Hondakin edo aztarnak noiz hartzen dira arkeologikotzat?
Historiako hainbat aspektu ezezagun ulertzen lagunduko diguten objektu materialak bilatu eta aztertzea helburu duen ikasbide den aldetik, arkeologiaren definiziotik abiatu behar dugu horretarako. Arkeologiak, helburu hori betetzeko, iraganeko (ez, nahitaez, antzina-antzinako) gizakiaren jarduera ezagutaraz dezaketen eta, era berean, lehenaldiaz egiten ditugun galderak erantzuten lagun diezaguketen aztarnak ditu baliabide.
Aztarna horiek nola bilakatzen dira ondare?
Kontzeptu gisa, “garrantzia” erlatiboa da beti. Silex pusketa zenbaitek eta hezurren batek, geruza jakin batean dautzala, prehistoriako aro bati buruzko ezagutza zientifikoaren iraultza eragin dezakete, arte nahiz diru aldetiko garrantzirik izateke. Profanoarentzat ez dute inongo inportantziarik; adituarentzat, aldiz, gehiegi, akaso. Mutur bi horien arteko erdigunea administrazio erregionalak finkatzea nahi dute, beraiek baitira beren ondare historikoa babesteko eskuduntzak jaso dituztenak eta, era berean, kasuan kasuko kontserbatze jarraibideak ezarri dituztenak.
Lege horrek “aztarnak eduki ditzaketen lursailak” aipatzen ditu. Nola jakin, ordea, lursail batek aztarnak eduki litzakeela?
Lantaldean arkeologo bat izateko eta haren lana ere aurrekontuan sartzeko obligazioari esker, espezialistak aztarnak ba ote dauden benetan ez dakienean, karta arkeologikoak aztertu, airetiko argazkiak ikusi eta toki horretako historia estudiatuz gero bertara joan eta iritsitakoan lurzorua aztertuko du. Hamaika eskarmentu izan, makina bat txango egin eta, azkenean, bertan aztarnak daudela ondorioztatzera ekarriko zaituzten kanpo-seinaleak irakurtzeko gauza bilakatzen zara: lur pilak, kolore desberdinetako buztinak nahasita, era jakin batean antolatutako harriak, etc. Datu horiek batutakoan, oker ibiltzeko tarterik ez duzu, ia. Aztarnen ebidentzia nabarmena denean, lantaldea antolatu behar duzu, arrasto horiek lurperatuak egon daitezkeen tokiak aztertzeko. Arkeologo horrek, maiz, bestelako profesionalen laguntza ere jaso behar izaten du: aspektu zientifikoagoez kezkatuko diren paleontologoena, lur laginak aztertzen lagunduko duten geologoena, historialariena, are toponimia aztertuko duten filologoena ere. Era berean, bide-ingeniari eta arkitektoak ere eduki beharko ditu alboan, planoak interpretatzen lagun diezaioten. Hortik aurrera, Illescasen gertatu den bezala, uda partean jardungo du lantalde horrek aztarnak argitara ateratzen eta, amaieran, horren guztiaren berri jasoko duen txostena Administrazioari helaraziko zaio. Hartu beharreko neurriak, aldiz, ez daude gure esku.
Aztarnak babesteko legerik ez balego, horiek zaintzearen aldeko sentsibilitaterik izan ote liteke?
Ondare arkeologikoa babesteko legerik ez baina hezkuntza sistema on-ona balego, baietz erantzungo nizuke. Ondare historiko, arkeologiko, kultural edo etnografikoaren aurreko sentsibilitaterik ez izate hori, ene ustez, ezjakintasunaren emaitza da.
Zergatik askotan iraganeko zibilizazioen aurriak dautza ehortzi edo lurperatuta, hiriak “hazi” egin balira bezala?
