Nora doazen aurrezki kutxa eta bankuen mozkinak

Aurrezki kutxek interes sozialeko ekimenetara bideratzen duten dirutza bankuena baino hamar aldiz handiagoa da

1 urtarrila de 2005
Img tema listado

Aurrezki kutxek interes sozialeko ekimenetara bideratzen duten dirutza bankuena baino hamar aldiz handiagoa da

/imgs/20050101/img.tema-portada.01.jpg
Erabiltzaileak kontu korrontea irekitzeko, kreditua eskatzeko edo beste zeinahi eragiketa egiteko xedez banku erakunde bat aukeratzen duenean, hainbat aspektu izaten ditu gogoan. Ez legoke gaizki erakunde horiek urteko mozkinak nora eta nola bideratzen dituen ere aintzat hartzea, batetik besterako aldeak itzelak baitira. Espainiako hogei finantza erakunde nagusik mozkinak nola bideratzen dituzten aztertu du oraingoan CONSUMER-ek. Hogei horietatik hamabost aurrezki kutxa dira (Caja Madrid, La Caixa, BBK, Kutxa, Unicaja, Caixa Galicia, Ibercaja, Caja Vital, Caja Navarra, Cajastur, Caja Cantabria, Caja Murcia, CAM, Caja Duero eta Caja Rioja) eta beste bostak, bankuak: BCSH, BBVA, Banco Popular, Banco Sabadell eta Bankinter.

Sektore berean diharduten eta antzeko zerbitzuak eskaintzen dituzten arren, aurrezki kutxak eta bankuak oso diferenteak dira, izatez: aurrezki kutxek ez dirua irabazteko asmorik, ez akziodunik ez dute, eta finantza-artekaritza eskaini eta zerbitzuak emateaz gainera, gizarteari onura egin eta beren jarduerak sortarazitako mozkinak itzultzea dute helburu, erakundeen fundatzaileek, administrariek edo kudeatzaileek mozkin horietako parterik hartzeko eskubiderik ez dute eta. Bankua, aldiz, dirua irabazteko helburua duen negozio pribatua denez, mozkinak jabe eta akziodunen eskuetara joango dira. Hala eta guztiz, enpresetan geroz eta indartsuago hedatzen ari den joerari jarraiki, Ardura Sozial Korporatibo izenekoa onartzearen ondorioz, banka pribatua ere pixkanaka hasia da mozkinen zati txiki bat izaera sozial, kultural edo antzeko obretan inbertitzen.

Batetik bestera, aldea

Horiek horrela ere, kutxa eta bankuren arteko aldeak nabarmenak dira oraino, mozkin ekonomikoen helbideari dagokionez: lan honetan azterturiko hamabost aurrezki kutxek 2003 urtean beren irabazien batez besteko %23 (Caja Riojaren %40 eskuzabaletik Unicajaren %19 apaleraino) obra sozial kontzeptura bideratu zuten, hots, 677 milioi euro. Kopuru hori Espainian dauden 46 aurrezki kutxek obra sozialera bideratutakoaren %65 denez, azterlan honek daukan garrantzia argi eta garbi geratzen da. Zerrendaz beste muturrean, azterturiko bost banku pribatuek ekimen sozialetara beren urteko mozkinen batez besteko %2,4 (%4,3 Banco Popular erakundeak, goitik, eta %1 Banco Sabadell erakundeak, behetik) baizik ez zuten bideratu. Bankinter erakundeak ez zuen informazio hori jakinarazi, oraino ez zutelako emaitzen berri: izan ere, erakundeaz kanpoko honelako egintza sozialei aurten ekin die estreinakoz.

