Elektrizitate instalazio zaharrak

Elektrizitate instalazioa berritzea profesionalen kontua

Mantentze egoera egokia berma dezakeen aldizkako ikuskapenik ez da egiten eta, gainera, horrelako ziurtagiririk ez dago
1 urtarrila de 2005
Img consejo listado

Elektrizitate instalazioa berritzea profesionalen kontua

/imgs/20050101/img.consejo-del-mes.01.jpg
Estatistikek adierazten dutenez, Espainiako hamar etxebizitzatik ia zazpik ez dute elektrizitate instalazio egokirik. Arrisku bizieneko etxaldeak 1973 baino lehenago eraiki zirenak dira, ordura arte aplikatzeko moduko inolako arautegirik ez baitzegoen. Korronte-hartuneen segurantziarik eza eta pizgailu akastunak dira etxeen segurtasuna bermatzea galarazten duten bi arrazoi nagusiak. Horiei beste bat ere gehitu behar zaie: aparatu horien kontserbazio ona berma dezakeen aldizkako ikuskapenik ez egitea, oro har. Argi utz dezagun prebentzioa, zaintza, mantenu eta erabilera egokia direla suterik ez gertatzeko giltzarriak.

  • Elektrizitate instalazioek Espainian Behe-Tentsioari buruzko Araudi Elektronikoa (BTAE) bete behar dute. Arautegi honek, dena den, ez du eraginik 1973 baino lehenago eraikitako etxebizitzetan.
  • 1973 eta 1985 urteen artean eraikitako etxeak ere “potentzialki ez segurutzat” jo daitezke, babes-diferentzialik ez dutenean: elementu hori, izan ere, urte hartatik aurrera bakarrik hedatu zen.
  • Eraikuntza berriko etxebizitza bakoitzaren barnean dagoen bezalako aginte eta babes koadroa etxebizitza zaharretan ere instalatzea aholkatzen da, horrela higiezin hauek seguruago gertatuko baitira.
  • Laburbilduz, etxebizitza zahar batean bizi bazara, oso litekeena da elektrizitate instalazioa guztiz segurua ez izatea baina, hori hobetzen inork behartuko ez zaituenez, zure nahiaren araberako erabakia hartu beharko duzu: bere hartan utzi edo aldatu.

Adi, erne!

  • Elektrizitate instalazioak segurtasun bermeak beteko baditu, Espainiako Industria eta Energiaren Zuzendaritza Nagusiak baimendutako instalatzaile batek egin behar du.
  • Ikuskaraz ezazu etxeko elektrizitate instalazioa, egungo aparatu elektrikoek korronte karga handiagoa eskatzen dute eta.
  • Zeinahi konponketa-lan egin aurretik, deskonekta ezazu korronte elektrikoa.
  • Instalazio eta aparatu elektrikoak maneiatzeko, eduki eskuak lehor-lehor. Ez jardun, era berean, oinutsik edo oinak busti edo hezerik.
  • Lana zirkuitu batean egin behar baduzu, deskonektatu pizkailu nagusia eta atera fusiblea.
  • Kontagailua aldatu nahi baduzu, jo ezazu konpainiara. Matxurarik gertatzekotan ez zaitez konpontzen saia, hor ibiltzearren zigorra jaso zenezake eta.
  • Instalazioa berritzea erabaki baduzu instala itzazu ahalik eta argi-puntu, entxufe, telefono (Internet…) eta telebista-hartune gehien, batez ere obrarik egin behar denean. Hasiera honetan gastu handiagoa eragingo badizu ere, gerora molestia eta obra txiki asko egiteari saihestuko diozu horrela.

Konexio seguruak

  • Ez luzatu hari malgurik lotuneak eginez, hariak bihurrituz eta gune hori zinta isolatzailez estaliz. Horrelakoak egitea BTAE berriak debekatua du eta larrialdi kasuetarako behin-behineko baliabide hutsa soilik izan daiteke.
  • Premia larria dela medio, bi eroaleren artean hariak bihurrituz lotunea egin behar baduzu, saia zaitez loturak bata bestetik aldenduak ezartzen.
  • Egin lotura seguruak, berariazko erregeleten bitartez.
  • Egiazta ezazu erretentzio bitarteko metalezkoetan dautzan eroale biluziek kontaktu ona egiten dutela.
  • Erretentzio-torlojua ezartzeko eroale baten mutur biluzi bat kiribildu behar baduzu, bira ezazu haria erloju orratzen norabideaz beste aldera; horrela, torlojua biraka sartzean haria ez da kaltetuko.
  • Ez ezazu eraman inola ere hari malgurik alfonbra azpitik.
  • Ez erabili ohiko grapak haria pareta edo hormari itsasteko: horiek isolamendua eten eta kontaktua egin lezakete.

Pizgailuak

  • Horrelakoak finkatu aurretik, marka ezazu kokagunea.
  • Ipin itzazu atea irekitzen den alderdian, denak altuera berean (piztu eta itzaltzeko imintzioa automatikoa izan dadin) eta gelaz kanpo, sartu aurretik argia piztu ahal izan dezazun, ilunpetan bila ibili behar izan gabe.
  • Instala itzazu pizkailu samurrak, haurrek ere erraz eragin ditzaten.
  • Egiazta ezazu pizkailu berria eta zaharra mota eta ezaugarri berdinekoak direla.

Entxufeak

  • Entxufea ordezkatu behar duzunean, ekarri aurrekoaren berdin-berdina: hari eta borne kopuru berekoa, etc.
  • Entxufea hiru harikoa bada, konekta ezazu lehendabizi lurrekoa (eskuarki, berde-horia) dagokion bornean (hiru lerro paralelo gainjarriez adierazitakoan).