelioetan (dB) neurtzen da hori. OMEren arabera, 65 dezibelioetatik aurrera, entzumenari kalte egiten zaio. Gauetan, berriz, 40 dezibelioetatik ez pasatzeko gomendioa ematen du.
Zakurraren noizbehinkako zaunkak ez du gainditzen ezarritako muga. Zaunka hori gogorra eta etengabea bada, traba egiten du, zalantzarik gabe, baina horrek ere ez luke gaindituko legeak onartzen duen muga. Dena den, badira halakoak zigortzen dituzten udal-arauak.
Zakurren zaunken inguruko zigorrak-eta, zaratetatik babesteko udal-arauetan edo herritarren bizikidetza bermatzekoetan zehazten dira.
Beste zenbaitetan, maskotak izateari buruzko araudi berezi eta espezifikoak izaten dituzte udalek, eta hor agertzen dira txakurren zaunkek bizilagunengan sor ditzaketen eragozpenen inguruko oharrak. Auzitara ere iritsi izan dira gai horiek behin baino gehiagotan, eta probintzia-auzitegiek hainbat epai eman izan dituzte auzi horiek direla eta. Bartzelonako Probintzia Auzitegiak, adibidez, 5.271 euro ordaintzera zigortu zuen Vilanova del Vallèsko familia bat 2007. urtean, haien zakurren zaunkek ez zietelako lo egiten uzten bizilagunei.
- Saihestu, ahal den neurrian, txakurrak sor ditzakeen eragozpenak: zaunka gehiegi egitea edo txakurrak ibili ezin diren lekuetan sartzea, adibidez.
- Etxejabe elkarte baten estatutuetan animaliak edukitzeari buruz esaten denaren gainetik daude eskubide indibidualak.
- Ongi hezi txakurra, errespetuz joka dezan inguruan dituen pertsonekin eta animaliekin.
- Lotuta eraman hala komeni denean, eta bildu gorozkiak, inori eragozpenik ez sortzeko. Auzokide batek komunitatearena den lekuan gorozkiak aurkitzen baditu hurrengo auzokideen batzarrean adierazi beharko luke arazoa. Gorozkiek altzariei kalterik eragin badie edo garbiketak gasturik eragin badu auzokideen batzarrak auzobidetara jo dezake eta salaketa jarri. Erabaki hori berdin hartu daiteke txakurraren jabea auzokidea izan zein ez.