Aurrezki kutxek 2003 urtean betebeharrekoa zutena (1992 urteaz geroztik indarrean dagoen Legearen arabera, urteko mozkinen erdia, gutxienez, beren kaudimena eta etorkizun ekonomikoa bermatuko duten erreserbetara zuzendu behar dute) dezente gainditu zuten, atal estrategiko horretara %72 bideratu baitzuten. Erreserbetara bideratzen ez den dirua (gogoan izan, ez jaberik, ez akziodunik ez dagoenez, eginiko inbertsioagatik inori ez zaio deus ordaindu behar) obra sozialetarako utzi behar dute aurrezki kutxek. Bestela esateko, obra sozialetarako gorde zezaketen mozkinen %50 horretatik, Espainiako aurrezki kutxek ekimen filantropiko horietara %28 baino ez dute bideratzen. Erdia erreserbetarako uzteko obligazio hori dela medio, aspaldiko partez mozkinak gastatzean austeritatez jardun dezaten agindu du administrazio publikoak, aurrezki kutxen eta, azken finean, bezeroaren diruaren etorkizuna bermatzeko; errealitateak dioskun legez, horrelakoen bezeroa pertsona fisikoa da, gehienbat, eta gutxi-gutxitan enpresa. Dena den, panorama ikusita, proportzio itzel horretara aparteko ekarpena egiten diote kutxek: geroz eta beren buruaren finkatze ekonomikoaren eta kaudimena irmotzearen alde kementsuago dihardute, jarduerak sortarazten dituen mozkin ekonomikoen legezko partea gizarteari itzultzearen alde baino. Azterturiko hamabost aurrezki kutxetatik lauk bakarrik bideratzen dute mozkinen %30 baino gehiago obra sozialera.

Era askotako iruzkinak egin litezke, nolanahi ere, finantza erakundeen -eta, jeneralizatuz, gainerako enpresen- honelako ekimen sozialetako batzuetaz, oso litekeena baita enpresa horiek publizitatea eta irudi ona irabazteko jomugaz kutsatuta egotea ere. Dena den, albora dezagun praktiko baino dezente teorikoagoa den gai hori, aspektu gardenagotara jotzeko: ekimen sozialetara bideratutako mozkinak nola erabiltzen dituzten aurrezki kutxa eta bankuek, alegia.

Kutxa batetik bestera ere, aldeak

/imgs/20050101/img.tema-portada.02.jpg
Obra sozialaren alde jarduteko garaian kutxa guztien eskuzabaltasuna ere ez da berdina: helmuga altruista horretarako diru gehien gorde zutenak, negozio bolumenik handieneko biak dira: Caixak bere obra sozialera 177 milioi de euro bideratu zuen eta Cajamadridek 136 milioi eurotik gora. Ondotik datoz BBK (57 milioi) eta Caixa Galicia (51,5 milioi). Beste muturrean, ekarpen txikienak Caja Riojak (5 milioi euro baino gutxixeago), Caja Cantabriak (7 milioi euro paseak) eta Caja Vitalek (12 milioi baino gehixeago) egin zituzten. Kontuan izan dezagun, jakina, kutxa guztiek ez zituztela irabazkin berdinak lortu. Erakunde horietako bakoitzak obra sozialetara bideratu zuen mozkinen portzentajeak konparatuz aise ikusten da eskuzabalena Caja Rioja izan zela (ia %40 bideratu zuen obra sozialera), ondotik Caixa (%37,6) eta Caja Navarra, Caja Cantabria, Caixa Galicia eta BBK (laurak ere, %33 eta %30 artean) zetozela. Atzeneko postuetan Unicaja (mozkinen %19 ozta-ozta bideratu zuen obra sozialera) eta Kutxa, mozkinen %21 baino zuzendu ez zuelako obra sozialera. Nolanahi ere, portzentaje urri horiek bankuetako edozeinekin alderatuz gero, nabarmen agertzen dira, azterturiko bankuek beren urteko mozkinen batez besteko %2,4 baizik ez dutelako bideratzen interes sozialeko egintzetara.

Aztertu ditugun aurrezki kutxa gehienek 2003an beren obra sozialetan aurreko urtean baino inbertsio handiagoak egin dituzte, horretan ere salbuespenak dauden arren: Caja Cantabriak, adibidez, hagitz murriztu du (600.000 euro) aurrekontu-atal hori, Caja Riojak mantendu eta BBK erakundeak altxa egin du (19.000 euro baizik ez, ordea). Portzentajetan ari garela, 2002-2003 eboluzioak zifra on-onak Caixan bakarrik erakusten ditu (obra sozialetarako 2002an mozkinen %26 bideratu zuelarik, 2003an %37raino iritsi dira) eta onak, berriz Cajasturen (%21etik ia %24raino) eta Caja Murcian (ia %26tik %28 baino gehiagora). Zerrendako beste muturrean agertzen dira Caja Cantabria (%42tik %32ra), Caixa Galicia (%33tik %31ra), Ibercaja (%25 %23 baino gehiagora) eta Unicaja (%20tik %19ra). Aurrezki kutxek beren obra sozialekin duten konpromisoa neurtzeko beste modu bat, erakunde bakoitzak kudeatzen dituen bezeroen baliabideen arabera kalkulatzea da. Irizpide horri jarraiki, BBK bizkaitarra aitzindari agertzen da, maneiatzen duen bezeroen milioi euro bakoitzeko gizarteari zuzenean ia 4.000 euro itzultzen dizkiolako. Ondoren Caja Astur eta Kutxa datoz, bezeroen milioi euro bakoitzeko 3.000 euroz gainetik biak ere.

