Espainiar hondartzen kontserbazioa

Hondartzak arrisku gorrian

Gizakiaren eskuak Espainiako eragile ekonomiko nagusietako baten osasuna hondatu du
1 ekaina de 2005
Img medio ambiente

Hondartzak arrisku gorrian

/imgs/20050601/medio_ambiente01.jpg
Espainiaren erakargarri behinenetako bat kostaldea da, hondartzako turismoa. Herrialdeak dituen kostako zortzi mila kilometro horretan 24 milioi lagunetik gora bizi dira -populazioaren %60 inguru, alegia-; horri, itsasertz espainiarrak eskaintzen dituen erakargarriez gozatzera urtero-urtero gerturatzen diren 50 milioi turista gehitu behar zaizkio. Turismoak betetzen du Espainiako Barne Produktu Gordinaren %11 eta bertako ekonomiaren lehen sektoretzat finkatu da. Egoera hori, halaz ere, luze gabe zeharo alda liteke. Talde ekologistak, zientzialariak eta erakundeak kezkatuak daude espainiar kostaldearen hondamenarekin, egunez egun horren egoera larrituz baitoa: erosio-alorreko arazo latzak, habitataren txikizioa, uraren kutsadura eta baliabideen ahipena, besteak beste, kezkatzeko modukoak dira.

Espainiako Ingurugiro Ministerioaren iritziz, “horrela segitzekotan, eguzki eta hondartzako turismoarenak egin duela” iragarri beharko da aurki. Hondamen horren eragileak, Kosten Zuzendaritza Nagusiaren ustez, hiru dira: lehena, eraikuntza sektorea, hondartza eta dunak ere urbanizatu baititu; bigarrena, presak, ibai eta erreken erregulazioa egitearen ondorioz, itsasertzetara iritsi beharreko sedimentuen pasabidea eragotzi egiten dutelako; hirugarrena, portuak, kosta-lerroaren oreka hausten dutelako.

Itsasertzik ez, egoera onean

Greenpeace-k eginiko “Destrucción a toda costa 2004” txostenean salatu zuenez, turismoari egotz dakiokeen garapen urbanistikoak ez du aintzat hartzen ekosistemen ahultasuna, kostaldea turisten aginduetara jartzen baitu. Erakunde horren arabera, autonomi erkidego bakar batek ezin esan dezake kostaldea egoera onean daukala; dena den, erkidego batzuk -Katalunia, EAE eta Asturias, adibidez- kostaldeak nozitzen dituen arazoez jabetzen hasiak diren eta konponbide bila dabiltzan bitartean, beste hainbatek -Balearrak, Kanariak, Valentziar Erkidegoa, Murtzia eta Galizia- beren kostak ustiatzen segituko lukete ondorioez kezkatu gabe. Kantabria eta Andaluzia erdibidean kokatzen ditu Greenpeace-k, batean zein bestean itsasertza babesteko ahalegin txikiak egiten hasiak direlako.

Arazo larrienetako bat erosioa da eta, horren ondoriorik nabarmenenetako bat, hondartzen suntsipena; dena den, kostaldeko habitaten eta dagozkien sistema ekologikoen desagerpena ere kezkatzeko moduko kontu gorria da, ingurune horretan bizi diren populazioen geroaldia arriskutan jartzen baitu horrek. Itsasoaren aurkako barrera naturalak -dunak- zein gizakiak eginiko artifizialak aldarazi egiten ditu erosioak. Horrek, ondo dakigun bezala, uholde larriak ondoriozta ditzake, besteak beste.

Erosioaren larria

Erosioaren arazoa, baina, ez dagokio Espainiako itsasertzari bakarrik. Giza jardueraren ondorioz europar kostaldeetan gertatzen ari den erosioaz kezka bizia azaldu du Europar Batzordeak, Batasuneko 25 estatu kideen itsasertzean hiru urtez eginiko ikerlanek frogatu dutena egiaztatu baita: ikerkuntza horren arabera, Europako kostaldearen %20ri fenomeno horrek “oso larriki” eraso dio eta, ondorioz, kosta-lerroa metro erdia eta bi metro bitarte (kasuren batean hamabost metroraino ere iristen delarik) atzeratzen ari da urtero-urtero.