Hazi egin direlako. Giza jarduera gauzatzeko eta bizitegi izateko egokia den espazioa etengabe ari da berrerabiltzen, guztiz suntsitzen edo zeharo kutsatzen ez den bitartean. Horregatik ez da kontu zaila gure etxe azpietan -are eta errazago ibai eta erreka bazterretan- antzina-antzinako kulturen arrastoak bilatzea. Eskuarki, erosio-sedimentazio dinamika geologiko orokorraren eraginez egoten dira lurperaturik. Eskuarki bai, baina ez kasu guztietan: elementu horietako asko eraikuntzak dira, zutik iraun dezakete eta horietan ere aplikatzen da metodologia arkeologikoa, kasuak ikertzeko.
Hiri eta herrietako bizigune zaharretan obrei ekitean, lurpeak ezkutatzen duenaren aurrean errespetu handiagoa eskatzen duen alderdi soziala eta alderdi politiko edo administratiboen arteko polemika dator beti. Herritarrak, bien bitartean, premiazko parkingeko plaza batzuk kendu edo etxebizitzen kopurua murriztera begira, batzuen eta besteen argudioak entzuten ditu, nora jo asmatu gabe.
Hirigune historikoetako obrak, egiari zor, biziki polemikoak dira. Ondarearen babeste alorrean nolabaiteko eskuduntzak dauzkaten administrazioek eta arkeologook nahiago izaten dugu hirigune historikoetan inolako obrarik ez egitea baina, halaz ere, lan horiek batzuetan ezinbestekoak izaten dira eta askotan premiazkoak. Nolanahi ere, eskarmentuak esaten dizunez, hirigune historikoan gobernu batzordeak eraldakuntzarik planteatzen duenean, hainbat faktore sartzen dira jokoan, hala nola ospea, prestigioa edo propaganda egiteko interesa, gehien-gehienetan aurretiazko arazo urbanistikoren bat konpontzeko merituaren edo, areago, obrak izan dezakeen interes sozialen bila. Polemikaren arrazoiak, eskuarki, obra agintzen edo baimentzen duten politikarien interesetan ohi dautza eta arrazoi horiek ez datoz behin ere interes kulturalaren aldetik: horren aurrean errespetu gehiegirik ez da agertzen sekula. Babes-politikak praktikan jartzen dituzten herrialdeak, sentiberatasunik agertzen dutenak, beren ondare-elementuak aintzat hartu eta integratzen dituztenak, horien dibulgazioan eta ezagutzan inbertsioa egiten dutenak, hain zuzen garapen buruan dabiltza egun. Herrialde horiek dira bidea erakusten ari direnak: hirigune historikoak babestu eta kontserbatzea, azpiegitura eta hobekuntza urbanistikoak kanpo aldera aterata. Horrela gertatzen da Erdi Aroko aztarna biziki garrantzitsuak dituzten hiri batzuetan, adibidez.
Lurpeko aparkaleku batean harresi pusketa bat hormigoiz partxeatua erakustea errespetuaren seinale al da?
Gutxirako balio du. Politikoari, agian, bere kontzientzia lasai uzteko. Hiritar xeheari, ezertarako ez, kasik. Arkeologook deus ez ukitzen saiatzen gara: ez ikertzeko, ez aztertzeko, ezta beste norabait eramateko ere. Baina hori ez da beti posible izaten. Horrekin esan nahi dut gure interesa ez dela aztarna horiek aztertzeko xedez eskuratzea; zeharo alderantziz, gure esku balego, gauzak bere hartan utziko genituzke eta, noski, ahal den guzti-guztietan (beti ahalegindu behar da posible bihurtzen), egungo obraren garrantzia aztarna baliotsuenaren azpitik ezartzea merezi du. Denona -beraz, baita etorkizuneko belaunaldiena ere- den ondare horrentzako errespetu hutsagatik baizik ez bada ere. Era horretan, egun errespetatzen badugu, hemendik 50 urtera hori eskertu egingo digute eta, gainera, altxor hori hemendik 100 urtera teknika hobe eta baliabide gehiagorekin ikertu ahal izango dute.