Obra soziala zertan den

Espainiako aurrezki kutxek obra sozialean inbertitzen dutenaren erdia baino gehiago (%52,4) “Kultura eta Aisialdia” atal zabalera doa. Bereziki nabarmentzekoa da Caja Navarrak horretara bideratzen duena (obra sozialerako zuzkiduraren %80, ia). Batez bestekoaren gainetik, era berean, Caja Duero (%65), Caja de Ahorros del Mediterráneo (CAM), Caja Vital eta Cajastur dabiltza (%60 inguru). Inbertsioaren zati handi bat areto, museo, erabilera anitzeko espazio eta liburutegiak sortu eta mantentzera doa. Beste parte bat musika eta antzerki emanaldietara zuzentzen da, baita kongresu, mintegi eta erakusketara ere. Aisialdiari dagokiola, zeregin nagusia zaharrentzako elkarte eta klubak mantentzea da.

“Gizarte eta Osasun Artapena” epigrafera, berriz, aurrezki kutxek obra sozialera bideratutako dirutzaren %24 zuzendu zen 2003an. Kutxa eta BBK erakundeek egin duten inbertsioa da bereziki azpimarratzekoa, atal solidario horretarako obra sozialera bideratutakoaren %49 eta %44 uzten baitute; berori izan da, era berean, aspaldion gehien areagotu dena. Zahar egoitzak direla, eguneko zentroak direla, zaharrak izan dira onura gehien jaso dituen kolektiboa, haurtzaindegien, ezinduentzako lantegi okupazionalen eta zaintzapeko etxebizitzen aurretik. Osasun alorrean, ospitale zentroentzako dirulaguntza eta bestelako laguntza gisa gorpuztu zen aurrezki kutxen obra soziala.

Hirugarren atalean, beren obra sozialaren 2003 urteko aurrekontuaren %15 “Hezkuntza eta Ikerkuntza” atalera zuzendu zuten (lanbide heziketa eta unibertsitatea laguntzera, batik bat). Batez bestekoaren hagitz gainetik daude Kutxak eta Cajamadridek (atal honetarakoen %26), Caja Vital (%22) eta BBK (%21) eginiko inbertsioak.

Azkenik, “Ondare Historiko Artistikoa eta Ingurugiro” sailera obra sozialentzako diruaren %8,6 soilik bideratu zen. Ekarpen handienak egin dituzten erakundeak (zifra absolutuetan gabe, portzentajez ari garela) CAM (%20), Caja Murcia eta Caja Duero (%17) izan ziren. Alor horretako egintza nagusiak eraikin eta espazio historiko artistikoen egokitzera eta artelanak zaharberritu eta mantentzera doaz. Ingurugiroari dagokiola, ekimenen muina hezkuntza eta izaera esperimentaleko zentroak, parke naturalak, baso eta lorategi botanikoak dira.

Bilakaera

/imgs/20050101/img.tema-portada.03.jpg
Aurrezki kutxek obra sozialean eginiko inbertsioa, hein handi batean, gizartearen eskakizunen arabera bilakatuz etorri da: joan den mendearen hasieratik seigarren hamarkada amaitu arte, esate baterako, populazio sektorerik zigortuenen premiak asetzera, ongintza eta artapenezko jardueretara (osasun asistentzia, txiroei elikagaiak helaraztea, gaizki elikaturiko haurrez artatzea, elbarriak gizarteratzea, etc.) zuzendu zen. Kontua zen, hitz batez, Estatu espainiarrak asetzen ez zituen hainbat premia oinarrizko estaltzen laguntzea. Zazpigarren eta zortzigarren hamarkadetan, berriz, ongizatea gizarteratzeaz batera, aurrezki kutxen artapen eta ongintzazko eginkizunak indar edo agerpenik galdu zuen eta obra sozialaren parte handi bat kultura eta hezkuntza alorrek bete zuten: ikastetxe, liburutegi eta erakusketa aretoak sortu eta mantentzea, eraikinak berregokitzea, artelanak zaharberritzea, etc.