/imgs/20050601/playa.jpg
Ikerlanak aintzat hartu dituen kausen artean, erreka eta ibaietatik itsasoratzen diren sedimentuen pilaketa galarazi edo mantsotzen duten azpiegituren eraikuntza ez ezik, zonalde batzuetatik etxegintzan erabiliko den hondarraren erauzketa masiboa azpimarratuko ditugu. Gizakiaren eskuak eraginiko zuzeneko inpaktu horrez gainera, txostenak atmosfera berotzearekin lotzen dituen itsas mailaren igoerak ez ezik, ekaitz eta uholdeek ere eragina izango lukete kostako erosioan. Espainiari dagokiola, litoralaren %11,5en eragina daukan hondamen adierazgarria geratu da dagoeneko, Andaluzia, Katalunia, Valentzia Erkidego, Kantabria eta Balear Uharteetako hondartzetan erosio maila “garaira” iritsi delarik; fenomenoa, berriz, “tamainakoa” da Galizia, Asturias, Murtzia eta EAEn.

Balizko konponbideak

Arazoak aurrera egin ez dezan, Espainiako Ingurugiro Ministerioak hainbat neurri hartzea aurreikusi du, hala nola erosio-prozesuetan inplikaturiko area kritikoak desjabetzea (naturalki eboluziona dezaten), kostak defendatzeko estrukturak sortzea, sedimentuen garraioa galarazten duten oztopo artifizialak suntsitzea, hondartzak berrosatzea eta itsasertzean 100 edo 200 metroko zabalerako zerrenda aske mantentzea, tarte delikatuetan batik bat.

Erakundeek aurrean duten egoera larria da, gizakien premiak ase ditzaketen eta, aldi berean, ingurugiroa zaintzen lagun dezaketen konponbideak bilatzea ez baita lan samurra. Jarduteko ildoetako bat, Espainiako Ministerioak eginiko txosten baten arabera, “turismo jasangarria” litzateke: horrek, natur baliabideen neurrigabeko ustiakuntzaren lepotik berehalako etekin ekonomikoa helburu ez leukaketen turismoaren eta etxegintza industriaren epe luzerako planifikazioa aginduko luke.

Itsasertza, legeak babestua?

Espainiako 1988ko Itsasertzen Legeak egun espainiar kostalde osoa erregulatzen du: espazio hori Estatuaren herri-jabetzako eremutzat xedatua dago eta itsasertza babestu eta zaintzeko Administrazioari hainbat eskumen aitortzen dizkion berariazko erregimen juridikoaren subjektu da. Testu horrek aurreko (1969) legeriari erabateko aldaketa eragin zion, aurrekoak ez bezala, ingurugiroa babestea lehenesten duelako oraingo honek.

Borondate onak gorabehera, Itsasertzen Legea -eta, berrikiago, 2002 urtearen amaieran, Aurrekontu Nagusien Laguntza Legearen barne, Espainiako Ingurugiro Ministerioak aurkeztu zuen aldarazketa- sistematikoki betetzen ez dela salatu izan dute behin eta berriz talde ekologistek.

Greenpeace, WWF/Adena eta antzeko erakundeek salatu izan dutenez, espekulazioaren mesedetan funtsezko aldaketak txertatu dira lege-testuetan: oso litekeena da, kasu batzuetan, sarturiko aldaketa horiek Europar Batasunak galdaturiko printzipioak urratzea “hirurogeita hamarretako Bernidorm estilo gordinean”. Esate baterako -Itsasertzen Legeak xedatua zuenaz zeharo beste aldera-, plangintza urbanistiko batek horrela aurreikusten duen kasu guzti-guztietan, jabetza publikoa okupatzea Estatuak baimendu egin beharko duela azpimarratu dute erakunde horiek.

Beste aldetik, legez kontrako okupazio eta bestelako lege-hausteen aurka jarduteko Estatuari epea 12 hilabeteraino moztu zaio: horrek esan nahi du, urtebete hori igarotakoan, zigorrik ez dela ezarriko. Eraikinak altxatzea ere baimendu egiten da, baldin eta “itsasertzetik 20 metro baino gutxiagotara eraikin multzorik badago eta planeamendu urbanistikoak ezarritako lerrokadura mantentzen badute”.

Autonomi erkidegoen eskuduntzak murriztu egingo lirateke eta, talde ekologisten iritziz, horrek obrak egitea erraztuko luke.