Aspaldi honetan, artapen eta osasun alorreko asistentziarako joerak berriz nagusitu omen dira, batez ere zigortu edo alboratutako kolektiboei (inmigranteak, gizartetik baztertuak, langabetuak, etab.) eta zaharrei (etxez etxeko laguntza eta eguneko zentroak sortu eta areagotuz, gehienbat) dagozkienak. Obra sozialean egiten den inbertsioaren zati handi bat, beraz, gizartean gutxien integratu diren kolektiboei laguntzak ematera doa, hezkuntza, prestaketa eta enplegu programak lantzera, alegia. Gehienetan, beraz, herri administrazioek aurrera daramaten jardueraren osagarri gisakoak dira. Azkenaldian garrantzi handia hartu duten egintza eta jarduerak gobernuz kanpokoen ingurukoak izan dira, dirulaguntzak eta bestelako laguntzetan gauzatuak. Borondatezko lanekin loturiko jardueretan organismo ofizialekiko elkarlanak ere garrantzi handia hartu du arestion. Aurrezki kutxek 2003 urtean eginiko inbertsioen %86raino lehenagotik zegoen obra soziala mantentzera bideratu izanak esan nahi du, beraz, atal horrek segurutik iraungo duela erakunde horien helburu izaten.

Bankua, bere aldetik…

Banku gehientsuenak -nagusiak, batik bat- beren mozkinen parte bat gizarte, ingurugiro, hezkuntza, elkartasun eta antzeko alorretako ekimenetara bideratzen hasiak badira ere, 2003 urteko horien memoria ekonomikoak gainetik aztertuta, aurrezki kutxen dezente atzetik datozela nabaritzen da. Bankuak ez du gizartearen baitan onura eragingo duen ekarpenik egiteko obligazioa baina, halaz ere, bai bertako bezeroak, baita hiritarrak orokorki, geroz eta argiago eskatzen ari zaizkie erakunde horiei beren mozkinen parte bat gizartearentzat mesedegarri diren egintza eta proiektuetan inberti dezaten, publizitate onuragarria itzultzen dieten kultura edo kirol egintzen mezenasgo edota babespen hutsez gainera. Interes sozialeko proiektuetan aurrezki kutxek eta bankuek eginiko inbertsioari so egite soilak panorama erabat argituko digu: kutxek premia sozialak asetzera edo kultura eta hezkuntza hobetzera beren urteko mozkinen %20 – %40 artean bideratzen dutelarik, bankuen inbertsioa beren mozkinen %1 eta %4 bitartekoa baino ez da.

Aurrezki kutxek bete beharreko arauak

/imgs/20050101/img.tema-portada.04.jpg
Aurrezki kutxen eskuduntzen parte esanguratsu bat autonomi erkidegoetako herri administrazioen eskuetan dagoenez, era guztietako arautegiak eratzen eta egokitzen ari dira, gobernu organoak osatzeari, inbertsioak gauzatzeari eta obra sozialaren norakoei dagokienez, bereziki. Aurrezki kutxa baten emaitzen banaketa eta ongintza eta gizarte-obraren aurrekontua onesten duen organoa bertako Batzar Nagusia da: honek bi aurrekontuak Espainiako Ekonomia Ministeriora igorri behar dio, Espainiako Bankuaren bidez. Nolanahi ere, aurrezki kutxa horren Batzar Nagusiak onetsitako obra soziala baimentzea gehien-gehienetan autonomi erkidegoek bereganatua duten eskuduntzetako bat izateak, arautegi batetik bestera alde ugari eta handiak izatea errazten du. Egoera horrek sekulako polemikak sortarazi ditu, autonomi gobernu batzuek obra sozialera bideratzen diren baliabide gehienak kontrolatu nahi izaten dituztelako. CONSUMER-ek kontsultaturiko aurrezki kutxa zenbaiten iritziz, obra sozialaren interesa argi eta garbi publikoa izateak ez du esan nahi, derrigor, horri dagozkion erabakiak botere publikoek hartu edo bideratu behar dituztenik. Aurrezki kutxek honela argudiatzen dute: gizarteari zerbitzu hobea emango bazaio beraien jarduera sozialak eta botere publikoen aholkuak koordinatu, uztartu egin behar dira, bi aldeen artean akordiotara heldu ahal izateko baina, hori bai, aurrezki kutxen autonomia eta independentziazko jarrera errespetatuz, nolanahi ere. Herri administrazioak eta aurrezki kutxen arteko elkarlan oparoaren adibide ona Espainiako Gaztela – Leongoa da: erregio hartan dauden sei aurrezki kutxetatik bostek osatu berri den organismoak obra sozialeko inbertsioak koordinatzeko ardura bereganatu du.

Arauteria sortu berriari dagokionez, autonomi erkidegoetan eraginiko aldaketa gehienak bi kontu jakinen ingurukoak dira: batetik, autonomi erkidego batean, bertan egoitza soziala eduki gabe, lanean ari den aurrezki kutxak erkidego horretan obra sozialean gastuak edo inbertsioak egiteko duten obligazioa, erakundearen guztirako baliabide ekonomikoekiko, erkidego horretan atzemaniko besteren baliabideen proportziozko partea gutxienez obra sozial horretara bideratuz. Autonomi erkidego batzuetan (Gaztela – Mantxan, adibidez), obra soziala lurralde horretan egindakotzat jo ahal izateko, erkidegoko gobernuak finkaturiko irizpideak bete behar dira. Dena den, Euskadiko Justizia Epaitegiak aresti emaniko sententzia batek, erkidego horretan egoitza duten aurrezki erakundeen obra sozialaren kudeaketan autonomi gobernuaren esku hartzea arautzen duen artikulua baliogabe utzi du (“aurrezki erakundeen autonomia urratzearren”). Epaitegiaren esanetan, aurrezki erakundeekin obra sozialez kontsulta egin ondoren, aurrezki kutxek aplikatu beharko zituzketen irizpideak finkatzen zituen Eusko Jaurlaritzaren Dekretuak “Legearen mugak gainditu egiten ditu”, aurrezki kutxen autonomia urratzen du eta, gainera, “erakunde horien jarduera-esparruan eragiten du” eta “udal zerbitzuak finantzatzeko ahalmena mugatzen du”. Euskadiko autonomi erkidegoko aurrezki kutxen iritziz, hauen mozkinak banatzeko proposamenari, urteko ekitaldiko obra sozialaren proiektuari eta aurreko urteko aurrekontuaren kitapenari Exekutiboak ateak zabaltzea ez dator zuzenbidearekin bat, ez da bidezko ikuspegi horretatik.

Autonomi erkidegoetako aldaketek eraginiko bigarren kontua orokorragoa da, izatez: aurrezki kutxen gaietan eskudun den kontseilaritzaren ardura da, Batzar Nagusiak onarturiko mozkinen banaketari dagozkion erabakiak eta ekitaldiko obra sozialaren aurrekontua eta likidazioa onestea.

  • Aurrezki kutxak ez du irabazteko asmorik, ezta akziodun edo jaberik ere: honelako erakundeen urteko soberakin edo irabazkina bi alorretara bideratu beharra dago: erakundearen kausimena eta etorkizun ekonomikoa sendotzea (“erreserbatara” bideratzen den dirua) eta premia sozialez artatzea (obra sozialerako dirua).
  • Espezializazioa: kutxak, tradizioz, txikizkako banka-eragiketetan espezializatu dira, herritarren eta familiaren aurrezkia biltzean eta familien, enpresa txiki eta ertainen eta tokian tokiko korporazioen finantza-premiez arduratzean oinarrituta.
  • Lurraldekotasuna: lurraldeetako ordezkarien zuzendari taldeak, eskualdeko garapen ekonomiko eta sozialari lehentasunezko arreta bideratzea eta jatorrizko eskualdean sukurtsal-sare trinkoa edukitzea.

Lege aldetik, aurrezki kutxek aurreikuspen-fondo edo erreserbetara bere, mozkin likidoen %50 bideratu behar dute. Hortik gainerakoa ongintzazko eta izaera sozialeko inbertsioetarako utziko da. Aurrezki kutxen obra soziala hiru antolamendu-ardatzen inguruan egituratua dago: bertako obra soziala, elkarlanekoa eta besterena. Bertakoa, hiruretan ohikoena (Espainiako kutxen obra sozialerako fondoen %74 biltzen du) izaki, jarduera eta ekimenen inbertsio, kudeaketa eta administrazio osoa bereganatzean datza. Aurrezki kutxa bakoitzaren obra soziala, jarduera eta ekimen jakinetan diharduten fundazioen aurrekontuak zuzkitzean gauzatzen da. Bertako obra sozialak, kutxek zuzenean kudeatzen dutenak, 2003 urtean ia 12.000 laguni eman zion lanpostua Espainian.